Plentzia

Plentzia
 Bizkaia, Euskal Herria
Plentziako bandera

Plentziako armarria

Administrazioa
EstatuaEspainia
ErkidegoaEuskal Autonomia Erkidegoa
LurraldeaBizkaia
EskualdeaUribe Kosta
Izen ofiziala Plentzia
AlkateaAitor Garagarza Cambra (EH Bildu)
Posta kodea48620
INE kodea48077
Herritarraplentzitar
Kokapena
Koordenatuak43°24′21″N 2°56′47″W / 43.405833333333°N 2.9463888888889°W / 43.405833333333; -2.9463888888889
Map
Azalera5,79 km²
Garaiera4 metro
Distantzia23 km Bilbora
Demografia
Biztanleria4.361 (2023)
−15 (2022)
alt_left 2.217 (%50,8) (%48,5) 2.114 alt_right
Dentsitatea743,3 bizt/km²
Hazkundea
(2003-2013)[1]
% 15,52
Zahartze tasa[1]% 19,46
Ugalkortasun tasa[1]‰ 33,27
Ekonomia
Jarduera tasa[1]% 78,88 (2011)
Genero desoreka[1]% 4,66 (2011)
Langabezia erregistratua[1]% 8,59 (2013)
Euskara
Euskaldunak[1]% 37,45 (2010)
Kaleko erabilera [2] (2016)
Etxeko erabilera [3]% 17.68 (2016)
Datu gehigarriak
Sorrera1299. urtea
Webguneahttp://www.plentzia.org

Plentzia Bizkaiko iparraldeko udalerri bat da, Uribe Kosta eskualdekoa. Bilbotik 25 bat kilometro iparraldera dago, kostaldean, Butroe ibaiaren azken bihurgunearen eskuinaldean, ibai hori Plentziako badian isuri aurretik.

5,79 kilometro koadro dauzka, eta 2016. urtean 4.360 biztanle zituen. Biztanleria udan laukoiztu egiten da (16.000 biztanle gutxi gorabehera).

Plentzia XIII. mendean sortu zuen Diego Lopitz Harokoak, Bizkaiko jaunak, eta haren asmoa Gaztelako salgaien garraioan giltzarri izango zen puntu bihurtzea izan zen. 1236 urtean Lope II.a Diaz Harokoak sortu zuen Plentzia hiri moduan, Gaminiz auzoan; 1299ko urriaren 5ean Diego Lopitz V.a Harokoak Logroñoko Forua aitortu zion.[4]

Nabigazio arloko eremu guztietan agintea zuen Plentziako marinelen San Pedro Kofradiak. Bertan batzen ziren Barrika, Sopela, Lemoiz eta Gorlizeko marinelak. Ordenantza zaharrenak 1524. urtekoak dira eta 1870. urterarte iraun zuen jardunean. Kofradiak bultzatu zuen Plentziako Nautika Eskola, 1933. urterarte zabalik egondakoa.[4]

1780tik gaur arte itsasontzien matrikulazioa asko jaitsi da, itsasadarrean sortzen ziren hondar-bankuak zirela-eta; izan ere, sarrera itxi egiten zuten, eta itsasontziek ez zuten igarotzerik, bertan harrapatuta geratu nahi ez bazuten. Gaur egun, Astillero plaza, Butroe itsasadarraren sedimentuen gainean eraikia da, garai batean itsasontziak eraikitzen ziren lekua gogorarazten duen bakarra. 2009an, Eusko Jaurlaritzak kultura ondasun izendatu zuen Plentziako alde zaharra, monumentu-multzo sailkapenarekin.[5]

Plentzia hiria Uribe Kostako eskualdearen erdialdean kokaturik dago, Barrika, Urduliz, Gatika, Lemoiz eta Gorliz inguruan dituela. Plentziako itsasadarrak (edo Butroe erreka) herria hegoaldetik iparraldera zeharkatzen du, Gorlizko badian itsasoratu arte, Urgoso errekaren urak jasota. Aipagarria da Plentziako hondartza, turismoa erruz erakarri duena. Basoak urriak dira, Isuskitza ingurukoak kenduta; horrez gain, Saratxagan belardiak daude. Hainbat muino dago herrian, Jentilmendi mendia, esaterako.

Erromatar aztarnak aurkitu dira herrian, baina hiribildu moduan XIII. mendean sortu zen, Plasentia de Butron izenarekin (hortik eratorria da gaurko Plentzia),[6] Diego Lopitz Harokoak[7] balea arrantzan eta merkataritzan ziharduen eta Gaminizena zen lurralde bateko gunea mugarritu zuenean, hain zuzen ere, 1299an, Gaminiz. Hiribilduari Logroñoko Forua eman zitzaion, eta hurrengo Bizkaiko jaun-andreek eta Gaztelako errege-erreginek forua berretsi zuten.

