Kolari | ||
---|---|---|
| ||
Berezko izena | Kolarin kunta | |
Herrialdea Eskualdea Azpieskualdea |
Finlandia Lappiko eskualdea Tunturi Lappiko azpieskualdea | |
Alkatea | Antti Määttä | |
Sorrera | 1867 | |
| ||
Koordenatuak | 67°19′50″N 23°46′40″E / 67.33056°N 23.77778°E | |
Azalera - Ur-azalera |
2.617,90 km²[1] 58,71 km² (%2,2) | |
Biztanleria Dentsitatea Lehen hizkuntza - Finlandiera - Suediera - Besteak |
3.797 (2017.08.31)[2] 1,48 bizt/km² (2016)[2] % 97,9 (ofiziala) % 0,7 % 1,4 | |
Webgune ofiziala |
Kolari Finlandiako iparrean dagoen Lappi eskualdeko udalerri bat da. Muonionjoki eta Tornionjoki ibaiek sortzen duten mendebaldeko mugan dago, Torne ibarra suediar eta finlandiar aldeetan banatzen den lekuan. Bizilagunak, Muonio eta Kittilä ipar eta ipar-ekialdean, Rovaniemi hiriburua hego-ekialdean, Pello hegoaldean eta suediar Pajala udalerria dira. Ylläs muinoko eski-estazioari esker, ia Iparraldea bezain handia den udalerri honek, biztanleria mantentzea lortu duen Lappiko udalerri bakarrenetakoa da; izan ere, Levi eta Ruka ondoren, Lappiko eski-azpiegitura natural handienak dituen muinoa da Ylläs. Azken urteotan, Kolariko motore ekonomikoa bihurtu da erabat eta azpiegitura hauek erakartzen dituzten elur-zaleek udalerriaren biztanleria bikoizten, hirukoizten eta laukoizten dute sasoiaren arabera. Kolariar guztien heren bat Kolarin kirkonkylä (Kolariko elizatea) deitzen den erdigunean bizi da, guztira, 1.400. Bestalde, aipatzekoak dira Ylläs ondoan dauden Äkäslompolo eta Ylläsjärvi herri oparoak eta ia bostehun biztanle dituen Sieppijärvi [3].
Kolariko geltokia, Finlandian iparren dagoen geltokia da, izan ere, trenbidearen azken geltokia herri nagusian dago. Aireporturik ez dagoenez, herritarrek trenbideari esker, herrialde osotik bidaiatzeko aukera dute eta gainera, geltoki hau, Ylläs muinoko eski-estazioaren atea da.
Udalerri honek, Enontekiö, Kittilä eta Muoniorekin batera, Lappin babestuta dagoen eremu garrantzitsuenetako bat osatzen du, Pallas-Yllästunturi Parke Nazionala. Baso eta zingiraz beteriko paisaia muinotsua da eta oso babestu eta zaindua dagoenez, ibilaldiak egiteko aprobetxatu ohi dute bertara iristen diren bisitariek [4].
Lappi eskualdearen mendebaldean dago Kolari, Suediarekin ekialdean muga egiten duten Muonio eta Torne ibaien ertzean. Bizilagunak Muonio eta Kittilä ipar eta ipar-ekialdean, Rovaniemi hiriburua hego-ekialdean, Pello hegoaldean eta suediar Pajala udalerria dira. Nahiz eta Kolari Torne ibarrean dagoen, ingurunea mendi gehien dauden Finlandiako eremuetako bat da (ikus, "Tunturi"); ezagunena udalerriko mendi garaiena den Ylläs da, eski-pista ospetsuak dituena. Udalerria Tunturi Lappi izeneko azpieskualdean dago eta, guztira, 2.617,63 km²-ko azalera dauka, ia Araba herrialdea bezain handia. Bestetik, klima nagusia azpiartikoa da; dena den, 500-600 metro goitiko eremuetan klima polarra gailentzen da. Hala, klima mota desberdinek baldintzatuta, hazten diren landare-motak anitzak dira: lautada eta mendi magaletan taiga edo baso boreala da nagusi eta zuhaizti ohikoenak haltzadiak, izeidi gorriak, makaldiak, pinudiak, sahastiak eta urkidiak dira; mendi gailur ingurunetan, ordea, Finlandiako zuhaitzik gabeko tundra eremu bakanak daude. Azkenik, aipatzekoak dira landare-espezie desberdinak dauden inguru zingiratsu eta paduratsuak[5][6].
