Pedro Mendinueta

Pedro Mendinueta

Viceroy of New Granada (en) Itzuli

Bizitza
JaiotzaElizondo1736ko ekainaren 7a
Herrialdea Nafarroa Garaia, Euskal Herria
HeriotzaMadril1825eko otsailaren 17a (88 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jardueraksoldadua eta politikaria
Jasotako sariak
GraduaKapitain nagusi

Pedro Mendinueta Muzkitz (Elizondo, 1736ko ekainaren 7a - Madril, 1825eko otsailaren 16a) nafar militar eta politikaria izan zen. 1797-1803 bitartean Granada Berriko erregeordea izan zen

Pedro Mendinueta Elizondon jaio zen, 1736ko ekainaren 7an. 1756an hasi zuen karrera militarra infanteriako kadete gisa[1]. Portugal eta Frantziako gerretan borrokatu zen[2]. 1763an joan zen lehenbiziko aldiz Ameriketara, Puerto Rico eta Kubako miliziak antolatzera[1]. 1776an Santiago Ordenako zaldun izendatu zuten. 1785ean, granadari kapitaina zela, larri zauritu zuten Aljerren[3]. Ameriketara itzulirik, 1783an La Habanako armadarekin batu zen, eta 1784an Espainia Berriko probintzia eta hiri-miliziak organizatzen jardun zuen[1].

1789an Espainiara itzuli eta, Konbentzioaren Gerra zela eta, frantsesen aurka borrokatu zen Rossellón[2]. Toulongo setioan (1793) izan zuen parte hartze heroikoak Manuel Godoyren goraipamenak jaso zituen. Gerra merituengatik lotinant jeneral mailara goititu zuten eta Karlos III.aren Ordenako gurutzea eman zioten[3].

1796an Granada Berriko erregeorde izendatu zuten, Jose Ezpeleta ordeztuz, eta 1797ko urtarrilaren 2an hartu zuen kargua Cartagena de Indiasen. Sei urte iraun zuen agintaldian Cartagenako frantziar beltzen zein Túquerres eta Guaitarillako indigenen matxinadei aurre egin behar izan zien. Azken hauek, Koroak kolonietako biztanleen gainean ezarria zuen zerga presio izugarriaren aurka mutinaturik, gobernadorea eta hamarrenen biltzailea hil zituzten[4]. Horrezaz landa, merkataritza sustatu, gatzaren produkzioa eta meatzaritza garatu eta Alexander von Humboldt eta Aimé Bonpland botanikoen espedizioak babestu zituen. José Celestino Mutisen proposamena onartuz, Bogotako astronomia behatokia (Ameriketako lehenbizikoa) eraikitzea sustengatu zuen[3][2].

Agintaldia 1803an amaitu bazuen ere, 1807 arte Bogotan gelditu zen biztzen. Ondoren Espainiara itzuli zen eta Gerraren Kontseilu Goreneko kide egin zuten. 1808an, Josef Bonaparteri leialtasun zina ukatu zionez gero, Frantziara eraman zuten preso, eta han egon zen Espainiako Independentzia Gerra amaitu zen arte. Itzuli zenean, Fernando VII.ak Gerraren Kontseilu Goreneko dekano izendatu zuen. 1816an armadako jeneral goren mailara goititu zuten[3].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c Ceballos Gómez, Diana Luz, Mendinueta, Pedro banrepcultural.org
  2. a b c Mendinueta y Múzquiz, Pedro de (siglos XVIII-XIX) mcnbiografias.com
  3. a b c d Auñamendi Eusko Entziklopedia. Pedro Mendinueta Muzquiz. .
  4. Barrera Monroy, Eduardo, Virreyes de la Nueva Granada banrepcultural.org

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]