San Theodoros

San Theodoros Hergé belgiar marrazkilariak sortutako Tintinen abenturetan agertzen den Hegoamerikako irudizko herrialde bat da, saileko zenbait komikitan agertzen dena.

Tintin eta San Theodoros

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fikzioan, San Theodoros hiriburu bezala Los Dopicos (Tapioca generalaren estatu kolpe baten ondoren Tapiocapolis eta Alkazar generalak boterea berreskuratutakoan Alcazaropolis izenak ere jaso dituen arren) duen hegoamerikar errepublika ezegonkor bat da. Bertako ibai nagusia Badurayal da, honen ertzean, herrialdearen eskualde oihantsuan, arunbaien tribua bizi delarik. Herrialdeak bere independentzia XIX. mendean lortuko du, Olivaro generalak (1805-1899) hasitako borrokaren ondoren.

Belarri Hautsia bilduman bi militarren arteko gerra agertzen da herrialdeko botere politikoagatik: Alkazar generala eta Tapioca generala. Mugakide duen Nuevo Rico herrialdearekin beste gatazka bat ere agertzen da, General American Oil petrolio enpresak bultzatua eta Gran Chapon petrolio putzuen ustezko existentziarekin lotua dagoena. Honekin, Hergék benetan Bolivia eta Paraguairen artean garai hartan gertatu zen Chacoko gerrari erreferentzia egiten zion (Nuevo Ricoren hiriburua zen Sanfanciónek antz handia du Paraguaiko hiriburua den Asunciónekin).

Tintin eta Pikaroak bilduman, Borduriako erregimen bigotistarekin dituen loturak agertzen dira, Hergék sortutako beste irudizko herrialde bat dena.

San Theodorosen kokapena Hegoamerikan dago (hala adierazten da Tintin eta Pikaroak bilduman, Bianca Castafiore Hegoamerikatik biran ari dela eta San Theodorosera Ecuador, Kolonbia eta Venezuelatik igaro ondoren iristen dela aipatzen denean, baita Haddock kapitainak Tapioca generalari telegrama bat bidaltzen dionean ere. Belarri Hautsia bildumako telebistako atalean mapa bat ikus daiteke, non San Theodoros Hegoamerikako iparmendebaldean dagoela adierazten den, Amazonasetik iparraldera eta Surinam eta Guayanatik hegoaldera (hau da, gaur egungo Brasilen zati bat hartuko lukeela). Istorio horretan bertan portua duela ikus daiteke, eta, beraz, kostaldea du, baita aireportu bat ere.

Europarrak iritsi aurreko garaian egungo San Theodorosen bertako zenbait kultura bizi ziren:

  • Paztekak: Elkartu eta Pazteka Inperioa sortu zuten herriak. Euren bizilagun etsaiak ziren arunbaia eta bibaroekiko oso aurreratuak ziren. Arkitekto eta astronomo bikainak izan ziren. Tenplu eta jauregi ugari eraiki zituzten. Nekazaritzatik bizi ziren, honetarako landaketa metodo arrakastatsuak erabili zituztelarik, baita elkartrukaketa komertzialetik ere, euren komunikabide bikainen ondorioz. Gainera, zerga handia kobratzen zieten arunbaia eta bibaroei bakearen truke.
  • Bibaroak eta arunbaiak: Pazteka Inperioarekiko oso atzeratuak zeuden tribuak. Ehiza eta fruitu bilketaren bidez bizirauten zuten. Txabola soiletan bizi ziren eta kazike baten lidertzapean zeuden.

1533ko martxoan, Herncisco Piztésen agintepean zegoen espainiar espedizio bat egungo San Theodoroseko lurraldean barneratu zen. Lehen kontaktu bat izan zuten bibaroekin, europarrak salbatzaile bezala hartu zituztenak, hauei opari ugari emanez. Bidea jarraituz, espainiarrek arunbaiekin topo egin zuten, euren lurrak konkistatzaileei pozik eman zizkietenak. Kanpaina jarraitu zuten paztekekin topo egin zuten arte. Hauek, aurrekoek ez bezala, espainiarrak beldur eta etsaitasunarekin hartu zituzten. Guzti hau gora-behera, Moctehualpa II.a Pazteka enperadore nahaspilatsuak konkistatzaileak bere hiriburuan hartu zituen, Tenuzco hiri mitiko eta ederrean. Handik egun batzutara, Piztésen gizonek enperadorea hil eta hiria arpilatu zuten. 1535ean, Cuathzcanek, Moctehualpa enperadorearen biloba zena, geratzen zen pazteka armada batu eta espainiarrak Tenuzcotik kanporatuz amaitu zen matxinada bat hasi zuen. Herncisco Piztés ozta-ozta salbatu zen. 1536an, Piztés, behin Kubako errefortzuak lortu ondoren, arunbaia eta bibaroekin militarki batu zen, eta elkarrekin Tenuzcora abiatu ziren. Orotara, 1000 europar eta 25.000 indigena arunbaia eta bibaro ziren. Tenuzcon, Cuathzcan Monte Tumako guduan aurre egitera irten zitzaien, non 50.000 gizonek ezin izan zuten ezer egin espainiarren zaldieraia boteretsua eta etengabeko artileriaren aurka. Paztekek sekulako sarraskia jasan zuten, Tenuzcoren konkistarekin amaitu zena, erraustua geratu arte suntsitua izan zena.

