Araitz | |||
---|---|---|---|
Nafarroa Garaia, Euskal Herria | |||
Araitzen ikuspegia | |||
| |||
Kokapena | |||
Herrialdea | Euskal Herria | ||
Lurraldea | Nafarroa Garaia | ||
Merindadea | Iruñea | ||
Eskualdea | Leitzaldea | ||
Administrazioa | |||
Estatua | Espainia | ||
Erkidegoa | Nafarroa | ||
Izen ofiziala | Araitz | ||
Alkatea | Joxe Manuel Zubillaga (Bildu) | ||
Posta kodea | 31891 | ||
INE kodea | 31020 | ||
Herritarra | araiztar | ||
Geografia | |||
Koordenatuak | 43°02′13″N 1°59′14″W / 43.036944444444°N 1.9872222222222°W | ||
Azalera | 39,3 km² | ||
Garaiera | 228 metro | ||
Distantzia | 45 km (Iruñetik) | ||
Demografia | |||
Biztanleria | 525 (2023: 13) | ||
Dentsitatea | 1,34 bizt/km² | ||
Zahartzea[1] | % 23,01 | ||
Ugalkortasuna[1] | ‰ 18,52 | ||
Ekonomia | |||
Jarduera[1] | % 78,08 (2011) | ||
Desberdintasuna[1] | % 0 (2011) | ||
Langabezia[1] | % 4,95 (2013) | ||
Euskara | |||
Euskaldunak[2][3] | % 88,40 (2018: %-5,01) | ||
Datu gehigarriak | |||
Webgunea | http://www.araitz.eus/ |
Araitz[4] ([aɾaits̻]) Nafarroa Garaiko ipar-mendebaldeko udalerri eta haran bat da, Leitzaldeako eskualdean eta Gipuzkoarekiko mugan kokatua. 528 biztanle zituen udalerriak 2023. urtean.
Araitz haranean kokatuak daude Araitz udalerria, Betelu eta Larraun udalerriko Azpirotz, Lezaeta zein Errazkin.
Betelu 1694an banandu zen, eta bere udala osatu zuen.
2009az geroztik Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) partaidea da.
Hegoaldean, Aralarko mendilerroa udalerriaren mugakide naturala dugu, Aralarko Mallo ikusgarriak bertatik bertara baitaude: Ttutturre (1282 m), Intzako dorrea (1431 m), Aldaon (1411 m), Uakorri (1306 m) eta Balerdi (1197 m).
Ekialdean berriz Elosta (937 m), Santa Barbara (853 m) eta Urkieta (854 m) mendiak daude.
Araxes ibaiak udalerria zeharkatzen du hego-ekialdetik ipar-mendebaldera. Aralarko eta inguruko mendietako urak jasotzen ditu, eta Gipuzkoa aldean Oria ibaira isurtzen ditu.
Betelu (2015)[5] | ||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Klima-diagrama | ||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||
| ||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||
Iparraldean Areso du mugakide; ekialdean, Larraun eta Betelu udalerriak; hegoaldean, Aralar mendilerroa; eta mendebaldean, Gipuzkoako Lizartza, Orexa, Gaztelu eta Amezketa udalerriak, eta Tolosako Bedaio auzoa.
Herriko armarria hiru zatitan banatuta dago: Goiko zatian, arranoa agertzen da. Beheko zatia, bitan bananduta dago: Ezkerrean basurdea eta eskuinean oreina irudikatuta daude.
1268an agertzen da Araitz lehenengo aldiz idatzita testu batean. Garai hartan, Gipuzkoa Gaztelaren menpe zegoen, eta beraz bi erresumen arteko lurralde mugakoa zen. "Gaizkileen muga" deitzen zen orduan.
XVI. mendean, Anduezatar jaunek agintzen zuten Araitzen, Atallun jauregia zutelarik. Beaumontarrak ziren, eta 1512an Johan Martínez de Anduezak Leringo kondeari eta gaztelar armadari laguntza handia eman zien, 400 araiztar eramanez Iruñea bereganatzeko gudura.
1595ean, Fermín de Lodosa bertako jauna zelarik, Intzan sorgin-ehiza prozesua egin zuten. Ibarreko ia 30 pertsona atxilotu zuten, sorginkeriaz akusaturik.10 emakume eta 2 gizon hil ziren Iruñeko kartzelan, epaiketa egin baino lehen. Bizirik gelditu ziren guztiak errugabetu zituzten epaiketan, musikari bat izan ezik, 100 zigorkada eta 6 urteko erbestealdia jaso zituen kondena moduan. (1983an Pedro Olea zinegileak "Akelarre" filma egin zuen ibar honetan, 4 mende lehenago gertatutakoan oinarrituta).
Historiako beste gertakari nagusi bat 1714ko irailean izan zen, lubizi erraldoi batek Intzako herria suntsitu zuenean. Malloen oinetatik lur mingain batek astiro aurrera egin zuen, aurreko asteetan jasotako euriteek eraginda. Moteltasunak ahalbidetu zuen hildakorik ez egon izana, baina bai suntsiketa materialak.
