Xynthia | |
---|---|
Datuak | |
Sortua | 2010-02-25 |
Uxatua | 2010-03-01 |
Haize boladarik indartsuena | 242,0 km/h Pic du Midi de Bigorre, (Frantzia) |
Presiorik baxuena | 968,0mb[1] |
Kaltetutako lurraldeak | |
Portugal, Espainia, Euskal Herria, Frantzia, Belgika, Luxenburgo, Herbehereak, Alemania, Suedia, Suitza, Polonia, Erresuma Batua eta Danimarka | |
Kalteak | |
Heriotzak | 62[2][3] |
Xynthia ekaitza[4] edo zikloia 2010eko otsailaren 25ean Ozeano Atlantikoan sortu eta hurrengo egunetan Iberiar penintsulatik lurreratuz Europako zenbait herrialde zeharkatu zuen behe presio gune indartsu bat izan zen. 160 km/h-tik gorako haize-boladek, sortutako itsaso zakarrak eta euri jasa gogorrek hamarka hildako eragin zituzten.
Otsailaren 12an Siberiatik etorritako aire hotzak eragindako hotzaldi eta elurtea amaitzean, Ozeano Atlantikotik etorritako behe presio guneak eta hegoaldeko haizea nagusitu ziren. Europa iparraldean kokatutako goi presio gune indartsuak oztopatu egin zuen beheraguneen joan-etorria eta hauek ohi baino hegoalderago jo beharra izan zuten, modu horretan Iberiar penintsula mendebaldean euri eta haize bolada handiak eraginez.
Horrez gain, Azore eta Madeira artean talka egin zuten masa hotzak eta beroak, hainbat behe presio gune sortu zituzten, eta denek Kanariar uharteetara eta Andaluziara jo zuten, bertan uholdeak eraginez. Bata bestearen atzetik, ibilbide berdina jarraitu zuten Jaén, Málaga, Sevilla eta Kordobako probintzian hainbat herri urez bete zirelarik. Egoera nahasi horretan sortu zen Xynthia ekaitza otsailaren 25ean.
Beheragunea sortu eta ondorengo orduetan presioa pixkanaka beherantz hasi zen.
25-2 20:00 | 26-2 12:00 | 26-2 20:00 | 27-2 01:00 | 27-2 04:00 | 27-2 10:00 | 27-2 13:00 | 27-2 18:00 |
---|---|---|---|---|---|---|---|
1004mb[5] | 1000mb[6] | 996mb[7] | 990mb[8] | 982mb[9] | 977mb[10] | 973mb[11] | 968mb[12] |
27-2 21:00 | 28-2 11:00 | 28-2 16:00 | 28-2 21:00 | 1-3 08:00 | 1-3 17:00 | 2-3 01:00 | 2-3 08:00 |
---|---|---|---|---|---|---|---|
972mb[13] | 969mb[14] | 975mb[15] | 977mb[16] | 980mb[17] | 983mb[18] | 985mb[19] | 987mb[20] |
2010eko otsailaren 26an, Euskalmetek eta Espainiako Aemet erakundeek alerta gorria ezarri zuten Iberiar penintsulako iparralde osoan haize gogorragatik. Euskalmeten alerta gorria larunbateko arratsaldeko seietatik igandeko goizaldeko hirurak arte luzatzen da:
« | Haizeguneetan, haizeari dagokion abisu gorria, 18tik UTC 24ra UTC. Hego-norabideko haize boladek 140 km/h-ko abiadura gainditzeko probabilitatea handia da, bereziki mendi inguruetan.
Euskalmet, Euskal meteorologia agentzia. 2010-02-26.[21] |
» |
Otsailaren 27an Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailak autonomia erkidego osoan, aire libreko kirol ekintza guztiak bertan behera uztea erabaki zuen eta errepideetan kamioiek ez zirkulatzeko agindua eman zuen.[22][23] Renfe Operadorak aldirietako eta distantzia ertaineko tren zerbitzuak bertan behera utzi zituen arratsaldeko 18:00etatik aurrera Asturias, León, EAE, Nafarroa eta Errioxan.[24]
Météo Francek Ipar Euskal Herrirako eta Bearnorako alerta horia ezarri du ekaitza dela-eta.[25]
Haize boladarik indartsuenak | ||
---|---|---|
Haizea km/htan | Estazioa | |
228,3 Km/h | Urduña | |
186,4 Km/h[26] | Gorramendi | |
176,4 Km/h | Cerroja (Karrantza) | |
174,3 Km/h | Oiz mendia | |
160,9 Km/h | Garbea (Balmaseda) | |
158,0 Km/h | Belauntza | |
158,0 Km/h | Matxitxako | |
143,2 Km/h | Zaldiaran | |
140,8 Km/h | Ordunte | |
140,4 Km/h | Ordizia | |
135,1 Km/h | Gasteiz | |
132,7 Km/h | Jaizkibel mendia | |
128,7 Km/h | Bilboko portua | |
127,7 Km/h | Zizurkil) | |
126,3 Km/h | Zarautz | |
123,1 Km/h | Zorrotzaurre, (Bilbo) | |
120,3 Km/h | Bidania | |
120,0 Km/h | Aralar | |
118,5 Km/h | Arrasate | |
115,0 Km/h | Galea lurmuturra | |
112,3 Km/h | Aralar mendia | |
106,3 Km/h | Getaria | |
96,3 Km/h[27] | Iruñea |
Otsailaren 27ko arratsaldean bertan behera geratu ziren Bizkaibus eta Bilbobuseko zerbitzu guztiak, eta Bilboko tranbia. Donostian ere DonostiBusek zerbitzu guztiak bertan behera utzi zituen goizaldeko 04:00 arte. Abaltzisketan garabi bat jausi zen etxebizitza eraikin baten gainean.[28]
Bizkaian 20.000 bat pertsona geratu ziren argindarrik gabe larunbatean, batez ere Zornotzan. Gipuzkoan ere beste 20.000 pertsona geratu ziren ilunpean.[29] Horrez gain, haizeak suteak piztu zituen, Beasain eta Arrasaten esaterako goi-tentsio kableek eragin zuten sutea. Bilboko Artxanda mendian ere beste sute bat piztu zen otsailaren 27ko arratsaldean. Sutea kontrolatu ezinik, suhiltzaile eta poliziek Enekuriko errepidea moztu zuten, autoentzako arriskua zela eta.
