Imanol Pradales Gil (Santurtzi, Bizkaia, 1975eko apirilaren 21a) bizkaitar soziologo, unibertsitate irakasle eta politikari jelkidea da. 2011tik Bizkaiko Foru Aldundian hainbat ardura izan eta gero[1], 2024ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundetan EAJren hautagaia izan zen. 2024ko ekainaren 22tik aurrera Eusko Jaurlaritzako lehendakaria da[2].
Deustuko Unibertsitatean zientzia politikoak eta soziologia ikasi zuen, eta bertan irakasle da, nahiz eta 2007tik eszedentzian dagoen[1]. 2007an Deustuko Unibertsitatean ardurak hartu zituen, eta 2007tik 2011ra bitarte Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako Bizkaia:Xede elkarteko zuzendari-gerente izan zen[3][1].
2011an Ekonomia Sustatzeko diputatu izendatu zuten, eta 2015etik aurrera Azpiegiturak eta Lurralde Garapeneko diputatu izan da Bizkaiko Foru Aldundian. 2023an I. Etxanobe Foru Korporazioaren parte da[4].
2023ko azaroaren 25ean EAJk jakinarazi zuen Imanol Pradales izango zela lehendakari izateko proposatutako izena, Iñigo Urkulluren ordez[5]. 2024ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundetan EAJren hautagaia izan zen. 2024ko ekainaren 20tik aurrera Eusko Jaurlaritzako lehendakaria da.
2024eko ekainean bere gobernua osatu zuen (Pradales gobernua). Gobernuko sailen banaketan, Pradalesek talentua lotzeko eta erakartzeko eremua lehendakaritzari eman zion, bera aditua den eremua.[6][7][8][9] Talentuaren Euskal Estrategia bat sortuko dela iragarri zuen.[10] Gainera, Talentuaren Euskal Agentzia sortzearen aldeko apustua egin du.[11][8] Horrez gain, euskaldunen "roster" bat sortzearen alde agertu da, talentuaren euskal sare bat.[12]
Aitaren aldeko familia Burgosen du jatorria, eta bere aititetik hasita, bertan jaiotakoak ziren. Bere gaztaroan arraunlaria izandakoa, Laura izena duen andra batekin ezkonduta dago eta alaba baten aita da[13].
Eusko Jaurlaritza (2024-2028) | ||
---|---|---|
Imanol Pradales (Lehendakaritza) |
Eusko Jaurlaritzako lehendakariak | ||
---|---|---|
Jose Antonio Agirre (1936-1960) • Jesus Maria Leizaola (1960-1979) • Carlos Garaikoetxea (1980-1985) |