Konik

Konik
Zaldi arraza
EspezieaEquus ferus caballus
Jatorria Polonia
Egoera FAOren araberaarriskuan
Sinonimoakkonik zaldia, konik ponia

Konika, konik zaldia edo konik ponia (polonieraz: konik polski , hau da, poloniar konik) Poloniako bertako zaldi arraza bat da[1]. Bere tamaina zein beste hainbat ezaugarriengatik ponien sailkapen taldean kokatzen da.

Koniken jatorria Poloniako Biłgoraj eskualdean dago. Bertako zaldi gogorretatik garatua izan zen. Arraza oso landatarra da eta hainbat adituren ustez gaur egun konik ponia galdutako tarpanetik gertuen dagoen zaldi arraza bizia da.[2][3]

Sakontzeko, irakurri: «Tarpan»

Hala ere beste hainbatek zalantzan jartzen dute konik zaldiaren tarpanarekiko gertutasun handiago hori Europako antzinako beste zenbait poni arrazekin konparaturik [4]. Eztabaidak bizirik dirau, baina edozein moduan aditu gehienek konik zaldien antzinatasuna azpimarratzen dute, eta balore handia ematen diote antzinako ekido arrazen ezaugarrien gordailu genetiko gisa [5].

Izenak polonieraz "zaldiko" esan nahi du. "Poloniar konik" zehazki izendatzen du jatorrizko arraza, zeren eta ezaugarri eta jatorri antzeko zaldi taldeak daude munduko beste hainbat tokietan antzinako tarpana berreskuratzeko ahalegin ezberdinen ondorioz. Konik zaldiak ezagunak dira baita ere antzinako ekido arrazen ezaugarri ugari daukatelako. Mando marra bizkarrean eta zebradurak hanka zein lepoaldean esate baterako[6].

Arraza, Europako garai bateko basazaldien gertutasunagatik, tarpanaren txoko ekologikoa betetzeko erabiltzen da hainbat natura-gune babestuetan. Konikak leku askotan egoera basatian edo erdi basatian larratzen dira.

Polonian, Lituanian, Holandan eta Ingalaterran zaldi mota honen samalda basatiak daude. Azken urtetan hainbat talde sortu dute Espainiar estatuan ere, esate baterako Burgosko probintziako Atapuerca inguruan[7]. Kasu askotan habitat naturalak kontserbatzeko erabiltzen dira, esan bezala tarpanek utzitako txoko ekologikoa betetzeko hain zuzen eta berbasatze edo "rewilding" ekimenetan[8][9].


Konik zaldiak, Herbehereetako natura erreserba batean

Zaldi hauen izenak polonieraz konik polski eta konik biłgorajski dira. Konik hitzak, polonieraz, «zalditxo» esan nahi du (koń «zaldi» da, polonieraz).[10] Badu beraz zer ikusirik Euskal Herriko pottoka arrazaren izendapenarekin, euskaraz ere pottoka hitzak «zalditxo» esan nahi baitu, Euskal Herriko poni arrazaren izena izateaz gain. Konik zaldiaren kasuan bezalaxe.

Argitalpen askotan "tarpan" izena erabiltzen da koniken sinonimo gisa. Honek nahasketa ekarri du askotan, konik poniak, tarpanekin daukaten senidetasunaren inguruko eztabaidaren gora behera, konikak ezbaitira benetako tarpanak[11].

Arrazaren historia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Tadeus Vetulani hipologoa konik zaldiekin lanean

Konik ponia XIX. mendeko bigarren partean sortu zuten Polonian, bertako etxeko poniak tarpan behor basatiekin gurutzerakoan. Białowieża basoa izan zen azken basoko tarpanen bizilekua 1780. urtera arte. Bertako laborariek erabiltzen zituzten konik poni hauek nekazaritzako lan gogorrentzat, baina urterekin Europako beste abere arraza indartsuagoen aurrean zaldi hauen kopurua murrizten joan zen.

Beste hipotesis baten arabera 1807. urtean Zamość hiriko zooak hainbat tarpan banatu zuen nekazarien artean eta hauek beraien lor-zaldiekin nahasi zituzten, eta horrela konik zaldi arraza sortu zuten.[12] [13]. Poni hauen jatorria, dena den, Bialowiezako populazioa litzateke, 1786. urtean basotik Zamość-ko zoologikora eramank. Tarpanen eragina ere etxekotutako zaldietan egongo zen, seguruen, zaldi basatiek etxeko behorrekin nahasten baitziren etxeko zaldiak baino oldakogrragoak zirelako igel zeuden behorrak estaltzeko orduan. Zonaldeko baserritarrak txiroak izanik, baliabiderik ez zituzten abereak bertako larrez gain beste bazkarekin elikatzeko. Hau dela eta arraza gogortzen joan zen.

1826. urtean Julius Brincken izeneko gizonak, Errusiako tsararentzat lan egiten zuena, Bialowiezako basoaren landaretza eta faunari buruzko liburua idatzi zuen. Hainbat adituentzat ordea Brinckenen haibat datu okerrak dira. Esate baterako Bialowiezako oihanaren deskribapena edo basa zaldien berarena. Ez daude bere baieztapenak kontrastatzeko beste iturririk.

