Betizu | |
---|---|
Behi arraza | |
Espeziea | Bos taurus |
Jatorria | Euskal Herria |
Sinonimoak | Mendi-behia, larra-behia, basa-behia, betizu-basa idi, betisko, ohianbehi, aurer, auger, behigorrixa. |
Betizua Euskal Herriko bertako behi arraza da[1]. Bertako behi arrazen artean, seguruen autoktonoena bezala hartu daitekeena. Gehienetan eta betidanik euskal mendietan bizi izan direnak, erdi askatasunean. Batzuetan behi basatitzat ere hartuak izan dira, kasu askotan halaxe bilakatu direlako. Horren lekukotasuna dago, esate baterako, Larrun mendian joan den mendean[2].
Hainbatentzat "Europako azken basa behiak" dira[3], nahiz eta kontinentean beste hainbat arraza basatiek irauten duten. Esate baterako Andaluziako Doñanako paduretako behi mostrenkoak. Edo betizuen senideak diren eta desagertzeko zorian dauden behi landesak[4].
Arraza egoera larrian dago, haragi eta esne ekoizpenaren aldetik beste hainbat behi arraza baina okelez urriagoak izanik, joan den mendeko erdialdetik baina bereziki azken hamarkadetatik baserritarrek baztertuz joan ziren eta arraza emankorragoak erabiltzeko[5]. Hala ere, arrazari buruzko ezagutza handitzeaz gainera, betizuak berreskuratzeko ahaleginak egiten ari dira XXI. mendetik. Espainiar Ministerioak 1977. urtean onartu zuen arraza ofizialki Euskal Herriko Hegoaldean[6].
Abere hauen jatorria oso zaharra da, eta dirudienez, garai batean Pirinio aldean bizi ziren bovido edo betabere basatien populazioetan dago. Betizuak Pirinioetako abelgorrien arraza ezberdinen arbasorik zaharrenak izango lirateke[5]. Erliebe menditsuaren ondorioz isolaturik, betizu arraza beste arrazekin gurutzatu gabe geratu zen eta beraz, antzinako populazio haietatik iraun du. Nafarroako nafar kasta motako zezenen aitzindariak direla ere aipatua izan da[7].
Betizuak desagertzeko zorian daude, eta ez du ematen abere kopurua asko emendatu denik azken urtetan. Egoera bereziki larria da Ipar Euskal Herrian. Hemen bertako arrazak kontserbatzeko ardura duen "Conservatoire des Races d'Aquitaine" erakundeak ez du asmatzen azken urtetan betizuen kopurua mantentzeko. 2015. urtean Iparraldeko betizu elkartea desegin zen[8].
Euskal mitologian zein elezaharretan, maiz agertzen dira betizuen itxurako jenio edo ireluak, beste zenbaitzuen artean behigorri edo zezengorri izenekin. Sarritan Mari Euskal Herriko antzinako jainkosa handiarekin lotuta. Festetan ere erabiliak izan dira, bereziki soka-muturrerako, eta baita errekortari jokoetan ere. Eragin kulturala telebistara ere zabaldu da, hain zuzen EITBko "Betizu" izeneko umeentzako saioak irudizko betizu bat izan zuen pertsonaia nagusitzat.
Izenaren etimologiari dagokienez, antza, betizu izenak "behi izua" esanahia dauka[9], abere hauen izaerari erreparatuz. Jakina, betizuek inor ikusi orduko ihesera jotzen dute. Adiera "etxe-behia" edo "etxeko behiarekin" kontrajarzten da[10]. Azken hauek baserrien inguruan eta eskura jarrita dauden abelgorriak izanik.
Arratia aldeko euskal esaera zahar bat dago betizuei buruz;
« | "Arratiako zekorra, txikerra baina gogorra". | » |
Esamoldeari dagokienez, pertsona bat "betizu" dela esaten denean, aipatutako laguna jenio bizikoa dela esan nahi du. Baita lagunartekoari ihes egiten dion pertsona, oso jarrera bakartia hartzen duena.
Betizuarentzat erabilitako beste hainbat izen hauexek dira:
•Mendi-behia, Nafarroan.
• Basa-behiak, Bizkaian.
•Betizu-basa idi.
• Betisko edo ohianbehi, Iparralden.
• Aurer, Erronkarin.
• Auger, Aezkoan.
Agian "Aurer" hitza bere etimologia argitu gabe daukan Auritz herriaren izenarekin zer ikusirik izan dezake. Ahaztu gabe Garona Garaiko eta Huescako probintziaren Aurin herriak.
Dima aldean behi-uzoak edota behi-gorriak deitzen dituzte.
Oñati aldean bertako betizuak behigorrixak deitzen zituzten.
Hauek dira gutxiago erabilitako beste zenbait izen: etxeko behia, kata bizarra, herri behia, eta herri ganadua. Azken izen hauen jatorria zenbait kasuetan betizu taldeak "herri jabetza" zirelakoan datza. Azienda hau herri-mendietan larratu, eta herritar guztien artean kudeatzen zelako.
Nafar-aragoieraz , Uxue eta Galipentzuko zaldu eta mendietan joan den mendearen erdiko hamarkada arte bizi ziren betizuak vacas royas deitzen zituzten[12], hau da, "behi gorriak".
Gazteleraz ere betizuaren adierak bertako arraza bat dela azpimarratzen dute. Del País (herrialdekoa), la nuestra (gutarra), raza vasca, (euskal arraza)[5].
Betizuen ezaugarri nagusienetakoa, Europako azkenetako bos taurus basatiak izatea da. Gainera ez dira, nolabait esateko, behi basati baina askatu berriak, Doñanako behi mostrenko edo "padurako behiak" delakoen kasu. Betizuek duela milaka urtetik daude egoera basati edo erdi basati honetan euskal mendietan.
Edozein dela ere betizuen jatorria, Euskal Herriko mendietan aspaldikoak direla frogatzen duten adierazpen, agiri eta testigantza franko daude. Esate baterako, Jose Migel Barandiaranek[14] edota Jesus Altunak aipatutakoak. Esate batera Altunak zera dio: “ Behi azienda neolitotik (Kristo aurreko 3.500 urte) gobernatzen da gure herrian. Baliteke gure herrialdean bertan etxekotua izatea, zeren eta hementxe bertan bazegoen urotik zetorren espezie basatia edo agriotipoa”[15]. Eta beste hau ere: “Edozein moduan ere, Brontze eta Burdin Aroetan behi aziendak, betizuen proporzio berbera dauka”.
Altunaren arabera, badirudi gainera etxekotze prozesuan zehar tamainaz murrizten joan zen behi-azienda berriro handitzen hasi zela erromatarren garaian. Berranditze honen arrazoia oraindik ezezaguna da. Baliteke berranditze honek betizu motako behietatik egungo behi piriniar enborreko arrazak sortzea.
Ba dakigu jakin, antzina, Pirinioetako alde bietan, bazirela bos taurus basatiez osatutako taldeak, zeintzuk, alde batetik bestera mugitzen ziren libre, gizakiaren eragin zuzenik gabe. Badirudi, betizuak, geratzen diren animalia horien kondarrak edo direla. Kontutan izan behar dugu gainera, oraintsu arte, euskal orografia menditsuari esker, animalia horiek bertako ibar eta mendi magaletan bizi izan direla beste arrazetako animaliekin nahastu gabe.
Betizuek, beti bazter-lekuetan eta larre kaskarrenetan dabilen azienda izanik, bertako beste hainbat azienda arrazek jasan duten "hobekuntza" eta nahasteengatik libratu dira. Bazterralde hauetan babestuak, guregana arraza nahiko garbi ailegatu da gaur egunera, baina oso kopuru txikian.
Betizu arrazaren jatorria aztertzerakoan, ezinbestekoa da Bos taurusen jatorria eta hedapenari buruzko zenbait aipamen egitea.
Hasteko, eta badirudi honetaz ikertzaile gehienak bat datozela, Bos primigenius edo Europako Bos taurusen aitzindari bezala, zeltarrek "auroch" eta geroago erromatarrek "urus" deitutakoa, gaur egun uro izenarekin ezagutzen dugun animalia onartzen da.
Uroa, antzineko ikaragarrizko behi azienda basatia izan zen. Soin gurutzerainoko garaiera 1,75tik 2 metrora iristen omen zen arren kasuan, eta 1,50etik 1,70era emeetan. Pisua, berriz, 800-1000 kilo artekoa zuten. Adarrak 80 zentimetro luze eta bular aldeko perimetroa 3 metrotik gorakoa.
