Maurice Rouvier (Aix-en-Provence, 1842ko apirilaren 17a - Neuilly-sur-Seine, 1911ko ekainaren 7a) frantziar bankari, kazetari eta politikaria izan zen. Frantziako lehen ministro izan zen 1887an eta 1905etik 1906ra.
Léon Gambettaren hautagaitza babestu zuen eta 1870ean L'Égalité sortu zuen, Inperioaren aurkako egunkaria. Batzar Nazionalean sartu eta hainbat aurrekontu batzordetako buru izan zen. Merkataritza eta kolonietako ministroa izan zen Léon Gambetta eta Jules Ferryren gobernuetan.
1887an gobernua osatu zuen errepublikano moderatuen laguntzarekin. Bere gobernuak sei hilabete geroago dimisioa eman behar izan zuen Jules Grévy presidentea inplikatuta zegoen eskandalu baten ondorioz.
1902tik 1905era finantza ministroa izan zen Émile Combesen gobernuan. 1905eko urtarrilean, berriz ere lehen ministro izendatu zuten. 1905eko Eliza eta Estatua Banatzeko Legea onartu zuen eta atzerri-politikan, baretze-politika bat egin zuen Alemaniarekin.