SantutxuBilboko auzoa da. Bilboko laugarren barrutian kokatuta dago, Begoñako barrutian, alegia. Barrutiaren gunerik populatuena da, Eustaten arabera, auzoak guztira 30.576 biztanle zeuzkan 2023. urtean[1]. Udalak dituen datuen arabera, 31.133 biztanle ziren 2021. urtean.[2] 80,68 hektareako azalera izanik, biztanle dentsitate gehienetarikoa duen Bilboko auzoa da Ametzolako auzoarekin batera.[3] Solokoetxe eta Iturralde auzoak Santutxun kontutan hartzen badira, 2018 urtean Santutxu Europako biztanleria-dentsitate handieneko inguruetako bat da.[3][4][5]
Santutxu, Paulako San Frantzisko Paulari eskainitako ermita bati zor dio bere izena (San Franco de Padua, Fika kalea, 70). Gaur egun San Frantziskito eliza dagoen lekuan 1737an eraikitako baseliza zegoen antzina, , Francisco Fernando de Barrenecheak sortuta, hango biztanleek meza entzun zezaten agindu-egunetan, Begoñako elizara joan beharrik gabe. Baseliza txiki haren barruan San Frantzisko Paularen tailu txiki-txikia zegoenez kalea hasieran eta gero auzo osoak Santutxu izena hartu zuen.
1960ko hamarkadan hasi zen auzoaren garapena, garaiko hirigintza legedia ezak eraginda, inolako ordenik gabe hazi zen auzoa. Etxebizitza dorreak bata bestearen atzean, batzuk kooperatiba moduan eraikiak, Karmelo kalekoak esaterako. Plangintza falta horrek eraginda, gune berdeak eskasak dira, Basarrateko parke txikia kenduta ez baitago beste gune berderik auzoan.
Auzoa muino batean kokatua dago, eta iparraldetik hegoalderantz altuera galtzen doa pixkanaka, gunerik altuena Zabalbide kalean dago eta baxuena Basarrate eta Sagarminagako auzunean. Auzoaren ezaugarrietako bat, maldak dira, hiriko beste alderdi askotan bezala.
2003. urtetik aurrera udalak Sagarminagako auzunearen berritzeari ekin zion. Auzune hau, inolako ordenik eta halamoduzko hiritartzearekin eraiki zen 1960ko hamarkadan. Horregatik, Bilboko udalak plaza berriak eta umeentzako jolasak jarri ditu etxebizitza blokeen artean, auzunearen berriztapena 2005. urtean burutu zen. 2006. urtean Azurlekuko auzunearen berriztapena hasi zen.
Gaztedi Dantza Taldea, Bizkaian martxan jarraitzen duen euskal dantza taldeetarik beteranoena da. 1951 urtean sortu zen. Joseba Arrieta, Aita Txanton Goiria, Josu Meabe eta Mardones izan ziren sortzaileetako batzuk.[6] Dindirri dantza taldearen laguntza teknikoa izan zuten (Txelu Etxebarria izan zen laguntzaileetako bat). Bizkaiko dantzekin hasi ziren, eta gerora gainerako lurraldeetara jo zuten, han-hemengo dantzak ikastera.[7]
Asapala Kultur Elkartea. 1993an sortua, urte askoan Santutxuko Euskal Txokoa izenarekin funtzionatu zuen, baina 1999tik aurrera berriro hasi zen elkartearen jatorrizko izena erabiltzen.
Santutxuko Familia Elkartea. 1967an sortu zuten hainbat auzokiren artean (Javi Perez, Javi Magaña, Alberto Salvador…) hirigintza duina herritarren mobilizazioen bidez lortzeko asmoz: espaloiak eta kaleen asfaltatua lortzeko, kiroldegi egokiak eraikitzeko...
Uriola.eus Bilboko auzoetako euskarazko komunikabide digitala da. Tokiko albisteak eskaintzen ditu euskaraz eta, gainera, euskaldunon eta herri mugimenduko eragileon topaleku birtuala ere bada, albisteak eta agenda trukatzeko lekua.
