Kardu-ziza

Kardu-ziza
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaFungi
KlaseaAgaricomycetes
OrdenaAgaricales
FamiliaPleurotaceae
GeneroaPleurotus
Espeziea Pleurotus eryngii
Quél., 1872
BasionimoaAgaricus eryngii
Mikologia
 
orriak himenioan
 
txapel zapaldua
 
himenioa dekurrentea da
 
hanka biluzik dago
 
espora zuriak dauzka
 
saprobioa da
 
jateko bikaina da

Oharra: ez fidatu soilik orri honetan ematen diren datuez perretxiko bat identifikatzeko orduan. Inolako zalantzarik izanez gero, kontsultatu aditu batekin.

Kardu-ziza[1] (Pleurotus eryngii) Pleurotaceae familiako perretxiko jangarri bat da.[2] Fungus hau, normalean, landareen sustraietan edo hondakinetan hazten da, batez ere umbeliferoen gainean, eta hainbat tokitan landu daiteke. Arrunta da Mediterraneo inguruko eskualdeetan (Europako hegoaldean, Afrikako iparraldean eta Ekialde Hurbilean), eta merkaturatzeko lantzen da gaur egun munduko toki askotan, batez ere Asian.

Pleurotus eryngii Pleurotus generoko espezierik handiena da. Genero berekoa da Pleurotus ostreatus ezaguna ere. Hanka zuri lodi eta haragitsua dauka, eta txapel txikia.

Txapela 5 eta 10 zentimetro artekoa da ale helduetan. Ganbila da jaiotzean, baina laster lautzen da, eta azkenean pixka bat hondoratzen da erdigunean. Kolore aldakorrekoa da, baina denak dira marroixkak (ilunetik ia zuriraino). Gainazal leuna du, eta ertza kiribildu egiten zaio ale gazteetan.

Orri oso dekurrenteak ditu (Pleurotus generoaren ezaugarri berezia da), oso estuak eta tartean orritxoak dituztela. Ale gazteetan zurixkak dira, geroago gris edo krema kolorea hartzen dute.

Hanka laburra eta potoloa da, kolore argikoa hasieran eta ilunagoa zahartzean. Orokorrean txapelaren albo batean hasten da, nahiz eta erdialdean ere izan daitekeen.

Haragi trinko eta zurruna du, zuria. Usain leuna eta zapore gozoa ditu.

Ozeano Atlantikotik Hego-mendebaldeko Asiaraino hedatzen da, Indiara iritsita. Genero bereko beste espezie batzuk ez bezala, kardu-ziza, izenak berak iradokitzen duen bezala, landare belarkaren bizkarroi ere bada.[3]

Urteko lehen agerraldia udaberrian izan ohi du, eta udazkenean berriro agertzen da.[4] Ia beti karduen eta apiazeoen sustraiei lotuta bizi da, lugorrietan, landu gabeko lursailetan eta bide bazterretan; oro har, landare ostalariak bizi diren tokietan.

Banaketa eremua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herrian, arruntagoa da gero eta hegoalderago. Ipar Amerika, Brasil, Europa, Errusia, Turkia, Israel, Erdialdeko Asia, Himalaiako eremua, Txina, Japonia.[5]

P. eryngii espezieen konplexu bat da, eta hainbat aldaera deskribatu dira.

  • P. eryngii var. eryngii (DC.) Quél 1872Eryngium espezieei lotutakoak.
  • P. eryngii var. ferulae (Lanzi) Sacc. 1887Ferula communis espezieari lotutakoa.[6]
  • P. eryngii var. tingitanus Lewinsohn 2002Ferula tingitana espezieari lotutakoa.[6]
  • P. eryngii var. elaeoselini Venturella, Zervakis & La Rocca 2000Elaeoselinum asclepium espezieari lotutakoa.
  • P. eryngii var. thapsiae Venturella, Zervakis & Saitta 2002Thapsia garganica espezieari lotutakoa.[7]

Beste aldaera batzuk Ferulago, Cachrys, Laserpitium, eta Diplotaenia generoei lotuta deskribatu dira.[3]

Ikerketa molekularrek erakutsi dute Pleurotus nebrodensis kardu-zizari estuki lotuta dagoela, baina beste espezie bat dela.[3] Pleurotus fossulatus ere hurbileko beste espezie bat da.[3]

Perretxiko ezaguna da Euskal Herrian, batez ere hegoaldean, eta oso estimatua da.

Beste Pleurotus espezie batzuk bezala, kardu-zizak nematodoak erasotzen ditu eta horiek kontrolatzeko metodo bat izan daiteke.[8]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Kardu-ziza». Euskaltzaindiaren Hiztegia(Noiz kontsultatua: 2021-04-12.)
  2. Euskal Herriko perretxiko eta onddoak, 2013, 2014, 2016, 2017, Fernando Pedro Pérez, Kultura Saila, Eusko Jaurlaritza  •   Bizkaiko Perretxiko eta Onddoak, A.D.E.V.E., 2012  •   Euskalnatura  •   Euskal Herriko Onddoak. 5 tomos, Luis García Bona, Kriselv, 1987  •   Catálogo micológico del País Vasco, Aeranzadi, 1973  •   Mendizalearen Hiztegia [mikologia], Ostadar Mendi Taldea.
  3. a b c d (Ingelesez) Zervakis, Georgios I.; Venturella, Giuseppe; Papadopoulou, Kalliopi. (2001). «Genetic polymorphism and taxonomic infrastructure of the Pleurotus eryngii species-complex as determined by RAPD analysis, isozyme profiles and ecomorphological characters» Microbiology 147 (11): 3183–3194.  doi:10.1099/00221287-147-11-3183. PMID 11700370..
  4. (Gaztelaniaz) «Pleurotus eryngii» Fungipedia (Noiz kontsultatua: 2018-04-05).
  5. Pleurotus eryngii: GBIF—the Global Biodiversity Information Facility.
  6. a b Lewinsohn, D.; Wasser, S. P.; Reshetnikov, S. V.; Hadar, Y.; Nevo, E.. (2002). «The Pleurotus eryngii species-complex in Israel: Distribution and morphological description of a New Taxon» Mycotaxon 81: 51–67..
  7. Venturella, G.; G. Zervakis; A. Saitta. (2002). «Pleurotus eryngii var. thapsiae var. nov. from Sicily» Mycotaxon 81: 69–74..
  8. «Predatory Activity of the Fungus Pleurotus eryngii on Ancylostoma caninum Infective Larvae» SOJ Veterinary Sciences 2015eko ekaina.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]