Nestor Basterretxea | |
---|---|
(2010) | |
Bizitza | |
Jaiotza | Bermeo, 1924ko maiatzaren 6a |
Herrialdea | Bizkaia, Euskal Herria |
Heriotza | Hondarribia, 2014ko uztailaren 12a (90 urte) |
Familia | |
Aita | Francisco Basterretxea |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | margolaria, eskultorea, film-zuzendaria eta gidoilaria |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Jasotako sariak | ikusi
|
Kidetza | San Fernandoko Arte Ederren Errege Akademia Euskalerriaren Adiskideen Elkartea |
Sinesmenak eta ideologia | |
Alderdi politikoa | Eusko Alkartasuna |
Nestor Basterretxea Artzadun (Bermeo, Bizkaia, 1924ko maiatzaren 6a - Hondarribia, Gipuzkoa, 2014ko uztailaren 12a[1]) euskal eskultore, margolari eta zinemagilea izan zen.
Francisco Basterretxea Zaldibarren eta Fernanda Artzadunen semea zen. Sorterrian pasa zituen lehenengo urteak. 1936an, Espainiako Gerra Zibila zela eta, Ipar Euskal Herrira lehen eta Frantziara ondoren, familiarekin erbesteratuta joan zen, eta Donibane Lohizunen, Parisen, Berck Plagen eta Aix-en-Provencen bizi izan zen bost urtez.[2] 1941ean, Bigarren Mundu Gerrak sorturiko egoera ezin eramanik, beste bizileku batera joan behar izan zuen familiak; Marseillatik Alsina ontzian abiaturik, Atlantikoz bestaldera joan, Argentinara hain zuzen ere, eta Buenos Airesen finkatu zen.
Buenos Airesen Emilio Pettoruti pintorearekin hezi zen eta bere lehenengo lanak publizitatean egin zituen. Lehen aldiko lanetan José Clemente Orozco mexikar muralistaren eragin sakona agerikoa du. Argentinan eta Uruguaien talde erakusketetan esku hartu zuen. Halaber, pintore gazteentzako Altamira beka ospetsua lortu zuen lehiaketa bidez, baita Premio Unico a Extranjeros delakoa ere 1949an. Aparejadore ikasketak bukatu bezain laster, 1951. urtean Maria Isabel Irurzun Urkia argentinarrarekin ezkondu zen, eta Espainiara joan ziren eztei bidaian. Madrilen zeudela, eta Jorge Oteizak bultzatuta, Arantzazuko basilikako kriptako horma irudiak egiteko lehiaketara aurkeztu eta irabazi egin zuen. Lan honen erdia ia egina zuelarik, eliz hierarkiak lan osoa geldiarazi zuen, Vaticanok berak antolaturiko batzordeak Basterretxeak erabilitako molde plastikoak desegokitzat hartu baitzituen. Lan berean eskulturak bere gain zituen Jorge Oteizarekin Madrila abiatu zen, eta arkitekto zenbaitekin aritu zen lanean.
1950eko hamarkadatik aurrera abangoardiako erakusketetan esku hartu zuen Europako eta Ameriketako hainbat hiritan: Veneziako eta Sao Pauloko bi urtez behingo erakustaldiak, Madrilgo Arte Ederretako erakusketa (1954), Bartzelonako III Bienal Hispanoamericana (1955), etab. 1957an, Juan Cuenca eta Agustin Ibarrola margolariekin batera, Equipo 57 deituriko arte esperimentaleko taldearen sorreran esku hartu zuen. 1958. urtean Irunera bizitzera joan eta, pintura baztertu gabe, eskulturaren eremua ikertzen hasi zen, espazioa bere lanean txertatu nahirik, margolanean halakorik egitea ezinezkoa baitzitzaion. Hasiera batean, altzairua, beruna eta zura landu zituen behe-erliebe konstruktibistetan (Gaua, Airetiko Ibilbidea, Kantauri Itsasoa...). Ondoko aldian espazio irekietan lan egin zuen: Iztuetari kantua, Pío Barojaren Oroimenez (Donostia), Iturria (Irun).
1950eko hamarkadaren amaieran, diseinu industrialaren ere barneratu zen Basterretxea. H Muebles Madrilgo enpresarentzako altzariak eta, Irunen kokatu zenean, Biok etxea sortu zuen Irunen beste zenbait bazkiderekin batera, eta hainbat prototipo eta altzari moderno lantzen zituen etxe harentzat, esate baterako 1961eko Xakea, 1967ko Bermeo idazmahaia, eta Kurpilla saileko aulkiak edo Sua argimutilak, 1968koak. 2024ko Bilboko Arte Ederretako Museoko erakusketa espezifiko batean bildu eta aztertu ziren lan horietarik asko.[3]
1960ko-1970eko urteen hasieran egun euskal artean entzute handikoak diren Txillida, Oteiza, Mendiburu, Ruiz Balerdi, Sistiaga, Zumeta, Amable Arias eta Basterretxea bildu ziren Gaur taldean. 1962an Espainiako estatuko abangoardiako artearen agergarri izan zen Erakusketa Ibiltariaren partaide izateko aukeratu zuten Basterretxea, eta haren lana Holandan, Alemanian, Austrian, Argentinan eta Brasilen aurkeztu zen.
