Gaur egungo Kenya estatuak gizakien presentzia Behe Paleolitotik ezagutu du. Kristo ondorengo lehen mila urtetan herrialdeak bantu herrien zabalera mendebaldetik ezagutu zuen. Beste komunitate garrantzitsua swahili herriarena izan da. Gaur egun Kenya estatu multietnikoa da; bertan bantu kultura, Nilo-Saharako eta Afro-asiarreko zonalde etno-hizkuntzakoak biltzen dira. europarrak eta arabiarrak, bestetik, Mombasa ingurura Aro Modernoan heldu ziren; barrualdeko esplorazioa eta ustiapena XIX. mendean zehar burutu zuten. Britainiar Inperioak 1895an East Africa Protectorate sortu zuen, Ekialde Afrikako Protektoratua, alegia. Ondoren, 1920an, 1963 arte, Kenyako kolonia bereizi zuen. Kenyak independentzia 1963an lortu zuen, Kenyako agindupeko lurralde bezala. Urte bat beranduago, 1964ko abenduaren 12an, errepublika bihurtu zen. Prozesu horretan Jomo Kenyatta izan zen estatu berriaren buruzagia.
Ekialdeko Afrikan fosil ugari aurkitu izan dira. Kenyako inguruan lehenengo protogizakiak 20 milioi urte bizi izan ziren. Beste hominidoak, Homo habilis eta Homo erectus orain bi,6 milioi urte bizi ziren lurralde hauetan.
Kuxtar hizkuntzak erabiltzen zituzten herriek Ipar Afrikatik Kenyara K. a. 2000. urtearen inguruan heldu ziren. Lehenengo merkatari arabiarrak, bestetik, K. a. I. mendean kostaldean ibili ziren lanean. Arabiar penintsula hurbiltasuna kolonizazioan lagundu zuen eta VIII. mende baino lehen arabiar eta persiar kolonia ugari sortu ziren. Lehen mila urtean zehar herri nilotikoak eta bantuak lurraldera migratu zuten. Gaur egun bantu jatorriko pertsonek Kenyako populazioaren hiru laurden suposatzen dute.
I. mendean arabiarren presentzia Ekialdeko Afrikako kostaldetan ugaritu zen. Merkatariak portu eta hiri berriak bilatzen zituzten eta Kenya Arabiatik hurbil zegoen; horrek kokaleku berrien sorrera erraztu zuen. I. mendetik V. mendera, bestetik, Egiptotik heldutako merkatari greziarrek ere Kenyarekiko merkataritzan parte hartu zuten. Geroago ere merkatari txinatarrek kostalde hauek ezagutu zituzten.
500. urtea ondoren, Persiar golkotik, Indiatik eta Indonesiatik joandako merkatari batzuek lehendabizi kokalekuak sortu zituzten eta, ondoren, estatu-hiri persiar-arabiarrak. VIII. mendean hiri hauen gobernatzaileek Islama onartu zuten.
Orokorrean, merkatariak kostaldean gelditzen ziren. Behar zituzten produktuak barrualdeko biztanleek biltzen zituzten eta merkatariei garaiko merkatuetan saltzen zizkieten. Horrela, urrea, bolia, errinozeroen adarrak, esklaboak, bertan erosten zituzten kontinentean sartu barik. Beste produktuak kostaldeko biztanleek saltzen zizkieten, esaterako, dortoken oskolak.
Kostaldean ere, bantu hizkuntza bat, arabieraren eraginarekin, merkataritzarako lingua franca bihurtu zen; hizkuntza desberdinak zituzten herriek swahili erabiltzen zuten haien harreman komertzialetan.
Swahili kulturak presentzia handia du batez ere Kenyako kostaldean. Direla bi mila urtetik swahili hiriak garatu dira Afrikako ekialdearen kostaldean. Hiriok, merkataritzari esker, aberatsak ziren eta beste herriak erakarri zituzten. Horrela bantu hizkuntzetako herriak zonalde hauetara migratu zuten eta integratu ziren, hirien inguruko hizkuntza eta kultura bat sortuz. Arabiarrek multzo hauei al-Zanj («beltzak») deitu zieten. Zibilizazio hori, ondoren, Kenyara, Tanzaniara eta Mozambikera zabaldu zen baita ere. [1] Kenyako kostaldean izen handia lortu zuten Gede, Pate, Lamu, Malindi, Mombasa... Hiri hauek musulmanak eta, aldi berean, oso kosmopolitak ziren, bakoitzak status politiko propio eta independentea izanik.