Lehen Mundu Gerran armada errusiar eta germaniarrak zama abereak bezala erabili zituzten. Horregatik uste da koniak panje poni delakoen oinarrian daudela.[12]

Konik zaldiei buruzko aurreneko ikerketak 1914. urtean hasi ziren, orduan arrazari buruzko lehendabiziko ikerketak burutu zituzten Jan Grabowski eta Stanislaw Schuch hipologo poloniarrek.

1923. urtetik aurrera Tadeusz Vetulani, Krakoviako unibertsitateko nekazaritzako irakaslea, Panjepferden (Panje poniaren jatorrizko eskauldea) eta Bilgoraj-en (Biłgoraj zaldiaren jatorrizko eskualdea) ponien azterketa hasi zen. Vetulani bera izan zen arraza izendatzeko "konik" izena sortu zuena. Izen hau izan zen gero nazioartean ezaguna egingo zena. 1920. eta 1930. artean hainbat etxalde sortu ziren arraza garatzeko. Ordurako bertako arrazaz gain gerra zaldi estimatuak bezala ikusten ziren poni hauek[12].

1936. urtean Tadeus Vetulani irakasleak saiakera bat abiatu zuen koniken bidez antzineko tarpana berreskuratzeko. Bialowiezako basoan konikentzat babesleku bat sortu zuen tarpana berreskuratzeko lehendabiziko urrats gisa. Berak ez zuen soilik hautaketan sinisten, uste baitzuen animali hauek baldintza basatietan egonez gero tarpanaren ezaugarriak agertuko zirela populazio horretan. 1939. urtean argitaratutako bere ikerketan Konik tarpanetik oso gertuko arrazatzat hartzen zuen. Bereziki bere buruko profil ahurragatik. Julius Brinckenen lanetan oinarriturik, Vetulanik eta beste hainbat zientifiko poloniarrek "antzineko zaldiaren mitoa" zabaltzeko oinarriak jarri zituzten, konik poniekin lotuz. Haren ondorioz poni arraza hau "aintzineko abereen" modaren oinarrian egongo dira, natura onadea kontserbaziorako moda berriekin batera.

Bitartean Heck anaiak Alemanian tarpana berreskuratzen saitzen ari ziren eta Heck zaldia sortu zuten. Horretarako anztinako europar ponien beste hainbat arrazen artea poloniar poniak erabili zituzten ere. Bai Heck anaien kasuan eta baita Vetulaniren kasuan ere, galdutako arraza bat berreskuratzen interesaz gain, interes nazionalista indartsu bat zegoen. Basazaldia berreskuratzea antzinaro loriotso eta mitikoaren ikur gisa. Urte haiek Bigarren Munduko Gerraren aurrekoak ziren. Bai Heck anaiek gobernu nazien aldetik eta baita Vetulani Poloniako gobernuaren aldetik sostengu handia izan zuten haien "tarpanak" lantzeko. Heck anaien egitasmoa segituan baztertua izan baitzen tarpan berri gisa, konik ponien kasuan gaur egun arte mantendu da haien ospea tarpanaren zuzeneko zaldi gisa[11].

Nahiz eta ustea oso zabalduta ez izan, Vetulaniren esperimentoak arraza atzeraka joateko bere ezaugarri arkaikoetan eragin handia izan du gaur egungo koniken morfologian.

Bigarren Mundu Gerrak, eta nazien inbasioak Polonian Vetulaniren egitasmoarekin amaitu zuten eta koniken kopuruak bere mailarik baxuena jo zuen.

1954. urtean Poloniako Zientzi Akademiak babesleku bat sortu zuen Popielnon , konikak babesteko eta berreskuratzeko[10]. Horretarako Polonian barrena geratzen ziren zaldiak erosten eta berreskuratzen joan ziren. Batzuk berreskuratzeko alemaniaraino joan behar izan zuten. Hemnedik aurrera konikak bereziki babesgunetan edota etxaldetan hazten ziren beriziki, eta ez libre basoetan Vetulaniren garaian bezala. Urte haietan arrazaren altuera soin gurutzera altxatu zuten aukeraketaren bidez, konik gerra zaldi estimatuak zirelako. Ohikoa da ponietan mendian libre daudenak tamainaz tixkiagoak izatea ikulukoak baino, elikadura dela eta. Beste aldetik burua eta gorputza ere finagoak dira. 1962. urtean arrazaren liburua argitaratzen da. Orduan oraindik abere askok orbain zuriak eta urdinska ez ziren beste kolore zituzten, lehen izandako beste zaldi arrazekiko gurutzaketen ondorioz. 1990. urtetik aurrera, hautaketaren bidez kolorea berdindu da asko, baina erabateko ondorioak epe luzeko prozezua da.

Neguko ilaian kolore ñabardura ezberdinak erakusten dituzten konik poniek

Kolore ezberdin hauek eragiten dituzten geneak errezesiboak direnez, zailak dira deseustatzeko. Abere batek beste kolore bateko genea eraman dezake baina itxuraz morfologikoki eta kolorez balekoa izan.

1988. urtean lehendabiziko abereak esportatu ziren Frantziara, Lorrenako zenbait zingira lekuak kudeatzeko.

1999. urtean Polonian arraza babesteko eta hobetzeko programa publikoa abiatu zuten.

Gaur egun Polonian arrazaren hainbat babesgune daude. Gerra Hotza amaitzerakoan, arraza zabaltzen joan zen Europako beste hainbat lekuetara.

Konik zaldiak antzinako tarpanak "berreskuratzeko" egindako hainbat saiakeren oinarrian daude, hala nola Heck zaldiak, Liebenthaler poniak...