Sortu berriak ziren ikastoletan material pedagogiko gutxi zegoenez, Jose Ramon Etxebarriak eta Kepa Martinez de Lagos-ekIker Taldea Iker taldea antolatu zuten testu-liburuak idazteko. Sortutako liburuen artean SAIOKA saila eta Oinarrizko Hezkuntzarako zortzi mailetarako material pedagogikoa egon ziren. Ikastolen federazioetarako testugintza proiektu bat prestatu zuen Natxo Arregik. Ikasturte guztietarako eta programa ofiziala betetzeko moduko liburuak ziren, eta euskara batuan, noski. Erabat berritzailea zen hori. Natxo Arregiren ideia izan zen hori, pedagogia arloko ezagutza handia zuelako. Freinet, Freire, Piaget... teknika guztiak ikasi zituzten, eta berea izan zen proiektuen metodologia aplikatzearen ideia. Orain modan dagoen horixe bera, proiektuka ikastearena. Oso goi mailako irakasleak eta jende ezaguna aritu zen horretan: Iñaki Antiguedad, Arantxa Garmendia, Iñaki Zarraoa, Josune Ariztondo, Xabier Kintana, Imanol Añon, Kepa Martinez, Karmele Baelo... [24]
Euskara modu komunikatiboan eta praktikoan irakasteko Euskalduntzen eta Alfabetatzen liburuak Santutxun sortu ziren. Ordura arte erabili zen "Euskara ire laguna" liburua agortu zenean, euskara batu berri hura ikasteko metodologia berritzaile bat sortu zuten. Modu autodidaktan, talde-lanean, eta Imanol Berriatuaren gidaritzapean asmatu zuten metodoak arrakasta lortu zuen gero, eta hainbat gau-eskoletan erabili izan zen hainbat urtez.
Ordura arte erabili zen "Euskara ire laguna" liburua agortu zenean, euskara batu berri hura ikasteko metodologia berritzaile bat sortu zuten. Irakasteko metodoaren aldeko ideiaren sorrera 1970ekoa da, Dimako bilera batean. 1973an Euskalduntzen metodoaren hiru liburukiak jaio ziren eta 1975ean argitaratu zuten Alfabetatzen metodoa. Modu autodidaktan, talde-lanean, eta Imanol Berriatuaren gidaritzapean asmatu zuten metodoak arrakasta lortu zuen gero, eta Euskal Herrik osoko hainbat gau-eskolatan erabili zen hamarkada horretan, 100.000 ale saldu zituzten. Talde sortzaile haren kideak izan ziren Xabier Kintana, Rikardo Badiola, Jon Aurre, Juan Luis Goikoetxea eta Juanjo Zearreta.[26][27]
Euskara batuaren aroan aldizkarien artean aitzindari izan zen Anaitasuna aldizkaria Zabalbide kaleko 68an izan zuen egoitza 1983ra arte, Orain Zabalbideko Metro-irteera dagoen tokitik gertu. Aldizkariaren erredakzioa eta diseinua bertatik kudeatzen zituzten.[30][29]
Geroago unibertsitateko hainbat eta hainbat liburu idatzi dituen Jose Ramon Etxebarria irakasleak Anaitasuna aldizkarian hasi zen idazten 1971ean. Orduan oso gai aurreratua zen erlatibitatearen teoriari buruz argitaratu ziren euskarazko lehen testuak aldizkari hartan plazaratu ziren. Geroago dibulgazio zientifikoari buruzko beste gai orokorrak ere azalduko ziren aldizkarian.
Lur Mallea zuzendari zuela, 2018ko urtarrilaren 17an 215. eta azken alea kaleratu zuen.[38][39] Hala eta guztiz, Interneten mantentzen da Bilboko euskal komunikabideak batzen dituen uriola.eus ekimenaren barruan. 20 urteko uzta horretan bereziki interesgarriak izan ziren Mahatserriko protagonistekin izandako elkarrizketak; Mahatserrian bizi diren ia 100.000 biztanleentzat pertsona garrantzitsuak diren horiek oso gutxitan azaltzen baitziren gainontzeko komunikabideetan. Historiari buruzko artikuluen bilduma Begoñako Errepublikaren historiaren erreferentzia nagusietako bat da gaur egun. Orokorrean aldizkariak Mahatserriko bizitzaren eta aktibitatearen isla jaso zuen urte guzti horietan.
Bilboko metroak bi geltoki ditu auzoan, Santutxu eta Basarrate. Santutxuko geltokiak bi sarrera dauzka, bata Karmelo kalean eta bestea Zabalbiden. Igogailua ere Zabalbide kalean dago. Basarrateko geltokiak sarrera bakarra dauka, izen bereko parkearen ondoan.