Terra Lliure

Terra Lliure

Terra Lliureren aldeko margoa
SiglakTL
Sorrera/Desagertzea1978-1995
IdeologiaMarxista-leninista eta independentista
Kokapena Katalan Herriak
HelburuaEstatu katalan sozialista eratzea

Terra Lliure (euskaraz Lurralde askea) Kataluniako nazio askapenerako talde armatua izan zen, 1978an sortua eta jendaurrean 1981eko ekainaren 23an azaldu zena, Bartzelonako Camp Nou futbol zelaian, "Som una Nació" (Nazio bat gara) kanpainaren barruan. Espainiako sistema judizialak eta indar polizialek talde terroristatzat zeukaten.

Sorrera eta lehen ekintzak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1979ko urtarrilaren 26an poliziak kontrol batean Martí Marcó erakundeko kidea hil zuen; ekainaren 2an leherketa baten ondorioz Felix Goñi hil zen eta Quim Pelegrí bere taldekidea larriki zauritua izan zen. Hartutako dokumentazioaren ondorioz, Frederic Bentanachs eta Griselda Pineda atxilotu zituzten, IPCren adar armatua osatzea leporatuta. Atxiloketa hauek (eta beste batzuk) zirela eta, Comitès de Solidaritat amb els Patriots Catalans (CSPC, Abertzale Katalanekiko Elkartasun Batzordeak) sortu ziren, espetxeratutako independentisten defentsa politikorako plataforma bezala, eta Terra Lliure geldituta geratu zen hilabete batzuetarako, ekintzen akatsak aztertuz eta lan egitasmoa osatuz.

Lehen bilkura

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1980 urtean borroka armatua errerente nagusia zen beste taldeetatiko militanteak batu ziren: EPOCA (Exèrcit Popular Català) eta FACeko (Front d´Alliberament Català) kide ohiak, bestelako erakunde independentistetakoak ere batu ziren, PSANekoak (Partit Socialista D'Alliberament Nacional) edo IPCkoak (Independentistes dels Països Catalans) esaterako.

1981ean Terra Lliurek Federico Jiménez Losantos espainiar kazetaria bahitu zuen, eta egun berean askatu zuten Pere Bascomptek belaunean tiro egin eta gero. Urte berean poliziak hogei pertsona bahitu zituen, baina Pere Bascompte bera eta Jaume Llussà baino ez ziren espetxera sartu, Terra Lliureko kideak izatea leporatuta.

Erakundearen I. bilkura 1982an egin zen, Ipar Katalunian, irailaren 16 eta 17an lehen atala eta azaroaren 13 eta 14an bigarrena. Egun gutxi geroago, azaroaren 15 eta 16an poliziak Collserola mendilerroan lehergailuak eta armak aurkitu izana iragarri zuen, eta hainbat pertsona lege antiterrorista erabilita atxilotu zituen, Carlos Benítez eta Xavier Monton baino espetxeratu ez bazituen ere.

Honez gain krisialdia izan zen zuzendaritzak az baitzen kritikarik onartzen, eta krisi honek hainbat militanteren kanporaketa ekarri zuen, hauek iharduera armatua eten nahi zuten-eta erakundearen etorkizunaz hausnarteko.

Bigarren bilkura

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1984ko urtarrilaren 26an II. bilkura egin zen, Estatutuak eta Hatsapen Adierazpena onartuz. 1984ko otsailean, erakundeak "Alerta" izeneko aldizkaria kaleratu zuen, non adierazpenak, ekintzak eta erakundeak herriari adierazi nahi ziona plazaratu nahi zen.

1984ko uztailaren 18an Alziran izandako atentatu batean Toni Villaescusa hil zen, Diada hartako ikonoa izango zena.

1985 hasieran atxiloketa gehiago izan ziren Kataluniako hainbat tokitan. Erakundetik kanpoko indpendentistak ere galdezkatu zituzten. Abenduaren 16an Joaquim Sánchez militantea hil zen prestatzen ari zen lehergailua zartatzean.

1986ko otsailean Terra Lliurek Bartzelonako Joko Olinpikoen kontrako kanpainiaren hasiera iragarri zuen. Beste militante bi atxilotu zituzten, Antoni Ribas eta errugabetazat aske utzitako Joan Mateu.

1987ko irailean Les Borges Blanqueseko (Les Garrigues) epaitegietan ipinitako lehergailu batek horma bat bota zuen, emakumezko bat hilez. Gertakari honen ondorioz erakundeak bere ekintzak berraztertuko zituen.

Hirugarren bilkura

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

III. bilkura, 1988ko udan, Nazio Askapenerako Mugimenduaren errealitatea aztertzeko hiru agiri garatu ziren. Erakundeak egitasmo handia onartu zuen urte olinpikorako, baina kide asko aldentzen hasi ziren indpendentismo borrokalariaren krisialdi sakona zela eta, batez ere MDTrena, eta ekintza armatu urriko garaia hasi zen 90etako hamarkada sartuta.

Laugarren bilkura

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1991 eta gero, Pere Bascomptek gidatutako erakundeko sektore batek (IV Assemblea) armak utzi zituen. Beste kideek ekintzak jarraitu zituen III. bilkuran erabakitakoaren ildotik, baina jarduera armaturik gabe, 1992ko ekainean Garzón operazioan (Baltasar Garzón epaileak zuzenduta) 60 militante inguru atxilotu arte, Olinpiadak baino gutxi lehenago. Honek Terra Lliureren gaitasun operatiboa ezereztatuko du. Esquerra Republicana de Catalunya alderdiak presoen gizarteratzeko eta militanteak alderdian sartzeko bitartekaritza lanak egin zituen, independentzia lortzeko lituaniar bidea jarraituz.

Terra Lliureren azkena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azpimarratu behar da Terra Lliureren desagerpenerako eragile garrantzitsuenetako bat atxiloketa hauek eragin zituen sator baten sartzea izan zela. Honek ETAn sartutako polizia baten hezkuntza eta laguntza teknikoa jaso zituen.

Desagerpen ofiziala 1995eko irailaren 11n izan zen, Kataluniako Egun Nazionalean. Erakundeko presoak kaleratu zituzten azkenean, batzuk edozein espetxe-mesederi uko egin arren.

Terra Lliureko militanteen kontrako epaiketetan ez zen inoiz ere satorra aipatu, militanteak berataz susmatzera bultzatu zituena. Gaur egun satorra ez da Espainian bizi.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]