Langraiz Oka | |
---|---|
Euskal Herria | |
Kokapena | |
Herrialdea | Araba |
Udalerria | Iruña Oka |
Posta kodea | 01230 |
Geografia | |
Koordenatuak | 42°49′04″N 2°48′29″W / 42.81783°N 2.80814°W |
Azalera | 21,03 km² |
Garaiera | 501 |
Langraiz Oka (ofizialki Nanclares de la Oca / Langraiz Oka) Arabako Añanako Kuadrillan dagoen Iruña Oka udalerriko herriburua da. 2013ko urtarrilaren 1eko erroldaren arabera, herriak 2278 biztanle ditu. Arabako Lautadaren mendebaldean kokatzen da, Gasteiztik 10 kilometrora (N-1 errepidetik abiatuz gero), Miranda de Ebrorako norabidean.
1976ra arte, Langraiz Okak, Mandaita eta Olabarrirekin batera, izen bereko udalerria osatzen zuen, baina irailaren 2an, Iruñako udalerriarekin batu zen eta Iruña Oka izenekoa sortu zen.
Gaur egun Iruña Oka 5 herrik osatzen dute, herri bakoitzak bere administrazio batzarra izanik. Langraiz Oka da herriburua.
Langraiz herria aipatzen duen lehenengo erreferentzia zeltiberiar hilarri batean aurkitu zen. Horri esker, garaiko herrixkak Langrares izena zeukala ondorioztatu daiteke. Estelaren aurkikuntzaren ondorioz, eremu honetan kokaleku aurrerromatarrak egon zirela baieztatu da, segur aski Badaiako mendilerroak eta Zadorra ibaiak jaki ugari eskaintzen zituztelako.
Erromatarrekin aldaketa asko heldu ziren. Hala erakusten dute Iruña-Veleian eta Langraizen bertan aurkitutako erromatar aztarnek. Langraizkoek erakusten dute zaldiei atsedena eta jana emateko ostatuak izan zirela erromatarren garaian.
Erdi Aroan, Langraiz ondoko lurraldeetan tenplarioak ezarri ziren eta, ondorioz, de la Oca abizena jarri zioten lehendik Langrares edo Lanclares izena zuen herriari. Dirudienez, Oca atzizkia hauekin erlazionatzen zen, inguruko herrien izenetan nabaritzen denez; adibidez: Okondo, Villanueva de la Oca edota Villafranca Montes de Oca (Burgosen). Langraiz hiribildu bilakatu ziren 1523. urtearen inguruan, edo behintzat titulu horrekin ageri da 1523ko abenduaren 21ean idatzitako agiri batean.
Nanclares de la Oca toponimo osoa, 1417. urtean agertu zen lehen aldiz Juan II.aren Ordenantzetan jasota.
Bai Langraiz, bai Olabarri eta Mandaita, Orgazko kondearen jaurerrikoak izan ziren, XV. mendetik behintzat. Konde horren behar nagusia auzokideen zergak jasotzea zen. Langraizen Hurtado de Mendoza familiak (Orgazko kondeak) etxe noble bat zuen, eta familia horretako Fernanek, San Frantziskoren Hirugarren Ordenakoek zuzenduriko baseliza fundatu zuen.
Espainiako Independentzia Gerran, Iruña Okan ingeles militarren presentzia nabaria izan zen, batez ere Gasteizko guduan. Militar haiek Wellingtonen agindupean zeuden, eta dibisio arina eta 4. dibisiokoak ziren. Haien helburua Hillek Argantzungo muinoak hartzen zuen bitartean Langraizen itxaron, eta gero, Zadorra zeharkatuz, armada inperialaren erdigunea erasotzea zen. Billodako eta Trespondeko erromatar zubiek protagonismoa izan zuten gerra horretan ere: ingelesek gune estrategiko horiek hartu zituzten, frantsesek Zadorra ibaia pasa ez zezaten.
Karlistaldietan ere izan ziren mugimendu militarrak eremu horretan. Langraizen, zehazki, hiru dorre eraiki ziren herria defendatzeko eta komunikatzeko. Gaur egun ere zutik diraute dorre horiek.
XIX. mendean Langraizen kanpoaldean Bolem izeneko bainuetxe nahiko ospetsu bat zegoen, baina mende amaieran gainbehera izan zuen; hala, bada, 1914. urtean Menesiano anaiek erosi zuten eta eraikina komentu bihurtu zuten lehenik, eta geroago, eskola. Gaur institutu pribatua da, non bigarren hezkuntza eta lanbide heziketa irakasten duten.
Espainiako Gerra Zibilean faxismoaren aldekoek kontzentrazio-esparru bat eraiki zuten Langraiz eta Billoda artean dagoen eremu batean, Zadorra ibaiaren ondoan. Hor frankismoaren aurkakoak atxilotuta izan zituzten 1940 eta 1947 bitartean, eta 1981. urtean eraikina berriztatu zuten espetxe izan zedin. San Migel mendiaren magalean (Gasteizko mendietan), 2011. urtean, Arabako espetxe berria inauguratu zen (Zaballako espetxeko izenaz ezagutua), antzinakoa ixteko asmoz, oraindik lortu ez dena. Momentuz, Langraizko espetxe antzina, hirugarren graduko presoak atxiloturik edukitzeko erabiltzen da.
1976an Langraiz Okako udalak (Mandaita, Olabarri eta Langraiz Oka) Iruñakoarekin (Biloda eta Trasponde) bat egin zuen eta Iruña Okako udala sortu zen.
Gaur egun, Langraiz zerbitzuz beteriko herria da, oso ondo komunikatuta dagoena, bai errepidez, bai autobusez edota trenez ere.
2000 | 2001 | 2002 | 2003 | 2004 | 2005 | 2006 | 2007 | 2008 | 2009 |
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
1.292 | 1.350 | 1.419 | 1.456 | 1.500 | 1.593 | 1.718 | 1.807 | 1.999 | 2.093 |
Udalerri osoko biztanleria 2.783 pertsonakoa da, hau da, gainerako lau herrien biztanleriaren batuera ia 700 jendekoa da.
Araba Bus sareko lineak zerbitzua ematen dio herri honi:
|
Urtean zehar herrian hainbat ekitaldi eta jai ospatzen dira baina zaindariaren jaiak dira. Hauek, Abuztuaren 12tik 16ra ospatzen dira San Roke eta Jasokundearen ohorez. Urtero 1969.urtetik egiten den tradizio batekin hasten eta bukatzen dira; elizaren dorretik "el brujo" izeneko pertsonaia jaisten da kable batetik irristatzen. Bitartean goxokiak botatzen ditu eta hitz batzuk esaten die bertan daudenei.
Iruña Okako herriak | ||
---|---|---|
Billoda • Langraiz Oka • Mandaita • Olabarri • Tresponde |
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Euskal Wikiatlasa |