María del Pilar Primo de Rivera Sáenz de Heredia (Madril, Espainia, 1907ko azaroaren 4a - 1991ko martxoaren 17a) politikari falangista izan zen. Sección Femenina sortu eta zuzendu zuelako da ezaguna. 1960an Castillo de la Motako I. kondesa izendatu zuten.[1]
Pilar Primo de Rivera Madrilen jaio zen 1907ko azaroaren 4an eta Miguel Primo de Rivera diktadorea eta Casilda Sáenz de Heredia izan zituen guraso.[2][3] [4] Ahizpa biki bat izan zuen, Ángela, bost urterekin hil zena.[5] Ama Fernando izeneko anai txikia erditzean hil zen. Guztira, sei neba-arreba ziren, haien artean, José Antonio eta Miguel nabarmentzen dira.
Giro militar eta erabat kontserbadorean hazi zen eta aitarekiko mirespena garatu zuen.[4] José Antoniok Falangea sortu zuen eta Pilar partiduaren sorrerako mitinera joan zen, Carmen izeneko ahizparekin batera eta partiduan sartzeko eskaria egin zuten. Hasieran, José Antoniok ez zituen onartu.[6]
Ondoren, Jose Antoniok Pilarren eskaria onartu zuen, Espainiako Sindikatu Unibertsitarioaren (SEU) bitartez. 1934ko uztailaren 12an, Sección Femenina sortu zuen, Falangearen barruan. Hasiera batean zazpi kide izan bazituen ere, 1936ko uztailerako 2.500 militante inguru zituen antolakuntzak, Estatu osoan zabaltzen zirenak.[7]
1936ko uztailean Gerra Zibila piztu ondoren, Pilar Primo de Riverak Madriletik Salamancara alde egin zuen eta handik ekin zion Sección Femeninaren antolakuntzari.[8] Hilabete gutxiren buruan, afiliatuak nabarmen hazi ziren eta 60.000 emakume izatera iritsi zen.[9] Emakumezkoen erakunde nagusietako bat bihurtu zen eta horrek botere handia eman zion. Hala ere, 1936ko abenduan Mercedes Sanz-Bachillerek Auxilio Social sortu zuenean, lidergotza hori ezbaian jarri zen aldi batez.[10] Azkenean, Pilar Primo de Riverak Auxilio Social bere egin zuen eta Sección Femeninaren adar bihurtu zuen.[10]
Francisco Francok alderdien bateratzea proposatu zuenean, Pilar Primo de Rivera horren kontra agertu zen. Zenbait aurkari atxilotu bazituen ere, hori ez zen Pilar Primo de Riveraren kasua izan. Falangisten eta karlisten arteko batasunetik alderdi berri bat atera zen: Falange Española Tradicionalista y de las JONS.
1937ko apirilaren 30ean, Bateratze Dekretua aldarrikatu eta gutxira, Francok Primo de Rivera izendatu zuen Sección Femeninako Nazio Ordezkari.[11][12] Hilabete batzuk geroago, Lopez Bassa kapitainak sinatutako FET eta JONSeko barne zirkular batek matxinatuen kontrolpeko eremuan emakumeen mugimenduaren monopolioa eman zion.[8] Falange berriaren barruan, Primo de Rivera “alkandora zaharren” taldeko kidea zen, beste figura garrantzitsu batzuekin batera, hala nola Raimundo Fernández-Cuesta, Manuel Valdés Larrañaga eta José Antonio Girón de Velasco.[13] FETeko eta JONSetako Kontseilu Nazionaleko kide ere izan zen, eta organo hori osatzen zuten emakume bakarrenetakoa izan zen —Mercedes Sanz-Bachiller eta Maria Rosa Urraca Pastorrekin batera—. 1938an Gezi Gorrien Ordena Inperialaren Gurutze Handia eman zioten. [14][15]
Inoiz ez zen ezkontzera iritsi, bere bizitza Falangeari eta bere anaia Jose Antonioren oroimenari eskaini zizkion.[4] Ernesto Gimenez Caballero idazle falangistak Pilar eta Adolf Hitlerren arteko ezkontzaren ideia garatu zuen.
Hainbat bidaia egin zituen Alemania nazira, asko miresten zuen eta Hitlerrekin ere batzartu egin zen.[16][16][17][17][17]
1943ko urrian, erregimen frankistak Dibisio Urdina frontetik kentzea erabaki zuenean, Primo de Rivera neurri horren aurka agertu zen, eta hori «Alemaniari eta Falangeari egindako traizioa» zela esatera iritsi zen.[18] Aste batzuk lehenago, FETeko eta JONSetako ministro-idazkari nagusiak —Jose Luis Arresek— Espainia «nazio totalitarioa ez zela» adierazi zuenean, atsekabetuta agertu zen hitz haien aurrean ere.[19]
Diktaduraren azken urteetan bazterreko pertsonaia izan zen. Franco hil ondoren, 1976ko azaroaren 18an, Mugimenduaren Oinarrizko Printzipioak indargabetzen zituen Erreforma Politikorako Legeari buruzko bozkaketan abstenitu zen, eta aldiz, «alkandora zaharrek» eta frankista beteranoek kontra bozkatu zuten.[20]
1977ko udaberrian, Suarezen gobernuaren lege-dekretu baten bitartez Sección Femeninako Ordezkari Nazional izateari utzi zion.[21] «Eskerrik asko, Pilar» xume bat zekarren jakinarazpen batekin jakinarazi zion gobernuak kargua utziko zuela.[22] Hilabete batzuk geroago, 1977ko azaroan, Sección Femeninako emakume beteranoek militante ohien elkarte bat osatu zuten: «Nueva Andadura».[23] Primo de Rivera ohorezko presidente aukeratu zuten, eta hil arte mantendu zuen kargua. [23]
Bizitza publikotik erretiratuta, 1983an argitaratu zituen bere memoriak.[24] 1991ko martxoaren 17an hil zen, Madrilen. [25]
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Pilar Primo de Rivera |