Montori | |
---|---|
Zuberoa, Euskal Herria | |
Montoriko eliza. | |
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Lurraldea | Zuberoa |
Administrazioa | |
Estatua | Frantzia |
Eskualdea | Akitania Berria |
Departamendua | Pirinio Atlantikoak |
Elkargoa | Euskal Hirigune Elkargoa |
Barrutia | Oloroe-Donamaria |
Kantonamendua | Euskal Mendialdea |
Izen ofiziala | Montory |
Auzapeza | Roger Lapeyrade[1] (2014-2020) |
Posta kodea | 64470 |
INSEE kodea | 64404 |
Herritarra | montoriar / beroriztar |
Ezizena | higanautak |
Geografia | |
Azalera | 20.45 |
Garaiera | 239 - 800 |
Demografia | |
Biztanleria | 310 (2018: −2) |
Dentsitatea | 14,91 biztanle/km² |
Zahartzea[2] | % 27,72 |
Ugalkortasuna[2] | ‰ 15,91 |
Ekonomia | |
Jarduera[2] | % 74,86 (2011) |
Desberdintasuna[2] | % 0,84 (2011) |
Langabezia[2] | % 3,13 (2013) |
Euskara | |
Euskaldunak | % 62,18 (2010) |
Erabilera | % 30,3 (2011) |
Datu gehigarriak | |
Sorrera | 1800. urtea |
Webgunea | http://www.commune-montory.fr |
Montori ([montoʁ̞i]) edo Berorize[3] ([beʁ̞oʁ̞i̻]e) Zuberoako ekialdeko udalerri bat da, Basabürüko Ibarrezkerrekoa, Bearnorekiko mugan kokatua. Euskararekin batera tokiko hizkuntza den okzitanieraz Montòri da, eta ofizialki frantsesez Montory.
Protestantismoak historikoki herrian izan duen eraginagatik «higanautak» ezizena ezarri zitzaien Berorizeko herritarrei.[4]
Herriaren izen zaharra Berorize da. Ipar Euskal Herriko toponimia nagusia aztertu duen Jean-Baptiste Orpustan adituaren ustez, baliteke jatorria belar hitzean edo beltz-haritz konposatuan izatea, eta Donamartiri herriaren izen zaharrarenari (Sant Martin de Beloriz) lotua da.[5]
Erdi Aroan burgu berria sortu zutenean Montory (1323) edo Montori (1337, 1383[6]) izena jarri zitzaion, orduan Zuberoan ofiziala zen okzitanieran. Orpustanen arabera toponimo honetan elementu erromaniko eztabaidaezina (mont) eta euskarazko balizko elementua ((h)iri, "jaun baten domeinua" zentzuan) leudeke. "Larrori" (eta akaso "Orhi") bezalakoekin lotzen du eta "mendiaren domeinua" esan nahiko luke.[7] Geroago Montoury (1563[8]) edota Notre-Dame de Montory (1654[9]) formak ere dokumentatzen dira.
Oinarri zientifiko sendorik gabeko beste etimologia batzuk ere eman dira: 1881eko iturri batek Montori hitza latinezko promontorium hitzetik eratorria zelako hipotesia argitaratu zuen,[10] eta Lemoine doktoreak mont gaskoi hitza eta horreum latinezkoa ("etxalde" zentzuan) aipatzen ditu osagaitzat.[11]
Montòri okzitanieratik euskarara mailegatutako toponimoa dela ikusteko, Montaury frantsesezko grafiaren mozorropean hizkuntza honekin zerikusia duten beste leku batzuetan ere ageri den toponimoa dela esan behar da:
Okzitanieraren eraginaren beste zantzu bat Euskaltzaindiak ontzat hartu ez zituen herriaren izenaren Muntori aldaera, erabilera zabala izan duena,[14][15] eta Jentilizioa dira. Lehenaz esan behar da Montòri okzitanieraz horrelaxe ahoskatzen dela, /mun'tori/, o atonoak /u/ ahoskera izaten duelako. Jentilizioaz araututako montoriar eta beroriztar formekin batera euskaraz montories[16] eta muntories[17] ere erabili direla aipatu behar da, okzitanieratik mailegatu diren bokales, baiones, arrokiages...bezalakoak direnak.