Gipuzkoan AP-1 autopistan, Soraluze eta Eibar artean, kartel bat erori zen eta 8 pertsona zauritu zituen istripuan. Auto baten gainera erori zen kartela eta atzetik zetozen beste bi autoek talka egin zuten. Zaurituetatik 2 Donostiako Ospitalera eraman zituzten larriki zauriturik zeudelako.[30]
Ohikoa denez, haizeteak mugatu egin zuen Bilboko portuaren ohiko funtzionamendua eta portuko atoiontziek kanpora atera behar izan zuten Minerva Ellie petroliontzi greziarra, Petronor 2 kaitik. Larunbatean portu barrura sartzekoa zen Unicom enpresa errusiarraren Torgovy Bridge petroliontziak bestalde, kanpoan geratu behar izan zuen, eguraldia hobetzeko itxaroten.
Horrez gain, egun bat lehenago, Grande Roma ro-ro ontzi italiarrak babesa hartu behar izan zuen Bilboko portuan, egun bat lehenago Bizkaiko golkoan itsaso zakarrak barruan zeraman zama mugitu eta ontziaren egituran zulo bat egin ziolako. Ostiral arratsaldean, Bilboko portuaren agintaritza ro-ro ontzia kanpoaldeko A-3 kaitik Santurtzi barruko kaietara mugitzea erabaki zuen, zehazki hegoaldeko bigarren espigoira. Elisabeth Russ ro-ro ontzia Printzesa kaira eraman zuten.
Bizkaiko suhiltzaileek ziklogenesiaren ondorioz piztutako 5 sute itzali zituzten. Suteak Artxanda-Enekuri, Muskiz, Gamiz-Fika, Galdakao eta Karrantzan izan ziren.[31]
Gipuzkoan suhiltzaileek 6 sute itzali behar izan zituzten, handiena Jaizkibel mendian. Beste suteak Azpeitia, Elgeta, Tolosa, Bergara eta Alegian izan ziren.[32]
Portugalgo meteorologia institutoak alerta gorria ezarri zuen Portugal iparraldeko hamar barrutietan otsailaren 27ko gaueko hamabietatik aurrera. Paredesen, herrialdearen iparraldean, zuhaitz bat erori zitzaion hamar urteko ume bati eta bertan hil zen. Horrez gain, A14 eta A2 autobideak itxi behar izan dituzte bidera jausitako zuhaitz eta elektrizitate zutoinengatik.
Arlanzón (Burgos)en auto batean zihoazten bi pertsona hil ziren errepidean eroritako zuhaitz baten aurka autoak talka egitean. Burgosen beste pertsona bat zauritua izan zen lanak zeuden zonalde batean.[33][34]
Ponferrada, Ciudad Rodrigo, Segovia eta Ávilan ere hainbat objetuen erorketa egon ziren ekaitza zela-eta baina zauriturik sortu gabe.[34]
Frantziako meteorologia agentziak (Météo-France) 69 departamendu alerta laranjan eta 4 alerta gorrian (Itsas Charente, Vendée, Vienne eta Deux-Sevres) ezarri zituen.
Parisko Paris-Charles de Gaulle aireportuan Air Francen 70 hegaldi bertan behera utzi behar izan zituzten ekaitzarengatik. Trenbideetan ere arazoak izan ziren.[35]
Frantzian milaka pertsona geratu ziren argindarrik gabe otsailaren 27tik otsailaren 28rako gauean.
Eskualdea | 2010eko otsailaren 28a[36] |
---|---|
Poitou-Charentes eta Loirerria | 320.000 |
Auvernia, Erdialdea Limousin | 375.000 |
Charente, Akitania eta Erdialdeko Pirinioak | 57.000 |
Alsazia, Lorraine eta Franche-Comté | 63.000 |
Frantziako Uhartea | 37.000 |
Rodano-Alpeak eta Borgoina | 75.000 |
Mantxa eta Ipar Itsasoa | 31.000 |
Lurraldea | Hildakoak |
Alemania | 6 |
Belgika | 1 |
Espainia | 3 |
Frantzia | 51 |
Portugal | 1 |
GUZTIRA | 62 |