Alberto Iñurrategi | |
---|---|
(2012) | |
Bizitza | |
Jaiotza | Aretxabaleta, 1968ko azaroaren 3a (56 urte) |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Familia | |
Haurrideak | ikusi
|
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | mendigoizalea |
Alberto Iñurrategi Iriarte (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 1968ko azaroaren 3a) mendizalea da, Euskal Herriko ospetsuenetarikoa eta mundu osoan ezaguna.
Felix Iñurrategi anaiarekin batera 12 zortzimilako[1] igo zituen, harik eta 2000[2] urtean Felix hil zen arte. Mendigoizaletasunean jarraitu ala ez ezbaian izan ondoren, munduko 14 tontor garaienak osatu zituen 2002an. Horrelakorik lortzen, munduko hamargarren pertsona izan da.
Bere anaia Felixekin batera, 1990ean egin zuen lehen espedizioa Himalaiara, 7.161 metroko Pumori mendira igoz. Hamar urtez —2000. urtean Felix anaia ezbehar baten ondorioz hil zen arte— izugarrizko palmaresa lortu zuten biek elkarrekin. Lorpenik handienak Himalaian egin zituzten. Helburua 8.000 metrotik gorako 14 gailurrak igotzea izanik, horretarako lehen urratsa 1991n egin zuten, Makaluren gailurra (8.463 m) zapalduz. 1992an Everest igo zuten; Alberto izan zen, hain zuzen, oxigenorik gabe Everest mendia igo zuen lehen euskalduna eta munduko pertsonarik gazteena, 24 urte zituela lortu baitzuen.
Iñurrategi anaiek zortzi milatik gorako hamabi gailur igo dituzte bederatzi urtean. Everesten ondoren, K2[3] (1994), Cho Oyu (1995), Lhotse (1995), Kangchenjunga (1996), Shisha Pangma (1996), Broad Peak (1997), Dhaulagiri (1998) eta Nanga Parbat (1999) mendiak igo zituzten. Hain zuzen ere, azken mendi hartan, bi anaiek parte hartu zuten mendizale kolonbiar baten erreskatean, tontorrera egun batzuk geroago igo baino lehen. Hori dela eta, Gipuzkoako Foru Aldundiak omendu zituzten.
2000. urtean zortzi milakorik zapaldu zuten lehen mendizaleak Alberto eta Felix Iñurrategi izan ziren (Manasluren tontorra). Uztailean, berriz, Gasherbrum II[4] zapaldu eta jaisterakoan, zorigaiztoko istripu batean, Albertok anaia galdu zuen betirako.
Iñurrategi anaiek euskal mendizaletasuna profesionaltasunaren bidean jarri zuten. Felixek eta Albertok mendian beti erakutsi duten zuhurtasun eta tentuarengatik ezagunak egin dira. Euskal Herri osoan zehar eskaini zituzten ikus-entzunezko emanaldiekin euskal mendizaleei Himalaia[5][5] erakutsi diete.
2017an omenaldia jaso zuen, Juan Vallejo eta Mikel Zabalza sokakideekin batera, "Consejo Superior de Deportes" erakundearen eskutik. Izan ere, urte hartako uztailaren amaieran Valerio Annovazzi italiarra erreskatatzearren, 7.000 metroko altueran.[6]
Felixi eskainia, 2003an Hire Himalaya izeneko ikus-entzunezko emanaldia prestatu zuen, geroxeago Gure Himalaya filma dokumentalarekin osatua 2004an.
2020an, Felixen heriotzaren 20. urteurrenean, "Iñurrategi anaiak" izenburuko komikia kaleratu zuten omenaldi gisa, biografiaren errepaso zabala eginda.