Thanom Kittikachorn (Tak, 1911ko abuztuaren 11 – Bangkok, 2004ko ekainaren 16a) Thailandiar militarra eta politikaria izan zen. Bi aldiz lehen ministro izandakoa (1958an, eta 1963-1973 bitartean).
Hogei urterekin Bangkokeko Errege Akademia Militarrean sartu zen; han Sarit Thanarat ezagutu zuen. 1951n jeneral kargua lortu zuen, eta 1957an, Thailandiako armadaren teniente jeneral gisa, Luang Songgram kargutik kentzeko saioan parte hartu zuen, Sarit Thanaratek gidaturiko estatu-kolpean. 1958ko urriko koalizio-gobernuan lehen ministro izendatu zuten, baina urte horretan bertan, beste kolpe militar baten ondorioz, hura ere Sariten gidaritzapean, kargua galdu zuen. Hurrengo gobernuan, lehen ministrorde eta Defentsa ministro izendatu zuten. Sarit hil zenean, 1963ko abenduan, lehen ministro kargua eskuratu zuen berriro. Iparraldeko gerrilla komunistaren ekintza armatuei aurre egitea izan zuen zeregin nagusietako bat orduan. Estatu Batuek Indotxinan zeramaten politikarekin ados egonik, estatubatuarrei Thailandiako hegazkin-baseak erabiltzen utzi zien, eta, gainera, soldaduak bidali zituen Vietnamera eta Laosera. Barne-politikan, 1958an etendako eskubide politikoak berrezartzen ahalegindu zen, eta demokrazia parlamentarioa lehengoratzea agindu zuen. 1967ko abenduan, lehenengo udal-hauteskundeak deitu ziren, eta 1968ko ekainean Thailandiako zortzigarren konstituzioa onartu zen. 1969an, Parlamenturako hauteskundeetan, Thailandiako Herriaren Alderdi Batuak, Thanomen gidaritzapean, gehiengoa lortu zuen. Thanomek lehen ministro eta Defentsa ministro karguei eustea lortu zuen horrela. Estatu Batuek Asiako hego-ekialdean zeramaten politikaren aldaketak, iparraldeko gerrillaren ekintzek, eta Thailandiako ekonomiaren ahuleziak behartuta, Thanomek gobernua eta Parlamentua desegin zituen, konstituzioa baliogabetu zuen, eta gobernu militar berria eratu zuen. 1972ko abenduan, beste konstituzio bat onartu zen. Thanomek lehen ministro eta Kanpo Arazoetako ministro karguak eskuratu zituen, baina gobernuaren aurkako ikasleen protestak zirela-eta, 1973ko urrian, zibilez osatutako gobernu bat eratu zen, eta Thanom, karguak utzita, Singapurrera joan zen ihes. 1976an itzuli zen, isilpean, herrialdera, eta hura jakin zenean, borroka odoltsuak gertatu ziren bere jarraitzaileen eta ezkerreko ikasleen artean, Bangkoken. Urrian, militarrek, Sangad Chaloryuren gidaritzapean, kontrolpean hartu zuten herrialdea. Hurrengo gobernuan, militarra hura ere, Thanomek ez zuen esku hartu.
2004ko ekainean hil zen Bangkokeko Ospitalean. Haren mediku-gastuak Bhumibol Adulyadej erregeak ordaindu zituen. 2007an erraustu zuten eta Sirikit erregina izan zen errauste-ekitaldiaren buru.