Giuseppe Pella (Valdengo, 1902ko apirilaren 18a - Erroma, 1981eko maiatzaren 31) italiar politikaria izan zen. Italiako lehen ministroa izan zen 1953tik 1954ra.
Ekonomian graduatu zen Turinen eta Erromako eta Turingo unibertsitateetako irakasle izan zen. Bere lanari eusteko Alderdi Nazional Faxistarekin bat egin behar izan zuen arren, Bigarren Mundu Gerran Italiako erresistentziaren Askapenerako Batzorde Nazionalarekin kolaboratu zuen.
Gerraren ondoren Kristau Demokraziarekin bat egin zuen eta 1946an Asanblea Konstituziogileko kide hautatu zuten. Diputatua (1948-68), senataria (1968-76), Ogasun ministroa (1948-51; 1952-53), Finantza ministroa (1947-48; 1972), Aurrekontu ministroa (1948-54; 1960-62) eta Kanpo Arazoetako ministroa (1953-54; 1957-58; 1959-60) izan zen. Bere politika ekonomiko eta monetario liberalek Italia berreraikitzen lagundu zuten gerraostean.
1953ko abuztuan lehen ministro izendatu zuten aurrekontua onartzeko. Josip Broz Tito presidente jugoslaviarrarekin liskarrak izan zituen Trieste hiriaren inguruan. 1954ko urtarrilean dimititu zuen, bere alderdian barne liskarrak izan ondoren.
1954tik 1956ra Europako Parlamentuko presidentea izan zen.