Kolari zirkulu polar artikoa paraleloaren gainean dagoenez -100 bat km iparrera-, gauerdiko eguzki, gau zuri eta gau polar fenomenoak urtero izaten dira. Lehenengo bietan eguzkia edo eguzkiaren argitasuna udalerriko zeruaren jabe izaten da ekainaren hasieratik uztailaren erdialdera; gau polarraren garaia edota iluntasuna nagusitzen den garaia, aldiz, abenduan izaten da. Klima nagusia azpiartikoa denez, tenperatura nahiko leunak izaten dira udaran, baina neguak hotzak eta luzeak dira. Orokorrean, elurrak udalerriko lurzorua estaltzen du urritik maiatza bitartean, gutxi gorabehera, 185 bat egunez; eta izotzak ere aintzira eta ibaien gaina hartzen du beste horrenbeste egunetan. Kolarin, Enontekiöko Kilpisjärvi eta Inariko Laanila herrietan bezala, herrialdeko meteorologia aztertzeko zentro garrantzitsua dago. Samiek antzinean eta gaur egun oraindik ere erabiltzen duten egutegiaren arabera, Lappiko eta udalerriko klima ulertzeko lagungarri diren zortzi garai bereizten dira: Giđđadálvi (udaberri-negua), Giđđa (udaberria), Giđđageassi (udaberri-uda), Geassi (uda), Čakčageassi (udazken-uda), Čakča (udazkena), Čakčadálvi (udazken-negua) eta Dálvi (negua). Ipar argiak, azkenik, nahiko ohikoak izaten dira neguko gau ilun eta oskarbietan; irail eta martxo bitartean lau gautatik hirutan izaten den fenomenoa da, urrian eta martxoan bereziki[7][8][9][10].
Kolari osatzen duten herriguneak eremu lauan daude, Muonio eta Torne ibaiek sortzen duten ibarrean sakabanatuta. Hala ere, nahiz eta biztanle gehien dituzten herriak ibai honen ekialdeko bazterrean egon, Kolari mendi gehien dauden herrialdeko udalerrietako bat da; hala nola, nabarmentzekoa da garaiena den eta Muonioko Pallas mendiarekin batera Pallas-Yllästunturiko Parke Nazionalaren ikur nagusia den Ylläs. Guztira, 719 metroko garaiera duen mendi honetan dago Finlandiako eski estazio natural handienetakoa, urtero milaka elurzale erakartzen dituena. Beste mendi ezagun batzuen artean, azpimarratzekoak dira Kesänki, Lainio, Kuer, Kellostapuoli eta Pyhä ere. Azkenik, aipamen berezia du Pirunkuru arroilak, Auttijoki eta Kevokoekin batera, Lappiko arroila ospetsuena dena[6][7][11].
Herrialdeko gainontzeko udalerriekin alderatuz gero, ez dago aintzira asko Kolarin; hala ere, guztira, 149 bat dira. Horietatik ezagunenak udalerriaren hegoaldean dauden Pasmajärvi eta Aalisjärvi dira; lehenengoak, 8,37 km²-ko azalera du eta Tunturi Lappiko zazpigarren aintzira handiena da. Aintzirekin batera, urmael, ibai eta gainontzeko ubideek udalerriaren ur-eremua osatzen dute, Kolariren azalera osoaren %2,2 baino ez dena, 58,96 km² (Finlandiako batez bestekoa %10,2 da). Beraz, ur-azalera txikiena duen herrialdeko udalerrietako bat da[12].
Ibaiek, bestalde, kolariarren bizimodua baldintzatu izan dute betidanik; Suediarekin muga egiten duten Muonionjoki (Muonio ibaia) eta Tornionjoki (Torne ibaia), esaterako, Finlandiako ibai emaritsu eta oparoenetakoak dira. Bertan, izokinak eta hegoaldeko ur-lasterrak dira nagusi, urtero hamaika arrantzale, piraguista eta, orokorrean, arrisku-zale ugari erakartzen dituztenak. Ibai horiek eta senideek, urteen poderioz, Torne ibarra sortu zuten, Finlandia eta Suediaren arteko muga markatzen duen ibar ospetsua. Ibar hau iparraldeko lurraldeetako sarbide nagusia izan da urte askotan, eta bertako herritarrei izaera propioa eman die[13].
Ondorengoa da Kolariko babestutako eremu bakarra:
Faunari dagokienez, animalia artiko espezie gutxi batzuk eta uda partean iristen diren hegaztiez gain, ez dago animalia mota asko klima hotza dela-eta. Hain zuzen, uda partean iritsi eta zingiretako intsektuei esker bizirautea lortzen duten hegazti-motek osatzen dute talde ugariena; hala nola, aliota txikiak, arrano beltza eta belatz txikia motako harrapariak, luma dotoreko borrokalariak, elur-berdantzak, hontz gabiraiak, ipar-berdantzak, ipurzuri arruntak, istingor arruntak, kuliska pikartak, kurlinta bekaindunak, larre-buztanikarak, marikoi isatsluzeak, mendebal-txori mokomeheak, mirotz zuriak, mokoker arrunt eta papagaiak, negu-txirtak, negu-txontak, papourdinak, pinu-gailupak, siberiar eskinosoak, txirri hankalaburrak, txirritxo handiak, txoka txikiak, urre-txirri arruntak, zapelatz galtzadunak, zingira-hontzak eta zozo paparzuriak. Gainera, hamazazpi ur-hegazti espezie desberdin aurki daitezke aintziretan, haien artean, ahatebeltz arrunt eta hegazuriak, beltxarga oihulariak, izotz-ahateak, murgilari handiak, zerra txikiak, eta antzara hankagorriztak, hankahoriak, muturzuriak eta nanoak. Elur-berdantzak, elur-hontzak, eper zuriak, eskandinaviako lagopodoak, ipar-kaskabeltzak, laponiako kaskabeltzak, okil hiruhatzak, pinu-gailupak, txirri lepokodunak eta zapelatz galtzadunak, aldiz, bertako negu latzetan bizirautea lortu duten hegazti bakarrak dira, alegia, urte osoan zehar ikus daitezkeenak udalerrian[15][16].
Ugaztunen taldea, azkenik, altzeek, amerikar bisoiek, azeri gorri eta zuriek, erbinude arrunt eta zuriek, jatunek, hartz arreek, igarabek edo urtxakurrek, ipar-katamotzek, lemingek, otsoek, satitsu txikiek, tundrako otsoek, ur-ipurtatsek, ur-satitsuek eta elur-orein basati eta etxekotu ospetsuek (baso elur-oreinak) osatzen dute batik bat[15].
Bazter honetara iritsi zen lehen gizarte antolatua, Izotz Aroaren ondoren, iparraldeko klima leuntzen eta glaziarrak urtzen hasi zirenean iritsi zela uste da, izan ere, Enontekiö bizilaguneko Ounasjärvi aintziran aurkitu diren lehenengo biztanle hauen aztarnak k.a. 6000. urtekoak dira gutxi gorabehera. Mendeetan eratu zen kulturari Komsa edo Gorravárri izena ematen zaio eta Ozeano Artikoko kostaldean ezarri zirenez gehienbat, Ipar Itsasoko lehen Fonsa kulturako tribuekin harreman estuak izan zituzten. Nahiz eta oraindik lurralde honen jatorrizko biztanleen, samien jatorria ezezaguna den, badirudi tribu hauen eta beranduago (Harri Aroan) Eskandinaviara ekialdetik sartu ziren herri uraldarren nahasketaren ondorioa direla. Hasiera batean, euren lurraldea Ozeano Artikotik Finlandia, Norvegia eta Suedia erdialderaino zihoan eta, gehienbat, ehizatik, fruitu-bilketatik eta arrantzatik bizi ziren; hau da, ehizakiaren atzetik ibiltzen ziren, nomadak ziren. Garai honetako bizi-aztarnak aurkitu dira, haien artean, ehiza-tresnak, harribitxizko apaingarriak, margolanak eta hainbat hilobi [17].
Erdi Aro Klasikoan suediarren eragina nabarmentzen hasi zen; lurraldea Suediako Erresumako antzinako Vestrobotnia probintziaren barruan zegoen, hegoaldeko Torne ibarreko herri guztiekin batera. Honela, kristautasuna suediarren eskutik hedatzen hasi zen XVI. mendean eta, orduan, lurralde hau Pajalako elizbarrutiaren esku gelditu zen. Kristautasunarekin batera, samiek xamanismoa alde batera uzten eta iristen hasi ziren Savoniako finlandiarren ohiturak bereganatzen hasi ziren. 1580. urtean, udalerriaren gaur egungo izenaren lehen aipamena dago; izena, nekazari savoniar batek eman zion, kolare, suedieraz ikatz-labe esan nahi duena. XVII. mende amaieran bestalde, samien elur-orein zaintzaren kultura hasi zen. Kultura honek, hala ere, aurreko kutsu nomada izaten jarraitu zuen, sasoiaren arabera, abeltzainek elur-oreinak hegoalde eta iparraldeko Ozeano Artikoaren artean edukitzen baitzituzten. Sápmi iparrean bizi ziren samiek, haien artean kolariarrek, beren bizimodu bereziagatik ipar sami deitura jaso zuten.
XVII. mende bukaeran Izotz Aro Txikia izan zen eta samiek hildako asko eragin zituen gosete garai luzea pairatu behar izan zuten. XVIII. mendean aldiz, Finlandiaren kontrola izateko Suediar eta Errusiar Inperioen arteko guduak izan ziren Finlandia eta Europa osoan; azkenean, Finlandiar Gerran, Errusiar Inperioak herrialdea bereganatu zuen finlandiar nazionalismoaren laguntzaz. Finlandiako Dukerri Handia eta Suediako Erresumaren arteko muga berria Muonionjoki eta Tornionjoki ibaietan jarri zen, eta orduan bat izandako elizbarrutiak banatu egin ziren; honela, Kolari, Turtolaren menpe gelditu zen. Hala ere, menpekotasun horrek ez zuen asko iraun, Dukerri Handiak emandako erraztasunez baliatuta eta 1819. urtean eraikitako eliza berriari esker, Turtolatik bereizi eta udalerri propioa sortu zutelako herritarrek 1867. urtean; udalerri berri honek, eliza zegoen herriaren izena jaso zuen, Kolari. Urte hauetan, finlandiarren kopuruak izugarri egin zuen gora eta, apurka, samiek finlandiarren ohiturak bereganatu zituzten.
Finlandiak 1917ko Gerra Zibilean independentzia lortu ostean, eta prozesu hau oraindik egonkortu gabe zegoenean, Bigarren Mundu Gerrak eztanda egin zuen kontinente zaharrean. Herrialdeak bere independiente estatusa mantendu nahian eta SESB bere lurraldetik urruntzeko helburuarekin, Alemania naziarekin bat egin zuen. Norvegiatik iritsitako tropa alemaniarrak herrixketan egokitu ziren eta Ozeano Artikoaren defentsa antolatzeari ekin zioten. Hainbat guden ondoren (Neguko Gerra, Jarraipenaren Gerra), Finlandiak SESBekin bake-akordio bat sinatu zuen, eta horrek, alemaniarrak Finlandiar lurretatik botatzea eskatzen zuen. Finlandiak orduan, Lappiko biztanle guztiak herrietatik atera zituen eta naziak jazartzeari ekin zion. Hauek, bizilagun den Norvegiara, euren herrialde satelitera alde egitea pentsatu zuten, baina ihes egin baino lehen, hauen atzeraldia eragozteko, finlandiarrak, mugako udalerrietan kokatu ziren. Laponiako Gerra hasi zen. Ondorio garratzak pairatu zituen udalerriak, hala nola, 1944ko urriaren 20ean alemaniarrek herri gehienak suntsitu zituzten; haien artean, elizatea eta bertako eliza [18].
Bigarren Mundu Gerra osteko urteetan, Finlandiak ekonomikoki izugarrizko hazkuntza izan zuen eta gizarte eta politika egonkortasuna lortu zuen. Gerra osteko herrialde pobre bat izateari utzi, Gerra Hotzean neutral aldarrikatu, NBEk ezarritako isuna ordaindu eta 40 urtetan, teknologikoki munduko estatu garatu eta jakintsuena bihurtu zen, merkatuko izugarrizko botere ekonomikoarekin eta bizi maila altuarekin. 1960ko hamarkadan basogintza eta esne-industria garatu ziren eta jarduera hauek udalerriko ekonomia monopolizatu zuten garai hartan. 1966. urtean esaterako, produktuak esportatzeko ordutik Kolarin bukatuko zen trenbidea amaitu zuten. Industria udalerrira iritsi zen eta 70eko hamarkadan, burdin-meatze, kareharri-harrobi eta porlan-fabrika bana ireki zituzten. Kolariarren bi bostenek bertan egiten zuen lan 1987. urtean meatzea eta fabrika itxi zituzten arte. Finlandiako Gobernuak emandako diru laguntzei esker, sektore turistikoa bultzatzearen alde egin zuten herritarrek eta Ylläsko eski-azpiegiturak eraiki zituzten [19][20].
Nahiz eta gaur egun gero eta egitura garatuagoak heltzen diren turismoari esker, hala nola 1998. urtean eraikitako geltoki berria, iparrean ez dauden herriek urtez urte biztanleria galtzen dute. Ylläs muinoaren inguruan dauden herriek bestalde, turismoak neguan eskaintzen dizkien etekinez baliatu eta biztanleria mantentzea, eta kasu batzuetan igotzea, lortu dute [21].
Finlandiako Gobernuarena den VR-Yhtymä garraio-konpainiaren trenak udalerriraino iristen dira Kolariko trenbideari esker. Trenbide honek Torniotik iparrerako bidea egiten du eta hau, bidaiarientzako azken geltokia da. Trenbidea Kolarira 1966ean iritsi zen lehenbizikoz, eta honela, Finlandian iparraldeen dagoen geltokia bihurtu zen. Trenbide honen bidez, beste linea batzuk hartu eta Finlandia guztitik bidaiatzeko aukera dago. Kolarin gainera, Torniotik hurbilago dagoen beste geltoki bat ere badago, Sieppijärvi herrian dagoen geltokia hain zuzen. VR-Yhtymä konpainiak eta Kolariko udalak 2020. urterako trenbidea luzatzeko proiektua aurkeztu zuten 2007. urtean [22].
Kittilä eta Pajala aireportuak ere aipatu behar dira; udalerritik hurbil dauden bi aireportu hauek Kolariren ateak dira. Gainera, udalarena den aerodromo bat ere badago Kolari herritik 30 bat km-ra, Aavahelukka izenekoa [23].
