Bizente Sarria | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Etxebarri, 1767ko urriaren 27a |
Herrialdea | Bizkaia, Euskal Herria |
Heriotza | Mission Nuestra Señora de la Soledad (en) , 1835eko maiatzaren 24a (67 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | misiolaria |
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijioa | Erromatar Eliza Katolikoa |
Erlijio-ordena | Anaia Txikien Ordena |
Bizente Frantzisko Sarria Lezama (Etxebarri, Bizkaia 1767ko urriaren 27 – Kalifornia[1], 1835eko maiatzaren 24) euskal frantziskotar eta sermolaria izan zen. Medikuntzaren arloan ere ekarpenak egin zituen eta Kaliforniako historian leku nabaria du.
Etxebarrin (Bizkaia) jaio eta herri honetako Doneztebe elizan[2] bataiatua, ama Maria Antonia herri berekoa zuen eta aita Tomas Larrabetzukoa[3].
1792an Frantziskotarren ordeneko fraide egin zen. Bilboko San Frantziskoko komentuan sekularren Filosofia eta erlijiosoen Teologia irakasle aritu zen 1794 eta 1797 artean; hor Pedro Astarloarekin batera aritu zen.
1797 eta 1800 artean Arantzazun Filosofia irakatsi zuen[4].
1804an Ameriketara joan zen misiolari; lehen Mexikon egon zen 6 bat urtez, San Fernandoko misiolarien Kolegioan. Gero Kaliforniara joan zen, San Carlos eta Soledad misioetara; orduan bi lurraldeak Espainia Berria erregeorderrian zeuden. Kaliforniako historiako hamarkada gako horietan ekimen nabari batzuen protagonista izan zen:
Azken egoera honek bultzatu zuen bururik gabe geratu zen Nuestra Señora de la Soledad[8] Salinas haraneko misioaren lidertza hartzen, inork ez baitzuen ardura hori hartu nahi; Soledad euskaldun misiolarien erreferenteetakoa zen: Fermín Lasuen gasteiztarrak sortu zuen 1791n eta bertan lurperatu zuten 1814an José Joaquín Arrillaga gipuzkoarra, orduko Kaliforniako gobernadorea zena[9]. Bakarrik egonik ere bere lanarekin segitu zuen; 1835eko maiatzean hilik aurkitu zuten aldarearen ondoan, gorpua oso argal eta narriatua. Bertako bere azken jarraitzaileek hartu zuten eta San Antonio de Padua[10] misiora eraman zuen; hortxe lurperatu zuten.
Sermoiak dira Sarriak gehien idatzi zituena; Euskal Herritik Ameriketara eramandakoak dira, gehienak 1796 eta 1802 artean idatzitakoak[11] eta orain dela urte gutxi azaleratutakoak. Jon Bilbao ikertzaile ezagunak ohartuta, Xabier Altzibar EHUko irakasleak eman zuen egile honen lehen berria eta 1993an Frantzisko Abrisketari omenaldia liburuan etxebarritarrari buruzko artikulua argitaratu zuen. Labayru Ikastegiak izkribuen kopia bat eskatu zion Kaliforniako Berkeleyko Bancroft Liburutegiari eta testuak aztertzen hasi ziren. Horren emaitza da 2009an argitaratutako liburua. Aipatu unibertsitatean daude izkribu guztiak, Sacramentoko California State Universityn dagoen bat izan ezik.
Sermoiak 39 dira; euskaraz 33 (bizkaieraz 32, gipuzkeraz 1) eta gaztelaniaz 6. Bakan batzuetan baino ez da adierazten predikazio-lekua: Etxebarri, Mungia, Otxandio, Fika. Sarriaren obra interesekoa da garai eta leku horretako euskara idatzia ezagutzeko. Nerbioi ibarreko euskararen testigantza garrantzitsua da eta bizkaieraren tradizio klasikoan koka daiteke, Mogel, Añibarro eta abarrekin batera.
Medikuntzaren alorrean ere idatzi zuen; 1830ean zesartar ebakia erditzeko metodoaz idazkia egin zuen[12]. Medikuntzan Kalifornian bizi izan den batek egindako lehen ekarpen dokumentatutzat jotzen da.
Sarriaren jaioterriko udalak bere sermoiak biltzen dituen liburuaren argitalpenean esku hartu zuen. Liburu hori herriaren 5. mendeurrenaren ospakizunaren barruan kokatu zen[13].
Beste aldetik, Etxebarrin ikastola bat eraikitzeko proposamena luzatu duen elkarteak "Bizente Sarria" izena aukeratu zuen.