Juan Palafox Mendoza (Fitero, 1600eko ekainaren 26a - Osma, 1659ko urriaren 1a) nafar elizgizon eta politikaria izan zen. Tlaxcalako apezpikua izan zen 1640-1653 bitartean, eta Osmakoa 1653tik hil zen arte; 1642ko ekainetik azarora, Espainia Berriko erregeordea izan zen. 2011ko ekainaren 5ean dohatsu izendatu zuen Vatikano Hirian Benedikto XVI.a aita santuak.
Alcala, Salamanca eta Sigüenzako unibertsitateetan egin zituen ikasketak; latina, grekoa, hebreera, italiera eta frantsesa ongi ezagutzen zituen. Apaiz eginik, Europako hainbat herrialdetan bizi izan zen. 1626an Tarazonako katedraleko kalonje-diruzain izendatu zuten; Indietako Kontseiluko fiskal izatea zuen lanbide nagusia.
1639an, Tlaxcalako apezpiku izendatu zuten, non 1642an Espainia Berriko erregeorde, Mexikoko artzapezpiku eta kapitain nagusi izan zen alditxo batez. Jesusen Lagundiarekin izandako liskarren ondorioz, Iberiar penintsulara bidali zuten, non Osmako gotzaina izan zen. Azken urteetan erlijio gaietako zenbait liburu idatzi zituen.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Juan Palafox |