Azpirozko mendatea bertan egonda, Gipuzkoa eta Nafarroaren arteko komunikazioa bertatik igaro izan da azken mendeetan. Halaber, gerretan, armaden igarobidea izan da ibarra, horrekin batera datozen lapurketa, bortxaketa eta suntsiketekin. Hau izan zen bereziki tragikoa San Luisen Ehun Mila Semeen inbasioekin eta Karlistaldietan.
1995ean, Araitzeko bizimodua asko aldatu zuen Leitzarango autobia martxan jartzeak, onerako zein txarrerako.
Udalerria bost kontzejutan banatuta dago: Azkarate, Gaintza, Intza, Uztegi eta Arribe-Atallu. Era berean, azken kontzeju hori bi herrik osatzen dute: Arribe eta Atallu.
Arribek eta Gaintzak berezko udalerri bana izan zuten 1857ko errolda arte.
2014an, populazioa horrela bananduta zegoen herrika:
Araizko biztanleria |
---|
2008ko erroldaren arabera, Espainiaz kanpoko sei etorkin bizi ziren herrian, biztanleen % 1,02 (Nafarroako Foru Erkidegoko batezbestekoaren azpitik).
Alderdi politikoa | 2015[6] | 2011[7] | 2007[8] | 2003[9] | 1999[10] | 1995[11] | 1991[12] | 1987[13] | 1983[14] | 1979[15] | ||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Euskal Herria Bildu (EH Bildu) / Bildu | % 89,72 | 7 | % 89,72 | 7 | - | - | - | - | - | - | - | - | - | - | - | - | - | - | - | - |
Eusko Abertzale Ekintza (EAE) | - | - | - | - | % 78,15 | 6 | - | - | - | - | - | - | - | - | - | - | - | - | - | - |
Araiz-Tarrak (A-T) | - | - | - | - | % 20,00 | 1 | % 85,39 | 7 | % 34,72 | 2 | % 57,68 | 4 | % 51,27 | 4 | % 51,08 | 4 | - | - | - | - |
Euskal Herritarrok (EH) | - | - | - | - | - | - | - | - | % 63,33 | 5 | - | - | - | - | - | - | - | - | - | - |
Herri Batasuna (HB) | - | - | - | - | - | - | - | - | - | - | % 41,16 | 3 | % 47,88 | 3 | % 48,12 | 3 | - | - | - | - |
Independenteak 2 | - | - | - | - | - | - | - | - | - | - | - | - | - | - | - | - | % 54,50 | 4 | % 26,22 | 2 |
Independenteak 1 | - | - | - | - | - | - | - | - | - | - | - | - | - | - | - | - | % 45,50 | 3 | % 65,89 | 5 |
Ezkerreko Nafar Batasuna (UNAI) | - | - | - | - | - | - | - | - | - | - | - | - | - | - | - | - | - | - | % 7,89 | 0 |
2007-2011 | Imanol Iriarte Gorostegi | EAE |
2011-2015 | Lazaro Goikoetxea Beraza | Bildu |
2015- | Joxe Manuel Zubillaga Mugerza | Bildu |
Araizko alkate EAE alderdiko Imanol Iriarte Gorostegi atera zen, 2007ko udal hauteskundeetan. Udaleko zazpi zinegotzietatik sei lortu zituen Eusko Abertzale Ekintzak, eta hortaz, gehiengo absolutua udalean. Boto baliogabeak 4 izan ziren (emandako guztien % 1,22), eta 6 boto zuri ere izan ziren (botoen % 1,85). Abstentzioa % 39,85 izan zen.
Alderdia | Botoak | Zinegotziak |
Eusko Abertzale Ekintza | 254 | 6 |
Araiztarrak | 65 | 1 |
2015ean Bildu izan zen aurkeztutako zerrenda bakarra. 217 boto eta 7 hautetsiak erdietsi zituen. Joxe Manuel Zubillaga Mugerza izendatu zuten alkate.
1981ean eraiki zen, errepide nagusitik gertu eta anbulatorioaren ondoan. Hiru solairu dauzka, eta kanpoaldeko hormak zarpeaturik daude. Udala alkatea eta sei zinegotzik osatzen dute. Araizko udaletxeko idazkaria Beteluko idazkari ere bada.
Gaur egun ere biztanleen % 90etik gora dira euskaldunak. Hizkerari dagokionez, Larraungo hizkera[16][17] da bertakoa, erdialdeko euskalkiaren aldaera dena.
Bertako hedabideen artean Aralar Irratia dugu, bailarako herri honetan ere bere uhinak zabaltzen dituena. Mailope aldizkaria ere aipatzekoa da.
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Nafarroa |
Araizko kontzejuak | ||
---|---|---|
Arribe-Atallu • Azkarate • Gaintza • Intza • Uztegi |
Leitzaldeko udalerri aurkibidea | ||
---|---|---|
Araitz • Arano • Areso • Betelu • Goizueta • Larraun • Leitza • Lekunberri |