Gorotz-sorgin txikia | |
---|---|
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Fungi |
Klasea | Agaricomycetes |
Ordena | Agaricales |
Familia | Strophariaceae |
Generoa | Protostropharia |
Espeziea | Protostropharia semiglobata |
Basionimoa | Agaricus semiglobatus |
Gorotz-sorgin txikia (Protostropharia semiglobata) Strophariaceae familiako onddo espezie bat da. Sukaldaritzarako baliorik gabeko perretxikoa, bere tamainagatik eta haragi gutxi duelako. Susmagarria ere bada. Behi eta zaldi gorotzetan edo inguruan ateratzen da batez ere.
Sinonimoak: Stropharia semiglobata, Fungus glutinosus, Psilocybe semiglobata.
Kapela: 2 eta 3 cm. arteko diametrokoa; hasieran ia hemisferikoa, azkenean, ganbil-kamutsa, leuna, likatsua eguraldi hezean, distiratsua eguraldi lehorrean, horixka kolorekoa ilunagoa edo argiagoa, batzuetan hori-berdexka.
Orriak: Zabalak, itsatsiak; hasieran errauts zurbil kolorekoak, gero oliba-arre kolorea hartzen dute eta azkenean purpura iluna. Ertza zurbilagoa dute.
Hanka: Liraina, luzea, zilindrikoa, laster hutsa, hori zurbila, likatsua eraztunetik behera, mintzezko eraztuna, likatsua, mehea, galkorra, argia hasieran eta ia beltza amaieran.
Haragia: Mehea, zurbila, ia usainik gabea eta zapore leunekoa.[1]
Etimologia: Stropharia terminoa, “strófio”-tik dator, neskek bularra estutzeko erabiltzen zuten bularreko faszia-tik. Eraztunari erreferentzia eginez. Semiglobata epitetoa berriz latinetik dator, “semiglobatus”-etik. Hemisferikoa esan nahi du. Kapelaren formagatik.
Susmagarria da. Uste da substantzia toxikoak dituela eta baita haluzinogenoak ere. Oraindik gutxi ikertu da.[2]
Stercoraria barietatea oso zaila da semiglobata-tik bereiztea, horretarako mikroskopioa hartu beharra dago.
Stropharia coronilla eta Psilocybe merdaria eraztunik gabekoekin nahas daiteke eta Psilocybe luteonitens-arekin titi zorrotz ilunagoarekin.[3]
Oso ohikoa udaberritik udazkenera arte, belardietako belarretan, bideetan eta leku hezeetan, gorotzetan eta gorotzen inguruan.[4]
Ipar Amerika, Europa, Ipar Afrika, Erdialdeko eta Hego Amerika, Kaukasia, Mongolia, Uzbekistan, Irak, Pazko uhartea, Australia, Zeelanda Berria, Hegoafrika, Burundi.[5]