Oscar Fredrik Torp (Skjeberg, 1893ko ekainaren 8a – Oslo, 1958ko maiatzaren 1a) norvegiar politikaria izan zen. Norvegiako lehen ministroa izan zen 1951tik 1955era.
Lehen hezkuntza jaso zuen eta hamahiru urterekin hasi zen lanean. Mugimendu sindikalarekin eta Alderdi Laboristarekin bat egin zuen eta udal karguetan egon zen.
1923tik 1945era alderdiko burua izan zen eta 1935etik 1936ra Oslo alkatea. 1936an Stortingeko kide hautatu zuten eta Gizarte Gaietarako (1936-1939) eta Finantza (1939-1942) ministro izendatu zuten. Alemaniak Norvegia inbaditu zuen 1940an eta Torp arduratu zen Norvegiako Altxorraren ebakuazioa antolatzeaz. Norvegiar gobernuaren Defentsa ministroa izan zen erbestean, Londresen.
Erbestetik itzuli ondoren, Alderdi Laboristaren buruzagitzan ordezkatu zuten eta Berreraikuntza eta Hornikuntza ministro izendatu zuten. 1948an kargua utzi eta probintziako gobernadore izendatu zuten. Garai hartan, Norvegia NATOn sartzearen bultzatzaileetako bat izan zen.
1951n Einar Gerhardsen lehen ministroak dimisioa eman ondoren, Torp oinordeko izendatu zuten. Herrialdea lau urtez gobernatu zuen, 1955ean Gerhardseni kargua itzuli zion arte. Ondoren, Stortingeko presidente izan zen.