Julio Cesarrek Galiako Gerrak izeneko bere idatzian zera esaten zuen; garaieragatik elefantea bazirudien ere, zezen itxura zeukala. Zalantzarik gabe konparaketa gehiegizkoa zen, baina basa zezen hauen itxura ikaragarriaren berri ematen digu.
Uroak garai batean oso ugari izan ziren Europan, eta haien banaketa lurraldeak Ipar Afrika eta Ekialde Hurbilan barrena Txinaraino hartzen zuen ere. Europako uroaz gain, (Bos primigenius primigenius), uroaren beste bi azpiespezie baziren ere: Bos primigenius mauretanicus Ipar Afrikan eta Bos primigenius namadicus, India aldean.
Uroak bere ondorengoak diren egungo behi arrazak baino askoz handiago eta indartsuagoak ziren, eta taldetan bizi ziren mendi, baso eta lautada zabaletan.
Gizakiek burututako etengabeko ehizak, eragindako baso-azalaren murrizketak zein etxaberekiko konpetentziak ekarri zuten uroen gainbehera. Antzinako Erromaren garaia baino lehen, uroa Mediterraneoko bazterretik desagertu zen, baita India zein Mesopotamiatik. Hala ere espeziea ugari zen oraindik Alpeetan eta Alemaniako basoetan.
Europako eta munduko azken uroa Poloniako Jakotoroweko basoan akabatu zuten 1627. urtean. Beste aldetik, hainbat idazkiek Suediako uroez hitz egiten dute 1555. urtera arte.
Animalia hau, Euskal Herrian zehar ere hedaturik zegoela bermatzen duten lekuko ugari dago, besteak beste Altxerri, Santimamiñe, Areatza eta Karrantzako zein beste zenbait kobazuloetako labar-pinturak. Aipagarria ere Arabako Gibijoko mendikatean aurkitutako uro baten hezurdura guztia (aurreneko kasua Iberiar Penintsulan), duela 7.400 urtekoa. Era berean aurkikuntza paleontologikoen bidez baieztatuta dago uroak bazirela Euskal Herrian garai mesolitoan, glaziazioak eta gero, Neolitoan zehar eta baita metal-aroetan, Burdin Aroan barne.
Neoliton zehar ugari dira uroen aztarnak Euskal Herrian, baina baita uro eta etxekotutako abelgorri aziendarena, azken hauek, eta tamainaren arabera, uro eta etxeko aziendaren arteko abereak. Etxekotze prozesu honek hori ekarriko baitu, abelgorrien tamainaren murriztea.
Aurkitutako azken hezurren arabera, baieztatu dezakegu uroak gurean behintzat IV.en mende arte iraun zuela, Zestoako Amaldako kobazuloan topatutako hondakinek agerian utzi dutenez. Dena den, oraingoz ezinezkoa zaigu gure arteko azken uroak noiz galdu ziren zehaztea.
Etimologiako atalean aipatu denez, eta bitxikeri gisa, Euskal Herrian Erronkarieraz aurer deitzen dituzte mendiko behiak, aspaldiko betizuak edo egun baino menditarragoak ziren piriniotar behi zaharrak, eta Aezkoako euskaran berriz auger. Bi izen horiek "auroch" uroen izen zeltakin zein "aurox" germaniarrarekin antza handia dute, eta jakina, mendiko behi azienda erdi-basatia izendatzeko erabiltzen ziren.
Antza, uroen etxekotze prozezua ez zen leku bakar batean eta populazio bakar batean oinarriturik eman. Uroen etxekotzearen aurreneko aztarnak Grezian, Kretan, Anatolian eta Kurdistanen agertzen zaizkigu, duela 8.500 urte inguru. Handik gutxira Indiako uroa etxekoratuko zuten, eta handik denborarekin zebua sortuko zen. Behi aziendaren etxekotzeak iraultza handia suposatu zuen herri hauen ekonomian.
Badakigu duela hiru mila urte inguru Ipar Afrikako uroak etxekotuak izan zirela, eta handik Gibraltarko itsasartean barrena Iberiar penintsulan sartuak izan zirela.
Azken teoria genetikoen arabera, ezagutzen ditugu abelgorri guztiak bi behi ezberdinetik datozela. Betizuak beraz, hauetako behi baten ondorengoak lirateke.
Dena den, Nafarroako betizuekin egindako azterketa genetikoek diote ere betizuek aldaketa genetiko gutxi jasan dutela, piriniotar behi gorriekin senideturik daudela, eta haien enborretik duela 2.000 urte inguru bereiztu zirela.
Zezenketarako erabiltzen diren zenbait ganadutegietan egindako ikerketa genetikoen arabera, badirudi Iberiar Penintsulako hegoaldeko zezenak Ipar Afrikatik sartutako uro etxekoratuen ondorengoak direla.
Egia esanda, ikusten baldin baditugu betizuen behi eta zezenak, eta konparatzen baldin baditugu antzinako uroen marrazki ezberdinekin, antzekotasun handia sumatzen da. Agian beherago aipatuko dugun Hecken azienda berak duena baino gehiago.
Napal eta Perez de Munian adituentzat, Smith zoologoak Ausburgoko liburutegi batean topatu zuen uroaren marrazkiak ("Iberiar betabereen sorrera" azpiartikuluaren goiko partean azaltzen dena) antza handia dauka egungo "Casta Navarra"ko zezen zein betizu zezen batekin[16].
Betizuetan adituak diren bi ikertzaile hauentzat, Euskal Herriko eta inguruko labar-pinturetan azaltzen diren animaliek betizuen ezaguera asko dituzte, hala nola; kolore arre-gorrizka, iluntxoago buruan eta hanketan, eta lira-itxurako adajea. Gorpuzkera ere berezia da, aurrealdeko herena atzealdea baino garaiagoa baita, halako "lehoi" itxura emanez. Kopeta, bestalde aldetik, zabala dute, eta begiak irtenak.
Beste aldetik, labar-pinturetan azaltzen diren uroen edota basa-behien koloreari dagokionez, batzuetan kolore beltzez edo ilunak marraztuta baldin badaude, beste zenbaitetan gorri-gorriak azaltzen dira ere[17].
Edozein moduan ere, uroak oso zabalpen handia izan zuenez, pentsatzekoa da tokiz tokiko aldaerak izango zirela, eta beraz, berengatik sortutako behi arrazak ere ezberdintasunak izango zituzten[18].
1920.en urtean, Lutz eta Heinz Heck anaia alemaniarrak antzineko uroa berreskuratzen saiatu ziren. Haien teoriaren arabera, espezie bat ez da benetan desagertzen beraien ondare genetikoa erabat desagertzen ez den bitartean, eta antzineko uroen antzeko zenbait ezaugarriak gorde duten hainbat behi arraza irauten dutenez gero, posiblea ikusten zuten saiakuntza.
Heck anaiek Andaluziako zezenketarako zezenak eta Camargako behiak erabili zituzten, beste hainbat arrazekin batera.
Horrela, belaunaldiz belaunaldi saiatu ziren marrazki zaharretan gordetako uroen ezaugarriak lortzen. Emaitza handik aurrera "Heck azienda" edo uro berriak bezala ezagunak diren behi eta zezenak ditugu. Abere handiak dira, adar bikainekin eta kolore beltz eta arre. Hala ere, garai bateko uroak baino askoz txikiagoak dira, tamaina aldakorreko adajea dute eta kolore okerra sarritan.
Izaerari dagokionez, askoz okerragoak dira oraindik uro berri hauek. Ezin diete otsoei eta gainontzeko harrapariei aurre egin, edota negu gorrian mendian eta basoan beraien kabuz bazka bilatu.
Hauetako abere batzuk ikusgai daude bitxikeria gisa munduko hainbat zoologikoetan zein animalia parkeetan. Europan abere hauek zabaltzeko etxalde bat edo beste dago ere.
Guzti hau eta beste zenbait arrazoi direla eta, Heck anaien lanaren kritikoek diote esperimentuak porrot egin duela. Uro berriak ukuilutik ateratako eta basoetan larratzen jarritako etxeko abereak baino ez direla, ez, jakina, antzineko uroen berrosaketa bat. Are gehiago, hainbat bertako behi arraza zahar, esate baterako betizuak, joera basatiago dute uro berri hauek baino.
Esate baterako, Z. Pucek irakasleak, Europako bisontea Poloniako Białowieża basoan berreskuratzeko programaren arduraduna, oso gogor hitz egin du Hecken abere hauen aurka, zera esanez; "XX.en mendeko iruzur zientifikorik handiena direla". Jakina, Pucek gogor egin du uro berri hauek Bialowiezako basoetan, garai bateko benetako uroen azkenetariko eremuetan, sartzearen kontra. Beretzako gainera argi zegoen abere hauek ez zirela gai Białowieżako harrapariei (hartza, otsoa...) aurre egiteko.
