Luigi Luzzatti (Venezia, 1841eko martxoaren 1a - Erroma, 1927ko martxoaren 29a) italiar finantzari, ekonomialari politiko, filosofo sozial, legelari eta politikaria izan zen. Italiako lehen ministroa izan zen 1910etik 1911ra.
Familia judu aberats eta kultu batean jaio zen. Paduako Unibertsitatean zuzenbidea ikasi ondoren, kreditu-kooperatibak ezarri zituen Venezian. Hori dela eta, Austriako gobernuak Veneziatik alde egitera behartu zuen. 1863an irakasle postua lortu zuen Milango Teknologia Institutuan. Gero irakasle izan zen Paduan eta Erroman.
1865ean Milango Herri Bankua sortu zuen. Dio nella libertà (Jainkoa askatasunean) liburua idatzi zuen, non erlijio-askatasunaren alde hitz egiten zuen.
Ogasun eta Nekazaritza, Industria eta Merkataritza ministroa izan zen. 1910eko martxoan lehen ministro izendatu zuten Sidney Sonninok dimisioa eman ondoren. Urtebete geroago, dimisioa eman zuen, hauteskundeak erreformatzeko proposamen batek porrot egin ostean.