Markel Olano | |||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
(2015) | |||||||||||
2015eko ekainaren 23a - 2023ko ekainaren 29a ← Martin Garitano - Eider Mendoza →
2007ko uztailaren 6a - 2011ko ekainaren 23a ← Joxe Joan Gonzalez de Txabarri - Martin Garitano →
2007ko ekainaren 22a - 2023ko apirilaren 4a Barrutia: Oria
2000 - 2007
1996 - 2000 | |||||||||||
Bizitza | |||||||||||
Jaiotza | Beasain, 1965eko ekainaren 2a (59 urte) | ||||||||||
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria | ||||||||||
Hezkuntza | |||||||||||
Heziketa | Euskal Herriko Unibertsitatea lizentzia : filosofia | ||||||||||
Hizkuntzak | gaztelania euskara | ||||||||||
Jarduerak | |||||||||||
Jarduerak | politikaria eta filosofoa | ||||||||||
Kidetza | Euzko Gaztedi | ||||||||||
Sinesmenak eta ideologia | |||||||||||
Erlijioa | katolizismoa | ||||||||||
Alderdi politikoa | Eusko Alderdi Jeltzalea |
Markel Olano Arrese (Beasain, 1965eko ekainaren 2a - ) euskal politikaria da, EAJko kidea, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ahaldun nagusia izandakoa hiru agintalditan: 2007ko uztailaren 6tik 2011ko ekainaren 23ra arte, eta 2015eko ekainaren 23tik aurrera 2023ko ekainaren 29ra arte.
Olano 1980an hasi zen politikan, hamabost urte zituela, EAJren Euzko Gaztedi gazte erakundeko kide egin zenean. EGIko militantzia urteak Beasaingo eta Goierriko EGIko barne egituretan lan politikoa eta suspertzailea eginez eman zituen. Filosofian lizentziatua da Euskal Herriko Unibertsitatean.[1]
Hainbat ardura izan ditu EAJren barnean. EGIko Gipuzkoako burua izan zen. 1996tik 2000ra Gipuzko Buru Batzareko (EAJren Gipuzkoako atala) kide izan zen, eta bere ardurapean zituen Euskara, Hezkuntza eta Kultura arloak. Garai hartan, EAJren ordezkari izan zen Lizarrako Akordioko Talde Iraunkorrean.
2000. urtean, Xabier Arzalluzek zuzentzen zuen EAJko Euzkadi Buru Batzarreko kide izendatu zuten. Bere ardurapean zituen Gazteria, Euskara, Kultura eta Kirol atalak, 2007ra arte izan zuen ardura.[2] Ardura horiei gehitu zitzaion Informazio eta Komunikazio Teknologien arlo sortu berriaren ardura.
2007ko udal eta foru hauteskundeetan EAJren hautagaia izan zen, Jon Jauregiren ordez.[3] Hauteskunde horiek irabazita, Miguel Ángel Buenek baino 5.000 boto gehiagorekin, uztailaren 6an Gipuzkoako Batzar Nagusietan bere hautagaitzak lortu zuen boto gehien, eta, horren ondorioz, urte bereko uztailaren 12an Gipuzkoako Foru Aldundia osatu zen, bera buru zela.[4] Bere gobernuan sei kargu izan zituen EAJk eta beste lau EAk.[5]
Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2007-2011 Kudeaketa Planean zehazten diren ildoak Markel Olanoren legegintzaldiaren oinarriak dira.[6] Bi oinarriren pean antolatu zuen bere gobernua: gipuzkoarrek erabakiak hartzeko aukera, "Gipuzkoarako kultura politiko berri" bat izendatu zutena; eta bakearen eta normalizazio politikoaren lorpena, gipuzkoar guztien ikuspuntua barneratzeko helburua jarrita.[6] Legegintzaldi honetan garrantzi berezia hartu zuten hainbat azpiegiturek, tartean Gipuzkoako Errotonda[7] izeneko errepide sarea, lurraldea ardazteko helburuarekin eta, bestetik, Zubietako erraustegia eta berarekin batera egiten zen hondakinen kudeaketaren proiektua.
Markel Olano hautagai izan zen berriro ere 2011ko udal eta foru hauteskundeetan, baina sortu berria zen Bilduk irabazi zituen, Martin Garitanorekin. Hala ere, Markel Olanok jarraitu zuen oposizio-buru lanean.
2015eko ekainean, EAJren hautagaitzaren buru zen Markel Olano garaile atera zen Gipuzkoan aldundirako egindako hauteskundeetan, baita ahaldun nagusi hautatua izan ere, bigarrengoz. Aurreko legegintzaldian Bilduk izandako hainbat polemika ustiatuz, bereziki hondakinen kudeaketari buruzko eztabaida Gipuzkoan (2002-), berriro ere lehen indarra izatea ekarri zuen. Polemika horretatik eratorrita, Markel Olanoren gobernuak Zubietako erraustegia amaitzeko egitasmoari garrantzia eman zion, legegintzaldi horretan martxan jartzeko helburuarekin.[8]
Legegintzaldi honetan Etorkizuna Eraikiz proiektua jarri zuen martxan,[9] Gipuzkoaren gobernantza aldatzeko helburua zuen proiektua.[10] Bestalde, 2016ko azaroan, Markel Olano polemika baten erdian kokatu zen, Koldo Mitxelena Kulturunean presoek egindako arteari buruzko erakusketa batean ETAkide baten margolanak ez erakustea babestu zuenean, terrorismoaren "biktimekiko sentsibilitatez" eta "mugarik gabeko adierazpen askatasuna" onartu ezin delakoan.[11]
2019ko udal eta foru hauteskundetan berriro ere hautatu zuten Ahaldun Nagusi izateko, hirugarren aldiz. III. Olano gobernua eratu zuen, EAJ eta PSE-EEren arteko koalizio-gobernua. Legegintzaldi honetan COVID-19 pandemiari aurre egin behar izan zitzaion, eta lehenengo bi urteak egoera horren baita mugitu ziren, egoera ekonomikoa zein soziala okertuz.[12]
2021eko irailean berretsi zuen ez zela 2023ko foru hauteskundeetan berriro ere hautagai izango, eta bere ondorengoa emakumezkoa izateko nahia adierazi zuen.[13][14] Era berean, diputatu nagusi izateari utzi arren politikatik gertu jarraituko zuela adierazi zuen.[15][16]
Gaur egun EAJren batzarkide-taldearen aholkularia da Gipuzkoako Batzar Nagusietan.[17] 2024ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan EAJren Gipuzkoako zerrendan bigarren tokian aurkeztuko da.[18][19]
Markel Olanoren zaletasunen artean, aipatzekoak dira mendizaletasuna, irakurketa eta argazkilaritza. Azken zaletasun horren erakusgarri dira Flickrren[20] eta GureGipuzkoa[21] argazkilaritza atarietan partekatzen dituen argazki bildumak.
Realeko bazkidea da, eta jokalarien kamisetetan apustu-etxeen publizitatea kokatzearen aurka agertu da, gizartean jokoarekiko adikzioarekin dagoen arazoa konpontzeko beharrezko ikusten duen heziketari laguntzen ez diola iritziz. Hala ere, ez zuen bozkatu honen harira klubak bazkideei egindako kontsultan.[22]
Ezkonduta dago eta seme bat du.[1]