Butroetarrak herriaz jabetu ziren, baina XVI. mendean horren gaineko boterea galdu zuten. Hortik aurrera bere goraldia izan zuen Plentziak, ontzigintza, balea-arrantza eta merkataritza zirela eta. Ontzigintzaren azken aztarna Astillero plaza da.

XVIII. mendean beheraldi handia hasi zen, izan ere, Espainiar-Britainiar gudan flota guztia galdu eta herrian industrializaziorik gertatu ez zenez, bere inguru naturala bere horretan mantendu zuen Plentziak. Azken arrazoi horregatik, burgesia txikiak udako herri bihurtu zuen Plentzia, batez ere XIX. mende amaieratik aurrera.

Gaur egun, berriz, Plentzian dago Bilboko Metroko amaierako geltokietako bat. Plentziari hainbat urbanizazio berri dagozkio, esaterako Isuskitza deritzona (Plentziako Abanikoa, horrela deitua airetik daukan itxuragatik), Butroe ibaian gora dago, Plentziatik bi kilometrora ibaiak egiten duen errebolta zabal baten barruan.

Hirugarren sektorea nagusi da, ostalaritzari lotua.

Lehen sektoreari dagokionez, arrantza portua aipatzekoa da. Nekazaritza ere garrantzitsua izan da herriaren historian, baina gaur egun zahartze-prozesua nabaria da herrian.

Plentziaren ikuspegia.


Plentziako biztanleria

Politika eta administrazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Plentziako udaletxea

2015eko udal hauteskundeen emaitzen ondorioz, Euskal Herria Bildu koalizioko David Crestelo hautatu zuten alkate. Crestelok bere taldearen lau zinegotzien eta Plentziako Independenteen bi zinegotzienak eskuratu zituen. EAJk bost zinegotzi lortu zituen.

2019eko udal hauteskundetan, EAJk alkatetza berreskuratu zuen 12 urte ondoren. Elixabete Uribarri Uriarte[8] abokatua alkate hautatu zuten.

Plentziako udalbatza

Alderdia

2019ko maiatzaren 26an

2015eko maiatzaren 24a

Zinegotziak Boto kopurua Zinegotziak Boto kopurua
Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ)
5 / 9
1153 (% 47)
4 / 9
968 (% 43,88)
Euskal Herria Bildu
4 / 9
1021 (% 41,88)
3 / 9
646 (% 29,28)
Independientes de Plentzia (IP)
0 / 9
- (% -)
2 / 9
483 (% 21,89)
PSE-EE
0 / 9
142 (% 5,82)
0 / 9
142 (% 1,42)
PP
0 / 9
78 (% 3,2)
0 / 9
77 (% 3,42)
Abstentzioa
952 (% 27,88)
Datuen iturria: 2019eko eta 2015ko udal hauteskundeen emaitzak opendata.euskadi.eus webgunean

Alkate zerrenda

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • 1912 - 1914 - José Olano Rodríguez
  • 1922 - 1923 - Gregorio Rentería Garay - Kontserbadore monarkikoa
  • 1923 - 1928 - José Olano Rodríguez
  • 1930 - 1931 - Gregorio Rentería Garay - Kontserbadore monarkikoa

Aro demokratikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garraiobide eta azpiegiturak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Bilboko metroa»

Bilboko metroaren 1. lineak Plentzia zeharkatzen du, eta udalerrian Plentzia izeneko geltokia du.

Bizkaibus hiri-arteko zerbitzuko hurrengo lineak udalerria zeharkatzen dute:


Hainbat kirol elkarte daude herrian:

Plentziako Itsas Estazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Itsas Estazioa (PIE)

Plentziako Itsas Estazioa edo PIE Plentziako hondartzan dagoen ikerketa-zentroa da, Itsas Biologia eta Bioteknologia Esperimentalean aritzen dena. Ionan Marigomez izan zen sustatzaile nagusia eta 2012tik bera izan da zentroaren zuzendaria eta gidaria. Euskal Herriko Unibertsitateak Itsas Biologian esperimentazio-zerbitzua sortzeko interesa aitortu zuen: estazioak itsasoko ur-bolumen handiak aztertzeko aukera ematen du, eta, horri esker, esperimentuak beste modu bideragarriago batean egin daitezke. Pentsaezinak baina beharrezkoak diren baliabide horiek bikaintasuneko ikerketa-talde finkatuentzako "laborategi" itzela da. Plentziako Itsas Estazioa dagoen eraikina 1923an eraikitako erietxea zen. Bizkaiko Aurrezki Kutxa zaharrak hezur-tuberkulosiaren gaixoentzako helioterapia-erietxe bihurtu zuenean. .

Ondasun nabarmenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
San Maria Madalena eliza.
Herri zaharreko kantoi bat.