Heck anaien azienda sartu dute ordea Alemaniako zein Herbehereetako zenbait Natura parkeetan, baina lehen aipatutako arazoekin.
Hainbat adituek zera aholkatzen dute, Hecken abereekin berriro lanean hastea edota zuzen baztertzea eta lanean hastea beste zenbait arrazekin, antzinako ezaugarriak dituzten arrazak jakina, benetakoagoak lirateke "uro berriak" lortzeko.
Beste aldetik, zenbaitzuek ez dute antzekotasun handia ikusten Hecken anaien abere eta antzinako uroen irudien artean.
Iberiar betabereen sorrerari dagokionez, bi teoria nagusi daude:
Betizu arrazak, Sanchez Beldak dioenez, Turdetaniar enborra du sorburu. Turdetaniar enbor hau, Ipar Afrikatik Iberiar Penintsulara igaro zen, eta Mediterraneoko itsasbazterra jarraituz Pirinioetaraino heldu zen. Hemen bitan sakabanatu zen; alde batetik eta Bizkaiko golkoaren itsasbazterretik Galizaraino iritsiz eta bestetik Pirinioz bestaldera igaroz, joan etorri honetan, zenbait betabere arrazaren jatorri izango delarik, besteak beste: mahoniar arraza, retinta arraza, Palmako arraza, Galiziako behi gorria, piriniotar arraza, betizu arraza, eta abar...
Arraza hauek Pirinioetatik hegoaldean hedatzen dira gehien bat. Pirinioetatik iparraldean berriz: Limousin behi arraza, Akitaniako blonde behi arraza, Devon arraza, Lincoln arraza eta abarren jatorria izango da.
Dena den eta betizuei dagokienez, mendiko piriniotar arrazaren aitzindari bezala kokatu behar dugu arraza hau, garai batean mendi kate guztian ugariak baziren ere, denbora joan ahalaz, eta aziendaren hautaketa eta produzitzeko eraren aldaketak, arraza honen baztertzea eta ia erabateko desagertzea ekarri du.
Hau da era berean Dory eta Garciaren iritzia betizu arrazaren jatorriari buruz. Beraientzat gainera, betizuak beti basatasuna eta etxekotzearen artean mugitu dira beraien sorreratik. Ildo honetan gainera azken urtetako ustiaketa sistemen aldaketak beraien basatasun maila igo dute, gero eta leku basatiagoetara baztertuak izan direlako.
Betizuak eragin handia izan du euskal mitologia eta elezaharretan, non betizu itxurako animaliek zezen gorri, ahatxe, ahatxe gorri edota behigorri izena hartzen duten.
Behigorri edo Zezengorri, Euskal Herriko mitologiaren izakia da, leizeetan bizi omen den irelu erasokorra. Behi, idi, txahal, txekor edo zezen gorriaren itxura hartzen du, betizu bezalakoa, eta Mariren etxeak zaintzen omen ditu.
Zezen gorria Marirekin lotuta agertzen da, eta askotan leize eta harpe ezberdinen zaindaria izanik. Beste batzuetan Mari bera da hauetako abere batean eraldatzen dena. Halako abereak Mariren berraragiztatzea bilakatzen dira orduan.
Behiak ugalkortasunaren sinbolismoari lotuta egon dira zenbait kulturetan, eta dirudienez baita gurean ere. Hauxe izango genuke behigorrien eta Mariren arteko beste harreman bat.
Ezin ahaztu alde hartatik, gure leizeetan azaltzen diren labar-pinturetan basa-zezena edo uroa maiz agertzen dela, Altxerrin eta Santimamiñen adibidez. Margo hauek aspaldiko basa-zezen inguruko sinesmen magiko edota totemikoak adierazi dezakete Barandiaranen ustez.
Antza, erromatarren garaian harpetako ireluei egindako gurtza oso zabalduta zegoen Euskal Herrian. Barandiaranek garai haietako txanponak aurkitu zituen Izturitze, Kortezubi, Santimamiñe, Covaraida eta Solacuecako leize zuloetan. Baita Bidarraiko Harpeko-Sainduaren harpean. Antza txanpon hauek lur-azpiko Jainko eta ireluei egindako opariak ziren, Zezen eta Behei gorriei barne.
Adituak bat datoz garai batean betizuen banaketa askoz zabalagoa zela esaterakoan. Ia Pirinio guztietan egongo ziren betizuak eta egun baino Euskal Herriko mendi gehiagoetan ere, Kantabriako ekialderaino eta Burgosko iparralderaino, edo are urrutiago oraindik. tudanka behia eta beraien enborreko arrazen mugaraino. Egun betizuen banaketa guneak txikiagoak dira, eta elkarrengandik isolatuta daude gainera. 1861.en urtean Gipuzkoako Foru Aldundiak Alpetar behi arreak inportatzen hasi zen, eta abere hauek inguruko herrialdetara zabaltzen hasi ziren bertako arrazen kaltetan[19].
nafarroakoak 300 kilotik gorakoak baldin baziren, Zigoitiaren bertakoak nekez ailegatzen zirela 150 kiloetara! Berak emandako datuen arabera argi azaltzen da antzinako piriniotar behi gorrien eta betizuen arteko harremana, edo bestela zuzenki arraza berberaz ari da.
Inolako zalantzarik gabe, behi hauek betizuak ziren. Betizuetan aditua den Joxe Maria Plazaolak Oñati aldean bere amari zein adineko beste zenbait jendeari entzun zion "behigorrixa" haueie buruz hizt egiten. Horrek esan nahi du bertako betizuak Araba eta Oñatiko mendien artean duela zenbait hamarkada arte mantendu zirela. Orain ere badaude, nahiz eta gehienek, denak ez badira, beste toki batzuetatik, batez ere Goizueta aldetik ekarritakoak direla[21].
Kontutan hartu behar da banaketa hau aldatuz joan daitekeela, denborarekin talde berriak sortuz edota desagertuz.
Zehazki aipatzen ez diren datuak, 2005. urte ingurukoak dira.
Aipagarria da abere hauek egun Aizkorri-Arazko natura parkean kokatzen direla, eta bertako kontserbazio plangintzetan sartu beharko liratekela.
2005. urteko datuak
Antzinan betizuak herrialde guztian zabalduta bazeuden ere, gaur egun arraza garbi edo garbi-antzeko geratzen diren animaliak honako bizigune hauetan aurki ditzakegu:
Adarramendi eta Mandoegiko inguruak izan dituzte betizuek babesleku nagusi Donostialdean, eta bertan buru oso ´garbiak` mantendu dira urtetan. Badirudi gizakiaren eraginez atzerakada nabarmena izan zuela betizuak eta larreetarako balio ez zuen guneetara ezkutatu zela. Gainera, kasu askotan beste behi arrazekin nahastu zen eta horrek konplikatu egin du bere iraupena.
Animalia hauen jatorria mugakideak dituzten Goizueta, Arano eta Leitzako Leitzalarreako betizuen berbera dirudi. Populazio hauek beti elkarrekin bizi baitira, Leitzaraneko eta Leitzadi-Urepeleko betizuekin batera. Mendi hauen baldintzak, larre eskasek eta eguraldi zakarrak, beste arrazako behi azienda motak bertan larretzea zaildu dutenez, hemengo betizuak nahiko garbi mantendu dira, eta beste hainbat betizuen egungo populazioen jatorri izan dira.
Betizu arrazaren zenbait abere mantendu ziren mendi hauetan, baina kasu askotan beste zenbait arrazekin nahastuz joan ziren. Bailara hauetan tradizio handia egon da festetarako (sokamuturra eta abar.) abereak sortzeko, eta hau dela eta, Salamanca zein Erriberako aziendarekin gurutzatu zituzten bertako betizuak. Bertako zaharrek ere gogoratzen dute betizuen trukaketa handia zegoela Goizuetarekin.
Dena den gaur egun bertako zenbait aberezainek ahalegin handia egin dute betizuak berreskuratzeko eta Mandoegi-Adarraga zein Baztaneko betizuak erosi dituzte arraza hobetzeko.
Aipatutako kokagune guzti hauek, altuera ertaineko mendigune malkartsuak dira. Bertan dabiltzan betizuak, mendian sortzen den belar, ote nahiz arbola-hostoz elikatzen dira.
Mendigune hauen azpian aurkitzen diren udalerrietan jendetza handia bizi da.
Taldearen sorrera Nafarroako Naturaren Lagunen Elkarteko kideek 1975.en urtean Goizuetatik ekarritako 6 abere izan zen. Aurrenko urtetan arazo eta tirabira dezente egon zen askatutako abereekin, eta Uligoiko herritarrek zezena eta txekor bat tiroz bota zituzten. Gero Nafarroako Gobernuak behi taldearen ardura bereganatu zuen naturazaleek emanda.