Herri barnea udalerriaren erdialdean dago, 267 mtan. Bere inguruetan, ordea, mendi ikusgarri batzuk daude. Inportanteenak hauexek dira:[18]
Hiru mendi nagusi horien inguruetan ibilbideak daude; Xynthia ekaitzak kalteak sortu zituen, bereziki Beguzekoan.[23] Metro batengatik (796 m baitu) udalerriko punturik gorena hegoaldeko muturrean dago, Edre menditik hurbil eta beste behin Landarekiko mugan.
Udalerriko iparraldean Erretzütik ekialdera dauden muinoen artean Zehebiagako hegia (480 m) dago, Barkoxerekiko muga markatzen duena.[24]
Udalerria zeharkatzen duten erreka guztiek Oloroeko uhaitzean amaitzen dute baina ibaiadar desberdin batzuen bidez:
Norabide gehienetan Zuberoako udalerriak ditu auzokide:
Ekialdean eta hegoaldeko muturrean egun okzitaniarrak diren lurrak ditu mugakide, Bearnoko Baretoseko Landakoak hain zuzen ere. Hala ere, udalerri honetako mendebaldean dagoen Sarraltzüne, Sarraltzune edo Sarantzüne (oc. Eth Barlanés,[27] fr. Barlanès) ibarra zuberotarra -eta euskalduna- izan zen[28] eta mendeetako gatazka bizi izan zen zeini zegokion erabakitzeko.[29]
Herri barneaz gain biztanleria bost auzo sakabanatutan banatua da (hiruk, mendi nagusien izen bana dute):[30]
Errepide nagusia departamendu mailako RD-918 da; Atharratze-Sorholüzerekin (mendebalderantz) eta Biarnorekin (ekialderantz] lotzen du. RD 59 herri barnean hasi eta iparralderantz jotzen du, Barkoxerantz eta RD 759 hegoalderantz doan azken horren segida da, Hauzerekiko lotura egiteko; Hauze-Montori errege bide historikoaren ordezko berriagoa da. Errepidez Oloroe-Atharratze-Maule autobusa herritik pasatzen da.
Paue-Oloroe-Maule (POM) tranbiak geltokia izan zuen udalerri honetan baina 1901etik 1931ra baino ez zuen zerbitzua eskaini; Landa-Atharratze zatia 19054ean zabaldu zen eta hasieran Montori zen geltokirik gabe geratzen zen herri bakarra, herri barnetik urrun pasatzen baitzen. Geltokiaren eraikina orain pribatua da.[31]
Beti Zuberoari lotua, 1086an Guy-Geoffroy Gaskoiniako dukeak herrialde honen gainean zituen eskubideak Zentulo V.a Biarnokoari pasatu zizkion; Gilen Erramun Zuberoako 3. bizkondeak kontran egin arren Zentulo V.ak herrialdea inbaditu eta Montoriri Oloroeko forua (okzitanieraz for d'Auloron) eman zion, eta errege-burgu berria (horregatik herriaren izen berria, Berorize zaharraren ondoan) sortu zuela esan ohi da; hala ere, datu hau historia eta kondairaren artekoa da.[32]
1307an Zuberoa ingelesen menpean geratu zen. Zenbait errege epaitegi antolatu zituzten, errege burguak ziren Barkoxe, Hauze, Atharratze (orduan "Iriberri" edo Vilanava) eta Montorin; jurat izenekoek kudeatutako administrazio berezia zuten, Maule errege-hiriak bezala.[33] Ehun Urteko Gerraren inguruko aldietan Montoriri buruzko datu batzuk jasotzen dira:
Erlijio Gerren garaiak oso gogorrak izan ziren eskualdean. 1564rako herrian protestanteak ziren nagusi, G. Etxart herriko auzokidea zen artzaina eta 1568aren inguruan eliz katolikoa tenplu protestante bilakatu zen Montorin; katoliko zuberotarrak Nafarroa Beherera joan ziren hango erlijiokideekin batera Joana III.a Albretekoa erregin protestantearen kontra borrokatzera baina porrot militarra izan zutenez Zuberoara itzuli eta mendekua hartzeko Agramondarren menpeko Montori erasotu eta arpilatu egin zuten. Biztanle askok Biarnora ihes egin behar izan zuten eta erlijioa aldatu nahi izan ez zuen jurat bat hil zuten.
XVII. mendearen hasieran oraindik geratzen ziren protestante batzuk herrian Iruri, Zalgize, Maule eta Montorin; herri honetan tenpluari ere eusten zioten.
1638an Jean-Armand du Peyrer Iruriko kondeak Montori, Hauze, Atherei, Liginaga eta Astüek osatutako baroierria Agramondeko dukerriari erosi zion. 1661ean, Matalas apaizaren matxinadan, Mithikileko apaiza Montorira joan zen; kanpoko boterearen kontra eta Zuberoaren askatasunaren aldeko borrokan aritzeaz gain katolikoen alde eta protestanteen aurka ere ari zen, aliantzen jokoaren arabera. 3000 lagunekin herrian sartu eta 15 familiabururen kontrako neurri errepresiboak hartu zituen katoliko bihurrarazteko. Matxinadak porrot egin eta gero 1663an Estatu-Kontseiluaren agindu batek Iruriko kondeari arestian aipatu bost herrien gaineko kontrola mantentzeaz gain Atharratze, Onizegaina, Aloze, Ozaze, Ziboze,Etxebarre, Lexantzü eta Ligi ere eman zizkion.[34] Montorin ezagutzen den azken artzain protestantea P. d'Assimont (1679an) da.[35]
Lehen Mundu Gerran Montoriko 48 herritar hil ziren[36] eta beste 8 zaurituta itzuli ziren herrira (1911n udalerriak 830 biztanle zituen).
Bigarren Mundu Gerran zazpi montoriarrek, Indotxinako Gerran hiruk eta Aljeriako Independentziaren Gerran beste batek bizitza galdu zuten.[37]
Nazien okupazioaren kontra aritzeko Zuberoan hiru talde armatu nagusi ibili ziren, armada sekretua edo maki izenarekin.[38] 1944ko abuztuaren 22an erresistentziako buruetakoa zen Julio López aragoitarra Berorize eta Landaren arteko mugatik oso hurbil hil egin zuten. Bertan oroitarria jarri zuten[39] eta Jean Louis Davantek eginiko Xiberoko Makia pastoralean (2001ean Sohütak taularatua) López pertsonaia inportanteetakoa zen, 22. jelkaldiak Montoriko güdüka; Julio Lopez-ena izena zeraman eta Davantentzat elkartasunaren ikurra zen.[40][41] López hil zuten zonaldea oso egokia zen mugalarien lanerako; iheslariak Haut de la Côte auzoan (udalerriaren ipar-ekialdean) edo Barkoxeko mugan (Gaztelondo auzoan) hartu eta sarritan aldatzen zituzten bideetatik Hauze edota Urdatxeraino laguntzen zituzten; mugalarietako bat desagertu egin zen, inork ez daki zer gertatu zen harekin, eta haren emaztea Ravensbrück kontzentrazio-esparrura eraman zuten. Handik bizirik baina oso ahul itzuli zen. Oro har 27 izan ziren Alemania, Polonia eta Austriara preso eraman zituzten beroriztarrak; zortzi STO (Service du travail obligatoire, "Derrigorrezko lanaren zerbitzua") naziek antolatu zuten sisteman sarrarazi zituzten (eta beraz, Alemaniara behartuta gerrarekin zerikusia zuten lanetan aritzeko eraman) eta beste bik Pirinioak zeharkatu eta alde egin zuten.
1940ko azaroan Bréhain herritik (Mosela departamendua, Lorrena) berrogei erbesteratu heldu ziren Montorira; batzuk herrikoen etxeetan bizi izan ziren eta familiei etxeko zein nekazaritzako lanetan laguntzen ibili zitzaizkien; beste batzuk beraientzat prestatu ziren herri barneko etxe batzuetan egon ziren.[42]
1967ko abuztuaren 13an "Eretako lurrikara" izenarekin ezagutu zena gertatu zen, Baretoseko herri horretan epizentroa izan zuelako; Montorin ere kalteak izugarriak izan ziren, etxeen %60a inguru suntsitu zituelako; Richter eskalako 6,5 magnitudekoa izan zen. Etxea galdu zutenentzat "lau milioiko etxeak" deitu zirenak eraiki zituzten.[43]
Berorize Burgosko Prozesuarekin zerikusia duen gertaera oso bitxi baten kokalekua izan zen. Epaiketa hasi baino bi egun lehenago ETAk (Juan Jose Etxabe eta Txikiaren taldeak) Eugen Beihl, Alemaniako Errepublika Federalak Donostian zuen kontsularen bahiketa prestatu zuen. Herri zuberotar honetako apaizetxean zeukaten gordeta; ihes egitea lortu zuen gau batean eta herriko taberna batera sartu zen Alemaniako kontsula zela eta elizaren ondoko etxe batetik ihes egin zuela esaten. Han zeuden herritarrek zer egin eta berriro apaizetxera eraman zuten. Egun batzuk geroago, Eguberrian, ETAk Wiesbadenen (Hessen, Alemania) askatu zuen.[44][45] Roger Idiartek Basabürüan Montori izena duen kanta egin zuen, azkaindarrak egin zituenen artean ezagunenetakoa,[46] gertaera hari eskainia.[47]
Laborantza eta abeltzaintza dira nagusi: ardiak esnekietarako eta behiak (Akitaniako blonda) haragirako.
Herri honetan ia galdu den aktibitate bat udako "bortüetako etxalde" edo cujalar (okzitanieraz; fr. cayolar), mendietako etxaldeak alegia. XX. mendearen hasiera arte ugariak ziren, batez ere Montori-Sarraltzüne muga aldean eta udalerriaren hegoaldean: Maillordoki, Bagoule, Bitola, Légassègue, Ordabürü, Chuste, Aizuburia, Couylarou, Aiguntze eta Izarbe. Gaur egun denak oso egoera txarrean daude. Beste aldetik, zenbait artzainek oraindik badituzte (lehengo garaietan baino askoz gutxiago badira ere) txotx izeneko zatiak Santa Grazi eta Basabürüko beste herri gorenetako etxaldeetan; beste batzuek bere ardiak Aspe eta Aussau Biarnoko ibarretara bidaltzen dituzte, hango artzainek zaindu ditzaten.[48]
Udalerrian nekazaritza eta abeltzaintzara emandako 2500 hektareetatik 680 bat komunalak dira, 1800 bat pribatuak, eta beste 20 bat (Hauze eta Santa Graziko lurretako mugan dagoen Barlamont izeneko eremua) Montorik, Barkoxek eta Landak partekatuak.[49]
Gazta egiteko Les Fermiers Basco Béarnais kooperatibak dituen hiru lantegitatik bat Montorin dago.[50] Ahuntzak dituzten bi artzain daude; lehena arestian aipatutako kooperatibarekin ari da eta bigarrenak, Patrap etxaldekoak, bere gaztak Les chèvres de Gastou izendapenarekin saltzen ditu.
Bi enpresa txiki daude, lurretik zein animaliengandik ateratako ekoizpenak egiteko: ahatekien Les confits d'Arguibelle Arainti etxaldean[51] eta barazki biologikoak saltzen dituena.
Beste garai batzuetan, herri honetako ekonomiarako garrantzia izan duten elementuen artean baziren harrobiak, artilea, lihoa, eztia, gaztainak edota esku-langile mota batzuk.[52]
Herriak baso komunalak ere baditu (583 ha); udalerriko iparraldean (Casterar, Malaxandi, Latalhada, Bigné) eta hegoaldean (Le Bouch, Gastou, Huncharie) dauden esparruez gain egun Landarenak diren lurretan daude handienak, Santa Graziko mugetaraino heltzen baitira: Edre, Seguro, Liziaga, Légacègue, Maillordoki, Ordaburu, Chuste, Bagoule, Bitola, Couylarou, las Bartas, Isiburia, Aiguntze, Lakurde eta 1542 m dituen Arbuti mendikoa.[53]
Hotel bat (Auberge de l'Étable) eta lau landetxe.[54] Etxe berriak eraikitzen ziren bitartean 1967ko lurrikaran etxea galdu zutenentzat egin ziren txalet prefabrikatuetan (Histouye izeneko tokian) gaur egun Les Chalets de Soule oporlekua dago[55]
1377ko Censier gothique de la Soule dokumentuan Montorin dagoeneko 76 Ostau ("etxe" okzitanieraz) zeudela aipatzen du.
Maule-Lextarren notarioa zen Pierre Casaliveteryren Journal liburuan 1460-1481 urteetarako 11 su kontatzen ditu eta 1540-1548 aldian 125, beraz hazkunde demografiko handia izan zen.[56]
XIX. mendean 1.200 biztanle izatera iritsi zen, baina ordutik etengabeko gainbehera izan zuen populazioak bi mendez. XXI. mendearen hasieran 300 pertsona baizik ez ziren bizi Montorin.
Montoriko biztanleria |
---|
Datuen iturburua: INSEE |
Agintaldia | Auzapeza | Alderdia | Lanbidea |
---|---|---|---|
1800-1821 | Pierre Lhande | ||
1821-1826 | Pierre Dastugue | ||
1826-1835 | Casamajou | ||
1835-1840 | Mathieu Goiti | ||
1840-1843 | Jean-Pierre Casamajor | ||
1843-1848 | Félix Jauregiber | ||
1848-1852 | Salenave | ||
1852-1855 | Jean-Pierre Casamajor | ||
1855-1865 | Pierre Lhande | ||
1865-1870 | Pierre Casabonne | ||
1870-1874 | Cabana-Salenave[57] | ||
1874-1881 | Pierre Cabana | ||
1881-1884 | Jean-Pierre Capdevielle | ||
1884-1892 | Dominique Althabe | ||
1892-1900 | Jean-Pierre Capdevielle | ||
1900-1904 | Dominique Althabe | ||
1904-1908 | Dominique Gorge | ||
1908-1929 | Pierre Bizkubi | ||
1929-1935 | Édouard Pontaut | ||
1935-1941 | Pierre Honthaas | ||
1941-1944 | Delegazio berezia[58] | ||
1944-1945 | Pierre Honthaas | ||
1945-1953 | Pierre Capdevielle | ||
1953- | Pierre Honthaas[59] | ||
1983-2001 | Pierre Bozom | ||
2001-2008 | Roger Lapeyrade | ||
2008-2014 | Roger Lapeyrade | ||
2014-2020 | Roger Lapeyrade |
Aspaldikoa da (1913ko Les trois empereurs, campagne d'Austerlitz[60]) herri horrek taularatu duen azken pastorala eta gainera frantsesez izan zen; Napoleon Bonaparteri eskainia, aurreko batean ere (1896ko Bonaparte, deuxième campagne d'Italie (1900)) pertsonaia bera protagonista zen beste bat taularatu zen.[61]
Azken urteetan maskaradak bisitatzen dituen herrien zerrendan ez da egoten, euskarak Berorizen bizi duen egoera kaskarraren seinale.[62]
Kantuaz den bezainbatean, elizako abesbatzaz gain, Landako Arguibelle bearnotar taldean eta Errejentak nahiz Xiberoko Kantariak zuberotar taldeetan badira beroriztar batzuk. Euskal dantzetan aritzen denik ere bada; orain herrian talde osorik ez da, baina 1960ko hamarkada arte ospe handiko taldeak izan ziren.[63]
Grang'Expo izeneko aretoan erakusketak antolatzen dira: Zuberoako eskolei buruz,[64] herrialdeko herri-medikuntzaz...[65]
Montoriko egoera linguistikoa berezia da; Aturri aldeko zenbait herriren moduan xarnegua da, hots, euskaldunak eta gaskoiak nahasten diren lekua. Zuberoan bada okzitaniera tokiko hizkuntza nagusia den herririk, Pettarrean (Ozaraine-Erribareita, Jeztaze) baina Montoriko egoera bestelakoa da: joera bat nabari den arren (mendebalde, iparralde eta hegoaldean euskaldunak, ekialdean eta ipar-ekialdean gaskoiak), zaila da muga linguistiko argirik marraztea.[66][67] XX. mendearen erdialdea arte baziren familia euskaldun hutsak, okzitanieradun hutsak eta bi hizkuntzetako kideek osatutakoak; frantsesa jakin gabe euskara-bearnera elebitasuna nahiko normala zen herri honetan.[68] Azken belaunaldiekin, ordea, frantsesa erabat nagusitu da; euskara egoera ahul da, eta leku gehienetan bezala okzitanieraren familia barruko transmisioia ia erabat eten da. Erreferentzialtasun publikoari dagokionez bederen, euskarak indar handiagoa du, eta karrika nahiz auzo izen elebidunak (frantsesa/euskara) erakusten dituzten kartelak ipini dira;[69] aldiz, beste herri batzuetan ez bezala, herriko jaietako programa jakinarazten duen kartela frantses hutsez ageri da, hala nola Herriko Etxearen webgunea.[70]