Hirigune historikoa ibaiak berak eta elizak, Butroetarren dorreak eta merkatuaren plaza dauden guneak mugatzen dute (eremu lau hori izan zen mendeetan zehar hiriaren gune nagusia). Oinplanoak Bastida ereduari jarraitzen dio eta hiru kale paralelo ditu: Goienkale, Artekale eta Barrenkale, eta garai batean ibaira ematen zuten bi kantoik zeharkatzen dituzte. Kaleek eta kantoiek zabalera bera dute: bost urratsekoa. Kantoiek erribera eta hirigunea lotzen dituzte, eta kaleak ibaiertzarekiko paraleloak dira, lurraren bideei jarraiki. Espazioa Erdi Aroko ereduei jarraiki banatuta dago: lursailak estuak eta sakonak dira. Horietako askok gaur arte iraun dute, eta hiriko hasierako etxebizitzen ezaugarri ziren baratza batzuek ere bai. Askotan, lursail bat baino gehiago elkartu dira eraikin handiagoa egiteko. Garai bateko harresietatik, elizatik gertu, alde zaharraren goialdean dagoen atari irekia bakarrik gelditzen da: Santiagoko atea. Erdi puntuko arkua da, kanoi eskartzanoa duena, eta neurriak eta faktura ikusita, XVI. mendekoa dirudi.

Hirigunea estua zenez, zenbait zabalgune egin behar izan ziren. Kalebarria, elizaren atzealdean dagoen kalexka irregularra, lehena izango zen, eta geroago, XIX. mendean, Portaleta eta Barrenkale eta Artekaleren luzapenak egin ziren. Baina errebal nagusia erribera izan zen, itsasadarrari irabazitakoa, gaur egun udarako egoiliarrentzat txalet eta etxebizitza-eraikinez bete dena.

Arkitekturari dagokionez, badira zenbait eraikin aipagarri. Zaharrena, Santa Maria Madalena eliza da, Bizkaiko arkitektura erlijiosoaren adibide berezia. Elizaren dorre-arkupea oso elementu interesgarria da, oso sendoa, defentsarako, eta, aldi berean, zelatan egoteko eta argia emateko balio duena. Hiru habeartekoetako espazioaren kontzepzioa ere aipagarria da: garaiera berean estalita daude, espazioa bateratzeko asmoz, argi eta garbi.

Pizkunde garaiko egoitzazko arkitekturaren adibide ederra Torreon dugu, udaletxe zaharra eta gaur egungo Kultura-etxea. 1562ko eraikina da eta garai hartan jauregiek zuten diseinua du. Dorretxeen eredu tradizionalari jarraitu arren, bao asko ditu, zabal samarrak.

Aldapa berean, Eleiz enparantzaren izkinan, Torreon eraikinaren antzeko eraikin bat agertzen da argazki zaharretan. Etxebizitza egiteko zaharberritu dute. Armarria eta jatorrizko eraikina 1603. urtekoa da eta Butroetarrena da, hemen izan baitzuten euren dorretxea.

XIX. mendeko etxebizitza neoklasikoak ere badu garrantzia, Plentziak etxea asko eta asko berritu zituen garaikoa. Aipagarriak dira 1865eko Opatuako jauregia, Kristo enparantzan; Camposena etxea, Barrenkale 3an; edo Goienkale 4-6ko etxetzarra.

Beste maila batean bada ere, beste hogei bat eraikin aipagarriak dira, etxe oso berrituak, itxura tiroldarrekoak, asko eta asko begiratokidunak.

Interesgarria da Plentzian dauden arrantzaleen etxebizitzen adibide urriak jasotzea (elizako kalexka). Familia bakarreko etxeak dira, atxikiak, lursail sakonak eta fatxada estuak dituztenak, bi garaierakoak, bi isurialdeko teilatukoak, teilatu-gailurra fatxadarekiko paraleloa dutela. Beheko solairua kalea baino maila beheagoan egon ohi da, eta biltokirako erabiltzen zen. Goiko solairuan —askotan eskailera edo zurezko patio batetik igotzen zen hara—, egon ohi da etxebizitza, eta gorago, ganbara.

Argazki galeria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Plentziar ospetsuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d e f g Euskal Herriari Begira. Udalbiltza.
  2. «Kaleko erabilera herrialdez herrialde» Euskararen erabilera (Wikipedia).
  3. «Etxeko erabilera» Euskararen erabilera (Wikipedia).
  4. a b Plentziako historia. .
  5. Izendapena EHAAn[Betiko hautsitako esteka]
  6. A. Madariaga eta beste, Plasentia de Butron-Plencia-Plentzia. Apuntes II, Plentziako Udala eta BBK Fundazioa, Bilbo.
  7. «Historia» atala, Plentziako Udalaren webgunea.
  8. Alkatea eta zinegotziak. .

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Herriko Wikiatlasa