Hala ere, sarritan betizu hauek kontrolatzeko eta saneamendu kanpainak pasarazteko egiten diren ahaleginak hutsean geratzen dira, askotan behi eta zezen asko harrapaezinak baitira Zarikieta, Artanga eta Artxubako mendien sastraka, haitz eta basoetan. 90 abere inguru daude markatuta krotalakin, eta danera 150 betizu inguruko populazioa egongo litzateke mendi hauetan.
Nafarroako Erriberako Arguedas herrian kokatutako "Senda Viva" parke tematikoan betizuen talde txiki bat dago jendeari erakusteko[28].
2010en hamarkadaren hasieran, Nafarroako betizuen zentsoa honakoa zen; 254 abelburu, (237 behi eta 17 zezen) 11 uztiapen ezberdinetan banatuak[29].
Ipar Euskal Herrian betizuen kopurua mendetan mantendu bada ere, azken hamakadetan arraza desagertzeko zorian dago erdi basatiak diren abere hauen gestiogintza asko zaildu delako[30].
Betizu talde honen jabe eta kontserbatzailea Jean-Pierre Seilez Baionako sendagile eta betizuzalea izan zen. Arbonako baserri batean eskualdeko azken 10 buru erosi zituen, eta handik aurrera haiekin lan egin zuen. Aukeraketa eta animalien kenketa erriflez egiten, eta bestela taldea guztiz baldintza basatietan mantenduz.
2015.en urtean Iparraldeko betizuen aldeko elkartea desegin egin zen, Frantzes Gobernuaren aldeko laguntza eskasa zela eta.[32]. Honek arrisku larrian jarri zuen betizu arrazaren iraupena Ipar Euskal Herrian.
Ez daude behi-samalda hauen inguruko datu zehatzik. Haien jatorria duela bost bat urte Urdazubiko Gorramendi eta Gorramakil mendietan ibiltzen ziren betizuak dira. Haiek, era berean Adarra-Mandoegi aldetik ekarriak ziren.
Betizu hauek mugaren gainean bizi dira.
Betizu arraza piriniotar behi arrazaren antzinako itxurarekin bat dator, inola ere hobetu ez dena, eta bizi eta elikadura baldintza disgenesikoetan iraun duena. Nabarmena da, era berean, geroago aipatuko diren "Landetako behi gorriarekiko" antza.
Beraz arrazaren ezaugarriak, antzineko piriniotar arrazarekin bat etorriko lirateke, hau da:
Bularra estua eta sakona. Bizkarraldean lerroa goranzkoa, gerriko lerro zelatu batekin. Gorputzadarrak finak ditu, aurrekoek motzak dituela diruditelarik. Gilborra angelutsua eta iharra. Buztanaren hasiera oso goian dago ile ugarirekin, xangarretaraino iristen da buztana.
Muki mintzak eta apatxak pigmenturik gabekoak dira.
Masail hezur zabalak, perfil zuzena, begi tarteko konkadura batekin. Aurpegiaren gainazala lehora; kopeta laua eta zabalkotea.
Begi biziak ditu, lehen aipatutako eta oso berezkoa den "eper begi"arekin.
Adarrak goiz garatzen zaizkie, eta oso itxura bitxia dute. Indartsuak, sekzio biribilekoak, aurrena aldamenetara eta gero aurrera eta gorantz doazelarik. Adajeak arrengan ilargi erdi baten itxura hartzen du, eta, emeengan, adinarekin, lira itxura. Adarren kolorea, behe eta goialdean, horizka nakareatua da, eta erdigunean zuria,adar mutur horixkak. Lira irekiagoa da arretan, emeetan baino, eta bigarren horietan, adinarekin, aipatutako lira itxura hartuz doaz.
Txiki samarrak dira beraz. Oro har, eumetrikoak dira, gorputz luze samarrekoak (longilineoak) eta soslai zuzenekoak.
Aurreko herena nabarmen handiagoa dute atzekoa baino.
Izaera eta konportamendu sozialari dagokienez, esan daiteke behi taldea nahiko sakabanatuta bizi dela. Are sakabanatuta mendian inolako hesi edo trabarik ez badute.
Betizuek kilometro asko egin dezakete egunero larre bila, bazka eskasia badago.
Taldean, zenbait garaietan, zezen dominante bat egon daiteke behiekin, txahal eta txekor txikiekin zein dominatutako beste zenbait zezenekin. Taldeak elkarrengatik aparte ibiltzen dira, eta halaxe banatzen dira mendi multzoetan. Mendiaren garaieraren arabera kokatzen dira askotan.
Mendian bizi diren beste hainbat animalia basatirekin gertatzen bezala betizuen ugalketa zikloa urtaroei lotuta dago.
Negu aldean, behiak eta zezenak banatuta ibiltzen dira, bakoitza bere aldetik, behiak taldeko beste behiekin eta aurreko ume aldian jaiotako txekor txikiekin, eta, zezenak, berriz, banaka edota taldean igarotzen dute negua eta maiatza aldean edo behi taldeekin bat egiten dute.
Ekainean edota uztailean izaten dute behiek susara aldia eta garai horretan oso arruntak dira zezen arteko borrokak eta euren artean gailentzen dena izango da behi gehien estaliko dituena. Garai horretan ez da ezohikoa, mendian zehar, adar hotsak eta zezen marruak entzutea.
Txahal-txekorrak, normalean, apirila-maiatzean jaiotzen dira, udaberria hasten denean hain zuzen ere, negu gorria pasa ondoren, berriro ere belarra hazten denean.
Behia, txahala egiteko orduan, taldetik urruntzen da eta leku gorde bat bilatzen du umatzeko. Umatu ondoren karena jan egiten du. Behia larrera bazkatzera doanean txahala ondo ezkutatuta uzten du inork aurkitu ez dezan, eta, bazkatzen dabilela ere, noizbehinka txahalarengana itzultzen da ondo dagoela ikusteko. Horrela aste bete edo bi ematen du eta denbora hori pasa ondoren, berriz ere, bere txahal txikiarekin, behi taldearekin bat egiten du.
Txahalaren edoskitze aldia urte bete pasatxo igarotzen du.
Elikaduraren arabera urtean txahal bat izan badezakete ere, kontutan izanda animalia hauen bizi baldintza gogorrak eta txahalaren edoskitze aldia oso luzea dela, normalean, bi urtetik behin umatzen dira.
Betizuen ustiapen sistemaz baino, adituek nahiago dute betizuen "gobernuaz" hitz egin, errealitatearekin zer ikusirik gehiago duelako, jakina.
Betabere hauen maneiu sistema erabat estensiboa da eta kasu askotan herri mendiak erabiliz. Kasu gehienetan urte guztian zehar mendian bertan irauten dute, ukuiluan sartu gabe, sarritan animalia izuak (zerbaiteagatik dira betizuak) direnez gero, ezin direlako harrapatu.
Jokuetarako erabiltzen ziren betizuen kasuan, baserritarraren lehen lana, eraman nahi zen azienda taldetik banatzea zen. Askotan txakurren laguntzaz. Lan hori errazteko behizainek animalia bakoitza oso ondo ezagutzen zuen. Banaketa egin ondoren, zezenak arazorik gabe garraiatzeko, bakoitza asto bati lotzen zitzaion, eta batzuetan asto bakoitzak bi betizu edo bigantxa eraman zitzakeen, bakoitza alde batean[33]. Horrela, behi suharraren mugimenduak asko mugatzea lortzen zen. Joan-etorriak egiteko, lau edo sei betizu bi edo hiru asto erabiliz garraiatzen ziren. Hala eta guztiz ere, batzuetan arazoak ere izaten zituzten. Esaterako, behin, Deban, (San Josepe ondoan), betizu batek astoari barrenak atera zizkion eta animalia hil egin zen. 1890eko hamarkadan antzeko zerbait gertatu zen Lasturreko San Nikolasen, baina kasu hartan animalia bizirik atera zen. Asensio Artetxek gogoan du, duela gutxi arte, animaliak inolako babesik gabe joaten zirela. Gaur egun, berriz, astoak zaku lodiekin babesten dira. Izan ere, azkenean “betizuek lotuta ibiltzen ikasten dutela” dio.
Betizuak negu partean eta larre hobe baten bila, mendiaren behealdera jeisten dira. Orduan baratze eta zelaietan sartu daitezke istiluak sortuz.
