Urdiain | |||
---|---|---|---|
Nafarroa Garaia, Euskal Herria | |||
| |||
Kokapena | |||
Herrialdea | Euskal Herria | ||
Lurraldea | Nafarroa Garaia | ||
Merindadea | Iruñea | ||
Eskualdea | Burunda, Sakana | ||
Administrazioa | |||
Estatua | Espainia | ||
Erkidegoa | Nafarroa | ||
Izen ofiziala | Urdiain | ||
Alkatea | David Carmelo Oroz Alonso, (EH Bildu) | ||
Posta kodea | 31810 | ||
INE kodea | 31240 | ||
Herritarra | urdiaindar | ||
Geografia | |||
Koordenatuak | 42°52′59″N 2°07′59″W / 42.883055555556°N 2.1330555555556°W | ||
Azalera | 15,37 km² | ||
Garaiera | 530 metro | ||
Distantzia | 47 km (Iruñetik) | ||
Demografia | |||
Biztanleria | 638 (2023: 2) | ||
Dentsitatea | 0,42 bizt/km² | ||
Zahartzea[1] | % 43,2 | ||
Ugalkortasuna[1] | ‰ 36,76 | ||
Ekonomia | |||
Jarduera[1] | % 75,61 (2011) | ||
Desberdintasuna[1] | % 0 (2011) | ||
Langabezia[1] | % 8,6 (2013) | ||
Euskara | |||
Euskaldunak[2][3] | % 79,90 (2018: %5,22) |
Urdiain[4] ([uɾði.ain]) Nafarroa Garaiko mendebaldeko udalerri bat da, Sakanako eskualdekoa, zehazki Burunda bailaran. 15,37 km2 ditu, eta 677 biztanle zituen
2014. urtean.
Urdiain Iruñeko merindadearen iparraldean dago, mendebalderen dagoen muturrean. N-240 errepidean hasten den auzo-errepide batetik heltzen da herrira.
Mugakide ditu iparraldean Ataun (Gipuzkoa), hegoaldean Urbasa mendilerroa, ekialdean Iturmendi, eta mendebaldean Altsasu.
Burdin Aroan eraikitako hainbat trikuharri daude, Ataun-Burunda estazio megalitikoaren baitan. Urdiaingo trikuharririk garrantzitsuenak Beotegiko Murkoa, Intxuspe I eta II eta Portuzagaña dira[5].
Askotan esan da Aracilumetik barrena zihoan galtzada erromatarra Burundan nonbait aurkituko zela Burdigalatik Astorgara zihoan galtzadarekin, eta jendeak "galtzada erromatar" izena eman dio Aitziberretik doan Bernoako galtzadari, baina hau Erdi Arokoa da, mandazainek erabilita. Hala ere, litekeena da Urdiaingo lurretatik igarotzea erromatar galtzada bat, oraindik aurkitu ez dena[6].
Urdiaindik Ataungo San Gregoriora doan bidean, Sarabe inguruan, Jose Maria Satrustegik Erdi Aroko gune multzo bat aurkitu zuen, XI eta XIII. mende ingurukoa. Gune arkeologiko horiei Jentilen sukaldea[7] eta Jentilen Laihoa[8] izena jarri zaie. Bertan aurkitutako txanponak Filipe II.a Augusto (1180-1223), Luis IX.a Frantziakoa (1226-1270), Fernando III.a Gaztelakoa (1230-1252) eta Alfontso X.a Gaztelakoaren (1252-1284) erregealdietakoak dira[9]. Bertan dago Gaztaleko-aitza izeneko toponimoa, gaztelu bat zegoela proposatzen duena[10]. Izan ere, Gipuzkoa Gaztelaren esku geratu zenean, mugako gune bilakatu zen Sakana, eta hainbat gaztelu eta gotorleku eraiki ziren ohikoak ziren lapurretengandik babesteko. Muga honi Gaizkileen Muga izena eman zaio. Dakigunez, bi talde ibiltzen ziren Burundan lapurretan: Lope Gartzia Murua, Lazkaoko jauna, eta Gartzia Lopez Arbizukoa, malfechores de Arbiçu izena zuen taldearen burua. Azken honetan Ziorditik Arbizurainoko hainbat pertsonek parte hartzen zuten[11] Honen ondorioz, 1355an Luis Nafarroakoa Urdiaingo lurretan saiatu zen herri handiago eta gotortu bat egiten, Villafuert deituko zena, 132 etxerekin[12]. Proiektua ez zen garatu.