Hiri hauen oinarri ekonomikoa merkataritza zen: bolia, ebanoa, urrea, sandalo, esklaboak... Haien sareak batez ere Afrikan eta Asian zabaldu ziren eta ondorioz, arabiarren, persiarren, txinatarren eragina ezagutu zuten halaber. Adibidez, 1414ean Malindi hiriko batzorde batek Txinako Gortera jirafa bat eraman zuen. 1417 eta 1419 artean lehendabizi, eta 1431 eta 1433 artean gero, Zheng He almirante txinatarra eta musulmanak hiri hauek ezagutzeko bi ibilaldi egin zituen. Lamu uhartetan, bestetik gene txinatarrak aurkitu izan dira. Beste hiri swahili, Kilwa Kisiwani, munduko hiri dotoreenetariko bat aipatua izan zen; Ibn Battuta hiria ezagutu zuen 1331an eta berari buruz Rilha liburua idatzi zuen.
Swahili hirien dekadentzia Portugalgo kolonizazioarekin eta europarren Amerikarako esklaboen merkataritzarekin batera hasi zen, XVI. mendean.[2] Ondorioz, hiri batzuk ustu ziren baina, hala ere, beste batzuk oraindik orain bizirik diraute.
Europarren lehenengo kontaktuak merkataritzari esker sortu ziren. Hiri swahiliek eragin handia izan zuten prozesu horretan. Lehenengo europarrak portugaldarrak izan ziren, XVI. mendean. Europarren presentziak arabiarrena eta Omanetik zetorrena mugatu zuen.
Dena dela, aldaketa handiena alemaniarren eta ingelesen eskutik etorri zen, XIX. mendean. 1875an Erresuma Batuak Ekialdeko Afrika Britainiarra sortu zuen. 1902tik aurrera kolono zuriei baimena eman zien Kenyako haran emankorretan kokatzeko. 1910ean Koroaren kolonia izendatu zuten Kenya, afrikarrak, bestetik, politikatik at gelditu ziren, baztertuta 1924 arte.
Alemanen presentzia mugatuagoa izan zen. Zanzibarko sultanaren lurraldetan protektoratu bat sortu zuten baina 1890ean Alemaniak Erresuma Batuaren nagusitasuna onartu zuen eta Kenyako kostaldea utzi zuen.
Mau Mau matxinada 1952 eta 1960 bitartean Kenyako matxinoek, batik bat Kikuyu tribukoek (baita Embu eta Merukoek ere) Erresuma Batuaren aginte kolonialaren kontra burututako errebolta izan zen. Matxinadak, berehalako emaitza militarrik lortu ez arren, 1963ko Kenyako independentziarako urrats erabakigarriak eman zituen.
Elkarte sekretua zen, iniziazio errituak egiten zituen, eta Europaren eta kristautasunaren aurkakoa zen. Zurien eta zurien alde zeuden indigenen aurkako gero eta eraso gehiago egiten hasi ziren. Kenyako agintariek haiei aurre egiteko benetako sarraskitze-gerra hasi zuten, britaniar hegazkinen eta tropen laguntzaz. 1954ko otsailean, 162.000 indigena zeuden atxilotuta, eta 69.000 epaituta. Haietako 30.000 kartzelan zeuden.
1952ko urritik 1959ko abendura arte, Mau Mau matxinadak britainiarren lege koloniala eraso zuen. Horren aurrean, britainiarren erantzuna afrikarrei gobernuko aferetan parte hartzeko aukera handitzea izan zen. Horrela, matxinoei sostengua kendu nahi zieten. 1957an, lehenengo aldiz, afrikarrek batzar legegilerako hauteskundetan parte hartzeko aukera izan zuten.
Britainiarrek boterea talde moderatu bati eman nahi zioten baina azkenean ez zen horrela gertatu. Lehen gobernu independenteak KANUko (Kenyako Nazio Batasun Afrikarra) alderdiko Jomo Kenyatta izan zuen burua bezala, 1963ko abenduaren 12an. Urte bat beranduago Errepublikaren lehen presidentea izan zen.