Dena den, abelzain batek ukuilura sartzea lortzen duenean, egun gutxi batzuetarako generalean abereek egonezina dela eta, betizu haiei osasun kanpaina egiteko erabiltzen da.
Mendian, bertan sortzen den belar, ote nahiz zuhaitz hostoak dituzte oinarrizko elikagaiak, negu partean zenbait abelzainek lastoa eramaten badiete ere. Abelzainek ere ogia eta pentsu apurra eraman arren, betizuak minimoki lekututa edo ikusi orduko jabearengatik ihesi ez joateko izaten da. Ogia betizuei apur bat hurbiltzeko erabiltzen da.
Kasu batzuetan, betizuak oso gaztetik ukuilura ohituz gero, posiblea da beste edozein behi bezala jeistea, eta kasu hauetan esnearen etekina ez baldin bada oso handia (15 litro txekorren esne egozkitzearen garaiaren hasieran) azpimarragarria da esnea oso ona dela. Nafarroako ipar aldean, garai batean, ardi esnearekin parekatzen zuten eta antza garai batean, gaztak egiteko ardi esnearekin nahasten zuten.
Duela 60 urte oraindik ikusten ziren Aralarretik Jaizkibelera zihoazen betizu taldeak. Negua kostaldean igarotzen zuten eta udaberrian Aralarreko larretara itzultzen zituzten.
Egiten zuten ibilbidea honakoa zen; Aralar-Amezketa-Tolosa-Andoain-Urnieta-Oiartzun-Jaizkibel, eta berbera berriro atzera udaberrian Aralarrera itzultzeko. Ibilbidearen zati handi bat N-1 errepidean barrena omen zen. Ikustekoa zen unaien eta beraien zakurren trebezia halako azienda erdi-basatia ibilbide luze hartan gobernatzeko.
Jende asko kalera irteten zen betizuen igarotzea ikusteko, benetako ikuskizuna zelako, eta jende zaharrak oraindik gogoratzen du. Andoainen, esate baterako, kale nagusitik zein Goiko Plazatik pasatzen ziren betizu samaldak.
Euskal Herriko beste zenbait eskualdetan ere betizuen mugimendu hauek ematen omen ziren neguko larren bila.
Esate baterako, Lastur aldeko betizuak ere Jaizkibelera eramaten zuten negua igarotzeko. Halakoetan lan zailena azienda Hondarribiara garraiatzea izaten zen. Zezenak bereziki. 1944en urtera arte, zezenak eta betizu behiak trenez eta errepidetik oinez garraiatzen ziren, Goierrikoak bezala, kamioietan garraiatzea oso garestia baitzen. Azienda Debako tren-geltokira eraman eta han merkantzia-bagoi batean sartzen zuten. Trenez Donostiaraino eramaten ziren zezenak, eta han Topoa hartu eta Irunera eramaten ziren. Behizainak bidaiarien-trenean joaten ziren, eta Irunen egoten ziren aziendaren zain. Handik Hondarribira oinez joaten ziren, errepidetik, zezenak astoei lotuta. Lehen esan dugun bezalaxe, garraio-sistema hura oso ohikoa izan zen 1940ko hamarkada hasiera arte. Aurrerago, azienda herrietara garraiatzeko kamioiak erabiltzen hasi ziren. Sacako Markesaren ganadutegiaren kasuan, Itziarko Burugorri eta Debako Xantixo izaten ziren kamioilariak.
Behizainek zezenen jokaerak oso ondo ezagutzen zituzten arren, lan nahiko arriskutsua zuten: izan ere, herriko plazetan eskarmentuari esker zuten jakintzarekin bakarrik gobernatu behar izaten zituzten zezenak, eta askotan herritarrek ez zuten batere laguntzen, zezenak xaxatzen ibiltzen baitziren.
Behizainaren lehen lana, eraman nahi zen azienda taldetik banatzea zen. Lan hori ez zitzaien zaila suertatzen, behizainek animalia bakoitza oso ondo ezagutzen baitzuten. Banaketa egin ondoren, zezenak arazorik gabe garraiatzeko, bakoitza asto bati lotzen zitzaion, eta batzuetan asto bakoitzak bi betizu edo bigantxa eraman zitzakeen, bakoitza alde batean. Horrela, animalia suharren mugimenduak asko mugatzea lortzen zen. Joan-etorriak egiteko, lau edo sei betizu bi edo hiru asto erabiliz garraiatzen ziren. Hala eta guztiz ere, batzuetan arazoak ere izaten zituzten. Esaterako, behin, Deban (San Josepe ondoan), betizu batek astoari barrenak atera zizkion eta animalia hil egin zen. 1890eko hamarkadan antzeko zerbait gertatu zen Lasturreko San Nikolasen, baina kasu hartan animalia bizirik atera zen. Asensio Artetxek gogoan du, duela gutxi arte, animaliak inolako babesik gabe joaten zirela. Gaur egun, berriz, astoak zaku lodiekin babesten dira. Izan ere, azkenean “betizuek lotuta ibiltzen ikasten dutela” dio[33].
Ohikoa izan da txakurren erabilera betizuak gobernatu eta harrapatzeko. Egun oraindik ere indarrean dago txakurren erabilera, baina soilik abereak nahi den lekurantz bultzatzeko eta bertan harrapatzeko. Zakurrekin harrapaketak bestela askotan abereei zein zakurrei zauri eta kalte larriak, akabatzea barne, ekartzen zizkien.
Lantegi honetan erabilitako zakurrak Enkarterriko Billanoa motako animaliak dira egun. Antza txakur arraza hau edo antzekoak askoz zabalduagoak zeuden Euskal Herrian duela zenbait hamarkada.
Zakurren erabilera mendiko behi basatiak harrapatzeko nahiko dokumentaturik dago Euskal Herrian, eta besteak beste zenbait elizetako eskulturetan agertzen omen da. Beste aldetik zakurren erabilera hau hainbatetan ikuskizun bilakatzen zen zezen-plazetan.
Bi zakur mota erabili izan dira betizuak beraiek bizi diren mendi eta baso zabaletan harrapatzeko. Zakur batzuk behien arrastoak jarraitzeko, animaliak topatu eta edozein ehizaldian bezala "ehiztariak" kokatuta zeuden postuetarantz eramateko
Han, zain zeuden betizuen "ehiztariak" beste motako zakurrekin. Haien lana betizu bat gertu zegoenean, berari oldartu eta muturrean koska emanez betizu "geratzea" zen.
Orduan baserritarrek azkar ibili behar zuten ez zakurrak eta ez betizuak borrokan minik ez hartzeko. Betizuari buru gainean zorro bat jartzen zioten ez ikusteko, eta zakurra gainetik kendu.
Behia horrela itsuturik, zerbait lasaitu eta errazagoa gobernatzen zuten. Orduan asto edo idi bati lotzen zuten betizua ukuilu aldera eraman ahal izateko.
Jakina, halako maneiuak askotan zauri larriak sortzen zizkion betizuari, eta behin baino gehiago zakurrei ere.
Zakurrekin betizu eta montxina behiak harrapaketaz sakontzeko;
Asko eztabaidatu da betizuen "basatasunari" buruz, eta honen inguruan iritzi ezberdinak daude. Adierazgarria da betizuei buruz argitaratu den liburu osatuenaren tituloa; "Euskal Herriko betizuak, Europako azken basa-behiak". Europako azken behi basati hauek Zarikieta mendiko betizuak lirateke, lehen aipatu dugunez ia erabat baldintza basatietan bizi direnak (batzuk sekula harrapatu gabeak osasun kanpainak edo markaketak egiteko).
Jakina, zenbaitzuentzat betizuak antzinako uroen parekoak dira.
Badago planteamendu bat betizuak animalia basatiak direla hala ez benetan bereizteko, hau da, ea gizakiarekiko menpekotasun eta lotura duten hala ez.
Horretarako Seliez adituak honako galderak mahi gainean jartzen ditu:
Hala ere esan behar da zenbait betizu taldeek hainbat maneju mota izaten dutela. Beste aldetik betizu samaldak askotan gizakiaren kontroletik ihes egin dute erabat basatiak bilakatuz, bai iraganean baita azken hamarkadetan ere.
Aurreneko guztia ikusita, argi dago zenbait betizu hobe kokatzen direla animalia basatien eremuan etxabereen taldean baino. Beste zenbait ordea erdi-basatiak lirateke soilik.
Aipagarria zenbait kasuetan arazoen iturburu ziren betizuak botatzeko ehiza baimenak eskatu direla, basabereak bezala hartuz.
Aipagarria Baztan eta Behe Nafarroaren arteko mugako betizuen kasua. Onartutako jaberik gabe, betizu talde bat hantxe bizi izan zen hamarkadetan gizakiaren inolako esku hartzerik gabe, muga etengabe zeharkatuz eta mugako mendietan biziz.