Bernadette Lizert etologo frantziarrak arraza "naturguneak sortzeko eta desagertutako sistema naturalak berreskuratzeko" tresnatzat harzten du.

Arrazaren ezaugarriak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Konik zaldia. Arra.

Askotan konik poniak Hutsul poniekin alderatzen dute, baina nahiko ezberdinak dira berekiko haien ezaugarri morfologikoetan[14]. Poloniar biłgoraj zaldiekin ere hainbat ezaugarri komun dituzte, baina arraza hau kanpoko arrazekin nahastuago dago .

  • Bataz besteko altuera soin gurutzera; 134 cm.
  • Bataz besteko perimetroa gerri aldean 168 cm.
  • Bizkar aldean, sorbaldan zela itxurako sakonune dute saihetsetan. Soin-gurutzea ez da nabarmena. Bular zabala. ipurgaina gihartsua da, motz eta moztuta. Isatsaren sarrera ertain-baxua da.
  • Bataz besteko pisua 350–400 kg.
  • Burua handi eta sendoa da. Buruaren soslaia zuzena da edo apur bat azpi-ganbila.
  • Hankak motz eta indartsuak dira, apatxa gogor eta txikiekin, poni arraza zaharretan ohikoa denez.
  • Ile koloretan gehienak dun kolorekoak daude, orbain zuririk gabe, baina badaude ere, beltz edo beilegi koloreko abereak ere[12].

Esan bezala hainbat abelburu beltzak dira eta orduan antza handia daukate Euskal Herriko pottokekin. Abere gehien urdinska sagu kolorekoak izanik, onartzen dira beltzak eta beilegi kolorekoak dun gena baldin badaukate. Denan den arraza definitzen duen koloreak urdinska da "sagu kolore" deitutakoa. Zebradurekin hanka zein lepo aldean kasu batzuetan[5]. Adituen arabera abereak bizi diren ingurumeak baldintza dezake ilaiaren tonalitatea. Baldintza basatietan ilunagoa izan daiteke, bereziki neguan [15].

Abere gehienak, esan bezala, sagu kolorekoak dira, urdinskak, baina tonalitate ezberdinekin. Ilaia gris ilunetik zurizkaraino doa, baina batzuk horixka tonalitatearekin. "Sagu" kolore hau, dun genearekin lotuta, koniken ezaugarri oso berezkoa dela azpimarratzen da, baina esate batera Poloniako bertakoa den Biłgoraj zaldiak ere badauka. Ile koloretan aniztasun hau ingurumenari izandako egokipenaren ondorioa da[16]. Kolorea, beste aldetik, aldagarria da urtaroaren arabera. Ilunagoa izaten da neguan udan baino, eta Hau lotuta dago ere neguan ilea asko luzatzen eta trinkotzen zaielako, artilekara moduan ateratzen baitzaie. Ile trinkoagoa nabarmenagoa da baldintza basatietan bizi diren abereen kasuan. Dun geneak ematen duen kolore "gris sagua" da ofizialki onartutako bakarra.

  • Zurdak eta isatsak ilunak dira baina bi koloretakoak aldi berean. Antzinako poni arrazen beste ezaugarria da hau. Zurdaren ilea trinkoa da.
  • Konikek antzinako ekido arrazen ezaugarri ugari daukate. Hanka ilunak, bi koloretako zurda eta buztanak, argiagoak bazterretan. Zebra marrak hanketan zein soin gurutzearen inguruan eta mando-lerroa bizkarrean. Marka hauek abereen egokipena izan daitezke haien ingurumean [17] T. Vetulanik eta ondorengo zaldizaleek egindako hautaketa handia izan arren, oraindik jaiotzen dira hainbat mozal orbain zuriekin edo beste koloretakoak. Seguruen, orbain zurien kasuan behintzat iraganean poni hauek beste arrrazekin izandako gurutzaketen ondorioz [18].

Hala ere abereen %18a inguru ez daukate antzinako marka hauek. "A" aleloa, zaldietan kolore arreko abereak ematen dituena, arraza garbiko aberetan ez da agertzen. "E" aleloa berriz, kolore gaztainkara ilunaren arduraduna, koniken %15an agertzen da.

Konik mozala bere ohiko ilairekin. Białowieża basoa

Moxalek, heldutasunera heldu arte, ilai horiska daukate.

  • Konik poniak ez dira egokiak zaldiketan salto egiteko, bai ordea iraupen handikoak dira trostan eta ibilbide luzetarako. Zelatuz gero abere lasaiak dira, ponietan ohikoa denez.

Abere hauek bazka gutxi behar dute mantentzeko.

Izaera eta mantenua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Etxekotutako abereak lasaiak eta esanekoak izaten dira. Aldarte onekoak. Bizitza luzeko aberea izaten da. Abere sozialak dira eta ez dira gizakiarekiko beldurtiak pertsonekin tratua izanez gero. Hau ere libre larretzen diren ponien kasuan izaten da, bererziki moxalak direnetik tratu hau ematen baita[19].

