Marius Jacob | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Marseilla, 1879ko irailaren 29a |
Herrialdea | Frantzia |
Heriotza | Reuilly, 1954ko abuztuaren 28a (74 urte) |
Heriotza modua | suizidioa: intoxikazioa |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | frantsesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | robber (en) , anarkista, marinela eta tipografoa |
Alexandre Marius Jacob, gaztetan Alexander Jacob gisa eta gero Marius Jacob gisa ere ezaguna (Marseilla, 1879ko irailaren 29a - Reuilly, 1954ko abuztuaren 28a) frantses anarkista ilegalista izan zen.
Alsaziar jatorrikoa, Marius Jacob Marseillako Portu Zaharreko auzoan jaio zen 1879ko irailaren 29an proletarioen ingurunean. Aitak alemaniar bihurtu berri eskualdetik ihes egin zuen eta Messageries maritimes-en sukaldari lanetan aritu zen, eta gero okin gisa. Garai hartan, Marsella azkar ari zen hazten, hiri ezaguna eta oso kosmopolita zen, baita gatazka sozial bortitzak zituena ere. Gurasoak bi logelako apartamentu batean ezarri ziren, urik edo argirik gabe, Jobin kalean, Belle de Mai auzoan. Okinak bere seme bakarra itsaso zabaleko ametsak kontatuz entretenitzen zuen. Haurtzaro lasai eta zoriontsua ukan zuen Marius Jacobek eta Jules Verneren irakurle amorratua omen zen. Jacob hamabi urterekin erroldatu zen (ikasketen ziurtagiria lortu bezain laster), mutiko edo txo gisa eta lemazain laguntzaile aritu zen Sydneyra zeraman bidaia batean, baina desertatu egin zuen bidaia hartan bertan. Gutxienez zortzi ontzitan egindako zerbitzuan, ongi ezagutu zituen ontzietako (eta, oro har, gizarteko) goiko klaseak (aberatsak eta ofizialak) eta behe klaseak (marinel arruntak, kondenatuak, baita sotoetan garraiatutako esklaboak ere). Amiensen epaiketan esan zuenez:
« | Ikusi dut mundua; ez da ederra[1]. | » |
Piraterian epe laburrez aritu zen, baina jarraitzeari uko egin zion krudelegia zela iritzi baitzion (tripulazioen sarraskiengatik), eta kabotaje saiakerak egin ondoren, 1897an Marseillara itzuli zen eta behin betiko utzi zuen itsasoko bizimodua. Sukarrak izan ziren itsasontziak uzteko arrazoi nagusia. Hala ere, ozeanografian trebatzen hasi zen itsas kapitain izateko itxaropenarekin. Tipografia ikastuna, zirkulu anarkistetara joaten hasi zen eta Rose ezagutu zuen bertan, zeinekin bizitzea erabaki baitzuen. Élisée Reclus, Piotr Kropotkin eta Malatesta anarkisten lanak irakurriz, aktibista aktibo eta gogotsu bihurtu zen.
Mende amaierako parlamentari sozialistak langile klaseko libertarioen aurka zeuden, askotan bortizki. Batetik, lehenak legalistak ziren eta hauteskundeen bidez boterea lortzen saiatzen ziren, baina anarkistek uste zuten justizia soziala ez zela negoziagarria eta indarrez hartzen dela; inola ere ez boteredun klasearekin itunak eginez. Belle Époque garaiko Europan, Parisko komunaren errepresioaren ondoren, matxinatuek ekintza bortitzetara jotzen zuten justiziaren bila, erregeak, politikariak, soldaduak, poliziak, tiranoak eta magistratuak munduko ia edozein lekutan hiltzeko. Dozenaka ekintzaile anarkista atxilotu zituzten eta hainbat gillotinatu edo urkatu zituzten. Estatuen indarrek libertarioak ehizatzen zituzten eta asko, Ravachol bezala, burua moztera kondenatzen zituzten. Hala ere, eta bortizkeria gorabehera, jende xeheak anarkista haien ekintzak txalotu ohi zituen.
