Carlos Fermín Fitzcarrald | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Carlos Fermín Fitzgerald López |
Jaiotza | Ancash Department (en) , 1862ko uztailaren 6a |
Herrialdea | Peru |
Heriotza | Urubamba River (en) , 1897ko uztailaren 9a (35 urte) |
Heriotza modua | : itotzea |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | enpresaburua eta ekintzailea |
Carlos Fermín Fitzcarrald López (San Luis de Huari, 1862ko uztailaren 6a – Urubamba ibaia, 1897ko uztailaren 9a)[1] kautxu enpresari eta esploratzaile perutarra izan zen.
Gurasoak Esmeralda López sanluistarra eta William Fitzgerald estatubatuarra ziren; hau marinela zen, gero merkataritzan sartu zena San Luis de Huari hirian (Ancash eskualdea, Peruko Andeetan), Guillermo Fitzcarrald izena hartuz. Isaias Fermin bezala bataiatu zuten, eta zazpi senideetatik zaharrena zen; gazteleraz gain, etxean ingelesa eta kitxua hizkuntzak ikasi zituen. 7 urterekin Huaraz-eko La Libertad eskolan sartu zen, eta gero Limako Liceo Peruanora bidali zuten nabigazioa ikasteko asmotan. 1878an eskola amaitu eta gero, apustu-liskar batean Benigno Izagirre bidelapurrak larriki zauritu zuen, sabelean labankada batekin. 1879an, aita hil ostean, ikasketak utzi behar izan zituen. Cerro de Pascora joan zen eta meatzarientzako gaien salerosketan aritu zen. Peru eta Txile arteko gerra urteak ziren, eta gordetzen zituen mapak zirela eta txiletar espioitzat hartu zuten. Gerra Kontseiluan heriotzera kondenatu zuten, baina bere alde lekukotasuna eman zuen misiolari bati esker salbatu zen. Hogei urte bete aurretik Limatik ihes egin zuen justiziari iskin emateko, eta hamar urtez ezkutuan ibili zen, Carlos izena erabiliz, eta argentinarra zela esanez.[2] Ucayali ibarrean baso-lanetan hasi zen Cardoso kautxu-biltzaile brasildarrarentzat.[3] 1887an, bere lehen negozio ona egin zuen: langile kuadrilla bat hartuta, Pachitea ibar birjinean barneratu zen; kautxu bilketa oparoa egin ostean, Masisea izeneko lekuan saldu zuen, Pachitea ibaiak Ucayalirekin bat egiten duen lekutik hurbil. 1888an Iquitosera ezkondu zen Cardoso nagusiaren alaba Aurora Velazcorekin.[4][5][6] Lau seme izan zituen, eta Frantziara bidali zituen ikasketak egitera.[3]
XX gizaldian Amazonasen arroan izan zen kautxuaren boom-aren baitan, 26 urterekin Ucayali inguruko kautxu enpresari aberatsena bihurtu zen. Horretarako langile indigenak gupida gabe esplotatu zituen (indigenak aurkitzean, bi aukera eman ohi zien: berarentzat lanean hastea, edo hiltzea).[7] 300 langile inguruko lan taldeari, Peru mendebalde-iparraldeko kostatik erdiko oihanetara campa-ashaninka eta piro indigenak batu zitzaizkion, milaka gizoneko talde armatua osatuz; sare komertzial bat osatu zuen, ibaietan zehar 30-40 kilometrotako tarte bakoitzean baseak ezarriz.[5] Bere armadarekin, onartzen ez zuten indigenen artean sarraski asko egin zituen: Carene ibai ertzean berarentzat lan egin nahi ez zuten 60 lagun afusilatu zituen, Sutilije herria arrasatu zuen... Madre de Dios departamentuan Mashco Rupuna izeneko herri bat ere badago ("erretako mashco indigenak").[6]
Madre de Dios eskualdetik kautxua ateratzeko bidea aurkitu nahi zuen, eta hura esploratzen aritu zen, gaur egunean Manu Biosfera Erreserba den inguruan. 31 urterekin lehorreko pausu laburra aurkitu zuen Manu eta Mishagua ibaien artean (Madre de Dios eta Urubamba ibaien adarrak, hurrenez hurren). Historialarien arabera, pausu hau XIX. gizaldian Perun egindako aurkikuntza geografiko garrantzitsuena izan zen. Fitzcarrald Istmoa deitu zitzaion, eta handik bidea ireki eta gero (besteak beste, indigenak lurrun-ontzi bat desmuntatzera eta basoan zehar garraiatzera derrigortuz) bertatik Madre de Diosko kautxuaren garraioa bideratu zen. Handik Mishagua ibaira eramaten zen, ontzietan kargatuz; gero Urubamba ibaira ailegatzen zen, Ucayali ibaiarekin bat eginez, eta gero Amazonasekin, merkatuetara eta Atlantikoko portuetara ateratzeko. Eskualde honetan Fitzcarraldek Maldonado herria fundatu zuen.[5] Fitzcarralden espedizioek gaur egunean Madre de Dioseko yine eta mashco piro herrien arteko banaketa ekarri zuten: yineak Fitzcarraldek lan egitera derrigortutako indigenen ondorengoak dira eta mashco piroak, berriz, hari ihes egin ziotenen ondorengoak.[8]
Tarteka explotazio guneak aldatzen zituen: Pachitea, Tambo, Apurimac, Urubamba, Madre de Dios, Purus arroak... Halere, bere base nagusia Ucayali Garaia izan zen. Han zuen etxea, luxu handiko jauregia (3 solairu eta 25 gela) eta lorazain txinatarrek zaindutako berdeguneekin. Bere "erresumaren" alde batetik bestera joateko, Fitzcarraldek eta bere sozioek bapore flota handia osatu zuten, eta bidai luzeak egiteko prestatutako Bermudez, 180 tonatako lurrun-ontzia, europako baporeen luxu guztiekin.[9]
Carlos Fermin Fitzcarrald 35 urterekin hil zen: Urubamba ibaiean ur-laster gune batean Adolfito ontziak haitzak jo zituen eta Antonio Vaca Diaz bere sozioa uretara erori zen; FItzcarraldek atzetik salto egin zuen hura salbatzeko, eta ito egin zen.[2]