Konik ponien iraupena ezaguna da eta oso ikertua izan da. Urte asko bizi diren abereak dira, baita baldintza basatietan ere. Poloniako basoetako inguruneari ondo egokitutako arraza da. Joera oso taldekoia dauka, baita baldintza basatietan larretzen denean ere, samalda handiak osatuz[20]. Etxaldetako abereen kasuan, ohikoa da belarrondo botatzea neguan laguntzeko. Libre dauden poniak ordea gizakiaren laguntzarik gabe moldatzen dira. Iraupen handiko abereak dira, gaixotasunen aurrean zailduak. Esate baterako Mendebaldeko Niloaren sukarraren aurrean [21]. Mallophaga zorrien aurrean ere gogortutako abereak dira. Barne bizkarroien aurrean ere gogorragoak dira. Dirudienez parasitismoa murrizten duten landare ezberdinak jaten lortzen dute hau[22].

Konikak basoa dauka bereziki ingurune aproposa. Bertan bizi diren abereek larru lodiagoa daukate eta ile luzeago eta gogorragoak, azaletik askatzeko joerarik gabe. Azken hamarkadetan konikak haziak izan dira bai ukuiluetan eta baita libre babesgune naturaletan. Haren esker posiblea izan da konparaketak egitea egoera ezberdinetan dauden ponien arteko ezberdintasunak osasunean zein abereen etologian. Ukiletako abereen kasuan basokoek baino laminitis eta belarrondoei alergia gehiago erakusten dute. Libre bizi diren poniek joera handia daukate samaldetan biltzeko. Hau basazaldien etologiaren ezugarri bat da[23].

Moxalek, beste zaldi arraza batzuekin konparatuz, elikaduran edozein gabezia konpentsatzeko ahalmen handia dute. Abere helduek udazkenean gantz kantitate handia pilatzeko gai dira gero negua igarotzeko. Haien tamainarekin konparatuz pisu handietatik tiratzeko gai dira[24]. Samalda mistoetan beste arrrazekin dauden konik poniek, nahiz eta hauek handiagoak edo dominantegoak izan, haien izaera eta nerbioa mantentzen dute.

Gerra zaldiak izan dira eta baita tiro-zaldi apartak. Lehendabiziko Munduko Gerran armada errusiar eta germaniarrek erruz erabili zituzten poni hauek. Handik aurrera sortutako arraza panje ponia izendatu zuten.

Konik eta tarpanen arteko harremana. Eztabaidan dagoen gaia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Azken tarpan zaldia Moskuko Zoologikoan, 1868. urtean. Zalantzak daude ea arraza garbiko tarpana zen, ala etxeko zaldiekin nahasitako abere bat. Azken tarpanak konik zaldien arbasoekin nahastu ziren.

Gauza ezaguna da poni hauen arbasoen artean hainbat tarpan behor zeudela. Hala ere berriki egindako ikerketa genetikoek agerian utzi dute konikak ez direla genetikoki aspaldiko zaldi basatietatik hain gertukoak[25]. Analisi morfologikoek eta bereziki burezurrenak agerian uzten dute ez daudela tarpanetatik hain gertu. Ez daude beraiekin pentsatzen zen bezain beste senideturik. Konik poniak genoma mitokondriala beste hainbat poni arrazekin konpartitzen du eta bere Y kromosomaren kasuan ia berdina da.[26]. Honek ezbaian jartzen du Konikak Europako ekialdeko azken basazaldien ondorengo zuzenak izatearen teoria[27]. Konikak Europako beste hainbat antzinako poni arrazen parean dago tarpanekiko gertutasunean.

Dozena milaka urtetan barrena, Azken Izotz Aroan, Europako azalera gehiena, Iberiar Penintsulatik Errusiaraino, belarrez betetako lautadez estalita egon zen, garai haietako estepa zabalak. Bertan orein erraldoiak, mamutak, errinozero iletsuak, uroak, estepako bisonteak eta beste hainbat belarjale handiek tarpanekin partekatzen zituzten habitat hauek. Duela 12.000 urte inguru hainbat faktore tartean, klima aldaketa eta gizakiaren eragina, azpi-polulazioen isolaketa ekarri zutena, Pleistozenoko megafaunaren iraungitze masiboa eman zen, eta haietako asko desagertu ziren. Guzti honen ondorioz estapak baso erraldoiak bilakatu ziren.

Hasiera batean basazaldiek ingurumen berriei egokitzea lortu bazuten ere, azkenean leku askotan iraungi ziren. Hego Euskal Herrian, esate baterako, Jesus Altuna paleontologoak dioenez, basazaldia , sekula ez da ugari izan historiaurreko garaietann; ezta Kantauri itsasoko ertzaren gainerako eskualdetan ere. Goi Paleolitoan ere, nahiz eta zaldiak Ekaingo leizearen bezalako labar-margoetan ugari eta bikainki marraztuta azaldu, ez dira zaldien hondakin asko agertzen bertako aztarnategietan. Antza, Pirinioez beste aldetik ebrriz, Akitaniako ordokietan, espezierako askoz biotopo aproposagoak zeuden, Pirinioez hegoaldeko Euskal Herriko paisaia menditsu eta oihantsuetan baino.[28].

Altunak ikertutako Hego Euskal Herriko aztarnategietan, betadunen hondakin guztien artean, zaldia %5ra ozta ozta heltzen da. Portzentaje hau gainera, askoz gehiago murrizten da hasierako mesolitikoan (Aziliar). Geroztik aipatuko denez, Mesolitikoaren amaieran eta Neolitikoan, duela gutxi arte, espeziea ez zen azaltzen arkeologia aztarnategietan. Horregatik urtetan Jesus Altuna berak eta Jose Migel Barandiaranek uste izan zuten aldi batean zaldia Euskal Herritik desagertu omen zela.