Lehergailuen eta lapurreta txiki batzuen kasuagatik, Jacobek sei hilabeteko kartzela zigorra jaso zuen eta poliziaren artxiboetan sartu zen. Horrek bere integrazioa oso zaila egin zuen: Jacobek lana aurkitzen zuen bakoitzean, poliziek Jacob kaleratzera behartzen baitzuten enplegatzailea. Orduan aukeratuko zuen "ilegalismo bakezalea". Anarkismoaren teoriaren jarraitzailea izateari utzi gabe, ondasunak banaka berreskuratzearen alde jo zuen. Hots, lehergailuen estrategia alde batera utzi eta lapur bihurtu zen.
1899ko martxoaren 31n, kide batzuekin polizia mozorrotu eta komisionario bati 400.000 franko ebatsi zizkioten, Marseillako Mont-de-Piétén. Kasua egunkarietan agertu zen eta algara iturri izan zen Frantzian[2].
Marius Jacob Toulonen atxilotu zuten 1899ko uztailaren 3an. Bost urteko kartzela zigorra ekiditeko, zoro itxurak egin zituen: jesulagunek eraso egiten zioten haluzinazioak zituela adierazi zuen. Erietxean sartu zuten baina 1900eko apirilaren 19an Aix-en-Provence asiloko erizain baten laguntzaz ihes egin zuen, eta Sète-n errefuxiatu zen. Georges Sorel anarkistarekin batera Montpellierreko République kaleko 18. zenbakian kokatu zen, eta Rouse Roux neska-lagunaren izena hartu zuen burdindegia kudeatzen hasi zen. Horrela, susmorik erakarri gabe, sarrailen mekanismoak aztertzeko eta hauek irekitzen trebatzeko baliabideak bildu zituen, eta lan horretan aditu bihurtu zen (bizitza guztian zehar hainbat arlo aztertu zituen bere kabuz, askotan aditu bihurtu arte[3]). Garai hartan antolatu zuen bere taldea, Travalleurs de la Nuit izenekoa ("Gaueko langileak"). Honako oinarriak zituen: Lehenik, kosta ahala kosta odola isurtzea ekiditea, haien bizitza eta askatasuna babesteko ez bazen, eta kasu horretan poliziak soilik erasotzea. Bigarrenik, bidegabeko gizartearen defendatzaileei soilik ebastea (enpresariak, epaileak, soldaduak, elizgizonak), eta sekula ez lanbide baliagarrietan aritzen zirenei (arkitektoak, medikuak, artistak, irakasleak, etab.). Lapurtutako diruaren ehuneko jakin bat kausa anarkistari eta premia duten kideei ematen zitzaien, eta horrek, jakina, hainbat arazo sortu zizkien. Anarkista idealistekin lan egitea saihesten zuten (taldekideen ustez, anarkista haiek erreakzionarioegiak omen ziren, eta ez oso pragmatikoak) eta klase apaleko jendearekin elkartzen ziren.
Marius Jacobek asmamen handia erakutsi zuen legez kanpoko jarduera haietan. Esaterako, lapurtzeko asmoa duen jendea etxean zegoen ikusteko, paper zatiak itsasten zituen ateetan eta biharamunean itzultzen zen erori ziren ikustera. Ezkutuko nortasunak, mozorroak eta izenorde ugari erabiltzen zituen. Lapurreta metodo ezagunenetako batean aterkia erabiltzen zuen erreminta gisa[4] .
