Galanperna zuria | |
---|---|
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Fungi |
Klasea | Agaricomycetes |
Ordena | Agaricales |
Familia | Agaricaceae |
Generoa | Leucocoprinus |
Espeziea | Leucocoprinus leucothites Redhead, 2023 |
Datu orokorrak | |
Gizakiak ateratzen dizkion produktuak | Agaricus onddo zuria |
Basionimoa | Agaricus leucothites |
Galanperna zuria (Leucocoprinus leucothites) Agaricaceae familiako onddo espezie bat da.[1] Jangarria da, baina Amanita zuri hilgarriekin antz handia du (verna eta virosa). Oro har, orri zuriak eta eraztuna duten perretxiko guztietatik ihes egin behar da. Oso ohikoa Euskal Herrian.
Sinonimoa: Hypophyllum scissum, Agaricus excoriatus, Agaricus leucothites (Basionimoa), Agaricus sphaerophorus, Agaricus naucinus, Lepiota naucina, Lepiota pudica, Lepiota naucina var. leucothites, Mastocephalus naucinus, Leucocoprinus pudicus, Leucoagaricus naucinus, Lepiota leucothites, Leucoagaricus leucothites, Leucoagaricus carneifolius var. leucothites, Leucoagaricus pudicus.
Kapela: 4 eta 10 cm arteko diametrokoa, haragitsua, oboidea, ondoren kanpai formakoa eta azkenean zabaldua. Zeta-antzekoa, leuna, zurixka edo okre samarra da diskoaren gainean, eta batzuetan zartatu egiten da lehor dagoenean.
Orriak: Libreak, meheak, estu, sabeldunak, kolore zurixkakoak, baina azkenean arrosa-haragi kolorez tindatzen dira.
Orri libreak: Oinera hurbiltzen diren orriak, baina ukitzen ez diotenak
Hanka: Nahiko laburra, zilindrikoa, baina lodiagoa oinarrian, hasieran betea eta gero hutsa. Zurixka da eta, goiko aldean, mintzeko eraztun bat dauka, zuria eta nahiko iheskorra.
Haragia: Zuria, samurra, frutena gogorarazten duen usaina, zapore atseginekoa.[2]
Etimologia: Lepiota hitza grezierazko "lepis" "lepidos" hitzetatik dator eta "oús" eta "otós ear" hitzetatik, kapela esan nahi duena. Ezkatadun kapela duen onddoa. Naucina epitetoa latinetik dator, "naucum" hitzetik, txikia esan nahi du. Bere neurriengatik.
Jangarri delikatutzat hartzen da, hala ere, batzuek digestio arazoak egotzi dizkiote. Izan ere, perretxiko fin honek, ale gazteak eta bildu berriak kontsumitzea eskatzen du. Bestalde, kontuz ibili behar da Amanita zuri hilgarriekin ez nahasteko.[3]
Amanita zuri hilgarriekin nahas liteke, Amanita verna, Amanita virosa eta Amanita phalloides aldaera zuriarekin.[4]
Funtsezko desberdintasunak
Lepiota naucina: Hanka erraboilduna, baina bolbarik gabe. Eraztun mugikorra. Orri arrosakarak. Ukitzean apur bat horitu egiten da.
Amanita verna eta virosa: Hanka erraboilduna eta bolbaduna. Eraztun finkoa, benda bat osatuz. Orriak beti zuri, ez dira inoiz horitzen.
Udaberri amaieratik udazkenera arte, belardietan, lorategietan, landatutako lurretan, etab., basoan ez. Baso hezeetan irteten dute batez ere Amanita hilgarriak.
Lepiota naucina perretxikoa, urte batzuetan, garai eta eremu egokietan, zelai eta lur landuak inbadituz agertzen da.[5]
Mundu osoan barreiatzen da, kontinente guztietan zehar, eta habitat ugaritan garatzen da.[6]