Aristides de Sousa Mendes | |
---|---|
![]() | |
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Aristides de Sousa Mendes |
Jaiotza | Viseu eta Cabanas de Viriato (en) ![]() |
Herrialdea | ![]() ![]() |
Lehen hizkuntza | portugesa |
Heriotza | Lisboa, 1954ko apirilaren 3a (68 urte) |
Familia | |
Haurrideak | ikusi
|
Hezkuntza | |
Heziketa | Law School of the University of Coimbra (en) ![]() |
Hizkuntzak | portugesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | diplomazialaria, abokatua eta idazlea |
Jasotako sariak | |
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijioa | Eliza latinoa |
fundacaoaristidesdesousamendes.pt | |
![]() ![]() |
Aristides de Sousa Mendes do Amaral e Abranches (Cabanas de Viriato, Viseu barrutia, 1885eko uztailaren 19 – Lisboa, 1954ko apirilaren 3) diplomazialari portugaldarra izan zen. Bordelen 1940an lanean zebilela, António de Oliveira Salazar diktadorearen aginduak betetzeari ukon egin eta nazionalitate askotako 30.000 bat judu zein ez juduri bisak eman zizkien, horrela, nazien eskuetan zegoen Frantziatik alde egin ahal izan zezaten. "Schindler portugaldarra" ezizenez ezaguna, Sousak ere bere zerrenda izan zuen eta milaka laguni bizitza salbatu zion, tartean bestela Holokaustoa hiltzera kondenatuta zeuden 10.000 judu ingururi[1].
Bere kargutik bota zuten eta harrezkero egoera txarrean bizi izan zen. 1980ko hamarkadan Portugaleko agintariek bere izen ona berreskuratzeari ekin zioten eta hainbeste lekutan omenaldiak egin dizkiote, tartean Euskal Herrian.
Carregal do Sal udalerriko herrixka batean jaio zen, Portugalgo Beira Altan. Familia aristokratiko, katoliko erregezale eta kontserbadorean hazi zen. 1907an Lisboara jo zuen eta geroago Coimbrako Unibertsitatean Zuzenbidea ikasi zuen; bere anaia bikia bezala, karrera diplomatikoa egiteari ekin zioten. Angelina emaztearekin 14 seme-alaba izan zituen, lehena 1909an jaioa.
De Sousa Mendes Portugalgo ordezkari aritu zen 1910etik; urte horretan Demeraran (egun Guyana) ibili zen bigarren mailako kontsul. Zenbait hilabete Galizian pasatu eta gero 1911n Zanzibarrera bidali zuten; 1918an Brasil (Curitiba, Porto Alegre) izan zen bere helburua eta 1920an San Francisco (Kalifornia). 1929an kontsul izendatu zuten Anberesen (Flandria); bertan 1938 arte egon zen. Han egindako lana garrantzitsua izan zen eta Belgikako Koroaren Ordena eman zioten, estatu horretako kondekoraziorik handiena. Aldi horretan Maurice Maeterlinck (Literaturako Nobel Sariduna) eta Albert Einstein bezalakoekin egoteko aukera izan zuen. Geroago Bordelera (Okzitania, Frantzian) bidali zuten kontsul.
Gerraren hasierak hiri gaskoian harrapatu zuen, Adolf Hitlerren agindupeko tropak Frantzia osoa zeharkatzen ari ziren unean. Salazarrek, Francok bezala, Portugalen itxurazko neutraltasuna mantentzea erabaki zuen. "14 zirkularraren" (Circular 14) bidez diktadoreak Portugaleko kontsul guztiei zenbait giza-talderi ("zehaztugabeko edo ezbaian dagoen nazionalitatekoak, aberrigabeak eta juduak") bisarik ez emateko agindu zuen.
1940an Frantziako gobernua, alemaniar tropengandik Parisetik ihesi, Bordelen finkatu zen. Milaka iheslari ere hirira heldu ziren eta haietako askok Portugalgo kontsulatura jo zuten herrialde horretara edo AEBetara joan ahal izateko. De Sousa Mendesek 1939tik ekin zion aginduak ez betetzeari; bisak igorriz lagundu zituen pertsonen artean, Jacob Kruger Bruselako errabinoa egon zen eta horrek juduak heriotza segurutik salbatzeko garrantzia azpimarratu zion.
1940ko ekainaren 16an eskatutako bisa guztiak ematea erabaki zuen eta horretarako bere esku zeuzkan paperezko ia orri guztiak erabili zituen. Lisboatik lehen oharpenak heldu zitzaizkionean, jaramonik ez egitea ebatzi zuen.
Salazarrek bere kontrako neurriak hartu bazituen ere, de Sousak ez zuen etsi; 1940ko ekainaren 20tik 23ra (22an Frantziak Alemaniari armistizioa eskatu zion) Baionan ere bere lanarekin segitu zuen, erabat harrituta zeuden Manuel Vieira Braga kontsulordearen eta Salazarren bi funtzionarioren presentziaren gainetik. Faria Machado kontsulak aginduak bete nahi zituen baina bere profesionaltasun faltak de Sousaren asmoak erraztu zituen. Lapurdiko hiriburuan Francisco de Calheiros e Meneses Bruselan Portugalek zuen ministroa ere zegoen eta berak ere bisak igortzeko lanean lagundu zuen. Baionan egoera oso latza zen eta izugarrizko lana egin zuen Baiona Handiko Pilori karrikako 8. zenbakiko 3. solairutik Portugalek zuen kontsulatutik; batzuetan etxearen eskaileretan pilatzen zen jendearen pisuak arriskuan jartzen zuen eraikina bera; testigantzen arabera, pasaporteak kalean bertan sinatzera heldu zen.
Hendaiarako bidean zegoenean ere Bidasoako mugarantz zihoazen iheslariei bisak ematen segitu zuen, nahiz eta ekainaren 23tik kargutik erabat kanpo utzi eta 24an Baionako kontsulatua itxi zuten. De Sousa Mendesek bere autoarekin iheslari-talde handi baten gidaritza hartu zuen eta Portugalgo gobernuak bera geldiarazteko funtzionarioak bidali bazituen ere, mugazainek de Sousak transmititzen zuen ziurtasuna ikusita pasatzen utzi zieten, Lisboatiko mezuak beranduegi heldu zitzaizkielako.
1940ko uztailaren 8an Portugalera itzuli zen; Salazarren gobernuak lehen urtebeteko zigorra (kargurik ez, soldataren erdia) eta geroago abokatu lanean aritzeko debekua edota gidatzeko baimena erretiratzea bezalakoak ere ezarri zizkioten. Haren familia ugaria Lisboako komunitate juduaren laguntzari esker atera zen aurrera. Seme-alabetako batzuk AEBetara ikastera joan ahal izan ziren eta bi semek Normandiako Lehorreratzean parte hartu zuten.
1945ean, Bigarren Mundu Gerra amaituta, Salazarrek iheslariak salbatzeagatik zoriondu zuen baina karrera diplomatikoan berriro aritzea ez zuen baimendu; hurrengo urteetan are pobreago bizi izan zen eta hala hil zen 1954an, Lisboako frantziskotarren erietxean.
30.000 bat bisa igorri zituen, horietako 10.000 juduei. Horri esker bizitza salbatu zituztenen artean hauexek daude:
Bera hil eta urte batzuk geroago egindakoa gogoan izateko ekitaldiak antolatzeari ekin zitzaion:
De Sousa iheslarien alde aritu zen lekuen artean Lapurdi izanik, haren bizitzaren inguruko ekitaldi batzuk antolatu dira: