Ball of Fire (euskaraz: "Suzko Bola") komedia filma da, Howard Hawks estatubatuar zinemagileak 1941ean zuzendu zuena. Thomas Monroe eta Billy Wilderek idatzitako From A to Z ("A-tik Z-ra") kontakizunean oinarriturik dago; kontakizun horrek, hein batean, Edurnezuri eta Zazpi Ipotxen ipuina zuen oinarri, zazpi irakasleak zazpi ipotxekin eta kabaret dantzaria Edurnezurirekin parekatuz. Gary Cooper, Barbara Stanwyck, Dana Andrews, Dan Duryea eta Kathleen Howard izan ziren aktore nagusiak.
Lau Oscar sarietarako izendapenak jaso zituen, emakumezko aktore onenarena (Barbara Stanwyck), jatorrizko soinu banda onenarena (Alfred Newman), argumentu onenarena (Charles Brackett eta Billy Wilder) eta soinu onenarena (Thomas Moulton), baina ez zuen bat ere irabazi.
Milioi laurden dolarreko dohaintza bati esker, irakasle talde xelebre batek, alargun bat ez beste gainontzekoak ezkongabe edo mutilzaharrak, Gizateriaren jakintza osoa bilduko duen entziklopedia bat osatzeko asmoa du. Euren lana nahiko aurreratua dagoenean, "Sugarpuss" O'Shea (Barbara Stanwyck) kabaret dantzariaren bisita izango dute, kale hizkeraren ikerketa egiten ari den Bertram Potts irakasleak (Gary Cooper) laguntzeko eskatu baitio. Sugarpussek ikerketan parte hartzea onartuko du, baina bere benetako asmoa poliziatik ezkutatzea da. Izan ere, polizia haren bila dabil, bere senargaiaren, Joe Lilac mafiaburuaren (Dana Andrews), aurkako epaiketan lekuko izan dadin. Guzti horren ondorioz, lana birpentsatu beharko dute irakasleek, denbora guzti horretan benetako munduari bizkar emanda bizi izan direla jabetzen baitira.
Sugarpussik filmaren une batean Potts irakasleari honakoa aipatzen dio: "Edalontzi bat esnearekin mozkortzen diren gizon motakoa zarelako maite zaitut".