Nafarroako Zatoiako arkeologia aztarnategian egindako lehendabiziko aurkikuntza funtsezkoa izan zen teoria hau deuseztatzeko eta zera ziurtatzeko; zaldia etengabe bizi izan dela Euskal Herrian Paleolitiko Aurignac aldiaz geroztik, hau da, gaur egunetik duela 42.000 urte arteko denboraldia arte. Eneolitoan aztarnen %0,21ak hartzen du zaldiak. Brontze Aroan ere zaldi aztarnak oso urri izaten dira, (%0,07). Aurkitutako aztarna urri hauekin, gutxi zehaztu daiteke Eneolitoan Euskal Herrian bizi ziren zaldi motei buruz, bai Kantauriko isurialdean, bai Mediterraneoko isurialdean. Ezin zehaztu, orobat, ea zaldi horiek etxekotuak edo basatiak ziren.

Edozein moduan ere, basazaldiaren desagerketaren arrazoirik nagusiak Eurasian barrena gizakiek egindako ehiza zuzena zein habitatetan eragindako aldaketak dira, bereziki neolitotik aurrera. Joan den mendean hasita, hainbat saikera egon dira garai bateko tarpanak berreskuratzeko egun arte iraun duten zaldi arraza erabilita. Hau da konik ponien kasua eta esate baterako Heck zaldiena. Saiakera guzti hauen gehienetan, azken hamarkatetakoetan hain zuzen konik poniak erabiliak izan dira.

Tarpaneren marrazki bat espeziea islatzen. "Tarpan dans Zootechnie. Races chevalines, 1923. egilea, Paul Diffloth". Konikak tarpanaren ondorengo zuzenak dira hainbat egileen arabera.Irudian berriz ikusi daiteke tarpanen hainbat gertutasuna przewalski zaldiarekiko
Konik ponia neguko ilaiarekin. Tarpanaren marrazkiarekin hainbat ezaugarri komun baina baita ezberdinak dauzka. Begira argazkiaren atzeko partean agertzen den beltz koloreko ponia.

Duela 5.000 urte arte paleontologiak argi uzten du basazaldia Europa guztian hedatuta zegoela. Orduan hasi ziren hainbat lekuetan sartzen indoeuropar herrien migrazioen ondorioz ekarritako etxekotutako zaldiak. Haren ondorioz zalantza asko daude garai haietako eta hurrengo mendetako hainbat zaldi espezie eta arrazen inguruan[29]. Hau horrela da zeren etxeko zaldien eta tarpanen hezurrak oso antzekoak dira. Hala ere antzinaldetik XIX. mendera arte hainbat deskribapen agertzen dira literaturan tarpanak eta etxekotuz gero ihes egin eta zaldi basati bilakatutako abere populazioak ondo bereizten[29].

Azken mendetan zehar basazaldien populazioen aipuak desagetzen joan ziren Europa guztian barrena gero eta lur basati gehaigo herri eta hirien zein nekazaritza eta abeltzaintzaren menpean geratzen diren neurrian. Basa zaldien azkenetariko gotorlekua Prusiako ekialdeko gune handi bat izan zen. Bertan jende gutxi bizi zen eta oso basotsua zen. Eskualdea "Desertu Handia" deitzen zuten. Oihan primario bat zen orduan.

Desertu handi horretan Borusio herria bizi omen zen, edo Prusiar baltikoak. Prusiar germaniarrak baino lehen eskualdeko jatorrizko herria. Eslaviarrak ziren eta erlijioz ez ziren kristauak, XIII. mendera arte. Orduan Ordena Teutonikoak lurraldea konkistatu zuen indarrez eta kristautzera behartu zituen. Antza borusio herriaren erlijioa animista zen, eta honek ekarri zuen bertako basoen eta abereen kontserbazioa.

Orden Teutonikoaren konkistaren kronista izan zen Peter von Dusburgen kroniken arabera:

« "Haiek Jaungoikoa ez zuten ezagutzen, eta okerturik Bere izakiak gurtzen zituzten, eguzkia izan, ilargia izan, izarrak izan, hegaztiak izan, lau hankako abereak izan eta baita sugeak ere. Haiek bazeukaten ibai, landa eta baso sakratuak, eta bertan ez ziren ausartzen ez lurra lantzea, ez arrantza egin edo egurra jaso". »

Prusiar zaharren sinismenek eta kopuru txikiak ahalbidetu zuten beraz eskaulde asko basati mantentzea eta haiekin basa zaldien populazio handiak.

Orden Teutonikoaren konkista eta gero, kolonizazio eta krsitautzearen mehatxua izan arren, Desertu Handia haien artean etsai ziren Prusiako Erresumaren, Poloniako Erresumaren eta Lituaniako Erresumaren arteko inoren lurra bilakatu zen. Etsai ziren erresumen arteko koltxoia. Hau dela eta bertako basa-abere handi askoren babeslekua bilakatu zen. Europako bisonte, uro eta tarpan esate baterako.