Ondorengoak dira udalerria zeharkatzen duten errepide eta autobide nagusiak:
21E 8 Valtatie 21: Tornio - Pello - Kolari - Muonio - Kilpisjärvi (Enontekiö)
80 Kantatie 80: Sodankylä - Kittilä - Kolari
940 Seututie 940: Kolari - Äkäslompolo - Äkäsjärvi (Muonio)
943 Seututie 943: Kolari - Pajala (Suedia)
Linea | Nondik norakoa | Trenbide-sarea | Luzera | |
---|---|---|---|---|
6. linea | helHelsinki-Tornio-Kolarihel | Kolariko trenbidea | 186,6 km |
Udalerritik igarotzen den autobidea Valtatie 21a da; autobide hau Tornion hasi eta Enontekiöko Kilpisjärvi herriraino doa, Finlandia ipar-mendebaldeko muturreraino. Sieppijärvi, Kolari eta Äkäsjokisuu herriak zeharkatzen ditu autobideak; Botniako Golkotik iparreraino, autobideak 459 km-ko luzera dauka. Gainera, Kolari Sodankylärekin lotzen duen beste errepide bat ere badago, Kantatie 80 errepidea. Honek, guztira, 155 km dauzka, ekialdetik Kurtakko herriraino iristen da eta Valtatie 21 autobidearekin lotua dago [24][25].
Suediara igarotzeko errepidezko muga bakarra dago, Kolari herritik gertu; bertatik, eta Muonionjoki ibaiko zubia zeharkatu ondoren, errepidea Pajala suediar udalerriraino doa.
Äkäslompolo eta Ylläsjärvi herrien artean dagoen Ylläs muinoan, Pallas-Yllästunturi Parke Nazionalaren hegoaldean, Lappi eskualdeko bigarren eski-estazio handiena dago, Ylläs eski-estazioa. Nahiz eta Lappiko eski-azpiegitura handienak Kittiläko Levi muinoan dauden, Finlandiako eski-estazio ospetsuenetarikoa da 719 metroko muino honetan dagoena. Guztira, 61 eski alpinoko pista daude eta pista gehienak hasiberrientzako edo erdi mailako eskiatzaileentzat dira, dena den, adituenentzako ere bost pista beltz badaude. Jaitsiera altueneko pistatik jaisteko (463 m) bakoitzean zortzi pertsona sartzen diren Finlandiako bi telekabinetako bat hartu beharra dago; pista luzeenak bestalde, 3 km-ko luzera dauka. Levin ez bezala, Ylläsen ezin daiteke gauez eskiatu, hala ere, azpiegitura hauek erakartzen dituzten elur-zaleek, udalerriaren biztanleria bikoizten, hirukoizten eta laukoizten dute sasoiaren arabera [26].
Eski-estazioaz gain, jatetxeak, dendak eta hotelak daude inguruan. Azpiegiturak urria erdialdean ireki eta ekaina bukaeran itxi ohi dira. Dena den, urte osoan zehar Äkäslompolo eta Ylläsjärvi herritan eskaintzen diren ekintzak badaude, elur motor safariak, husky txakurrek gidatutako lera safariak, Tornionjoki ibaiko arrantza eta txirrindularitza ikastaro eta lehiaketak, eremu babestuetara ibilaldiak eta piraguismo ikastaroak esaterako [26].
Turistak erakartzeko asmatu zuten leloa Ylläs on Ykkönen da; euskaratua, Ylläs lehena (onena). Bisitarien %45a kanpotarrak dira; haien artean, aipatzekoak dira ingelesak, alemaniarrak, suitzarrak eta frantsesak. Esan beharra dago, azkenik, Kolariko udalak, trenbidearen etorrera baliatuz, 2020. urteako Ylläsko eski-azpiegiturak handiagotuko dituela iragarri zuela [22].
Errusiar Inperioaren garaian sortu zen udalerria, 1867. urtean; izan ere, Finlandiako Dukerri Handiak emandako erraztasunez baliatuta, Turtolatik bereizi eta udalerri propioa sortu zuten herritarrek. Udalerriak eliza dagoen herriaren izena jaso zuen, Kolari herriarena hain zuzen.
2.617,63 km²-ko azalera duen udalerri honetan, biztanleria, hainbat herrixketan banatua dago. Herrixka gehienak ipar-ekialdean eta mendebaldean daude, Ylläs muinoaren magalean eta Muonionjoki eta Tornionjoki ibaien ertzean. Biztanleria guztiaren heren bat Kolarin kirkonkylä (Kolariko elizatea) deitzen den erdigunean bizi da, guztira, 1.400 bat pertsona. "Hiriburuak" gutxinaka biztanleria galtzen duen bitartean, Ylläs muinoaren inguruan dauden Äkäslompolo eta Ylläsjärvi herrietan geroz eta jende gehiago bizi da eski-estazioari esker. Udalerriko "hiriburu orde"ak bostehun bat biztanle dituzten Äkäslompolo eta Sieppijärvi herriak dira [3].
