Lactarius albocarneus | |
---|---|
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Fungi |
Klasea | Agaricomycetes |
Ordena | Russulales |
Familia | Russulaceae |
Generoa | Lactarius |
Espeziea | Lactarius albocarneus Britzelm., 1895 |
Lactarius albocarneus Russulaceae familiako onddo espezie bat da.[1]
Sinonimoa: Lactarius glutinopallens
Kapela: 3 eta 7 cm bitarteko diametrokoa. Hasietan lau-ganbila, laster inbutu formakoa eta azkenik irregular samarra; tolesgarria eta makala, gris-more zikin kolorekoa, okre antzekora arte lausotua; gluten lodiz estalia; pruinaduna eta zilarreztatua eguraldi lehorrean. Ertza beherantz biratua, pubeszentzia zurixkekin, 1-1,5 mm-koa; zakarra eta zorrotza lehorrean.
Orriak: Nahikoa zabal, lodi samarrak, baina ebaki zorrotzarekin; desberdinak; itsatsiak edo laburki dekurrenteak; horixka- okre antzekoak, latex lehortuagatik hori argiz zikindua.
Orri dekurrenteak: Hanka ukitzeaz gain beherantz jarraitzen duten orriak.
Hanka: 3 eta 6 cm bitarteko garaierakoa eta 0,7 eta 1,2 cm bitarteko diametrokoa. Askotan errekurbatua, konprimitua, betea gero barnehutsa; zurbila edo lehoi kolorez zikindua, glutinosua, distiratsua eguraldi lehorrean; iletsua oinarrian.
Haragia: Zurixka, hondatutako lekuetan poliki-poliki horitu egiten da, harro-elastikoa, fruta usainarekin eta zapore pikantearekin.
Latex: Zurixka, lehenik mingotsa, gero pikantea.[2]
Etimologia: Lactarius terminoa “lac” “lactis” esnetik dator, esneari dagokio. Latexa jariatzen dutelako ebakitzean edo haustean. Glutinopallens epitetoa latinetik dator, kola esan nahi duen “gluten” hitzetik eta zurbil esan nahi duen “pallens” hitzetik. Kapelaren azalak substantzia glutinosua duelako.
Ez da jangarria.[3]
Bere ezaugarri berezia Abies alba-ren orratzak itsasten dituen kapelaren biskositate nabarmena da.
Uda amaieran eta udazkenean. Gregarioan edo mordoxkatan, izei gorrien eta izei zurien basoetan.
Ameriketako Estatu Batuak, Europa (batez ere Alpeak, Pirinioak eta Danimarka), Errusia.[4]