Hungarierazko literatura

Hungarierazko literatura hungarieraz idatzitako lanen multzoa da. Zenbait mendez Mendebaldean nahiko ezezaguna izan ondoan, XX. mendetik aurrera entzute handiagoa erdietsi zuen. Idazlerik ezagunenak Mór Jókai, Antal Szerb, Sándor Márai, Imre Kertész (2002an Nobel Saria jaso zuena) eta Magda Szabó dira.

Hasierako lanak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eztebe I.a Hungariakoaren erregealdian (1000–1038), Hungariako Erresuma kristautzearekin batera, alfabeto latinoa erabiltzen hasi zen. Garai hori baino lehen zegoen ahozko tradizioaren aztarna batzuk geroagoko kodexetan agertzen badira ere, lehenbiziko testu idatziak kristau kulturari loturik daude. Garrantzitsuenak latinezko testuen itzulpenak dira: Ehorzte-sermoi eta otoitza (hungarieraz: Halotti beszéd és könyörgés, 11921195) eta Mariaren ahuenak poema (hungarieraz: Ómagyar Mária-siralom, 1300 baino lehen)[1].

Chronicon Pictum liburuaren lehen orrialdea.

XI. eta XVI. mendeen artean, testu gehienak latinez idatzi ziren. Hizkuntza horretan izkiriatu ziren, esate baterako, magiarren jatorriari eta egitandiei buruzko lehenbiziko kronika liburuak: Gesta Hungarorum (1200-1230 artean) eta Gesta Hunnorum et Hungarorum (1282-1285 artean). Erdi Aroko beste kronika bat Chronicon Pictum (1360 baino lehen) da. XIII. eta XIV. mendeetan hungarieraz idatzitako zenbait kodexetan, Bibliako zati batzuen itzulpenak, himnoak, elezaharrak eta monasterioen erregelak agertzen dira[1].

Matias Corvino erregeak (14431490) Italiako pizkundeko humanismo eta kultura inportatu zituen; besteak beste, Europako liburutegi garrantzitsuenetako bat, Biblioteca Corviniana, sortu zuen. Hungariako errenazimentuko olerkari handiena Janus Pannonius (1434-1472) izan zen, bere lanak latinez idatzi zituena[1].

XVI. eta XVII. mendeak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bi gertarik baldintzatu zuten Hungariako politika eta kultura XVI. mende hasieratik aurrera: herrialdearen zatiketak (1526an zati handiena Otomandar Inperioaren mende gelditu baitzen) eta erlijio gatazkek (Erreforma protestantea eta Kontraerreforma). 1540ko hamarkadatik aurrera hedatu zen Erreformak eragin positiboa izan zuen kulturan; hala, mendearen erdialdean, János Sylvesterek Itun Berria hungarierara bihurtu eta, horrekin batera, gramatika eta latina-hungariera hiztegia argitaratu zituen[1].

Bálint Balassi poeta.

XVI. mendean Pizkundeak eta humanismoak hedapen handia izan zuten. Idazlan gehienak erlijiosoak izan ziren eta, denen buru, Gáspár Károlyi artzain protestanteak egindako Bibliaren itzulpena (1590) dago. Hungarieraz idatzi zuen lehen poeta Bálint Balassi (15541594) izan zen, amodio, gerra eta erlijiozko olerkiak ondu zituena. XVII. mendeko egileen artean Miklós Zrínyi (16201664) gailentzen da; Szigeteko setioa olerki epikoan (hungarieraz: Szigeti veszedelem, 1651n argitaratua) egilearen birraitona hil zeneko Szigetvárko gudua kontatzen da. Kontraerreformako idazle nagusia Péter Pázmány (15701637) izan zen, Hungariako lehen unibertsitatea sortu zuena[1].

XVIII. eta XIX. mendeak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XVII. mende amaieran otomandarrak egotziak izan ziren, eta Hungaria Habsburgo etxearen mende gelditu zen. XVIII. mendearen bigarren erdian, Vienan barrena, Argien Mendeko ideiak iritsi ziren; György Bessenyeiren Agisen trajedia-k (hungarieraz: Ágis tragédiája, 1772) boteretsu eta menekoen arteko gatazkaren gaia plazaratu zuen. Garaiko poeta nagusiak Mihaly Csokonai eta Dániel Berzsenyi izan ziren. Mende amaieran, hungarierazko lehen literatura aldikaria (Museum Húngaro, 1788) eta hungarierazko antzezlanak ematen zituen lehen taldea sortu ziren. XIX. mendearen hasieran, Ferenc Kazinczyk eta haren jarraitzaileek hizkuntza eraberritu zuten, garai berrietako gertakariak eta zientziaren aurrerabideak adierazteko egokia izan zedin[1][2].