Hauek dira garrantzitsuenak:
150 biztanle baino gehiago dauzkaten herrixkak beltzez.
Kolariko herrixkak | ||
---|---|---|
Äkäsjokisuu • Äkäslompolo • Koivumaa • Kolari • Kurtakko • Lappea • Nuottavaara • Pasmajärvi • Ruokojärvi • Saarenpudas • Sieppijärvi • Vaattojärvi • Väylänpää • Venejärvi • Venetti • Ylläsjärvi |
Pajala udalerri suediarrarekin elkar-laguntza eta kooperazio akordioak adostu ditu Kolarik. Gainera, nahiz eta dokumentu edota akordio ofizialik ez egon, mugaz gaindiko Torne ibarreko gainontzeko udalerriekin ere harreman estua dauka.
Kolariko eta Finlandiako gainontzeko udalerrietako udalbatzak eratzeko, lau urtero udal hauteskundeak antolatzen dira herrialdean. Gaur egun dagoen udalbatza 2012ko urriaren 28an ospatu ziren udal hauteskundeetan eratu zen.
Kolariko Udalbatza [27] | |||||
---|---|---|---|---|---|
Alderdia | Eserlekuak | +/- | Ehunekoa | ||
-- | Ezker Elkartasuna | 7 | 0 | % 32,2 | |
-- | Zentroko Alderdia | 7 | 3 | % 30,6 | |
-- | Benetako Finlandiarrak | 3 | 3 | % 14,8 | |
-- | Koalizio Nazionala | 3 | 1 | % 12,3 | |
-- | Alderdi Sozial-Demokrata | 1 | 1 | % 7,4 |
Lappiko udalerri gehienen antzera, Zentroko Alderdia izan zen garaile eta aurreko batzarrean baino ordezkari bat gehiago lortu zuen; guztira, hamar eserleku. Bigarren alderdia, beste batzarkide bat irabazi zuen Ezker Elkartasuna izan zen eta zazpi alderdikiderekin, oposizio gogorrena bilakatu zen. Azkenik, hirugarren eta laugarren postuak eskuratu zituzten Alderdi Sozial-Demokrata eta Alderdi Nazionala, bakoitza bina ordezkarirekin. Azken alderdiak, emaitza txarrak jaso zituen bakarra izan zen, Kolari 2000 herri-taldearen desagerpenaren ostean batzarkide bat galdu zuen alderdi bakarra izan baitzen. Aipatzekoa da Ylläsko eski-estazioaren inguruan eginiko kritiken eta kolariarren desadostasunaren ondorioz, Liga Berdea ez zela hauteskunde hauetara aurkeztu. Hauteskundeen ostean, eratu berria zen udalbatzak Heikki Havanka alkate izendatu zuen [28].
Hurrengo udal hauteskundeak 2012. urtean ospatuko dira, herrialdeko gainontzeko udalerrietan bezala.
Europar Batasuneko herrialdeekin eta Finlandiako gainontzeko udalerriekin alderatuta, Kolarin, 15 urte baino gutxiagoko biztanleriaren ehunekoa nahiko baxua da, %12,5, eta 65 urte baino gehiagokoa aldiz, altua, %20,5ekoa. Erlijioari dagokionez, gehienak sinesgabeak edo luteranoak dira, bereziki laestadianismo mugimendu kontserbadorekoak. Udalerriko hizkuntza ofizial bakarra finlandiera da; izan ere, biztanleria osoaren %98,5aren ama hizkuntza da. Zehazki, Torne ibarrean hitz egiten den finlandieraren aldaera bitxi batean hitz egiten dute herritarrek, meänkieli deritzoten dialektoan. Bigarren mailako hizkuntzak iparraldeko samiek hitz egiten duten ipar samiera eta suediera dira. Udalerri honetako jatorrizko biztanleak samiak dira; hala ere, XVIII. mendetik aurrera, finlandiarren (gehienak, savoniarrak eta tavastiarrak) kopuruak izugarri egin zuen gora eta, apurka, samiek finlandiarren ohiturak bereganatu zituzten [29].
4.000 biztanle baino gutxiago dituen udalerri honek, azken hamarkadetan turismoari eta burdin-meatzeari esker biztanleria mantendu egin duen Lappiko udalerri bakarrenetakoa da; Lappi eskualdeko udalerri gehienetako biztanleek Rovaniemira lan bila alde egiten zuten bitartean, kolariarrek Ylläs muinoak eskaintzen dien lan-etorkizunaren itxaropenez bertan gelditu dira [30].
