Paul Molac (Ploërmel, 1962ko maiatzaren 21a) bretainiar kultur aktibista eta politikari bat da. Union Démocratique Bretonne alderditik gertu dagoen ordezkari independentea da Morbihango laugarren barrutian, Frantziako Alderdi Sozialistaren eta Europe Écologie Les Verts alderdien babesarekin. Talde ekologistaren kidea izan zen, baina 2016tik aurrera talde sozialistako kidea da.
2015ean Bretainiako hauteskundetan Jean-Yves Le Drianren zerrenda aukeratu zuten. 2017an La République en Marcherekin hautatu zuten eta Libertés et territoires taldea sortu zuen 2018an.
2021eko apirilean Frantziako Asanblea Nazipnalak eskualdeko hizkuntzentzako esparru juridikoa hobetzeko lege bat onartu zuen, neurri handi batean Paul Molac-en irmotasunaren emaitza izan zen. Horregatik legeari Molac legea deitzen hasi zen medioetan.[1]
Urteak zeramatzan Paul Molacek hizkuntza gutxituei lege-babes sendoagoa eman nahian. Helburu horrekin aurkeztu zuen Hizkuntzen Ondarea Babesteari eta Sustatzeari Buruzko Legea Frantziako Asanblean, 2021ko otsailean.[2] Irakaskuntzan, bizitza publikoan eta bizitza sozialean hobekuntzak ekartzen zituen euskara bezalako hizkuntzentzat, esaterako, eskoletan euskara ikasteko murgiltze-eredua onartuta. Lehenik, Frantziako Asanbleak legea onartu zuen, 247 diputatuk alde bozkatuta eta 76k bakarrik kontra —nahiz eta Hezkuntza ministroa aurka egon—. Lorpen handia izan zen hori. Gero, azken unean Blanquer ministroak legea konstituzionalera eramateko 61 sinadura lortu zituen. Han, bederatzi teknikarik konstituzioaren aurkakotzat jo dute legea. 61 sinatzaileetatik 53 Pariskoak izateak izugarrizko eskandalua eragin zuen, eta osagai politiko argi bat erantsi zion printzipioz batzuek eztabaida kultural gisa soilik aurkeztu nahi zutenari.[3] Frantziako Konstituzio Kontseiluaren ebazpenaren ondotik, konstituzioaren 2. artikulua aldatzea da, haren ustez, sortutako egoera konpontzeko aukera bakarra.[2]