Pè a Corsica | |
---|---|
Datuak | |
Mota | koalizio politikoa |
Herrialdea | Frantzia |
Ideologia | Korsikar nazionalismoa |
Agintea | |
Lehendakaria | Gilles Simeoni |
Egoitza nagusi | |
Historia | |
Sorrera | 2015 |
Desagerpena | 2021 |
Koloreak |
Pè a Corsica Korsikako alderdi politiko nazionalista bat da, Korsikarako autonomia gehiago eskatzen duena. Zehazki, koalizio bat da[1], uhartean aktibo dauden bi korsikar alderdi nazionalistena: Femu a Corsica, autonomista moderatua eta Corsica Libera, biziki independentista dena.[2] Lehenak 2015eko Frantziako eskualdeetarako hauteskundeen lehen txandan botoen % 17,62 eskuratu zituen eta bigarrenak % 7,73.[3] Gilles Simeoni autonomista da burua.[4][5] 2017ko lurralde hauteskundeetarako berritu zen aliantza.[6]
Korsikar nazionalismoak uharteak Frantziatik autonomia gehiago, edo independentzia osoa, izateko eskaerak 1920ko hamarkadatik egin izan ditu. Orduan sortu zen mugimendua, Korsikako Ekintza Alderdia (Partitu Corsu d'Azzione/Parti Corse d'Action) Bastiako herrian sortzearekin batera . 2003an Korsikak eskumen gehiago izateko egin zen erreferenduma galdu egin zen gutxigatik. 70. urtetik 2014ra arte, borroka armatua burutzen zuen talde bat, FLNC, aktibo egon zen uhartean. 2012an, inkesten arabera babes gehiago zuen Frantzia barruan autonomia gehiagorekin jarraitzeko aukerak (51%) [7] independentziak baino (% 10-15ean aurrera egin ezinik).[7]
2015eko abenduko Frantziako eskualdeetako hauteskundeetan, Pè a Corsicak 51 eserlekuetatik 24 lortu zituen. Bastiako alkate Gilles Simeonik hauteskundeak irabazi zituen bozken % 35,34arekin.[8] Jean-Guy Talamoni, Corsica Liberako buruak, honakoa esan zuen: "40 urtetako ibilbidea egin dugu honaino iristeko. Korsika ez da Frantziako administrazio soil bat - herrialde bat, nazio bat, herri bat da"[9].
2017ko abenduaren hauteskundeetan aurreikuspen guztiak gainditu zituen Pè a Corsica koalizioak, eta gehiengo absolutua lortu zuen Korsikako Asanbladan [10], botoen %56 eta 41 eserleku lortuta. Horren ondorioz, Jean-Guy Talamoni abertzalea Korsikako Asanbladaren lehendakaria izendatu zuten.