1970 | 1975 | 1980 | 1985 | 1990 | 1995 | 1998 | 2000 | 2002 | 2004 | 2006 | 2008 | 2010 | 2012 | 2014 | Orain |
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
4.962 | 5.056 | 4.905 | 5.043 | 4.721 | 4.486 | 4.118 | 3.981 | 3.911 | 3.862 | 3.792 | 3.860 | 3.810 | 3.828 | 3.842 | 3.839 |
Nazioartean ospetsuenak diren kolariarren artean, Pertti Teurajärvi iraupen eskiatzailea dago; eskiatzaile honek, urrezko eta brontzezko dominak irabazi zituen Finlandia taldearekin 1976 eta 1980ko Neguko Olinpiar Jokoetako 4 x 10 km errelebutako lasterketetan. Beste ezagunen artean, Sari Havas aktorea eta ez asko disko berria atera duen Suvi Teräsniska abeslari gaztea daude.
Tornetarrak Torne ibarreko biztanleak dira, bai finlandiarrak, bai suediarrak. Hauek, XVI. eta XVII. mendeetan iparraldera iritsitako finlandiarren ondorengo zuzenak dira, denboraren poderioz ibarrean egokitu zirenak. Moskuko Printzerri Handiaren erasoetatik ihesi eta Suediar Erresumak eskainitako onuren bila zetozen finlandiarrak ziren, batez ere, Karelia, Savonia eta Tavastia antzinako probintzietatik iritsiak. Hauek iristean, samiek iparralderantz jo zuten eta, horregatik, Torne ibar osoko sami bakarrak iparrerago aurki daitezke, Enontekiö udalerrian hain zuzen [32].
1809. urtean Torne ibarra bitan zatitua izan zen; nahiz eta Finlandiako Dukerri Handiak eta Errusiar Inperioak ibar osoa eskatu zuten, Suediako Erresumak ez zuen atzera egin eta bi herrialdeen arteko muga Muonionjoki eta Tornionjoki ibaietan ezarri zen. Gaur egun arte legez jarraitzen duen muga da hori. Modernizazioarekin bat, muga handitu egin zen eta suediar aldeak "suediartze" bat jasan zuen 1850 eta 1950 urte bitartean. Hala ere, gaur egun anaitasun handia dago bi aldeen artean eta egundaino tornetarren kultura eta hizkuntza, finlandieraren dialekto bat den meänkieli mantentzea lortu dute tornetarrek.
Udalerria samien jatorrizko lurraldearen barruan dago, Sápmi delako lurraldean. Aspaldian, samiak baino ez ziren bizi bertan, baina askok XVII. mendetik aurrera iritsitako finlandiarren kultura bereganatu eta euren kultura bereiziari uko egin zioten. Gaur egun, biztanleriaren %1a baino gutxiago da talde-etniko honen parte, eta bakarrik %0,1 justuaren ama hizkuntza da ipar samiera. Finlandiako Sami Lurraldea erakundea osatzen ez duenez, bertako sami gutxiengoaren kultura ez dago legeekin eta eskubide bereziekin babestuta [33].
Bertako samiek ipar sami deitura jasotzen dute elur-orein zaintzari lotutako bizimoduagatik.
Lehen Hezkuntzako bost eskola daude guztira udalerrian; Äkäslompolon, Kolarin, Kurtakkon, Sieppijärvin eta Vaatojärvin. Bigarren Hezkuntzako instutua aldiz, Kolari herrian baino ez dago, Kolarin Lukio izenekoa [34].
Udalerria Lappi Ospitale Barrutian dago eta bertako ospitale bakarra Rovaniemiko Lappiko Ospitalea da, herrigunetik 100 bat km-ra. Hala ere, herrietan, eritasun arinagoak sendatzeko eskualde-erietxeak daude, hala nola, Äkäslompolon eta Kolarin [35].
Armarria 1951. urtean sortu eta uztailaren 24an onartu zuen udalbatzak udalerriko ikur gisa (Barne Ministerioak abenduaren 10ean). Olof Eriksson helsinkiar artistak sortu zuen eta, bertan agertzen diren irudiekin, Erikssonek Kolari izenaren esanahia adierazi nahi izan zuen. Hain zuzen, kolari hitzak ikaztobi edo txondor esanahia zuen antzinako finlandieran eta, hala, armarriak txondor bat lanean erakusten du: zelai grisaren aurrean, mendi beltz bat dago, gainetik suzko bost gar gorri ateratzen zaizkion tontorra. Azkenik, aipatzekoa da Kolariko armarriak ere atzealde iluna duela; izan ere, kolore hitsak (grisa, beltza) Lappiko udalerriko armarrien bereizgarri nagusiak dira, eskualdeko zerua irudikatzen dutenak [36][37].
Historiarekin zerikusia duten museo batzuk daude udalerrian; haien artean, aipagarria da Sieppijärvi herrian dagoen museoa. Museoa XVIII. eta XIX. mendeko egurrezko zazpi eraikinek osatzen dute, askotan eraberritu behar izan dituztenak. Laponiako Gerran zutik iraun zuten eraikin bakarrak izan ziren eta hainbat proposamenen ondoren, eraikin historiko hauek babestuko zituen museoa sortu zen 1980. urtean. Bertan, gutxi gorabehera 1360 bat ikusgai daude, gehienbat aspaldian herritarrek erabiltzen zituzten objektuak. Museoa ekain erdialdetik abuztura irekita egoten da [38].