Burundako herriak muga bilakatu zirenean, Antso VII.a Nafarroakoak Guardiako forua eman zien 1208an. Aguraingo herritarrek Altsasuko elizari su eman ziotenean Erregearen pribilegioak galdu ziren, eta horregatik Filipe III.a Nafarroakoak berriro forua eman zien 1336an, Karlos II.a Nafarroakoak 1375an berretsi zuena. Urdiaingo herritarrek ordaintzen zuten zerga bat gailurdirua deitzen zen; 1498an Joanes III.a Nafarroakoak zerga hau barkatu zien[13]. 1366an Aitoren seme bat zegoen (Gonzalvo II.a) eta hamaika su edo etxe; 1450ean 44 su zeudela kontatzen zen[14].
1512ko uztailaren 21ean Gaztelako armada Urdiaindik pasa zen Nafarroako konkistaren bidean.
Nafarroaren konkistaren ostean, muga-zergak mantentzen jarraitu ziren, eta oraindik ere Urdiain zergak ordaintzeko lekua zen, Ataungo bidetik Pasaiatik zetozen merkantzientzat. 1530ean Burundan hiru lekutan ordaintzen ziren muga-zergak (tabla izena ematen zitzaien, eta kobratzen zuenari, tablajero): Olatzagutian Charles Gongorakoak kobratzen zuen Gipuzkoa edo Arabatik sartu eta Lizarraldeara zihoazenei; Altsasun kobratzen zitzaien Gipuzkoatik sartu eta Sakana edo Iruñera zihoazenei eta Etxarri-Aranatz, Iturmendi edo Urdiainen Altsasutik pasa gabe Ataundik Gipuzkoara zihoazenei. Honela, askotan bi aldiz kobratzen zitzaien gipuzkoarrei, hartzen zuten bidearen arabera. Gipuzkoatik arrainak, etxe-abereak, oihalak eta burdinazko produktuak ekartzen ziren eta Nafarroatik zerealak eta ardoa esportatzen ziren.[15]
1544an Batzarramendin bildu ziren Burundako herritarrak, muga-zerga Altsasu, Urdiain eta Bakaikutik kendu eta Etxarri eta Gorritira eraman zela salatzeko. Lizarraldekoak ere kexatu ziren, izan ere Santa Marinatik jaitsita Bernoako galtzada hartzen zuten Lazkaora joateko, bereziki neguan, Etxarri eta Altsasutik igarotzea ezinezkoa izaten zenean. Aldaketarekin egun bat galtzen zutela zioten[15].
1575ean Inkisizioak sorginkeriaren aurkako prozesuak hasi zituen inguru horretan, bereziki Ziordian eta Urdiainen. Urdiainen, gainera, Maria Martiz izeneko emakume bat deserriratu zuten.
1548an eliza eraikitzen hasi zen, baina arazo asko egon ziren, tartean 1698an eraikinaren zati bat erortzea; ez zen bukatu 1731. urtera arte[5]. 1647an San Pedro baseliza eraiki zen, Altsasu eta Urdiainen arteko lurrean orain[16].
XVIII. mendean batez ere garia eta artoa ereiten zen Urdiainen, baita kalitate handiko lihoa eta, artoari lotuta, babarrunak. Hala ere, produkzio hori ez zen nahikoa guztiak mantentzeko, eta horregatik migrazioa zein garraiolarien lana funtsezkoa zen[17]. Gipuzkoara haritzen egurra saltzen zen, ontzigintzan erabiltzeko[18]. Urdiainen herentzia ez zen maiorazko bidez banatzen, baizik eta modu berean seme-alaba guztiei. Horregatik, lurzorua pieza txikitan banatzen zen, produkzioa asko zailduz[17]. 1662an Nafarroako Gorteek zereala Gipuzkoara saltzea baimendu zuten, eta 1678an Arabara; honek abantaila eman zien bi muga horietatik gertu zeudenei, eta merkatari sektore bat sortu zen, karga-animalien jabe zirenak. 1711n Urdiainen 16 mandazain, 23 mando eta 40 kabestru zeuden, Gipuzkoa, Bizkaia eta Baionarekin komertzioan[17]. 1724an zerealaren salmentan mugak jarri ziren berriro ere, baina Burundan salmentak jarraitu zuen, askotan kontrabandoan. Adibidez, 1712an Pedro Zufiaurre urdiaindarrak tabakoa zeraman Bilbotik Tuterara[19].
Mandazain hauek izan ziren Urdiainen dirua egin eta lehen burgesia txikia osatu zutenak. Laster hasi ziren maileguak egiten, partikularrei zein instituzioei, adibidez 1773an ganadu-aziendaren galera handia eman zenean. Garaian bizi ziren gerrak zirela eta, askok ezin izan zituzten maileguak itzuli, eta ordainketa gisa lurrak jasotzen hasi ziren, partikularrak zein komunalak, lur-jabe bilakatuz[17]. Askok, migratzaile ziren senideekin egiten zituzten negozioa, espeziak, txokolatea edo anisa ekartzen. Irabazitako diruaren parte bat komertzioa bultzatzeko erabili zuten, Caracasko Gipuzkoar Konpainian zein Filipinetako Konpainian[17].