90.en hamarkadan Behe Nafarroako zenbait herritar betizuak ehizatzen hasi ziren ehiza larria baitliran abereek menditik beheratzerakoan egiten zituzten kalteak argudiatuz.
Betzizuen zenbait lagunek hango auzapezekin hitz egin behar izan zuten betizuak desagertuarazten ari zen ehiza geratzeko, eta basa-behi hauen balore ekologiko eta kulturalaz jabetzeko.
1920. urtean Auñamendi bilduman "Pertica y Ezezeizabarrenak" euskal fauna basatiari buruzko liburu batean, "Animales salvajes del Pais Vasco. Sus costumbres y caza", ehiztari baten ikuspegitik egina, betizua aipatzen du Hartza, otso, basurde edo oreinekin batera.
Ezeizabarrena "Basabehiaz" ari da bere liburuan, eta une oro erdi basati edo zeharo basatia den animalia batetaz hitz egiten du.
Egileak zera kontatzen du; behin mendi gainean betizuak leku malkartsu batean ahuntzekin batera zeuzkan baserritar bati ea behi mota hau eta ez beste behi arraza bat zergatik zeuazkan galdetzerakoan, zera erantzun zien: "Kanpokoak aste bete baino lehen akabatuko zirela eta".
Behi hauei, zeuden leku zaila zela eta, elurradekin pentsua igotzeko, abelzainek bizkarka igo behar zieten bazka.
Baina betizuen inguruko berririk bitxiena, eta behi hauen basatasunaren eta harraparien aurrean berain burua defenditzeko ahalmenaren berri ematen diguena zera da; betizu zezenen eta hartzen arteko borrokak euskal Pirinioetan.
Egia esanda, pasartea nahiko nobelatu eta apainduta ematen du, baina edozein moduan ere zera baieztatzen digu; betizueak gai zirela hartzei aurre egiteko, eta halako borroken berri izan dutela Erronkariko zein Zuberoako abelzainek.
"Zezen bat, bere senagatik, hartz bat inguruan dagoela somatzen duenean, urdurik jartzen da eta bazter guztietara mugitzen hasten da, bere etsaia topatu arte, orduan borroka izugarria hasten da; eraso jasan duen haragijaleak etsi-etsian defenditzen du bere burua, baina gutxitan arrakastaz. Bitartean zezen amorratuak, bere etsaiaren aurka oldartzen da eta haitz edo zuhaitz baten kontra estuturik lehertzen du".
Betizuak, urte luzez, Euskal Herriko plazarik plaza erabili ohi dituzte sokamuturretan.
Goizuetan, adibidez, duela oraindik gutxi arte, herriko jaietan, soka-muturrerako, bertako mendietako betizuak erabiltzen zituzten. Jaietan, herriko gazteak mendira igotzen ziren jokorako betizuen bila.
Gauza berbera egiten zen Euskal Herriko hainbat herrietan, Bizkaiko Dima edota Gipuzkoako Deba eta Mutrikun.
Herriko jaietako irgarki eta txarteletan, askotan soilik "Betizuak" jartzen zuen, beste argipenik gabe, eta jendeak bazekien behi erdi basatiekin jokoa zegoela iragarita jaietarako. Soka-muturran edo horretarako itxitako herriko plazan.
Bestalde, nork ez du inoiz entzun Lastur edota Arnoko zezenen aipamenik?, bada, horiek, gaur egun, beste arraza batzuetako zezenekin nahastu direlako, gehienak beltz kolorekoak ikusten baditugu ere, lehen, betizuak ziren, beraz gorriak.
"Lasturko zezena" ospetsua izan da Euskal Herriko plazetan egiten ziren sokamuturra eta gainontzeko zezen-jokoetan.
Betizuen erabilera jokorako alde batetik beste erabilera eman dio historikoki gero eta baztertuagoa zegoen arrazari, baina beste aldetik beste ondorioak ekarri ditu, beste arrazekin nahasketa animalia handiagoak eta zezenketarako indartsuagoak lortzeko.
Ezin ukatu, beste aldetik, betizuaren zenbait kontserbatzaileak zezenketa-zaleak izan direla eta direla alde berean.
Teoria batzuen arabera, garai batean hain famatuak izan ziren zezen nafarrak (nafar kastakoak edo nafar arrazakoak), betizuetatik datoz, haien artean "Karrikirri" mitikoak, nahiz eta horri buruzko eztabaida askotxo dagoen (Begira kanpoko loturan betizuen eta Nafar kasta arrazaren arteko harremana).
Napal eta Perez de Muniain teoria honen sostengatzaileak dira.
Mikel Laboa kantariak popularizatutako eta bertso zahar batean oinarritutako kanta honetan ere, zezen txiki baten aipamena egiten da, betizu bat seguruenik:
Mikel Laboaren "Pasaiako herritik" bertsoen bertsioa entzungai
Landetako behia arraza, aspaldian kolore gorrikoak eta betizuen oso antzekoak ziren. Erdi basatiak bizi ziren Landetako aintzira, baso eta eremuetan, Ipar Euskal Herriko zenbait gune barne. Erdi basati ziren behi hauek, Euskal-Landetar zezenketa" izenarekin Iparralden zein Gaskoinan oso ospetsua den zezenketa motaren oinarrian daude. Esan bezala betizuen oso gertukoa den arraza hau egun desagertzeko zorian dago, eta geratzen diren azken aleak beste hainbat arrazekin nahiko nahastuak.
.
Montxina Euskal Herriko eta Kantabriako mendietan aspalditik bizi den bos taurus espeziearen basa-behiaren arraza da.
Piriniotar behia, Euskal Herrian abelgorri izenaz ezaguna izan dena, bertako behi arraza bat da.
Uste da piriniotar behiaren jatorria betizu arraza dela.
Egun behi montxinak betizuengandik zenbait ezaugarrietan nahiko ezberdindurik baldin badaude, ezaguna da garai batean kolorez askoz gorriagoak zirela, adarrak lira itxurakoak zeuzkatela eta finean betizuen barietate bat omen zirela.
Nafar kastako azienda Nafarroa Garaian aurkitu daitekeen bos taurus arraza bat da. Abelgorri mota hau, zezenketarako zein haragitarako erabiltzen da. Behi suharrak dira, eta zantzu guztien arabera arrazak, gainontzeko Pirinioen inguruko beste abelgorrien antzera, betizuetan dauka jatorria. Nafar kastako azienda bereziki Nafarroako hegoaldean aurki daiteke.
Bearnotar behia Euskal Herriko zein Bearno aldeko bertako behi arraza bat da. Bearnoko behiak piriniotar behiekin lotura handia dute, eta zenbaitzuentzat behi hauen ekotipo bat dira, nahiz eta Frantzian ofizialki arraza bat izan.
1877ko uztail eta abuztuan "El Eco de Navarra"k kondaira bilakatutako pasadizo baten berri eman zuen:
"Frantzia aldera zeramaten behi suharren samalda batek, Azkoiengo Pedro Galo Elorz jaunaren ganadutegikoak, buru bat galdu du Amaiur herria igarota. Behi gaztainkara da, baina iztarrartea beste kolore batekoa du, eta E. burdin markaren azpian 35 zenbakia".
Gertaera hori eta gero, Baztan aldeko betizuak galdutako behi zuhar haren alabak edo ondorengoak omen dira. Behi hura, nolabait, Baztango betizu guztien ahaidea da.
Hau ez da hola, jakina. Betizuak Baztanaen betidanik egon direlako, baina bitxia da halako pasadizoak (behi suhar baten galera mendian, eta gertaera horren ustezko eragina bertako mendiko aziendarengan haiekin nahasterakoan) ze indarra hartu zuen jendearen gogoan.
Urtegia hau Zarikieta mendiaren alboan dago, Nafarroako betizuen gordelekurik handiena.
Ekintza burutu zuten "solidarioek" aitzakia prestatu zuten lanak zaintzen zituzten zinpeko zaintzailekin zein goardia zibilekin topatuz gero erabiltzeko.
Garaia hartan Zarikieta mendiko betizuen susa garaia izaten da, eta ikusgarria izaten da zezenen arteko borrokak behiak lortzeko, eta ez da arraroa jendea bertara hurbiltzea hori ikustera. Hau dela eta, beraiek paraje haietan betizuak ikustera hurbilduak izatearen aitzakia asmatu zuten, eta horregatik, umore puntuarekin, urtegiaren aurkako sabotaiari "betizu operazioa" deitu zuten.
