Pierre de Lancre | |||
---|---|---|---|
| |||
Bizitza | |||
Jaiotza | Bordele, 1553 | ||
Herrialdea | Frantzia | ||
Heriotza | Loubens, 1631 (77/78 urte) | ||
Hezkuntza | |||
Hizkuntzak | frantsesa | ||
Jarduerak | |||
Jarduerak | magistratua eta abokatua |
Pierre de Lancre (Bordele, Frantzia, 1553 – Paris, Frantzia, 1631) magistratua izan zen, 1609an Lapurdin sorgin-ehizan aritu zelako ospetsua.[1]
Aitona, Bernat Rostegi, nafarra zuen, baina Bordelera bizitzera joan zenean euskal abizena kendu zuen, Lancre frantsesa hartzeko.[2] Familiaren euskal jatorriaren ukazio horrek eragina izan bide zuen Pierre de Lancrek euskaldun zen orori zion ezinikusian: Lancrek euskaldunak ezjakintzat, superstiziosotzat, harropuztzat eta erlijiosoegitzat zituen.
Lehen ikasketak Jesusen Lagundiarekin egin zituen. Zuzenbide ikasketak Bohemian eta Turinen eginda, Bordelera itzuli zenean epaile izan zen. Parlamentuko kontseilari izateko hautatu zuten 1582an. 1588an, Montaigneren iloba txiki bat ezkondu zuen. Erlijioak eragin handia zuen Lancrerengan, eta zigor kodearen oinarritzat ere erlijioa hartzen zuen. 1607an, Eliza katolikoaren irizpideak modu estuenean hartzen zuen filosofia tratatu bat argitaratu zuen: Tableau de l'inconstance et l'instabilité de toutes choses (Gauza ororen aldakortasuna eta iraunezina erakusten duen liburua).
1609an, Henrike III.a erregeak (Frantziako IV.a) Lapurdira bidali zuen Jean d'Espagnetekin batera hango sorginen kontuak ikertzera.[3] Ahalmen guztiak bere eginda, laurogei lagun sorginkeriaz salatu eta hilarazi zituen. Luis II.a Nafarroakoaren garaia zen, eta sorgin-epaile batek Euskal Herrian egin duen triskantzarik handienetakoa egin zuen. 1612an liburu bat argitaratu zuen: Tableau de l'inconstance de mauvais anges et démons (Aingeru gaiztoen eta deabruen aldakortasuna erakusten duen liburua). Lancrek ez zuen ezertan ulertu nahi izan lapurtarren izaera. Bertako erakunde, hizkuntza, ohiturak, lan-molde eta abarretan deabruaren ukitua besterik ez zuen ikusten. Ondorengo hau idatzi zuen, adibidez:
« | Hizkuntza arraro eta ezezagun batean mintzatzen dira; horixe da lehen seinale txarra. | » |
Lancrek marinelak kanpoan zeuden bitartean haien emakumeek egindako balizko adulterio eta lizunkeriak ikertu zituen. Gainera, sendalari eta kartomantzian adituak eta Iberiar penintsulatik alde egindako judu eta moriskoak ere jomugan izan zituen.
Senpereko gazteluan egindako epaiketetan, indarkeriaz eta injustiziaz jokatu zuen: guztira 200 lagun torturatu eta hilarazi zituen. Bere misoginiak bultzaturik, gehienak emakumeak ziren, baina baita umeak eta apaizak ere. Marinelak Ternuatik itzuli zirenean matxinatu ziren; eta, matxinada zabaldu ez zezan, Bordeleko Parlamentuak itzultzeko agindua eman zion. Hala eta guztiz ere, Henrike IV.ak estatu-kontseilari izendatuz saritu zuen. Bordeleko Parlamentuan jarraitu zuen 1620a arte, eta bi liburu idatzi zituen: 1617an, Le Livre des Princes (Printzeen liburua) eta 1622an, L'incrédulité et mescreance du sortilège pleinement convaincue (Sortilegioaren eskuetan dagoenaren sinestezina eta fedegabea).