Klaus | ||
---|---|---|
Data | ||
Sortua: | 2009ko urtarrilaren 22a | |
Uxatua: | 2009ko urtarrilaren 25a | |
Haize boladarik indartsuena: | 216 km/h Port d'Envalira, (Andorra) | |
Presiorik baxuena: | 970,0mb | |
Kalteturiko herrialdeak | ||
Espainia | Euskal Herria | Frantzia |
Andorra | Italia | Aljeria |
Kalteak | ||
Hildakoak: | 26[1] |
Klaus ekaitza[2] edo zikloia 2009ko urtarrilaren 23an Ozeano Atlantikoan sortu eta Iberiar penintsula eta Frantzian kalte material handiak eta 26 hildako[1] eragin zituen behe presio gune indartsua izan zen. 160 km/h-ko haize-boladak eragin zituen.
Klaus izeneko behe presio gunea Ozeano Atlantikoan sortu zen urtarrilaren 23an, Erresuma Batuaren iparraldean zegoen beste borraska sakonago baten egiturari loturik. Behe presio gunea sortu aurretik, eguraldia nahiko haizetsua izan zen Euskal Herrian, eta urtarrilaren 16tik aurrera, denborale ezberdinek hainbat atzerapen eragin zituzten aireportuetan eta Bilboko portuaren ohiko itsasontzien sartu-irtenean. Urtarrilaren 19an hamabost itsasontzi inguru zeuden portuaren kanpoaldean barrura sartzeko itxaroten, eta hurrengo egunerako kopuru hori hogeira hazi zen.
Urtarrilaren 22an, eguraldia hobetu eta olatuen indarra jaistean, itsasontzi gehienak portu barruan sartu zituzten. Petroliontziak dena den, kanpoan geratu ziren, lau metroko olatuek, portu barrura sartzea eragozten zutelako.
Europa mailako modelo meteorologikoek urtarrilaren 21ean antzeman zuten lehen aldiz ekaitza sortzeko aukera. Behe presio gunea atlantikoan sortu eta ziklogenesi lehergarri delakoaren bitartez sakonera handiko zurrunbilo bihurtzekoa zen. Iragarpenak ziurtatu egin ziren ondorengo orduetan, eta egoeraren larritasunaz oharturik, Espainiako Frantziako eta Euskal Herriko meteorologia zerbitzuek, muturreko gertakari meteorologikoen inguruko oharra eman zuten jakitera. Bizkaia eta Gipuzkoa alerta gorrian zeuden, 150 km/h haize eta 10-12 metrora arteko olatuengatik. Araba eta Nafarroan alerta laranja ezarri zen. Estatuari dagokionez, alerta Iberiar penintsula gehienera zabaldu zen.
Haize boladarik indartsuenak | ||
---|---|---|
Haizea km/htan | Estazioa | |
193,0 Km/h | Matxitxako lurmuturra | |
166,9 Km/h | Garbea (Balmaseda) | |
159,5 Km/h | Jaizkibel mendia | |
157,7 Km/h | Oiz mendia | |
155,5 Km/h | Bilboko portua | |
154,4 Km/h | Bermeo | |
154,1 Km/h | Orduña | |
151,6 Km/h | Gorramendi | |
140,8 Km/h | Kapildui mendia | |
117,8 Km/h | Gasteiz | |
111,6 Km/h | Zorrotzaurre, (Bilbo) | |
104,4 Km/h | Aralar mendia | |
104,0 Km/h | Getaria |
Klaus zikloiaren lehen haize boladak urtarrilaren 23aren arratsaldeko azken orduetan hasi ziren nabaritzen. Itsasoa sakartuz joan zen, eta zuhaitz eta bestelakoak errepideetara erortzean, trafiko arazo handiak sortu ziren. N-634 errepidea moztu behar izan zen Zarautz eta Zumaia parean ohikoa denez, itsaso zakarra dela eta. Lapurdin A-63 errepidea ere erabat itxi behar izan zuten, autobidera eroritako zuhaitzengatik[3]. Horrez gain, Hendaiako kirol portuako ontzi askok kalteak jasan zituzten, kaia hautsi eta gero. Baionako katedralaren sabaiak ere kalteak jasan zituen, eta hainbat hondakin eliza barrura erori ziren.
Haize bolada indartsuek, Euskal Herriko aireportu guztietan atzerapenak eragin zituzten, eta Biarrizko aireportua itxi behar izan zuten.[4]. Donostiako aireportuko aparkalekuko sabaia, behera erori eta hainbat auto kaltetu zituen.
Haizearen beste eraginetako bat, argindarrik ez izatea izan zen. Araba iparraldeko, Lapurdiko, Gipuzkoako eta batez ere Bizkaiko hainbat herritan, argindarra joan zen urtarrilaren 24ko lehen orduetan. Guztira, hogei bat udalerritan izan ziren argindar arazoak Gipuzkoan, Araba iparraldeko 15.000 bat erabiltzaile (Amurrio, Murgia eta Laudioko industrialdeetan batez ere), eta Bizkaiko 150.000 etxebizitza inguru, Mungia, Zornotza, eta Bilboko ekialdeko auzoetan besteak beste). Iberdrolako langileak arazoak konponduz joan ziren eta urtarrilaren 24ko azken ordurako 30.000 etxebizitza geratzen ziren Bizkaian argindarrik gabe.