Arraza bat desagertzeko arriskuan dagoen edo ez sailkatzeko FAO-ren irizpideak hartzen baditugu kontuan betizu arraza desagertzeko arriskuan dago. Horrek esan nahi du, arrazako animalia kopuruari dagokionez, ugalketarako gai diren eme kopurua 100 eta 1000 artean dagoela edota zezenena 5 eta 20ren artean).
Ezeizabarrenak gogora ekartzen du lehen aipatutako liburuan Staffe doktore austriarrak betizuei buruzko artikulu baten aipu bat, egun ere betizuen kontserbazioari buruz kontutan hartzekoak:
« | "Egun euskaldunak Pirinioetako ipar eta hegoaldeko antzinako populazioen azken hondartzat onartuak izan diren moduan, eta europar zientziari duela mende bat lana ematen dioten bezala, bereziki eta antza isolatuta den beraien hizkuntza dela eta, beraien abelkuntzak ere gure arreta merezi du mail handi batean. Gaur egungo herrialdeko paraje baztertuenetan, hau da Bizkaiko golkoa inguratzen duten mendi-kateetan, erabat berezkoa den behi azienda mota bat kontserbatu egin da, zerbait ezberdin bere kanpo itxuragatik hurbilen dauden ipar eta hegoaldeko arrazetatik, eta bere tamaina txikia dela medio, bere erabateko antigoalekotasunaren tankera ematen duen." | » |
Iparraldeko Betizuak Elkartea 2005. urtean sortu zuten Lapurdi eta Nafarroa Beherako mendietan libre zebiltzan betizuak kudeatzeko eta arraza honetako abereak zeuzkaten baserritar gutxienei laguntza emateko. Ikerketan egin zituzten, hesiak konpondu, hainbat kontutan diruz lagundu eta mendizaleen eta betizuen arteko harremanetan bitartekari lana egin zuten. Urtetan Elkarteak arraza ezagutarazteko kanpaina zabalari ekin zion, euskal kulturaren zati garrantzitsu bat baita betizua.
10 urte lanean aritu eta gero 2015ko urrian Iparraldeko Betizuak Elkartea desegin zuten, Estatu Frantsesaren aldetik sostengu eskasa jaso ondoren. Elkarteko kideek salatu zuten Estatutak ez zituela arrazarekiko bere ardurak hartzen. Elkartearen desegite honek arrisku larrian ezarri zuen arrazaren iraupena Ipar Euskal Herrian[34].
Elkartea sortu zenetik betizuen eta mendizaleen arteko harremanak sanotzeko helburua bete zuen. Betizu Elkarteak bai Estatuaren aldetik eta baita Iparraldeko herriko etxeen aldetik (herriko etxeak dira kasu askotan betizuak larretzen diren herri saileen jabeak) jasotako sostengu eskasa salatu zuen desegin aurretik. Iban Seilezek, alkarteko lehendakaria, zera azpimarratu zuen. "Estatuak bere ardurak berriz hartu beharko ditu, populakuntza mantendu nahi badu". Desegiteko erabakiarekin elkarteak arrazaren ardura guztia Iparralden erakundeen eskuetan utzi zuen.
2015. urtean Iparralde guztian 80 betizu besterik ez ziren geratzen. Biriatu eta Urruña artean 30 abere, eta Itsasu eta Ezpeleta inguruan 50 bat.
Dirudienez Frantses gobernuak betizuzak ez laguntzeko arrazoietako bat abere hauen berezko izaeran datza. Ez da sailkatutako arraza, ez baitira ez animali basatitzat hartzen ezta etxeko aberetzat ere. Diru laguntzak funtsezkoak dira, esate baterako, mendiko hesiak konpontzeko eta betizuek, ihes eginda, arazoak ez sortzeko. Konponbide bat frantses legea aldatzea litzateko bertako betizuek legezko estatus bat izateko eta diruz lagunduta izan ahal izateko.
Betizuak Elkartetik zera aipatzen zuten adibide gisa, Okzitaniako Causse Mejan natura parkean dauden przewalski zaldiak. Hauek ere ez dira hartzen etxeko aberetzat hartzen, eta legeak aldatu dituzte babestu ahal izateko, eta ez dita kasu bakarra. Borondate kontua da beraz.
Elkarteak zionez beraiek ez ziren mendiak zebiltzan betizuen "jabeak", kudeatzaileak baizik. Beraz beraiek ezin zuten abere hauen ardura guztia beraiengan hartu.
Estatu Frantsesak jarraitzen du mendiko betizuak ondare bezala onartu gabe. Elkarteak desegitearen helburua beraz zein izan zen, estatuak behartzea bere ardurak hartzea, elkartea martxan zegoen bitartean ardura guztia betizuzaleen bizkargainean uzten zuen eta[22].
Betizuek Iparralden hainbat arazo dituzte. Esate baterako neguan betizu basatiek joera daukate mendietatik beheko lurretara jaisteko larre hobeagoren bila eta baserritarren haserrea sortzen dute haien zelai eta alorretan sartzerakoan eta kalteak eragiterakoan. Beste aldetik Itsasu eta Ezpeletako hainbat abere jabeek Nafarroan behi piriniarrak erosi dituzte betizuak "hobetzeko" eta haragiaren kalitatea "hobetzeko". Haren ondorioz betizu arraza galdu daiteke animali horiek trukatu eta genetikoki aldatzerakoan.
Ehiztariak ere arazo bat izan dira eta dira. Azken urtetan (eta hau ez da berria) Iparraldeko ehiztariek betizuak ehizatu dituzte abere basatiak izango baitliran, nahiz eta hau legez kanpokoa izan. Nahiz eta Elkarteak behin eta berriro horretaz ohartarazi, ehiztari hauek ez dute kasurik egiten eta betizuak ehizatzen jarraitzen dute.
Betizuaren egoera txarra zen oraindik 2021.urtean. Arrazako abelburuen kopurua ez zen emendatzen[35].
Haragi gutxiko txahalak ematen duenez ezin du kanpotik ekarritako haragitarako hautatutako beste arraza batzuekin lehiatu. Hori dela eta aspalditik jada, baserritarrek, produkzio handiagoren bila edo, hemengo behi arrazak kendu eta kanpokoak ekartzen hasi ziren.
Hau gertatu zen adibidez behi piriniotar arrazarekin eta eginiko berreskuratze lan eskerga bati esker ez balitz, gaur egun betizua dagoen egoera berean edo okerrago legoke.
Betizuekin ere gauza berbera gertatu da, alegia, alde batetik haragi gutxiko zekorrak ematen dituztelako eta bestetik “izuak” direlako eta beraz maneiu zailekoak, pisu gehiagoko zekorrak emango dituzten eta gainera otzanagoak diren kanpoko beste arrazetako behiekin ordezkatu dituzte.
Beste batzuetan, berriz, kanpotik ekarritako haragitarako zezenekin nahastu dituzte era honetara arraza nahastuz (batez ere Limousin arrazako zezenak erabili dira horretarako).
Betizuak, mendian libre dabilen edozein animalia bezala, ukuiluan ia mugitu gabe hazten den animaliak baino haragi gorriagoa du.
Kontsumitzaile askok, kalitateari jaramon egin beharrean, sarritan haragiaren koloreari begiratzen dio (zuri gorri kolorekoa nahiago du). Hori dela eta betizuaren haragia, gorriagoa izaki, merkaturatzeko zailtasunak ditu. Hainbat harategiek ez dute nahi betizuen okela.
Egoera honi aurre egiteko batzuetan betizu hazleek salmenta zuzenera jotzen dute, Nafarroako kasu[22].
Denbora batetik hona asko dira (baserriko lan esklabua alde batetik eta errentagarritasun urria bestetik), baserriko lanari utzi eta kalera lanera joan diren baserritarrak, zituzten behi aziendak kenduz, tartean betizuak.
Honi gaineratu behar zaio, baserritar gazte askok, egoera hori ikusita, nahiago izaten duela baserriko lanak utzi eta kalera lanera joatea, lantegietara.
Alde batetik honetara asko zorroztu dira Administrazioak jarritako baldintzak animaliak edukitzeko, eta batez ere behi azienden kasuan (identifikatu beharra, zoonosiaren aurkako osasun kanpainak, eta abar). Horiek guztiak egiteko animaliak harrapatu egin beharra dago eta, kontuan izanik betizuak oso harrapagaitzak direla, baserritar askok nahiago izan du betizuak kentzea lantegi horiek hartzea baino.
Betizuak zezenketarako erabiltzen zituen baserritarrek, Lastur eta Arno aldekoek esaterako, animalia erasokorragoen bila edota animalia handiagoen bila (sarritan, egun euritsuetan, sokamuturretan, soka bustitzen zenean, betizuak, txikiak izanik, zailtasunak izaten zituzten hain pisu handia hartzen zuen soka tatarrez eramateko).