Hala ere Prusiako oihan handiaren kolonizazioa azkartu zen XVI. mendean barrena eta honek ekarri zuen basa zaldien populazioen etengabeko murriztea. Tarpanak erruz ehizatuak izan ziren mentean haien populazioak murriztu arte[30]. Mende horren bukaerarako uste da tarpanen populazio basatiak jada iraungita zeudela eta soilik zenbait aitonsemeen finketan mantentzen zirela. Esate baterako Jan Zamoyski handiki poloniarrak basa zaldiak mantentzen ditu bere lurretan, bere estatusaren ikur gisa, baina XVIII. menderako zaldi samalda hauek desagertzen dira, behintzat agirien aipuetatik. Hau dela eta, zenbait adituentzat, tarpana orduan iraungi zen eta handik aurrera agertzen diren ustezko tarpanak edo etxekotutako zaldietatik sortutako basazaldiak dira edo askoz jota azken tarpanekin nahastutako abereak. Edozein moduan abere hauek konik ponien jatorrian daude.

Kontutan hartu behar da aldi berean tarpanaren zabalpena oso zabala izan zela Eurasia guztian barrena, eta hau dela eta basazaldien azpimota ugari egongo zirela. Horregatik ez litzateke zehatza izango tarpan eta konik zaldi mota berberatzat aldarrikatzea, edozein moduan tarpan mota baten ondorengoak lirateke. Aldi berean tarpanaren azpi-moten sakabanaketa honek ezbaian jarriko luke zenbait ikerketa konik eta Europako antzinako beste hainbat poni arrazen (pottokak, Dartmoor poni, sorraia, fjord zaldia...) eta tarpanen artekoa.

Arrazaren erabilera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zela-zaldi zein tiro-zaldi bezalako erabilerentzat oso arraza egokia da, horregatik asko erabili zen gerra zaldia bezala unitate militarren ekipoak garraiatzeko. Hala ere gaur egungo erabilera zabalduena kudeaketa ekologikorako da.

Beste zaldi arrazekiko gurutzaketa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Koniken erabilera tarpana berreskuraketarako egitasmoetan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bi munduko gerren arteko urtetan, Heinz eta Lutz Heck anaiek Alemanian konik poniak erabili zituzten beste zaldi arrazekin gurutzatuz tarpanak berreskuratzeko beraien lanetan. Konikekin batera Dülmen poniak, Gotland poniak, Islandiar poniak eta przewalski zaldiak. Denak germaniar herrietan zabaldutako arrazak (przewalski kenduta), antzinako ariar ponia buruan. Jakina, Heck anaiek Gobernu Naziaren babesa zuten haien esperimentuetarako, nazien mitologian oso present baitziren antzinako germaniar tribuen egoitza izan ziren Europa erdiko oihan primarioak haien megafaunarekin. Uroak, bisonteak, tarpanak... Haien helburua halako basoak berreskuratzea zen, bereziki konkistatutako lurraldetan eta bertan buriuzagi naziek ehizatu ahal izatea abere hauek garai bateko gerlari germaniarrak bezala. Esperimentuen ondorioa Heck zaldia izan zen[31]. Zaldi hauek ez dira serio hartzen berreskuratutako tarpanak bezala, baina bai ordea bitxikeri bat bezala hainbat zoologikoetan erakusteko.

Baina koniken inportazioa alemaniera beste ondorioak izan zituen hainbat arrazetan. Esate baterako Dülmen ponien behorrak erruz izan ziren estaliak konik zaldien partetik. Haren ondorioz gaur egungo konikekin senidetasun eta antz handia daukate. Abere kopuruz oso zabalpen gutxikoa den Liebenthaler ponia konik poniak erabiliz sortutako germaniar beste arraza bat da.

Gaur egun hainbat zaldi-hazleek arraza anglo-arabiar zaldiekin gurutzatzen dituzte eta baita odol garbiko zaldi inglesekin zaldiketarako baldintza hobeagoak dauzkaten abereak lortzeko.

Babestutako naturguneen gestiorako tresna bezala. Berbasatzea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Konik poniak naturgune babestu batean

Konik poniaren zaleek azpimarratzen dute alde batetik tarpanetik gertutasuna eta beste aldetik baldintza naturaletara moldatzeko gaitasuna. Beraz berbasatze programetan oso arraza egokitzat jotzen da. Haren ondorioz azken urtetan konik zaldiek ospa handia hartu dute natur babesguneak kudeatzeko tresna gisa. Baita Berbasatze mugimendu ingurumenzale berriaren ikur gisa[32]. Herbeheretan askatuak izan ziren naturgune handiak kudeatzeko, Oostvaardersplassen babesgunearen kasuan bezala. Bertan belarjale handiaren papera betetzen dute[33]. Paisaia ireki eta saretuak mantentzen dituzte eate baterako orein arruntekin batera. Animali guzti hauek ez dituzte bazkarekin laguntzea neguan.

Frantzian 1988. urtean saiakera bat egin zuten Pagny-sur-Meuse herrian, Lorenako Natur Guneak Babesteko Guneak, udaletxearekin elkarlanean, lehendabiziko hiru konik poniak ekarri zituzten Poloniako Popielów herriko natur babesgunetik. Egun dozena bat baino gehiago dira eta 100 hektareako eremu batean larretzen dira, Lay-Saint-Remy udalbarrutiko zingira alkalinoetara zabalduta. Remoray Lakuko Babesgune Natural Nazionalean koniken beste salmalda bat dago 1999. urtetik[34]. Maastrichten Kleine Weerd babeslekuan, 12 hektaretako faxa batean, Meuse lakuaren alboan larretzen dira. Lakuaren bankoak naturalizatu dira larretze honekin, eta orain errezago urperatzen dira. Alemanian Kappel-Grafenshausenen, Taubergießen babeslekuan ibai ertzeko ordokietan larretzen dira. Konik samalda batek mantentzen du Natura 2000 sarearen barneko Zwinduinen-en-polders babesgunea.