Jomo Kenyatta (1893ko urriaren 20 - 1978ko abuztuaren 22) Kenyako politikaria izan zen, kikuyu etniakoa. Panafrikanismoko karisma handiko liderra izan zen. Independentziaren aldeko mugimenduaren zuzendari eta Kenyako lehendakari izan zen. Karrera politikoa 1946an sortutako Kenyako Batasuna alderdi nazionalista zuzentzen hasi zuen. Mugimendu panafrikanista sortu zuten kongresuetan parte hartu zuen. Agintera iritsi zenean, kolonoak beldur ziren oso nazionalista zelako baina laster ikusi zen agintari zuhurra zela eta aurrerapena ekarri zion herriari, kontinente guztiko aurreratuenetakoa bihurtu baitzen. Kenyatta Kenyako nazioaren aitatzat jotzen da. Herrialde hartako aurreneko lehen ministroa (1963-1964) eta presidentea (1964-1978) izan zen.
1964an KADU alderdiak, hau da, Kenya African Democratic Union (Kenyako Batasun Demokratiko Afrikarra) desegin eta Kenya African National Union KANU alderdian integratu zen. KADU alderdi txikia baina bere garrantzia bazuen zeren eta tribu txikien koalizioa zen; alderdia tribu nagusiei aurre egiteko sortu zuten.
1966an KPU sortu zen, hau da, Kenya People's Union (Kenyako Herri Batasun). Alderdi txikia eta ezkertiarra zen hau. Hala ere, errepublika berrian paper garrantzitsua bete zuen. Jaramogi Oginga Odingak zuzendu zuen alderdia debekatua izan arte. Debekuaren arrazoia Kennyattak Nyanza barrutira egin zuen bidai baten inguruan sortutako liskarrak izan zen. Odinga espetxeratua izan zen.
Kenyatta 1978ko abuztuaren 22an hil zen eta bere postua presidenteordeak bete zuen: Daniel Arap Moi. Ondoren, ofizialki, presidente izendatua izan zen, urriaren 14ean. Aurretik KANUren hautagaia izendatu zuten eta hautagai bakarra zen. 1982ko ekainean, alderdi bakarreko erregimen politikoa ezarri zuen Kenyan, eta urte horretan bertan izan zen estatu-kolpearen saioa eragotzi zuen. 1983an eta 1988an berriz ere presidente hautatu zuten. 1992an alderdi anitzeko lehenengo hauteskundeak ospatu ziren Kenyan, eta Moik gehiengoa lortu zuen; hauteskunde haietan iruzurra izan zela salatu zuen oposizioak, eta horren ondorioz, borroka larriak izan ziren etnien artean.
1997an berriz ere hauteskundeak irabazi zituen. Agintaldi hori izan zuen Moik azkena, Kenyan ezin baita hiru agintaldiz baino gehiagoz izan lehendakari. Hortaz, 1978tik 2002ra izan zen Kenyako lehendakaria, eta 2002an Mwai Kibaki izan zen Kenyako lehendakari berria, koalizio zabal baten burua bezal, National Rainbow Coalition. Hasieran Kibakiren gobernuak itxaropen handiak sortu zituen baina laster konstituzioa berriaren inguruko alderdi desberdinen arteko borrokak deuseztu zituen. Hori gutxi izango balitz, 2005ean, Edward Clay-k, Goi Mandatari Britainiarrak, herrian zabaltzen ari zen ustelkeria salatu zuen. Ondorioz, gobernu krisi larria sortu zen eta, Alemaniako, AEBtako eta Europa Batasuneko mehatxupean erreformak egiten ez baziren, Kibakik gobernua birmoldatu behar izan zuen.
2013ko martxoaren 26an Kibaki KANUko presidentea zen Uhuru Kenyattak ordezkatu zuen. Uhuru Jomo Kenyattaren semea da. Urte bat lehenago Nazioarteko Zigor Auzitegiak Uhururen Gizadiaren aurkako krimenen susmoa eta laster presidentea izango zena auzitegira eramateko asmoa plazaratu zuen.