Paul Painlevé Paris, 1863ko abenduaren 5a - ibidem, 1933ko urriaren 29a) frantziar politikari eta matematikaria izan zen. Frantziako lehen ministroa izan zen 1917an eta 1925ean.
Matematika ikasi zuen École normale supérieure delakoan eta Lilleko eta Sorbonako unibertsitateetan irakasle izan zen. Ekuazio diferentzialen arloan lan egin zuen eta hegaldiaren teoriari aplikatu zizkion. 1908an Wilbur Wrighten aireplanoko lehen bidaiaria izan zen Frantzian eta 1909an aeronautikako lehen ikastaroa sortu zuen.
1915 eta 1917 artean Hezkuntza Publikoko ministro izan zen eta 1917ko irailaren 12an lehen ministro izendatu zuten. Bere agintaldiak bederatzi aste iraun zuen eta aurre egin behar izan zien Errusiako Iraultzari, Estatu Batuak gerran sartzeari, Robert Nivelle jeneralaren erasoaldiaren porrotari, tropen matxinadei eta britainiarrekiko harremanei.
1920ko hamarkadan Maginot lerroaren eraikuntzaren bultzatzaileetako bat izan zen. 1925ean Diputatuen Ganberako lehendakari izendatu zuten.
1925eko apirilaren 17an lehen ministro izendatu zuten bigarrenez. Sirian matxinada bat gertatzeaz gain, ezin izan zuen finantza-krisia konpondu eta azaroaren 21ean dimititu behar izan zuen.