Urtarrilaren 25ean argindarrik gabe jarraitzen zuten Bizkaiko Lekeitio, Berriatua eta kostaldeko beste hainbat herritan. Horrez gain, Gipuzkoako Antzuola udalerrian ere argindarrik gabe zeuden. Astean zehar, argindarrik gabe jarraitzen zuten etxebizitza gehienek, berreskuratu zuten arren, urtarrilaren 29an orandik baziren bakandutako guneetan, argindarrik ez zeukaten baserriak. Egoera Galizia eta Kataluniako gune isolatuetara ere hedatu zen.
Ekaitzak garraio publikoan eragindako kalteak ere aipagarriak izan ziren. Euskotrenen Bermeorako trenbidea etenik geratu zen Murueta parean, argindar arazo batengatik. Arazoak Euskotrenen Gipuzkoako sarera ere zabaldu dira, eta horrela arazoak izan ziren Zarautz eta Zumaia bitarteko burdinbidean. Horrez gain, Donostialdean, Renfe Aldiriakeko Gipuzkoako lineak 20 minutu inguruko atzerapena izan zuen. Bilboko metroaren zerbitzua etenik geratu zen goizeko seiak inguruan, argindar eza zela eta. Bidaiari asko larrialdietako irteeretatik atera behar izan zituzten. Metroaren zerbitzua goizeko bederatziak aldera berrezartzen hasi zen, lehenik Portugaleterako linea, eta ondoren hamabiak aldera[5] Plentziakoa.
Bestalde, FEVEren Balmaseda eta Bilbo arteko tren zerbitzua etenik geratu zen. Euskotranen Bilboko linea ere etenda geratu zen Felipe Serrate kalean, zuhaitz batek katenaria kaltetu ostean. Tranbiaren zerbitzua urtarrilaren 24aren arratsaldean berrezarri zen.
Urtarrilaren 16tik Urtarrilaren 22ra bitartean, Bilboko portuak murrizketa handiak ezarri zituen portura sartzen ziren ontzietan, portuaren kanpoaldean zegoen itsaso txarra zela eta. Horrela, urtarrilaren 22an hogei itsasontzitik gora zeuden portuaren kanpoaldean, barrura sartzeko itxaroten. Urtarrilaren 22an, Bermeoko portuan zeuden hogei bat arrantzontzik, Bilboko itsasadarrera jo zuten babes bila, Bermeoko portua utzita.[6]
Ekaitzak portuko kanpoaldean dauden kaietan sor zezakeen itsaso zakarraren eraginak gutxitzeko, ATM kontainerren kargatzeko kaietan zeuden ontziak Santurtzi barnealdeko kaietara eraman zituzten, Victoria Erregina, Bigarren espigoia, eta Bizkaia kaira alegia. Halaxe egin zuten portuko atoiontziek Encounter, Grande San Paolo, Gloria del Mar eta Spaarnedijk ontziekin.
Horrez gain, leku falta zela eta, Nord Faarer ontzia Sestaoko ACB lantegiaren ondoko kaira eraman zuten, eta Elisabeth Russ ro-ro ontzia Lutxanako kaian hartu zuen babesa. Bestalde, AZ-1 kaian zeuden Normed Bremen eta Wilson Bilbao ontziak ere, Santurtziko barrualdeko kaietan hartu zuten babesa. Montserrat B eta WMS Harlingen kontainer ontziak itsaso zabalera irtetzea erabaki zuten.
Ekaitzaren kalterik handienak Galizian jasan dira. Urtarrilaren 23an, Galiziako gobernuak, klaseak etetea erabaki zuen, eta horrela haur galiziarrak ez ziren eskolara joan egun hartan, Espainiako AEMET meteorologia agentziak 120 kilometro ordurako haizeak aurrikusi eta gero. Gizon bat kiskali egin zen, argindarraren arazo batengatik bere etxeak su hartzean. Horrez gain, goardia zibilaren sargentu bati zuhaitz bat erori zitzaion gainera[7], laguntza lanetan zebilela. Itsasoan egoera oso txarra izan zen Galizian, hamar metro inguruko olatuekin, erreskate taldeek Portugalgo ontzi bateko ontzilariak atera behar izan zituen, tripulazioko kide bat hil zelarik.
Katalunian bestalde, denboraleko gertakaririk latzena suertatu zen Sant Boi de Llobregat herriko kiroldegiaren sabaia behera erori eta bertan beisbolean jokatzera etorritako lau haur hil zirenean.[8] Beste bi pertsona hil ziren, gainean zuhaitz bat erori ostean.
Alacanteko probintzian sutea piztu zen Benidormetik gertu Terra Mitica jolas-parketik gertu. Sutearen eraginez 14.000 pertsona atera behar izan zituzten euren etxeetatik.
Haize bolada indartsuek hiru hildako eragin dituzte Frantzia hego-mendebalde eta hegoaldean, batez ere Landetako departamentuan. Horrez gain, herrialdearen hegoaldean milioi bat pertsonatik gora geratu dira argindarrik gabe. 50 urteko gizona hil egin zen, Mont-de-Marsanetik gertu gidatzen zebilela gainera eroritako zuhaitz batengatik. 78 urteko beste gizon bat, bere etxearen kanpoaldean hil zen gainera eroritako hondakinengatik. 75 urteko beste gizon baten gorputza hilik aurkitu zuten Frantzia hegoaldean, zuhaitz baten azpian.
Behe presio gunearen begia Frantziako Bordele hiritik gertu sartu zen urtarrilaren 24ko goizeko bostetan.[9]
Frantziako haize boladarik indartsuena Formiguèresen eman zen, 193 km/h.
Ekaitzak kalte larriak eragin zion Landetako Basoari.