Russula queletii | |
---|---|
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Fungi |
Klasea | Agaricomycetes |
Ordena | Russulales |
Familia | Russulaceae |
Generoa | Russula |
Espeziea | Russula queletii Fr., 1872 |
Russula queletii Russulaceae familiako onddo espezie bat da.[1] Ez da jangarria. Indigestioa eragiten du.
Kapela: 4 eta 10 cm bitarteko diametrokoa, haragitsua, hasieran ganbila titi apur batekin eta gero zabaldu eta hondoratu egiten da, ertz mehe inkurbatu eta ildaskatuarekin, azala erdi banangarria, likatsua hezetasunarekin eta matea lehorrarekin, koloreen nahasketa bat du, purpura iluna, purpura-ardo kolorekoa eta purpura morez, gorrixkaz eta berdexkaz nahasia eta erdian ilunagoa, batzuetan ia beltzaxka dena. Beste batzuetan kapela oso koloregabetua.
Orriak: Meheak, gaztetan oso estu eta gero zabalago, hasieran zurixkak eta gero zuri-kremak, batzuetan, erreflexu grisaxkekin eta orban berdexkekin, baina inoiz ez hori-limoi kolorekoekin, Russula sardonia espezieak izaten dituen bezalakoak. Amoniakoarekin ere ez dute arrosaz erreakzionatzen.
Hanka: Liraina, luzea eta mehea, hauskorra, zimurtsu samarra eta kolore tipikokoa, gorri-andere-mahats eta purpura-ardo kolorekoen artekoa. Baina zurixka izan daiteke, tindu arrosekin edo moreekin. Oinarrian zuria da.
Haragia: Zuria, hauskorra, urtsua eta zuria edo zertxobait grisaxka, baina kapelaren azalaren azpian kolore gorri-purpura du. Fruta usaina du, sagarrak bezala, eta, batzuetan, zahartzaroan arrain usain arina. Zapore azidoa du. Ez du gorriz erreakzionatzen amoniakoarekin Russula sardonia-aren haragiak bezala eta "sulfato de hierro"-rekin kolore arrosa zurbila ematen du.[2]
Etimologia: Latinetik dator Russula hitza, russus-etik, gorriaren txikigarritik: apur bat gorrixka, kolore gorria daukatelako Russula generoko espezie askok. Queletii epitetoa, Quelet frantziar mikologoaren omenez da.
Ez da jangarria.[3]
Russula sardonia-aren antzekoa da, baina besteak beste, gaztaroan ez ditu besteak bezala, tonu horixkak orrietan, haragian eta hankan, orriak eta haragia ez dira gorritzen amoniakoarekin, haragia zuriagoa du eta mendiko izeien azpian bizi da, lautadako pinudien ordez. Russula torulosa delakoaren antza ere badu, baina honek silueta sendoa du, oina motzagoa, orriak estuago, haragi gogorragoa eta zapore garratzagoa eta lautadako koniferoen azpian bizi da.
Udan eta udazkenean hazten da mendiko izeien basoetan.[4]
Ipar Amerika, Europa, Errusia, Hegoafrika eta Himalaiako mendikatea.