Arrazaren egoera eta gaur egungo banaketa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Uppsala unibertsitateko Rupak Khandka adituak, 2010. urtean FAOrentzat egindako ikerketan, konik zaldia Europan jatorria duen mugaz gaindiko arraza bat da. Gaur egun ez dago desagertzeko zorian, nahiz eta bere kopuruagatik erabat arriskutik kanpo ere ez dagoen[35].

Samalda basatiak eta erdi-basatiak daude. Poni hauen hainbat populazio basati dago Europan barrena. Gainera lehen aipatu bezala zenbait adituentzat hau da antzinako tarpanen hurbilen dagoen egungo zaldi arraza.

Konic zaldia basazaldien sailkapen taldean kokatzen da,

Sakontzeko, irakurri: «basazaldi»

.

Polonian dauden abere kopurua:

-Esku pribatuan dagoen abere kopurua: 310 behor eta 90 zaldietakoa da.

-Esku publikoetan dauden abereak: 120 behor eta 50 zaldi[36].

-Popielnoko Babesgune Naturalean.

-Roztoczanskiko Parke Nazionalean bereziki.

-Białowieża basoan.

.Poznańgo Bizitzaren Zientzien Unibertitateak Koniken talde bat mantentzen du baita ere.

-Oostvaaardrsplassen Natura Babeslekuan bizi da munduko konik ponien populaziorik handiena. Bertan izan zen aurreneko koniken erabilera habitatak kudeatzeko.

-Rodope mendiak, Errumanian[37]. Konik zaldien populazio basatia dago mendi hauetan Rewilding Europe fundazioaren eskutik birbasatze programa baten barnean.

-Pagny-sur-Meuse udalbarrutiko naturgunetan, Lorena ibaiaren ertzean.

-Remoray Lakuaren Babesgune Natural Nazionalean.

-Kappel-Grafenshausenen, Taubergießen babeslekuan ibai ertzeko ordokietan.

-Natura 2000 sarearen barneko Zwinduinen-en-polders babesgunea.

-Baltiko itsasertzeko Geltinger Birk Natura Babesgunean.

-Standortübungsplatz Koblenz-Schmidtenhöhe.

-Brönnhof, Schweinfurten.

- Burgosko Atapueca inguruan, "Paleolítico vivo" delako parke tematikoan uro berri eta Europako bisontekin batera[38].

-Konik poniak berbasatzearen hainbat egitasmoetan erabiliak izan dira[39].

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • (Alemanez) Tadeusz Jezierski, Zbigniew Jaworski: Das Polnische Konik. Die Neue Brehm-Bücherei Bd. 658, Westarp Wissenschaften, Hohenwarsleben 2008, ISBN 3-89432-913-0
  • (Ingelesez) Konikekin habitat naturalak berreskuratzeari buruzko artikuloa. [8][Betiko hautsitako esteka].
  • (Ingelesez) Van Vuure, Cis: From kaikan to konik – Facts and perceptions surrounding the European wild horse and the Polish konik. Semper, Warszawa, 2015, p. 445. [9].