Umoretsua zen, haren txartel ugaritan Atila izenaz sinatzen baitzuen, batzuetan honakoa gehituz: "Lapurren Jainko, atzeman itzazu besteei lapurretan egin dietenen lapurrak" (Rouen, Saint-Sever eliza, 1901eko otsailaren 14a). Dotorezia ere ageri zuen, honako pasartean ikusten denez: Julien Viaud fragata kapitainari lapurreta egiteko asmoz etxe batean sartu zen, baina etxearen jabea Pierre Loti zela ohartu zen, idazlea. Lapurreta egin ordez, honakoa zioen ohar bat utzi zuen: "Zure etxean akatsen batengatik sartu naiz, baina ezin izan diot ezer hartu bere lumaren bidez bizi denari. Lan guztiek merezi dute soldata. Atila. - PS: Hamar franko uzten ditut, hautsitako leihoa konpontzeko"[5][6]. Euskal Herriari estimu handia zion Pierre Lotik. Lotiren eleberriak urrutiko herrialde eta lurraldeei buruzkoa izan ziren, baina Ramuntcho (euskaraz: «Erramuntxo») eleberriarekin ohitura horrekin apurtu zuen. Bertan, Ipar Euskal Herriko ohitura eta usadioen goraipamena egiten zuen.
Kalkuluen arabera, bi eta lau laguneko taldeekin, 1900 eta 1903 urteen artean 150-500 lapurreta artean egin zituen Parisen, probintzietan ("Deszentralizazioa egiten ari nintzen"), eta baita atzerrian ere (Espainian Donejakueren urrezko estatua lapurtzeko asmoa zuen Konpostelan, Italian, Belgikan eta Magreben ere ikusi zuten). Lapurretaren praktika sistematikoa eta antolatua garatu zuen, artisau jarduera izatetik maila industrialera eraman zuelarik. Amiens auzitegiko presidenteari azaldu zion "kapitalaren mugimendua" bideratzen zuela. Horrez gain, birziklatze sistema bat garatzen aritu zen hainbat metalurgiarekin batera. Eta batez ere, lapurreta arma politiko bihurtu zuen. Bizitzeko behar zuena baizik ez zuen gordetzen, bazkari arruntak egiten zituen eta lapurreten soberakinak prentsa libertarioari eta mugimendu anarkistei bideratzen zizkien. Baina antolatzaile ona bazen ere, lider kaskarra zen, horretarako boterearekiko gustua falta omen zitzaion eta.
1903ko apirilaren 21an Abbevillen burutu nahi zuten operazio bat gaizki atera zen: polizia bat hil eta beste bat zauritu ondoren ihes egin behar izan zuten Jacob eta bere bi kidek. Hala ere, atzeman eta apirilaren 22an atxilotu zituzten[7]. Banda desegin zen eta Amiensen epaitu zituzten, 156 lapurretagatik. Jendearen protestak eta epaiketaren oihartzuna tarteko, Jacobek haren ideiak adierazteko erabili zuen epaiketa, hitzartze suharrak eta salaketa soziala eginez. Heriotzarik ezin izan zioten leporatu, eta gillotinan hiltzetik libratu zen.
Zigor kolonian bizi itxaropena bost urtekoa zen eta presoak ia inoiz ez ziren bertatik itzultzen "bikoizketa" zela eta (presoak bost-zazpi urteko behartutako lanetara kondenatzen zituztenean, zigor hau amaituta, urte kopuru bera egon behar ziren Guyanan, eta zazpi urte baino gehiago kondenatzen bazituzten, betiko geratu behar ziren bertan). Hala ere, Jacobek gutun-trukea mantendu zuen bere ama Marierekin, kodeturik. Deportatu gehienek ez bezala, uko egin zien edanari, jokoari edo harreman sexualei. Hemezortzi aldiz saiatu zen ihes egiten, eta gogoa ez endekatzeko eta bere buruari zein kideei laguntzeko, zuzenbidea ikasi zuen. Osasuna eta indarra, hala ere, nabarmen apaldu zitzaizkion garai hartan. Aldiz, gogotik irakurri zuen. Albert Londresekin luze hitz egin zuen eta Louis Rousseau doktoreari kartzelako izugarrikeriak salatzen lagundu zion.
Hainbat metodoren bidez saiatu zen ihes egiten: sardina lata batean ezkutaturik errebolber bat eskuratu zuen, zaintzaileei armak ebasten saiatu zen, etxola bat desegin eta baltsa bat eraikitzeko lanak ere hartu zituen, itxurazko heriotza eragiten zuten botikak hartu zituen hildakotzat jo zezaten... Guztira, preso egon zen 18 urteetatik 11 urte pasa zituen ziegan.
