Musturzabalsuchus | |
---|---|
Kretazeo Berantiar | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Animalia |
Filuma | Chordata |
Klasea | Reptilia |
Generoa | Musturzabalsuchus Buscalioni et al., 1997
|
Azpibanaketa | |
|
Musturzabalsuchus Crocodylia narrasti-ordenaren genero galdua da[1], Alligatoroidea superfamiliaren kiderik zaharrenetariko bat dena.
Izenak «krokodilo muturzabal» esan nahi du, bizkaierazko musturzabal eta grezierazko suchus (euskaraz «krokodilo») hitzak lotuta eratu baitzen.
Musturzabalsuchus buffetauti espezie tipo eta bakarrari Eric Buffetaut frantziar paleoherpetologoak izena ipini zion. Lehendabiziko aztarnak 1997an Trebiñun dagoen Lañu herrian aurkitu zituzten[2][3]. Kretazeo Berantiarrekoa dela seguru badakiten ere, Musturzabalsuchus topatu zuten geruzaren data zehatza ezezaguna da. Itxura denez, campaniar berantiarrekoa edo maastrichtiar goiztiarrekoa izan daiteke[4]. Arrotza bada ere, generoak Kretazeo Berantiarreko beste krokodiloek baino aztarna gehiago ditu Europan. Zoritxarrez Musturzabalsuchusen eskeletoaren aurkitutako aztarna bakarrak masailezurra eta baraila dira. Segoviako Armuña udalerrian aurkitutako aipatutako hezur hauen zati batzuk, hasieran adituek trematochampsidaerenak zirela uste bazuten ere, Musturzabalsuchusenak badira[5]. Lañun aurkitutako holotipo eta paratipo bezala, elkarrekin UPUAM-502 izenaz ezaguturiko fosil hauek campaniar-maastrichtiar arokoak dira[2]. Era berean, 1999an Frantziako Fuveauko lignitoetan aurkitutako beste espezimen bat (MHNM 10834.0 izenekoa) Musturzabalsuchus generokoa zela identifikatu zuten[6]. Hala eta guztiz ere, geroko ikerketa batek Musturzabalsuchus generoko espezimenak identifikatzeko erabilitako ezaugarriak zalantzan ipini zituen[7]. Gainera, adituek Valentziako Erkidegoan berriki aurkitutako Musturzabalsuchus espezimenak zertxobait zaharragotzat jo dituzte, campaniar goiztiar edo erdi campaniar arokoak hain zuzen ere[8].
Musturzabalsuchusek zituen zenbait sinapomorfiak direla eta adituek Alligatoroidea izeneko superfamilian kokatu dute, adibidez hezur artikularraren goiko hutsunearen desplazamendu laterala. Gainera, handituriko laugarren baraila-hotzak mokoa oklitu zuen[9]. Hortz hori, bera bezala Alligatoroidea goiztiarra zen "Diplocynodon" hantoniensisek zuen moduan, azken aurremaxilar hotzaren ondoren kokatuta zegoen. Hori zela eta, 1869an Philippe Matheronek Fuveaun aurkitutako espezimena, urteetan zehar Crocodilus affuvelensisentzat jota[10], 1997an berriro sailkatu eta Musturzabalsuchus zela adostu zuten. Era berean 1869an egindako ikerketa berregin, sintotipo desegin eta handik aurrera C. affuvelensis Musturzabalsuchus bilakatu zen, nahiz eta generoaren garezurreko aztarnen eza zalantzak ipini sailkapen berrian[2]. Hori zela eta, 2008an egindako Matheronen espezimenari buruzko ikerketa berriak genero berriarena zela azaldu zuen, ez Crocodylus ezta Musturzabalsuchus ere, Massaliasuchus izeneko generoa hain zuzen ere[7].
Bai Musturzabalsuchus, baita Lañun topaturiko Acynodon krokodilo garaikidea ere, paleolaurasiar Alligatoroideen kidetzat jo dituzte adituek, azkena Ipar Amerikatik at Kretazeo Berantiarreko tribodonte Alligatoroideetan sorburua duen taxon bakarra izanik. Musturzabalsuchus endemikoa izan zen Europan eta litekeena da bakarrik Iberiar-Armorikar uharteetakoa izatea[11][12], Iparraldeko eta Ekialdeko Europan alligatoroidea superfamiliaren genero honetako espezimenik aurkitu ez dutelako[2].