Hori dela eta, aspaldi jada hasi ziren Salamanca eta inguru horietatik zezenketarako beste arraza batzuetako zezen nahiz behiak ekartzen (beltzak gehienbat), betizuen kalterako, eta, ordurarte, sokamuturretan erabiltzen ziren zezen gorriak, arraza arrotz horien eraginez, belztuz joan ziren.
Hau dela eta, bertako baserritar batzuek diote "Lasturko zezenak" betidanik beltzak izan direla, baina hori ez da hala. Horren froga kontserbatzen diren argazki zaharrak.
Nahasketa prozezu hau eman da baita ere "zezenketarako" hazten ziren betizuen beste hainbat tokietan.
Jose Maria Plazaolak, betizuen kontserbazioan aditua den albaiteroa, zenbait arrazoi mahai gainean jartzen du betizuak kontserbatzeko[36]:
Euskaldunok, harrotasun handiz aldarrikatzen dugu gure iragana: arbasoen jatorri ezezaguna, hizkuntza, ohiturak eta abar luzea. Ugariak dira, arbasoengandik, mendez-mende eta belaunaldiz- belaunaldi jaso ditugun ondasunak. Batzuk bizigabeak, hala nola: trikuharriak, mairu baratzak, zenbait leize zulotan aurkitutako labar-pinturak, bestelako eraikuntzak, eta abar.
Beste batzuk, ordea, bizirik dirauten ondare kulturala dugu, besteak beste, garrantzitsuena, euskara gure hizkuntza.
Bigarren multzo horretan kokatu behar ditugu egun desagertzeko zorian dauden betizuak, eta, galduko ez badira, guregan eta ez beste inorengan dago erantzukizuna.
Pirinioetako behi arrazaz idazteak ausardia dirudi eta arriskutsua ere bada. Abere mota horren jatorria Euskal Herriarena bezain zaharra delakoan gaude. Antzinako euskaldunak beren ondasun, “aberastasun” eta guzti lekualdatu zirela pentsatu behar da. Euskara euskaldunen hizkuntza eta Pirinioetako behi arraza dira, besteak beste, jatorrizko Europaren aztarna bakarrenetakoak. (Teofilo Etxeberria, 1975).
Orok dakigu, gure herrian, beste herri guztietan bezala, gizakiaren kondairan abeltzaintzak izan duen garrantzia.
Betizu arraza, gure herriko piriniotar behi arrazaren aitzindari hartzen da sarritan. Nahiz eta produkzioari begira garrantzirik izan ez, ondare kultural gisa balio handia du, besteak beste, antzinako arraza denez gero, Euskal Herrian izan ziren lehenbiziko behi azienden heziketari buruzko zenbait xehetasun ikertzeko aukera ematen digulako eta bestalde, gaur egun euskal Herrian dauden zenbait arrazen jatorrien aztarnak argitzeko baliagarri delako.
Bestalde, gure arbasoek guretzat utzi zuten bezala, guk ere, une honetan betiko desagertzeko zorian dagoen ondare kulturak bizidun hau, gure ondorengo belaunaldiei uzteko beharkizun morala dugu, ez dezatela, gure utzikeriagatik, “ba omen zen …” esateko aukerarik izan.
Aspaldian, gizakien arduragabekeriagatik edota sentsibilitate ezagatik, asko dira galdu diren arrazak.
Euskal Herrian ere, tamalez, horrelakorik gertatu dira eta gertatzen ari dira.
Desagerturikoak ez dute itzulbiderik (ez behintzat era errazean). Horien artean Baztango txerria eta Gasteizko muturmotz txerria deituriko txerri arrazen kasuak. Une honetan galtzeko arriskuan dauden Euskal Herriko arrazen artean, besteak beste, betizu-arraza dugu, eta, egin beharrekoak eta lau egin beharko ditugu gure artean jarrai dezan.
Gaur arte eta gizakiaren eskakizunari jarraikiz, behi azienden selekzioa esnetara nahiz haragitara bideratua izan da erabat. Selekzio hau, produktibitatean soilik oinarritu da, arrazen, esnea edota haragia produzitzeko gaitasuna kontutan hartuz eta beste arraza ezaugarri batzuk baztertuz.
Honek, arraza batean egiten diren hobekuntza genetiko guztiak zezen gutxi batzuk zabal ditzaketen ezaugarri produktibo batzuetan oinarritzera dakar. Bestalde, zezen hauek, normalean, enbor beretik datoz. Guzti honek, alde batetik, "odol kidetasunaren" gehitzea dakar eta, bestetik, ezaugarri ezberdinak dituzten zezen kopuruaren murrizketa.
Bestalde, badira ezaugarri produktiboetatik at, zenbait unetan bere garrantzia eduki dezaketen beste faktore genetiko batzuk, besteak beste "basatasuna", hau da, basoan, orografia nahiz elikadura aldetik baldintza zailetan ongi moldatzeko gaitasuna. Ezaugarri hau ongi baino hobeto nabaritzen da betizu arrazan, beraz, eta geroari begira, berezitasun hau baliagarri izan daiteke, beharra balego, betizurekin zerikusi handia duen hemengo piriniotar arrazaren hobekuntzan erabiltzeko.
Horretatik kanpo badira beste ezaugarri batzuk arraza primitibo batzuetan zenbait gaixotasunen aurkako erresistentziari dagokionez eta, ez litzateke soberan egongo horri buruzko azterketak egitea.
Gaur egun gero eta nabarmenagoa da naturarekiko gizartearen kezka.
Bestalde, Europa Batasunaren nekazaritza politikak, gero eta garrantzi handiagoa ematen dio natura guneari.
Hala eta guztiz ere, Euskal Herrian, gero eta gehiago dira, toki malkartsuak direlako, bertan belardi eskasak daudelako edota beste arrazoirengatik (zenbait baserrien desagerpena, mendi askotan, mendetan zehar ohikoa izan den artzaintzaren desagertzea eta abar...), sasiz zein oteaz betetzen ari diren mendiak, gizonentzat erakargarritasuna galduz.
Hau dela eta zenbait toki zoragarri, sasi, ote zein sastrakak janda dago, eta, beste hainbat bide beretik jarraitzeko zorian.
Betizuek, bestalde, orografia, elikadura eta klimatologia baldintza gogorretan bizitzeko ikaragarriko gaitasuna dute (basatasuna). Halaber, betidanik bere kokaleku naturala izan den ekosistemarekin oreka ezin hobean bizi dira. Ekosistema horien aldaketak betizuen bizimoduaren aldaketa lekarke eta aldi berean, ingurumari horretatik betizuak desagertzeak kaltegarria litzateke ekosistemarentzat.
Gauzak horrela, arraza horren parte hartzea bere garrantzia izan dezake aipaturiko inguruneak garbi mantentzeko eta bere erakargarritasuna berreskuratzeko.
Zer esanik ez, guzti honek balio bikoitza duela egun garatzen ari diren “Parke Naturalen” kasutan.
Denbora batetik hona jendearen erosteko ahalmenak gora egin du nabarmen.
Bestalde, aspalditik era intentsiboan ekoiztutako behi aziendekin eman diren zenbait aferak (pentsu medikatuen aferak edota behi eroenak), era horretan ekoiztutako haragiarekiko jendearen mesfidantza sortu du.
Hori dela eta jendeak gero eta gehiago eskatzen du era naturalean ekoiztutako produktuak eta jadanik modan jarrita daude “abeltzaintza ekologikoa” edota “nekazaritza ekologikoa” hitzak.
Betizuak hazteko erabiltzen den sistema produktiboa bete betean sartzen da “ekologiko” hitzak duen esan nahian eta hori aprobetxatu beharra dago betizuen iraupenen mesedean, betizuen haragiari, duen kalitatea kontutan izanik, merezi duen balioa emanez.
Jakina da baserritarrek, arraza honi leporatzen dioten “errentagarritasun” urria. Halere, “errentagarritasun urri” hori kakotxa artean jarri beharko genuke, izan ere, hiltzeko orduan animalia horiek kanalean pisu txikia izaten badute ere, ekoizpen-kostuak ere txikiak dira (maneiua, elikadura eta abarreko kostuak), azken loditze-prozesuan kostu horiek handitzen badira ere.
Bestalde, betizu haragia, kalitate handiko haragia da (naturala eta gustu onekoa, besteak beste), jendearentzako ezezaguna bada ere. Jendea horretaz jabetzea lortuko bagenu, txekorren haragitarako salmenta-prezioak eta horren ondorioz “errentagarritasunak” gora egingo luke.