1821ean Károly Kisfaludyk (17881830) sortutako Aurora aldizkaria funtsezkoa izan zen Hungariako literatura erromantikoaren garapenean[3]. Idazle erromantiko garrantzitsuenak ditugu Ferenc Kölcsey (1790-1838), ereserki nazionalaren egilea, Mihály Vörösmarty (1800-1855), Zalánen ihesa poema epikoa (hungarieraz: Zalán futása, 1852) idatzi zuena, eta Sándor Petőfi (1823-1849), 1848ko Iraultzaren bultzatzailea eta Hungariako poeta nazionaltzat hartzen dena. János Aranyk balada deitutako herri-literatura generoa berriztatu zuen[1].

Mór Jókai.

1848ko Hungariako Iraultzak porrot egin ondoren, herrialdean etsipena eta pesimismoa nagusitu ziren. Imre Madáchen (18231864) Az ember tragédiája olerki dramatikoa («Gizakiaren trajedia», 1861) ezkortasun horren adibidea da. XIX. mende amaierako eleberrigintzan Mór Jókai (18251904) eta Kálmán Mikszáth (18471910) nabarmendu ziren[1].

XX. eta XXI. mendeak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XX. mende hasierako belaunaldi gazteak Nyugat («Mendebaldea») aldizkariaren inguruan bildu ziren. 1908tik 1941era argitaratu zen aldizkari horren helburua Hungariako kultura berritzea zen, Mendebaldeko Europako joera berriei (modernismoa, sinbolismoa...) bide emanez. Nyugat-en inguruko lehen belaunaldiko egile nagusiak Endre Ady (1877-1919), Mihály Babits (1883-1941), Dezső Kosztolányi (18851936) eta Zsigmond Móricz (18791942) izan ziren. 1920ko hamarkadako idazle ezagunenak Lőrinc Szabó (1900–1957) eta Sándor Márai (1900-1989) dira, eta 1930eko hamarkadakoen artean Sándor Weöres (19131989), Miklós Radnóti (19091944) eta István Örkény (19121979) daude[1].

Lehen Mundu Gerran garaitua izan zenez gero, Hungariak lurralde historikoaren bi heren galdu zituen. Porrot horrek hungariar nazionalismo antikomunista eta antisemita sorrarazi zuen. Gyula Szekfű (18831955) higikunde horren jarraitzailea izan zen, baina alde batera utzi zuen, joera arrazistekin ados ez zegoelako. Idazle batzuek eleberri historikoa landu zuten, eta beste batzuek neokatolizismora jo zuten. Herrialdeko gai eta literatura molde tradizionalak berreskuratu nahi zituzten idazle populisten (népi) taldean Gyula Illyés olerkaria da aipagarriena.

Bigarren Mundu Gerran, hungariar juduak ghetto eta sarraski-esparruetan sartuak izan ziren. Horietako asko hil ziren, Miklós Radnóti, Antal Szerb (1901-1945), György Sárközi (1899-1945), Károly Pap (1897-1945) eta Andor Endre Gelléri (1906-1945) idazleak barne.

Imre Kertész

Gerra ondorengo diktadura komunistarekin Hungariako literaturak itzalaldi luzea izan zuen. Matyas Rakosiren erregimen estalinistaren aurrean makurtu ez zirenek gartzela, ostrazismoa (Imre Kertész, Magda Szabó) edo erbestea (Sándor Márai) pairatu behar izan zuten. 1956ko Hungariako Iraultzarekin bat egin zuten Tibor Déry eta Gyula Háy idazleak espetxeratuak izan ziren[4] eta György Lukács Errumaniara egotzia. 1960ko hamarkadaren erdialdean literatura aldizkari batzuk argitaratzen hasi ziren, eta egoera erabat aldatu zen 1989an demokrazia itzuli zenetik. 2002an Imre Kertészek Literaturako Nobel saria jaso zuen[1].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d e f g h i j Bakucz, Dóra. Sobre la historia de la literatura húngara. Literatura húngara on-line, lho.es (Noiz kontsultatua: 2015-12-21).
  2. Czigány, Lóránt. The Reform of the Language and irodalmi tudat. mek.oszk.hu (Noiz kontsultatua: 2015-12-22).
  3. Czigány, Lóránt. The Hungarian Romantics: the Aurora Circle. mek.oszk.hu (Noiz kontsultatua: 2015-12-22).
  4. Czigány, Lóránt. The Post-War Era: 1. The early years: socialist realism at any cost. mek.oszk.hu (Noiz kontsultatua: 2015-12-24).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]