Behin konkista amaitu ondoren, espainiarrek lurralde horien kolonizazioa hasi zuten. Tenuzco zegoen tokitik gertu "Las Dopicoseko Andre Maria" hiria sortu zuten, 1539an. San Theodorosen kolonizazioa oso baketsua izan zen. Koloniak matea, txokolatea, urrea eta kafea bezalako lehengaiak esportatzen zituen. Bertako gizartea kolonizatzailearenarekin nahastu zen, horren ondorio bezala biztanleriaren mestizaia gertatu zelarik.

Espainiaren Napoleondar inbasioa santheodorotar abertzaleek espainiar domeinutik libratzeko probestu zuten, esportazioei eta negozioei geroz eta zerga gehiago jartzen zizkiona. 1813ko apirileko Aberri Batzarrean santheodorotar herria espainiarren domeinutik askatzeko matxinadara deitu zen. 1833ko uztailak 17an José Olivaro kreole jeneralak Quemán hiriko kuartelen altxamendua lideratu zuen, honen ondoren, armada herriz herri lideratu zuelarik herrialdearen barnetik Juan de Chania espainiar gobernariaren armadari aurre egiteko bezain indartsua zen armada bat biltzea lortu zuen arte. Monte Olindoko guduan, 1833ko abenduak 3an, Olivarok lideratutako 10.000 santheodorotar abertzaleek Espainia defendatzen zuten 7.000 soldaduak garaitu zituzten. Guduaren ondoren, de Chaniak Las Dópicos hiria abertzaleei eman zien eta errepublikaren independentzia onartu zuen, bere zerbitzuak San Theodorosi emateaz gain. Baina, 1834ko urtarrilean, José Yustia erregeordea santheodorotar lurraldean sartu zen 20.000 soldaduren buru, independentziarekin amaitzeko helburuarekin. Olivario 7.000 soldadurekin irten zitzaion Visquia lautadan. Gudua 1834ko otsailak 5ean gertatu zen. Guduak galduta zirudien kausa independentistarentzat, baina Juan de Chania beraren agindupean 5000 errefortzu abertzaleren iritsierak independistak indarberritu zituen, azkenean errealisten aurka garaipena lortuz gudu erabakigarri honetan. Yustiak soldadu gutxirekin ihes egin zuen berriz bere hirira bueltan. San Theodoros independentea zen. De Chania ohore guztiekin hartua izan zen Las Dópicosen.

Handik gutxira, De Chania eta Olivario San Theodoros errepublikako kontsul bihurtu ziren. Herrialde berriak aurrera egiten zuen bi buruzagi hauen gobernu indartsu baina herrikoipean. 1840an De Chania arrazoi naturalen ondorioz hil zen. Honekin egoera sozial eta ekonomikoak okerrera egin zuen, eta 1842an lurjabe handiak Olivarioren aurka matxinatu ziren, Europara erbesteratzea beste erremediorik izan ez zuena. 1843ko kongresuan Julio Gomia izendatu zen herrialdeko presidente bezala. Hortik aurrera, matxinada eta kargutik kentze garai bat etorri zen, San Theodoros historian zehar presidente gehien izan dituen herrialdeetako bat bihurtzen dutena.

1924an herrialdeko bi militar ospetsuren arteko lehiak hasi ziren, Alkazar generala, San Theodoroseko Alderdi Nazionaleko liderra zena, eta Tapioca generala, Alderdi Iraultzaile Popularreko liderra zena. Era berean, San Theodoros eta Nuevo Ricoren arteko lurralde gatazkak hasi ziren Chapo eskualdeagatik, eskualde honetan petrolioa aurkitu zela zioten ikerketen ondorioz. 1928an, Tapioca boterera iritsi zen. Baina, handik bi urtera, Alkazar generalak, estatu kolpe baten bidez kargutik kendu zuen eta herrialdea Nuevo Ricoren aurkako gerra baterako prestatzen du. Tintin koronelaren zuhurtasunak denbora batez gerra eragotziko zuen, baina Alkazarrek atxilotzea agindu zuen Tintini buruzko gezurrak jaso ondoren. Tintin koronelak gartzelatik ihes egitea lortzen du, baina santheodorotar armadako tanke batean ihes egitean muga zeharkatzen du eta gerra pizten duen arrazoia sortzen du. Gerrak hilabeteak irauten ditu, baina bi herrialdeetako bakar batek ere ez du beste garaitzea lortzen, eta Chapon petroliorik ez zegoela jakitean, Nuevo Rico eta San Theodoro bake adostasun batera iristen dira. Gerra amaitua, Tapiocak boterea berreskuratzen du, eta berehala gertatzen da krisi ekonomikoa herrialdean. Bi hamarkada iluntasunean egon ondoren, Alkazarrek Tapioca kargutik kentzen du, baina Borduriar gobernuaren laguntzarekin Tapioca berehala itzultzen da boterera. Alabaina, Alkazarrek, gerrila gerra baten eta estatu kolpe handi eta azkar baten ondoren, Tapioca gobernutik kanporatzen du, baina heriotz zigorretik askatzea erabakitzen du. Handik gutxira ospatu ziren herrialdeko lehen hauteskunde demokratikoak, gaur egun oparotasun eta garapen ekonomikoko garai handi batean bizi dena.

San Theodoroseko armadak 3487 koronel eta soilik 49 kabo ditu. Alvarez koronela da Estatu Buruaren zelai laguntzailea.

Erakunde nazionalak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Banku zentrala Nazioko Bankua da.

Nazioko aire konpainia SANTAERO da.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]