Gaur egun Altsasuren lurretan dagoen Zangitun Urdiainek Santa Eulaliari eskainitako baseliza bat zuen. 1720an akordio batera iritsi ziren, Urdiainek bere azienda lur horietara eraman ahal izateko[20]. Urdainek prozesioa eta meza egiten zuen bertan, urtero, otsailaren 12an, eta baselizaren zaintzaz arduratzen zen. 1795an, Konbentzioaren Gerran, frantziarrek erre zuten[20].
Iberiar Penintsulako Gerraren ostean lehen aipatutako burgesia-txiki horrek boterea eta dirua galdu zuen. Laster hasi ziren maileguak eskatzen Nafarroako Gorteei. Komertzioa asko jaitsi zen, eta mandazainak geroz eta gutxiago ziren ere[17].
Tomas Zumalakarregik Ameskoatik Gipuzkoara zihoan bide zaharra erabili zuen Lehen Karlistaldian[14].
1846an Burundatik bereizi zen eta udal independente bilakatu zen. Madozen Desamortizazioa 1855an eman zen. 1863an errota bat eta teila-fabrika bat saldu ziren ondorioz[21].
Gaur egungo udaletxearen 1868an eraiki zen[16].
1930ean Urdiainek 821 biztanle zituen[22]. Espainiako Gerra Zibilari lotutako errepresioan Francisco San Román Galbete erail zuten; bere gorpua Otsaportillora bota zuten[23].
Historikoki Urdiaingo sektore ekonomiko nagusia nekazaritza izan da. Hala ere, XX. mendetik aurrera industrializazio prozesua hasteak eta Altsasu gune industrialetik hurbil egoteak industriaren garapena eragin du. Horrenbestez, gaur egun sektore nagusia industria da.
Nekazaritza (garia, artoa, patatak, garagarra, bazka...) eta abeltzaintza xumea nagusitzen dira. Abereek herri lurretan bazkatzen dute.
Urdiaingo biztanleria |
---|
2008ko erroldan, Espainiaz kanpoko hamazortzi etorkin bizi ziren herrian, biztanleriaren % 2,98 (Nafarroako Foru Erkidegoko batezbestekoaren azpitik).
2007an Urdiaingo alkate kargurako Nafarroa Bai alderdi politikoko Miguel Ángel Zubiria Galartza aukeratu zuten. Udaleko zazpi zinegotzietatik bost lortu zituen, gehiengo osoa. Baliogabeko botoak hiru izan ziren (emandako guztien %0,71) eta boto zuriak hamar (%2,39). Abstentzioa %23,41ekoa izan zen.
Alderdia | Botoak | Zinegotziak |
Nafarroa Bai | 264 | 5 |
Eusko Abertzale Ekintza | 145 | 2 |
2011ko udal hauteskundeetan ere bi zerrenda lehiatu ziren baina ez ziren 2007koak. Bildu atera zen garaile eta Urdiaingoak Elkarturik Aurrera izenekoak 3 zinegotzi lortu zituen.
Alderdia | Botoak | Zinegotziak |
Bildu | 152 | 4 |
Urdiaingoak Elkarturik Aurrera | 147 | 3 |
2015ko udal hauteskundeetan EH Bildurena izan zen udala berritzeko aurkeztu zen zerrenda bakarra.
Alderdia | Botoak | Zinegotziak |
Euskal Herria Bildu | 233 | 7 |
Udaletxea 1868an eraiki zen, eta harriz egindako leiho eta ateak dauzka. Hormoina harlangaitzez egina dago. Eraikina 1981ean zaharberritu zen azken aldiz. Udala alkateak eta sei zinegotzik osatzen dute. Urdiaingo udaleko idazkaria Ziordiako idazkari ere bada.
2007-2011 | Miguel Ángel Zubiria Galartza | Nafarroa Bai |
2011-2015 | Sebastian Aristizabal Irigoien | Bildu |
2015- | David Carmelo Oroz Alonso | EH Bildu |
Urdiain Etxarri Aranazko Zerbitzuen Mankomunitateko kide da.
La Burundesa autobus konpainiaren Gasteiz-Iruñea lineak Sakanako herriak elkartzen ditu, eta geltokia du herrian. Guztira hiru zerbitzu izaten dira norabide bakoitzean. Lineak ibilbide hau du:
Urdiainen Burundako euskara egiten da, nafarreraren azpieuskalki berezi bat: izan ere, Burunda Nafarroa Garaiko mendebaldean dagoenez, Araba eta Gipuzkoa ondoan dituela, hiru alderdi horietako ezaugarriak jaso ditu, tarteko hizkera da bete-betean. Koldo Zuazo hizkuntzalariak sakonki aztertu zuen hainbat Urdiaindarren laguntzarekin eta liburu bat argitaratu zuen 2010ean.
