Javier Cercas Mena (* Ibahernando, Caceres, 1962) gaztelaniazko idazlea eta itzultzailea da.
Albaitari baten semea, lau urte zituela, 1966an, Gironara joan zen bizitzera. Hispaniar filologian lizentziatu zen 1985ean Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan. Doktoretza egin ondoren, Illinoisko unibertsitatean lan egin zuen, eta 1989z geroztik Gironako unibertsitatean Espainiako literatura irakaslea da.
Lehendabiziko liburua El móvil izeneko ipuin bilduma izan zen (1987). Horren ostean El inquilino (1989) eta El vientre de la ballena (1997) eleberriak eta La obra literaria de Gonzalo Suárez (1994) entsegua etorri ziren. Nolanahi ere, Javier Cercasi Soldados de Salamina (2001) hirugarren nobelarekin iritsi zitzaion ospea. Eleberri honek Espainiako Gerra Zibileko pasadizo erreal baten gaineko ikerketa dauka abiapuntu: Rafael Sánchez Mazas Falangeko ideologoari bizitza salbatu zion gerlari errepublikazale hura nor zen hain zuzen ere. Mario Vargas Llosak, John Maxwell Coetzeek eta Susan Sontagek goraipatu dute lan hau.
Hurrengo eleberrian ere, La velocidad de la luz (2005), gerra zuen hizpide, oraingo horretan Vietnamgoa. Baina, aurrekoan ez bezala, mezu itxaropentsua aienatzen da eta gizakien bihotzean datzan gaizkian murgiltzen da. Azken eleberriarekin, Anatomía de un instante (2009), Espainian 1981eko otsailaren 23an gertaturiko estatu kolpea aztertzen du, Antonio Tejero guardia zibileko teniente koronela Diputatuen Kongresuan sartutakoan, eserlekuetan ezarrita jarraitu zuten diputatu bakarrak Adolfo Suarez presidentea, Manuel Gutierrez Mellado presidenteordea eta Santiago Carrillo komunisten burua ziren abiapuntu daukala.