Mutiny on the Bounty (euskaraz Bountyko Matxinada) 1962ko Lewis Milestone errusiar-estatubatuar zinema zuzendariak zuzendutako abentura filma da. Charles Nordhoff eta James Norman Hall idazleen Mutiny on the Bounty eleberrian oinarrituta dago. 1789an HMS Bounty britainiar ontziaren matxinadan zehar jazotakoak deskribatzen dira. Marlon Brando, Trevor Howard eta Richard Harris aktoreek antzeztu zuten.
1935eko izenburu bereko Mutiny on the Bounty filmaren berregokitzapena da (hartan, Charles Laughton eta Clark Gable aktoreek antzeztu zuten). 1984ean The Bounty izeneko beste berregokitzapena ere izan zuen, Mel Gibson, Anthony Hopkins, Laurence Olivier, Daniel Day-Lewis eta Liam Neeson aktoreekin.
1787an HMS Bounty ontzia Ingalaterrako Portsmouth hiriko portutik itsasoratu da. Helburua Tahitira iritsi eta ogiaren fruitua Jamaikara garraitzea da, bertako esklaboentzako elikagai izan dadin. Bligh kapitainak (Trevor Howard) Tahitira lehenbailehen lehorreratu nahi duenez, eskifaia eta bereziki itsasgizonei disziplina zorrotza ezarri die. Uhartera iritsitakoan, eskifaiak sekulako paradisua topatu du, bidean pairatu duten infernuarekin batere zerikusirik ez duena, baina bertako parranda eta emakumeen konpainiaz ohitzen hasi direnerako, uhartea uzteko unea iritsi da. Asko gogoz kontra itsasoratu dira: berriz ere kapitainaren disziplina zorrotza itsasgizonen sumina pizten hasi da, azkenean Fletcher Christianen (Marlon Brando) gidaritzapean matxinatu arte.
Zazpi Oscar Sarietarako izendapenak jaso zituen, baina bat bera ere ez zuen irabazi.