Pascal Rambert | |
---|---|
(2015) | |
Bizitza | |
Jaiotza | 1962ko uztailaren 1a (62 urte) |
Herrialdea | Frantzia |
Lehen hizkuntza | frantsesa |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | frantsesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | antzerki zuzendaria, film-zuzendaria, antzerkigilea eta zinema aktorea |
Jasotako sariak | ikusi
|
Pascal Rambert (Niza, 1962ko uztailaren 1a) antzerkigile, eszena-zuzendari, antzerki-zuzendari eta koreografo frantsesa da. 2016an Frantses Akademiaren Antzerki Saria jaso zuen bere obra osoagatik.
Maitasunaren itxiera bere antzezlanaren euskarazko bertsioa ere zuzendu zuen, Arriaga Antzokiak 2021ko apirilean ekoitzi zuenean Miren Gaztanaga eta Eneko Sagardoi aktoreekin. Zuzendari laguntzaileak izan ziren Lucia Astigarraga eta Nagore Navarro. Testua, eszenografia, argiak eta jantziak ere izan ziren Ramberten ardura. Testuak bi bakarrizketa ditu, eta bi pertsonaien arteko haustura erromantiko lazgarria aztertzen du.[1] Argudioak, kexak, gaitzespenak, mina, amorrua eta maitasuna azaltzen dira, pasioz eta erraietatik adierazten den hizkuntza zehatz, kirurgiko eta uholdezko baten bidez.[2]
Bere lehen testuak hamasei urterekin argitaratu zituen, Doc(k)s aldizkarian (Julien Blaine poetak zuzendua) eta Poésie d’Ici aldizkarian. Fluxus mugimenduaren postulatuetatik hurbil egon zen eta Ben artista ezagutu zuen. 1980an sortu zuen bere lehen antzerki-taldea, eta hainbat obra eszenaratu zituen: Arlequin poli par l'amour de Marivaux (1980) edo La Marcolfa de Dario Fo (1981). Garai hartan Filosofiako ikasketak egin zituen Clément Rosset-ekin eta ezagutu zituen Jean-Pierre Vincent, Claude Reguly eta Antoine Vitez.[3]
1982an sortu zuen bere bigarren antzerki taldea, side one / posthume théâtre izenekoa, eta harekin muntatu zituen Léonce et Léna de Georg Büchner Nizako Nouveau Théâtre delakoan. Ikuskizun hau Parisko Bastillako Antzokian ere antzeztu zen.
1983ko lehen seihilekoan Antoine Vitezen ikasle izan zen Chaillot-eko Antzoki Nazionaleko Ouvroir-en.
1984an bere lehen antzezlana idatzi eta eszenaratu zuen, Désir (Desira), lau ordutik gorako iraupena zuena. Nizako Nouveau Théâtre-n Les Lits (Oheak) antzezlana ere antolatu zuen.
Antzerkiko Udaberria zela-eta (Printemps du Théâtre), Météorologies (Meteorologiak) idatzi eta eszenaratu zuen Espace Cardin-en (1985), eta AEBko sari berezia jaso zuen.
1987an, Allez hop! idatzi eta eszenaratu zuen, Elbeufeko Zirku Antzokian estreinatua Seine-Maritimeko Udako Jaialdian; ondoren, Parisen (Ménagerie de verre antzokian), Marseillan (Théâtre des Bernardines), Lille, eta Brusela.. Urte horretan bertan, Ramberti Letren Zentro Nazionalak beka eman zion eta egoitza bat izan zuen Villeneuve-lès-Avignongo kartusian. Bertan, Le Réveil idatzi eta eszenaratu zuen.
1988an 3+2+1 idatzi eta eszenaratu zuen, lehenik Lilleko Operan eta gero Parisko Louis Jouvet Ateneoko antzokian. Urte horretan bertan argitaratu zen Actes Sud-Papiersen Réveil lana.
1989an, Les Parisiens ou l’Été de la mémoire des abeilles lana idatzi eta eszenaratu zuen Avignongo XLIIII. Jaialdian. Gero, Aubervillierseko Théâtre de la Commune-n esnatu zuten. Lan hau Actes Sud-Papiersen argitaratu zen.
Amerikako Estatu Batuetara joan zen 1989an eta bertan bizi izan zen 1990ean. John Strand-en Burying Molière lana eszenaratu zuen New Yorken.
1992an Erromako Villa Médicisen Hors les murs saria jaso zuen. Urte horretan beka bat izan zuen Alexandrian (Egipto) bizitzeko, urtarriletik ekainera bitartean, eta bertan John and Mary eta Les Dialogues lanak idatzi zituen.
Maitasunaren itxiera antzezlana, Audrey Bonnet eta Stanisla Nordeyrekin 2011ko Avignongo Jaialdian eszenaratua, mundu mailako arrakasta izan da. Testuak, 2012an, Kritika Sindikatuaren eta Antzerkiaren Zentro Nazionaleko Literatura Dramatikoaren Sari Nagusia jaso zuen, frantsesezko Antzezlan-Sorkuntza Onenaren Saria. 2013an, Pascal Rambertek autorearen saria jaso zuen Palmarés del Teatro saioan. 2017. urtearen amaierarako, Maitasunaren amaiera 170etik gora aldiz errepresentatuta zegoen. 23 hizkuntzatara itzuli da eta 10 hizkuntzatara moldatua izan da: errusieraz Moskuko Arte Antzokian, ingelesez New Yorken, kroaziaz Zagreben, italieraz Modenan, Erroman eta Milango Piccolo Teatroan, japonieraz Shizuokan, Osakan eta Yokohaman, alemanez Beryn Borg-en eta Thalian. Euskarazko bertsioa Arriaga Antzokiak ekoitzi zuen 2021ko apirilean. Miren Gaztanaga eta Eneko Sagardoi aktoreekin Pascal Rambert-en beraren zuzendaritzapean. Zuzendari laguntzaileak izan ziren Lucia Astigarraga eta Nagore Navarro. Testua, eszenografia, argiak eta jantziak ere izan ziren Ramberten ardura.[4]