Basterretxeak ahalbide eta teknika guztiak ikertu eta erabili zituen estetikaren hainbat alorretan, hala nola, pintura, eskultura, zinema, argazkigintza, industria marrazkia, arkitektura, eta abarretan. Zinemaren alorrean, hain zuzen ere, Fernando Larrukertekin 1964tik aurrera bi dokumental, Pelotari eta Alquézar, egin zituen. Gero, bi urte eta erdiko lanaren ondoren, Oteizarekin batera, Ama Lur filma aurkeztu zuen 1968ko Donostiako Zinemaldian, arrakasta handia izan zuena. Industria diseinuan ere aritu zen, batik bat, altzairuaren arloan. Arkitekturan eta literaturan ere lan batzuk jorratu zituen.
1970ean Euskal Pintura eta Eskulturaren Erakusketan esku hartu zuen Mexikon. 1971n Donostiako bi urtez behingo II. Sariketan lehen saria irabazi zuen. 1972an Hondarribiko Idurmendieta baserrira joan zen bizitzera. Euskal Kosmogonia Saila deiturikoa da agian Basterretxearen lanetan handinahi nabarmenekoena. Konstruktibismoa eta espresionismoa biltzen dituzten hamabost zurezko eskulturak osatua da sail hau: euskal pertsonaia mitikoak, ohiturak eta indar kosmikoak irudikatzen ditu: Mari, Ilargi Amandre, Akelarre, etab. Beste bi sail ere egin ditu: Mascarones de proa (1975) eta Hilarriak (1974-75).
Eusko Jaurlaritzaren Arte Aholkularia izan zen 1980-1983 bitartean, eta azken urte horretan Gasteizko Eusko Legebiltzarrerako eskultura-sinboloa egin zuen. Garai horretan ere, behialako eliz hierarkiak jarritako trabak gainditurik, Arantzazuko lanak amaitu zituen (1982-1984). Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak Bizente Larrea eta Remigio Mendibururekin batean hautaturik, euskal eskulturaren ordezkari izan zen 1984ko Chicagoko Arte Azokan.
Lanak eta erakusketak etengabe eginez, 1988an Bakearen Usoa eskultura –poliester zuriz eginiko lau tonako lana– jarri zuen Donostiako Zurriola pasealekuan. 1993. urtean Amara auzora aldatu zuten eskultura hori. 1989an Euskal Artzainari egindako monumentua inauguratu zuen Renon (Nevada, AEB). Oñatiko Urrintxo parajerako ere egin zuen 1998an euskal artzainei eskainitako eskultura. 1999an, bestalde, Xabierko San Frantziskori eskainitako eskultura egin zuen, Tokion (Japonia) kokatzeko. Nafarroako Gobernuaren eta Tokioko udalaren ekimenez garatu zen Periplo Xavier izeneko ekimenean, aipatu eskultura ez ezik, euskal santuak Asian egin zuen bidaiari buruzko telebista saioa ere prestatu zuen Basterretxeak. Azken urteetako lanen artean, aipagarriak dira, besteak beste, Tolosako udalaren aginduz egin zuen Goldea eskultura (2000. urtean inauguratua), eta bere jaioterrirako prestatu zuen arrantzaleen omenezko eskultura. Erakusketei dagokienez, 2000. urteko Udazkenean Euskal Kosmogonia saileko hainbat eskultura aurkeztu zituen Bermeon, marrazki eta collageekin batera, 1979an han bertan egin zuen erakusketaren oroigarri.
Besteak beste, Donostiako Zinemaldiko presidentea, eta San Fernandoko Arte Ederren Errege Akademiako kidea (1991), Jueces para la Democracia elkarteko ohorezko kidea, Toledoko Seme Kutuna, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kidea (1992) eta Eusko Alkartasuneko kidea izan zen.
Basterretxea Euskal Herriko zinematografia modernoaren aitzindarietako bat da. 1963an Operacion H film laburra egin zuen, Juan Huarteren enpresen taldea sustatzeko. Frontera Films Irun ekoiztetxea sortu zuen 1964.urtean Fernando Larrukert irundarrarekin batera. Eta Pelotari (1964) (Zinemagintzarako Lehen Sari Nazionala), Alquezar eta batez ere bere lan nagusia Ama Lur (1968) (Donostiako Nazioarteko Zinemaldian Gipuzkoako Ateneo Saria) filmatu zituzten. Hispaniaurreko arteari buruzko telebistarako dokumentalak saileko argazkigintzan Vicente Iturriak hartu zuen parte.
- Margolari berrientzako "Altamira" beka lortu zuen lehiaketa bidez. - "Saski Naski" euskal ikuskizunaren eszenografia egin zuen bertan dantzari moduan parte hartuz.
2006. eta 2007. urtean Bermeoko udalari euskal kosmogonia eta beste zenbait eskulturen obra intelektuala dohaintzan eman zion.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Nestor Basterretxea |