Erreferentzaik

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Ingelesez) Artikuloa "The equinest" entziklopedian. [1]/
  2. (Ingelesez) Artikulua "The equinest" entziklopedian. [2]
  3. https://books.google.es/books?id=Bvg99Qq54nUC&q=tarpanoid+konik&redir_esc=y#v=snippet&q=tarpanoid%20konik&f=false
  4. (Ingelesez) Arrazari buruzko aipua. [3]
  5. a b (Ingelesez) [4]
  6. (Gaztelaniaz) https://www.noticaballos.com/caballo-konik.html
  7. (Gaztelaniaz) https://www.eldiario.es/politica/Proyectan-Atapuerca-prehistorico-ejemplares-UE_0_183382287.html
  8. (Ingelesez) https://web.archive.org/web/20141006065658/http://horsetalk.co.nz/2012/06/01/konik-horses/#axzz3EVdPIcz8
  9. (Ingelesez) https://web.archive.org/web/20160304123533/http://www.wildwoodtrust.org/files/conservation-grazing.pdf
  10. a b (Ingelesez) http://www.theequinest.com/breeds/konik/
  11. a b (Ingelesez) https://web.archive.org/web/20191014072833/https://truenaturefoundation.org/konik-horses-are-not-tarpans/
  12. a b c d (Alemanez) Tadeusz Jezierski, Zbigniew Jaworski: Das Polnische Konik. Die Neue Brehm-Bücherei Bd. 658, Westarp Wissenschaften, Hohenwarsleben 2008, ISBN 3-89432-913-0
  13. (Ingelesez) https://web.archive.org/web/20160909163056/http://www.arthen-tarpan.fr/wa_files/TARPAN_20or_20KONIK.pdf
  14. (Ingelesez) Konik and Hucul horses: A comparative study of exterior measurements|lang=en|auteurs=M. Komosa et H. Purzyc|87. liburua|numéro=7|pasage=2245-2254|aldizkaria=Journal of Animal Science|2009 urtea.
  15. (Ingelesez) Kownacki 1962, Stachurska et al. 2006
  16. (Ingelesez) Stachurska eta al. 2004] Anna Stachurska, M. Pięta, Z Jaworski, A. P. Ussing, A. Bruśniak eta M. Florek, « Colour variation in blue dun Polish Konik and Biłgoraj horses », Livest Prod. Sci., vol. 90, 2004, 201–209 orrialdea
  17. (Frantsesez) M. Kownacki, « Pochodzenie koników w świetle genetyki umaszczenia » [« Origine des Koniks à la lumière de la génétique des couleurs»], Prz. Zool., 14. zenbakia, 1970, 132-134 horrialdea.
  18. (Ingelesez) [Anna Stachurska et Antoni Brodacki, « Selection of polish konik horses for coat colour and the way to improve its effectiveness », Electronic journal of polish agricultural universities, Wydawnictwo Uniwersytetu Przyrodniczego we Wroclawiu, vol. 6, no 1, 2000.http://www.ejpau.media.pl/volume6/issue1/animal/art-04.html]
  19. (Alemanez) Bunzel-Drüke, Finck, Kämmer, Luick, Reisinger, Riecken, Riedl, Scharf & Zimball: Wilde Weiden: Praxisleitfaden für Ganzjahresbeweidung in Naturschutz und Landschaftsentwicklung. Arbeitsgemeinschaft Biologischer Umweltschutz im Kreis Soest e. V. (ABU), Bad Sassendorf-Lohne, 2. Auflage, 2009. ISBN 978-3-00-024385-1
  20. (Polonieraz) M. Łuczyńska, Z. Jaworski et B. Stolarczyk, « Behawior koników polskich utrzymywanych w systemie hodowli rezerwatowej », Roczniki Naukowe PTZ, vol. 4, no 4,‎ 2008, p. 217–228.
  21. (Ingelesez) Z. Hubalek, E. Wegner, J. Hałouzka, P. Tryjanowski, L. Jerzak, S. Sikutowa, I. Rudolf, A. Kruszewicz, Z. Jaworski et R. Włodarczyk, « Serologic survey of potential vertebrate horst for West Nile Virus in Poland », Viral Immunol., vol. 21, no 2, 2008, p. 247–254
  22. (Polonieraz) Z. Jaworski, « Ocena warunków etologiczno-hodowlanych koników polskich utrzymywanych w systemie rezerwatowym », Rozprawy i monografie, Wydawnictwo Uniwersytetu Warmiń-sko-Mazurskiego, vol. 79, 2003.
  23. aworowska 1967, Sasimowski et al. 1990, Jaworski 2003, Łuczyńska et al. 2008]
  24. (Polonieraz) Z. Jaworski et M. Jaszczyńska, « Program hodowlany ochrony zasobów genetycznych koników polskich », Krajowy Ośrodek Koordynacyjny ds, Zasobów Genetycznych Zwierząt Instytut Zootechniki – PIB Kraków, 2004
  25. (Ingelesez) Jansen et al. 2002: Mitochondrial DNA and the origins of the domestic horse
  26. (Ingelesez) Cieslak et al. 2010: Origin and History of Mitochondrial DNA lineages in domestic horses
  27. (Ingelesez) "True Nature Fouandation"-en artikuloa [5]
  28. munibe ficha.php?id=1357&idioma=01Loturaren izenburua[Betiko hautsitako esteka] Jesus Altunaren artikulua
  29. a b (Ingelesez) https://web.archive.org/web/20191014072833/https://truenaturefoundation.org/konik-horses-are-not-tarpans/
  30. (Alemanez) Thomas Jansen: Untersuchungen zur Phylogenie und Domestikation des Hauspferdes (Equus ferus f. caballus) Stammesentwicklung und geografische Verteilung. Dissertation zur Erlangung des Doktorgrades (Dr. rer. nat.) der Mathematisch-Naturwissenschaftlichen Fakultät der Rheinischen Friedrich-Wilhelms-Universität Bonn. Bonn, September 2002 [6]
  31. (Alemanez) Bunzel-Drüke, Finck, Kämmer, Luick, Reisinger, Riecken, Riedl, Scharf & Zimball: Wilde Weiden: Praxisleitfaden für Ganzjahresbeweidung in Naturschutz und Landschaftsentwicklung. Arbeitsgemeinschaft Biologischer Umweltschutz im Kreis Soest e. V. (ABU), Bad Sassendorf-Lohne, 2. Auflage, 2009. ISBN 978-3-00-024385-1
  32. (Gaztelaniaz) https://web.archive.org/web/20190926075959/http://www.wildspain.org/tarpans/tag/caballos-konik/
  33. (Nederlanderaz)http://www.birdsnetherlands.nl/oostvaardersplassen_mammals.htm
  34. (Frantsesez) https://web.archive.org/web/20191003211128/http://www.maisondelareserve.fr/historique_reserve.php
  35. (Ingelesez) Rupak Khadka, « Global Horse Population with respect to Breeds and Risk Status » [7], Uppsala, Faculty of Veterinary Medicine and Animal Science - Department of Animal Breeding and Genetics, 2010, p. 62 ; 68.
  36. http://fallen-leaves.net/wiki/Konik
  37. https://www.rewilding-rhodopes.com/wildlife/konik/
  38. (Gaztelaniaz) https://www.paleoliticovivo.org/
  39. (Ingelesez) https://web.archive.org/web/20191007205401/https://wildwoodtrust.org/sites/default/files//wildwood-media/Files/conservation-grazing.pdf