Bertako eraikinen aspaldiko egiturei esker, Venejärvi herrixka monumentu izendatua izan zen 1993. urtean [39].
Denen artean, hauek dira udalerriko eraikin ezagunenak:
Otsailean eta uztailean Lappi osoan ospetsuak diren bi musikaldi ospatzen dira Äkäslompolo herrian: Ylläs Jazz Blues eta Ylläs Soikoon. Bietan, Finlandiako talde ezagun asko etortzen da eta Ylläs muinoaren inguruan dauden biztanle eta bisitariak goxotzen dituzte beren abestiekin [41][42].
Kolariko egitura ekonomikoaren arabera, langile gehienak zerbitzuetan egiten du lan; bai zerbitzu publikoetan, bai baso-zaintzan, bai turismoan. Gainontzekoak, nekazaritzan (egoera klimatikoak baldintzatuta), elur-orein zaintzan eta industrian egiten du lan gehienbat; izan ere, Lappi iparralde osoan industria zerbait garatu den udalerri bakarrenetakoa da. Langabetuen kopurua Lappiko udalerrietako txikienetarikoa da turismoari esker.
1960ko hamarkadan basogintza eta esne-industria garatu ziren eta jarduera hauek udalerriko ekonomia monopolizatu zuten garai hartan. 1966. urtean esaterako, produktuak esportatzeko ordutik Kolarin bukatuko zen trenbidea amaitu zuten. Industria udalerrira iritsi zen eta 70eko hamarkadan, burdin-meatze, kareharri-harrobi eta porlan-fabrika bana ireki zituzten. Kolariarren bi bostenek bertan egiten zuen lan, 1987. urtean meatzea eta fabrika itxi zituzten arte. Finlandiako Gobernuak emandako diru laguntzei esker, sektore turistikoa bultzatzearen alde egin zuten herritarrek eta horrek, 1930eko hamarkadatik irekita egondako Ylläs muinoko eski-azpiegiturak eraberritzea ekarri zuen [19].
Gaur egun, udalerriko diru-sarreren iturri nagusiak 2007. urtean 312.000 bisitari jaso zituen Pallas-Yllästunturi Parke Nazionala eta Ylläs muinoko eski-estazioa dira; Äkäslompolo eta Ylläsjärvi herrien artean dagoen muinoan, Lappi eskualdeko bigarren eski-estazio handiena dago. Guztira, 61 eski alpinoko pista daude, gehienak, hasiberrientzako edo erdi mailako eskiatzaileentzat dira, dena den, adituenentzako ere bost pista beltz badaude. Jaitsiera altueneko pistatik jaisteko (463 m) bakoitzean zortzi pertsona sartzen diren Finlandiako bi telekabinetako bat hartu beharra dago; pista luzeenak bestalde, 3 km-ko luzera dauka. Levin ez bezala, Ylläsen ezin daiteke gauez eskiatu, hala ere, azpiegitura hauek erakartzen dituzten elur-zaleek udalerriaren biztanleria bikoizten, hirukoizten eta laukoizten dute sasoiaren arabera; bisitarien %45a kanpotarrak dira, haien artean, aipatzekoak dira ingelesak, alemaniarrak, suitzarrak eta frantsesak. Eski-estazioaz gain, jatetxeak, dendak eta hotelak daude inguruan. Azpiegiturak urria erdialdean ireki eta ekaina bukaeran itxi ohi dira. Dena den, urte osoan zehar Äkäslompolo eta Ylläsjärvi herritan eskaintzen diren ekintzak badaude, elur motor safariak, husky txakurrek gidatutako lera safariak, Tornionjoki ibaiko arrantza eta txirrindularitza ikastaro eta lehiaketak, eremu babestuetara ibilaldiak eta piraguismo ikastaroak esaterako [43].
Turistak erakartzeko asmatu zuten leloa Ylläs on Ykkönen da; euskaratua, Ylläs lehena (onena). Azkenik, esan beharra dago Kolariko udalak, trenbidea luzatzeko proiektu berria baliatuz, 2020. urterako Ylläsko eski-azpiegiturak handiagotuko dituela iragarri zuela 2007an [22].
Pajala | Muonio | Kittilä |
Pajala | Kittilä | |
Pajala | Pello | Rovaniemi |
Sápmiko finlandiar udalerriak | ||
---|---|---|
Anár • Eanodat • Gihttel • Kolari • Muoná • Ohcejohka • Soađegilli • Suovvaguoika |
Torne ibarreko udalerriak | ||
---|---|---|
Enontekiö • Gällivare • Haparanda • Kiruna • Kolari • Muonio • Övertorneå • Pajala • Pello • Tornio • Ylitornio |