James William Fulbright (Sumner, Missouri, 1905eko apirilaren 9a - Washington, 1995eko otsailaren 9a) Estatu Batuetako hezitzaile eta politikaria izan zen. Arkansasko Unibertsitatean, Oxfordekoan eta George Washington Zuzenbide Fakultatean egin zituen ikasketak. Washingtonen hasi zen zuzenbide-lanak egiten, 1934. urtean, eta urtebetez lan egin zuen Justizia sailean, fiskal gisa. Irakasle gisa ere jardun zuen George Washington Unibertsitatean eta Arkansaskoan; hango errektore ere izan zen 1939 eta 1941 bitartean. Alderdi Demokratako kidea izan zen, eta, besteak beste, ordezkarien ganberako kide eta senatari izendatu zuten. Senatari gisa garrantzi handiko lanak egin zituen, batez ere 1946. urtean, Estatu Batuetako eta atzerriko irakasleen eta ikasleen arteko elkar trukea bideratzeko diru laguntzak eskaintzeko Fulbright legea onartu zuelarik (1961ean zuzendu zen lege hura, Fulbright-Hays legearekin), eta orobat Senatuko Kanpo Arazoetako Batzordearen presidente izan zen garaian (1959-1974). Estatu Batuetako kanpo-politikaz arduratu zen, batez ere Vietnamgo gerran izandako parte-hartzeaz (1959-1975). 1974. urtean senatari gisa seigarren legegintzaldirako bere burua aurkeztu zuen, baina ez zuen Arkansasen garaipena lortu, eta urte hartan bertan utzi zuen bere kargua.
![]() |
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: James William Fulbright ![]() |