Koldo Zuazok herritarren laguntzarekin 4.500 hitz bildu nahi ditu Urdiaingo hiztegi batean. 2021eko abenduan, Durangoko azokan, aurkeztu nahi dute hiztegia. Aurretik Burundako herrietako bi hiztegi argitaratu dira: Altsasukoa Kandido Izagirrek egin zuen eta Bakaikukoa Patxi Ondarrak.[25]
Herri horretan gorde da hobekien, hain zuzen ere, Burundako euskara, Urdiainen baizik ez baita zaharrengandik gazteengana igaro euskalki hori.
Urdiainen ez Burundako beste herrietan, euskara erabateko heriotzatik gertu jarri zela 1970 aldera. Pedro Irizarrek Euskal Herrian zeuden euskaldunak zenbatu zituen 1973an eta Burundako 1.173 euskaldunen erdia Urdiainen zegoen. Hauek izan ziren datuak: Urdiain 690; Altsasun 150; Olatzagutian 140; Bakaikun 120; Iturmendin 60; Ziordian 10.
Urdiain egiazko herri euskalduna zen orduan. Gainerakoetan, adinekoak ziren euskaldunak eta gazteek erdaraz egiten zuten. Eta etenda zegoen guraso eta seme-alaben arteko transmisioa. Baina 1968an, Etxarri Aranazko ikastola sortu zuten eta 1969an Altsasuko «Iñigo Aritza» ikastola. 1980ko hamarkadan euskara eskola publikoetan sartu zen. Gaur egun euskarazko eredua erabat nagusi da Burunda guztiko ikastetxeetan. Irakaskuntzaz kanpo ere beste urrats batzuk egin dira. 1994an Guaixe aldizkaria sortu zen Sakana guztirako eta, aldi berean, Bierrik! Elkartea antolatu zen egitasmoa egoki bideratzeko. 1999an Beleixe irratia sortu zen. Guaixe aldizkariak funtsezkoa izan da euskararen zabalkundean. Euskarak egin zuen gorakada oso nabaria izan zen Burundako herririk hazienetan: Altsasun (1991n % 13,47 zen euskalduna eta 2001ean % 21,56) eta Olatzagutian (1991n % 13,09 zen euskalduna eta 2001ean % 21,05); hala ere, Urdiainen atzera egin du: (1991n, % 85,95 zen euskalduna eta 2001ean, % 74,73).
Urdiain UEMA (Udalerri Euskaldunen mankomunitatea) sortu zuten 19 udaletako bat izan zen: Abaltzisketa, Aizarnazabal, Altzo, Arbizu, Aulesti, Baliarrain, Dima, Errezil, Etxebarria, Gatika, Ikaztegieta, Leaburu-Txarama, Lizartza, Munitibar, Muxika, Nabarniz, Orendain, Urdiain, eta Zaldibia.[26] Hainbat urtetan egon da[27] baina 2019an ez dago barruan.[28]
Urdiaingo inauteriak edo ihoteak ezagunak dira. "Momoxarroak" dira bertako pertsonaia nagusiak.[24]
Urdiainen 3 egunez antolatzen dituzte inauteriak: larunbatean “manta-eguna” da pertsonaia nagusia, eta igandean eta asteartean momoxarroak ateratzen dira. Makilekin ibiltzen dira kaleetatik herritarren atzetik, hauek ihesean korrika joaten direlarik.
Momoxarro handiak eta txikiak ateratzen dira Urdiainera, momoxarro asko. Zigorra eskuan, "momoxarro xirrikiti xarro..." oihu egiten zietenei astindu ederrak egiten dizkieten.[24]
Donibane jaia berezia da Urdiainen. San Joan baselizara joaten dira eta herriko neska gazteek abesten dute, belarretik garira joango dela ospatuz. Bazkalostean elkartu, eta azken ensaioak egin ondoren, jantzi eta San Juango ermitara abiatzen dira, bertan, meza ostean dantzatu eta kantatzeko.
Besteak beste Resurrección Maria de Azkuek, Francisco Arraras eta Jose Maria Satrustegik bildu zituzten Urdaingo San Juan Kantaitaren hitzak, eta azken honek jasotako aldaera da abesten dena[29][30].
Kanta luze baten ostean, gari soroetara joan eta Orain arte belar, hemendik aurrera gari! esan ohi zen.
<ref>
tag; name ":0" defined multiple times with different content
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Nafarroa |
Burundako udalerriak | ||
---|---|---|
Ziordia · Olatzagutia · Altsasu · Urdiain· Iturmendi · Bakaiku |