Otxate | |
---|---|
Euskal Herria | |
Kokapena | |
Herrialdea | Araba |
Udalerria | Trebiñu |
Geografia | |
Koordenatuak | 42°44′57″N 2°39′36″W / 42.74911°N 2.66001°W |
Otxate[1] (gaztelaniaz: Ochate) Trebiñu konderriaren iparraldeko herri hustu bat da. Jendegabetuz joan zen, eta hutsik geratu zen XX. mendearen bigarren erdirako.
Abeltzain eta nekazari herria izan zen beti. Bide nagusi baten ondoan egoteak ere bertako ekonomia suspertu zuen urte askoan.
Antonio Arroyo ikerlariak jasotako datuek diotenez, hauxe izan zen herriaren garapen demografikoa:[2]
1025 | 1522 | 1575 | 1752 | 1820 | 1850 | 1894 | 1925 |
---|---|---|---|---|---|---|---|
40 | 32 | 16 | 22 | 51 | 26 | 40 | 3 |
Aurkitutako lehenengo aztarnak Brontze Arokoak dira (zeramika zatiak eta silex aztarnak. Estela erromatar bat ere aurkitu izan da.
Otxateren lehenengo erreferentzi historikoa, ordea, San Millango herrien zerrendan agertzen da, 1025 urtean; dokumentu horretan "Gogate" izenarekin aipatzen zaio. Herriak gora behera handiak izan ditu. XIII. mendean "Chochat" izenarekin Aznar apezpikuak aipatu zuen. Ondoren badakigu bi mende abandonaturik egon zela, 1522. arte: urte horretan birpopulatu izan zen, orduan "Otxate" izenarekin. Herriak 1830. urtean populazio altuena izan zuen. Data horretatik aurrera populazio jaitsiera ematen da XIX. mendearen amaiera arte: urte haietan igoera txiki bat izan zuen. XX. mendean jende gehiena inguruko herrietara joan zen, bereziki Imirurira, harik eta Otxate hutsik gelditu arte.[2]
Gaur egun elizaren San Migel dorrea besterik ez da gelditzen eta hau ere oso egoera txarrean; eliz horren ataria Uzkio herrian dago gaur egun. Ondoan XVI-XVII. mendeko Burgondoko baseliza[3] zegoen, 1986an erreta; gaur egun aztarnak bertan ikus daitezkeen. Inguruan ere beste baselizaren aztarnak aurkitu dira, azken hau San Pedrori eskainita, eta IX-X. mendeko nekropoli bat.
1986an, Burgondo ondoan, estela erromatar bat aurkitu zen, egun Arabako Museo Arkeologikoan gordeta. 1982ko apirilean Gasteizko bankuko langile ohi batek, Prudencio Muguruza, artikulu bat idatzi zuen Otxateri buruz gai paranormalak hedatzen zituen aldizkari batean, Mundo Desconocido aldizkarian, alegia.[4] Pertsona horren arabera, Otxate herri madarikatua omen zen: hainbat izurrite pairatu omen zituen biztanle guztiak desagertzeraino, eta psikofoniak, fenomeno paranormalak, bai eta OHE bat ere, behatu zirela defendatu zuen.[5] Izan ere, Antonio Arroyo idazleak azalpen horietako askoren oinarri eskasa erakutsi du.[6]
Herriaren hustutze prozesua ulertzeko bideek zuten garrantzia hartu behar dugu kontutan. Lehen, Otxate zonaldeko bide nagusiaren ondoan zegoen eta horrek balore estrategikoa ematen zion. Baina XIX. mendearen hasieran bide berria ireki zen, Gasteiz-Guardia Erret bidea. Bide berri hori askoz erosoagoa zen eta bide zaharra berehala baztertuta gelditu zen. Hor hasi zen Otxateren maldanbehera prozesua, isolatuta eta baztertuta gelditu baitzen.[7]
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Euskal Wikiatlasa |
Trebiñuko barrendegiko kontzejuak eta herriak | ||
---|---|---|
Udalerriak: Argantzon • Trebiñu Kontzejuak: Agilu • Albaita • Añastro • Argote • Armentia Trebiñu • Arrieta • Askartza • Baxauri • Billa Tobera • Burgeta • Bustu • Dordoniz • Doroñu • Franku • Fuidio • Golernio • Grandival • Imiruri • Kutxu • Lañu • Marauri • Morgas • Obekuri • Ogeta • Otxate • Ozilla-Ladrera • Ozana • Pangua • Paritza • Samiano • San Martin Galbarin • San Vicentejo • Saratsu • Tarabero • Trebiñu • Torre • Uzkio Herriak: Araiko • Arana • Axarte • Billa Oka (Argantzongoa) • Ladrera • Mesantza • Moraza • Moskator • Otxate • Ozilla • Pedruzo • San Esteban Trebiñu • San Martin Galbarin • Saseta • Zurbitu |