Frantziara itzuli zen Albert Londresek abiatutako zigor koloniaren aurkako kanpainaren ostean, azkenean 1927an askatu baitzuten. Askatasuna lortu zuelarik, Printemps dendetan lan egin zuen eta gero Loira ibarreko eta Touraineko merkatari ibiltari bihurtu zen. Reuillyra jo zuen ondoren, bere amarekin eta garai hartan bizikide zuen Pauletterekin[8] (Jacoben aurreko harremana, Rose, Jacob Cayennen zen bitartean hil zen).
1929an Louis Lecoinek zuzendutako Le Libertaire egunkariaren bulegoetan aurkeztu zuen bere burua Jacobek. Bi gizonek antza zuten eta lagun bihurtu ziren. Jacobek bere jardueren mozkinak propagandan inbertitzen zituen. Kontzientzia-eragozleen aldeko eta Sacco eta Vanzettiren defentsarako borrokaren ostean, libertarioek beren laguntza eman zuten Espainiak agindutako Durrutiren estradizioa ekiditeko (heriotza zigorra ezarria baitzioten).
1936an Bartzelonara joan zen, antza denez Espainiako Lan Konfederazio Nazionalerako (CNT) baliagarria izateko asmoz, baina itxaropenik ez zuela konturatuta, Frantziako erdialdeko merkatuetara itzuli zen eta 1939an Reuillyn etxe bat erosi zuen, "Inoiz ezer gertatzen ez den herrialdean" [9]. Han ezkondu zen 1939an. Badirudi oroitzapen ona utzi ziela herriko biztanleei: bere etxea eta bere hilobia bisiten helmugetako bat dira herrian[10]. 2004ko urrian, kale batek haren izena hartu zuen[11][12].
Nazien okupazio garaian erresistentziarekin bat egin ez bazuen ere (sare anarkista gutxi zegoen, nahiz eta askapen mugimenduan libertario batzuek, batez ere espainiarrek, parte hartu zuten), alderdikideek bazekiten Jacoben etxean aterpea aurki zezaketela. Bere ama (1941an) eta emaztea (1947an, minbiziagatik) hil ondoren, lagunez inguratuta zahartu zen (Pierre-Valentin Berthier idazle anarkista eta bere emaztea, Jean Maitron langile mugimenduaren hiztegi biografikoa idazkiaren egilea, R. Treno, Canard enchaîné- ko zuzendaria, eta beste hainbat). Kemenik ez zuen sekula galdu, eta haren balore, iritzi eta askatasunari eutsi zien, baita probokaziotzat hartzein zituenei erantzun ere (bere txakurraren gaineko zerga ordaindu behar zuela adierazi ziotenean, hautesle txartela eskatu zuen Jacobek zakurrarentzat, "... inoiz ez baitu gezurrik esan, inoiz ez baita mozkortu. Zuetako batek ere ezin du gauza bera esan"[13]).
1953an, irakasle gazte pare bat ezagutu zuen, Robert eta Josette. Bi gizonen arteko adiskidetasun sakona sortu zen orduan, baina Josetterekiko sentitzen zuen maitasunak gogor astindu zuen Jacob.
1954ko abuztuaren 28an komunako bederatzi haur pobrerentzako askaria antolatu zuen[2]. Gero, autoz etxera eraman zituen haurrak. Bertan bere burua pozoitu zuen; morfina injekzio bat ezarri zion bere buruari eta beste horrenbeste egin zuen Negro zakur zaharrarekin. Ondoren, ikatz sutegia piztu, kearen bidea moztu eta azken agur gisako hitzak idatzi zituen: "[…] oihalak, garbitu eta lehortu ditut baina ez ditut lisatu. Nagia daukat. Barkatu. Bi litro ardo gorri aurkituko dituzue ogitegiaren ondoan. Osasuna zuei."
Reuillyko (Indre) hilerrian lurperatuta dago.