Herri honetan egiten den euskal hizkera hegoaldeko zuberera da.[71][72] Egun euskara egoera kaskarrean badago ere, izugarrizko aberastasuna izan du; adibide bat aipatzearren, mendebaldeko haizea izendatzeko itxasaidia, ebi aizia, pekaizia, Baiuna haize, aizebeltza eta manex haize hitzak bildu dira.[73]
Espainiako Gerra Zibilaren ondorioz iheslari batzuk herrian kokatu ziren; azken urteetan ingeles batzuk hara bizitzera joan dira, eta horrek Berorize bost hizkuntzatako herria bihurtu du.[74]
Euskara-okzitaniera elkarbizitza historiko honek ondare linguistiko-kulturalean izugarrizko aberastasuna ekarri du eta herrian garatzen ziren jarduera tradizionalekin zerikusia duten hainbeste elementuk bi hizkuntzatako izenak dituzte: hiatzüna (eu) = arguèta (oc),[75] txakostia (eu) = escalèta (oc),[76] aska (eu) = bassiot (oc),[77] eskua (eu) = plec (oc)...[78]
Toponimian ere, bi hizkuntzetan jatorria duten leku-izenak udalerri osoan zehar erabat barreiatuta daude. Adibideak:
Herriko festak abuztuan izaten dira, 15ean zentratuta; 1945etik herrian jai batzorde indartsua egon izan da. Garai batean egun ia desagertu diren Zuberoako artzainen herri-kirolen (barra jaurtiketa, jauziak...) erakustaldiak bazeuden ere, 1947tik eta ia urtero "Landestar erako zezenketa" (okzitanieraz corruda landesa) antolatu izan da eta beraz 2007an 60. urteurrena ospatu zuten.[81] 1967ko abuztuaren 13an lurrikara gertatu zenean Montori jaietan zegoen.
Desagertu diren ospakizun edo tradizioen artean hauexek daude:
Berorizeko sukaldaritza tradizionala eskualdeko ekoizpenetan oinarritutakoa da: garbura (batez ere Biarnoan prestatzen den barazki zopa), Zuberoako piperrada, uso, basurde edota ehiztatutako beste animaliekin eginikoak...[85]
Herriko Etxea apaizetxe zaharrean dago. Postetxea ere bada.[86]
Osasun zerbitzuetarako beroriztarrek Atharratze edo Eretara joan behar dute.
Hezkuntza beroriztarren kezka historikoa izan da. 1789an, Frantziako Iraultzaren garaietan, zuberotarrak Maulen batzartu ziren beren eskaerak egiteko; Montorik herrialdeko hiriburuan kolegio bat eraikitzea eskatu zuen, gazteen hezkuntza hobetzeko. 1833an derrigorrezko hezkuntza ezarri zenetik udalerri bakoitzak gutxienez eskola bat mantentzeko beharra izan zuen; inspektore baten txostenaren arabera Atharratze-Sorholüzeko Kantonamenduan Atharratze-Sorholüzen bi maisu zeuden eta Berorizen ere bai. Orduan herriak 1300 biztanle zituen.[34]
Gaur egun Zuberoako herri askotan eskolarik ez badago ere, Montorin bi gela dituen Lehen Mailako eskola publikoa dago; jantoki eta haurtzaindegi zerbitzua du. 2009-2010 ikasturtean 33 ikasle zituen; bi irakasle eta jantoki eta haurrak zaintzeko arduradun banak lan egiten zuten bertan.[87] Ez dago eredu elebidunik; euskara ikasgai gisa eskaintzen da.[88]
Eskolan dagoen plaza libreaz gain pilotaleku estalia dago, ezker pareta motakoa. Jai Batzordeak pala txapelketa bat antolatzen du eta petanka elkarte bat dago. Errugbi zelaia ere badu, ez ordea talderik.[89] Herri barnean desagertu zen beste plaza libre bat egon zen.
Ehiza eta arrantza ere askok praktikatzen dute.
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Euskal Wikiatlasa |