Meg Connery | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Westport, 1879 |
Herrialdea | Irlandako Errepublika |
Heriotza | 1956ko abendua (76/77 urte) |
Hobiratze lekua | Mount Jerome Cemetery (en) |
Jarduerak | |
Jarduerak | sufragista |
Meg Connery (1879 - 1958ko abendua) irlandar sufragista zen.
Margaret Knight 1879an jaio zen, Trianglen (Aughagower, Westport, Mayo konderria), John eta Bridget Knighten (sortzez Kelly).[oh 1][1] Bederatzi haurridetatik hirugarrena zen. Bere ahizpa ere, Bridget, Amerikako sufragisten mugimenduan sartuta zegoen. Bere osabak, anaia frantziskotarra bera, sustatu zuen bere heziketa. Meg goitizenez ezaguna, Con Conneryrekin ezkondu zen, 1909an. Ezer gutxi dakigu Irish Women's Franchise Leaguen parte hartu aurreko bere bizitzari buruz.
Meg Conneryk Hanna Sheehy-Skeffingtonekin egin zuen lan, eta Irish Women's Franchise Leagueko presidenteorde bihurtu zen. Bere aktibismoagatik zen ezaguna, kristalak apurtu eta harriak jaurtitzeagatik, baita bere manifestazioengatik, herritar irlandarren alde egindako lanagatik eta kausa horrengatik kartzelan egoteagatik ere. Bereziki, Bonar Law eta Sir Edward Carsoni Irish Citizen aleak banatuz hartatik ateratako argazkiagatik gogoratzen da.[2][3][4][5]
Conneryk ez zuen uste emakumeek gizonengandik ezberdin bozkatuko zutenik, edo beren botoa modu eraginkorragoan erabiliko zutenik. Bi pisuen aurka zegoen, emakumeen eta gizonen arteko bi neurrien aurka. Hainbat aldiz hitz egin zuen horretaz The Irish Citizen -en.[2][3][6][7][8][9][10][11]
Irlandan, beste leku batzuetan bezala, moralitate publikoak egoera txarrean egon behar du, moral estandar bikoitz lotsagarria onartzen dugun bitartean.
Ondasunak suntsitzeagatik aldian behin atxilotzen bazuten ere, Connery botoa lortzeko indarkeria erabiltzearen aurka zegoen erabat. Astebetez espetxeratu zuten 1911ko azaroan, manifestazio baten ostean, eta berriro 1912ko azaroan, aduanako leihoak hausten zituen taldeko kide izan zenean. 1912an, Belfastera bidaiatu zuen Hanna Sheehy-Skeffingtonekin, Winston Churchillek bertara egindako bisita baten karietara. 1913ko urtarrilaren 28an, Dublingo gazteluko leihoak apurtzeagatik atxilotu zuten; orduko hartan, hilabeteko espetxe zigorra ezarri zioten Tullamoren, Mabel Purser, Barbara Hoskins eta Margaret Cousinsekin batera.[12][13] Emakume presoek gose greba hasi zuten preso politikoen estatusa exijitzeko. Presoetako batek, Barbara Hoskinsek, bihotz-gutxiegitasuna zuen, eta berehala askatu zuten; emakume presoei, berriz, estatus politikoari buruzko eskakizunak eman zitzaizkien. Kartzelan egon zen bitartean, Connery Irish Women's Franchise League-ko presidenteorde aukeratu zuten. 1914an, Conneryk boto-eskubideari buruzko lehen hitzaldiak antolatu zituen, Longforden, Leitrim konderrian eta Roscommonen.[3][6][7][8][9][10][11]
Lehen Mundu Gerraren garaian, Gaixotasun Kutsakorren Legea egin zuten, eta haren aurka protesta egin zuen Conneryk, bere ustez lege haren helburua baitzen sexu harremanak gizonezkoentzat arriskugabeak izatea, bereziki soldadu eta marinelentzat. 1915ean, gobernu britainiarrak Ipar Itsasoa itxi zuen Hagako Bakearen aldeko Emakumeen Nazioarteko Konferentzian, eta irlandarrak ezin ziren bertaratu. Gai horri buruz Irlandak Dublinen egin zuen protesta bileraren buru zen Connery. Nahiz eta 1918ko Representation of the People Act legeak boto-eskubidea ematen zien emakumeei, benetan emandako sarbide mugatua kritikatu zuen Conneryk, eta erabateko berdintasuna eskatzen jarraitu zuen.[2][14][9][9][10]
Connery Irish Linen Worker's Unioneko (lihoko langileen sindikatu irlandarra) kidea zen. Lan-baldintzak hobetzeko lan egin zuen. Irlandako Gurutze Zuriarentzat ere lan egin zuen, eta, 1922an, Irlandako independentzia gerrak eragindako Tipperary eta Corken suntsiketa aztertzeaz arduratzen zen ordezkaritza bateko kide zen.
Meg Connery bihotz-gutxiegitasunak jota hil zen 1958ko abenduaren 6an. Dublingo Harold's Cross Mount Jerome hilerrian lurperatuta dago, hilobi anonimo batean, bera baino lehen hil zen Con senarraren aldamenean.[15][1]
2024ko apirilaren 5ean, Meg Conneryren oroitzapenezko batzordeak hilarri bat eraiki zuen Dublingo Mount Jeromeko hilerrian berraurkitu zuten Connery eta bere senarraren hilobian egindako zeremonia batean.[15] Micheline Sheehy Skeffington botanikariak, Hanna Sheehy-Skeffingtonen bilobak, sufragista, Irish Women's Franchise League mugimenduaren sortzailea eta Meg Conneryren borrokakidea zenak, eman suen hilarriaren berri.[1]